Kontzeptua

Hil-buruko testamentua

Bizkaiko hil-buruko testamentua eta FBan aurreikusitako parrokoaren edo lekukoen aurrean egindako testamentuak erabateko eraginik izan dezaten, heriotza arriskutik atera zenetik kontatuta bi hilabeteren barruan testamentugilea hiltzea ez da nahikoa; beharrezkoa da, gainera, Auzitegi eskudunaren aurrean agertu eta testamentua egiaztaraztea edo "ontzat ematea". Zehazki, espediente judiziala burutu behar da zeinaren bidez ziurtatuko den testamentugilearen borondatea benetakoa dela eta, ondorioz, testamentuan jasotakoa ere bai, gero fede emango duen dokumentu publikoa egiteko6. Izapide horiek beharrezkoak dira, testamentuak -fede ematen duen funtzionarioaren parte hartzerik gabe egin baita- berme nahikorik ez baitu: orduan, dokumentuaren edukia edo testamentugilearen ahozko adierazpenak eta benetan nahi zuena bat datozela segurtatzeko ardura hartzen du legeak (GONZÁLEZ PORRAS).

Hil-buruko testamentuaren kasuan, hiru hilabeteren buruan aurkeztu behar da testamentua, interesatua hil zenetik kontatuta -edo, bizirik atera bada, testamentua egiteko ezgai geratu denetik kontatuta: EHFLko 31.II eta III artikulua-. Nafarroako FBak, berriz, epealdi luzeagoa aurreikusten du (urte bete eta egun bat), testamentugilea hil zenetik kontatuta (191.5 legea). Kontuan izan epe horiek luzaezinak direla, hau da, behin igarota, testamentua ez bada aurkeztu gain behera etortzen da. EHFLan ezarritako hiru hilabeteko epeari dagokionez, berriz, azpimarratu behar da bai ahozko bai idatzizko testamentuentzat balio duela. Dena den, agian egokiagoa izango litzateke legegileak hipotesi bakoitzari epealdi desberdina ezarri izan balio, izan ere, testamentua ahozkoa denean, epea luzeegia dela dirudi: pentsatu behar da, hain zuzen ere, testamentu-xedapenen edukia, kasu horietan, lekukoen buruan bakarrik eta ez beste inon jasota dagoela, hortik etor daitezkeen arazoekin.

Borondatezko jurisdikzioko egintza hori izapidetzeko organo judizial eskuduna, hala Bizkaian nola Nafarroan, testamentua eman den lekuari dagokion lehen instantziako Epailea da (1881eko JZLko 63.22 art. eta FBko 191.5 legea).

Testamentua egiaztaraztea ezein pertsonak eska dezake, interes legitimorik frogatzen badu (1881eko JZLko 1943 eta 1944. artk. eta FBko 191.5 legea), hala nola testamentuan onuradun direnak (jaraunsleak eta legatudunak), albazeak (balego), abintestato jaraunsleak, eta abar. Dena den, idatzizko testamentua bere esku duen pertsonak ere badu egiaztaraztea eskatzeko legitimazioa eta, are gehiago, eskatzeko obligazioa du, FBak esanbidez dioenez.

"Ontzat ematea" eskatu eta jarraitu behar diren prozesu-izapideak 1881eko JZLak7 arautzen ditu, 1943tik 1955era bitarteko artikuluetan. Horien arabera, Epaileak lekukoei (eta, bere kasuan, parrokoari) deituko die ager daitezen, banan-banan bakoitza aztertzeko. Horiek adierazitakotik ondorioztatzen bada azken xedapenak emateko asmo serio eta jakinen gainekoa zuela testamentugileak, azken borondateko adierazpen gisa hartzea nahi zuen xedapen guztiak haren ahotik aldi berean entzun zituztela lekukoek eta legeak eskatutako bezainbat zirela -egokiak izateaz gain-, orduan "el Juez declarará testamento lo que de dichas declaraciones resulte [...] y mandará protocolizar el expediente" (1881eko JZLko 1953. art.). Organo judizialak, ordea, adostasunik gabe adierazten den guztia ez du kontuan hartuko. Aldiz, azken borondatea idatziz jaso izan bada, dokumentutik ondorioztatutakoa hartuko da testamentutzat, beti ere lekukoak ados baldin badaude idatzi zen papera berdina dela (1881eko JZLko 1954. artikulua).

Behin egiaztatu edo "ontzat eman" eta gero, testamentua protokolizatzea aginduko du Epaileak. Ondorioz, dagokion Notarioaren erregistroetan (protokoloetan) jasoko da (1881eko JZLko 1955. art.) eta dokumentu publikoaren eragina izango du, suntsitzea edo galtzea ekiditen da eta publikotasuna ematen zaio, badela frogatuz eta edukia ziurtatuz.

6Doktrina adituak adierazten duenez, borondatezko jurisdikzioko egintza aipatzeko FBak erabiltzen duen "abonamiento" (ontzat eman) hitzak, Nafarroako iturri historikoetan eta erromantze zaharrean erruz erabiltzen ziren "abonir" eta "abonimiento" hitzetan du bere jatorria.

7Borondatezko jurisdikzioko prozedura den heinean, prozesuko arau zahar hori aplikatzen da, eta ez 2000.ean aldarrikatutako JZLa (ikus lege horretan, azken xedapenen artean, hemezortzigarrena).