Kontzeptua

Hil-buruko testamentua

Hala EHFLko 31. artikuluak, hil-buruko testamentuarentzat, nola FBko 191.4 legeak, parrokoaren edo lekukoen aurreko testamentuentzat, xedatzen dutenez, horiek indarrik gabe geratuko dira egilea hiltzeko arriskutik atera eta bi hilabetera.

Kaduzitate-epe horrek, bere arrazoia, testamentu-xedapenak emateko orduan agertzen ziren salbuespenezko inguruabarretan dago; bestalde, gainera, testamentu horiek izaeraz iraunkorrak direla ulertuko balitz, testamentu arruntei dagokien izaera emango litzaieke eta funtsean, berez, apartekoak dira: gogoratu nola testamentua egiteko modu "arruntak", legegilearen buruan, Notarioaren baimena eskatzen duela eta, horregatik, behin salbuespenezko trantzea gainditu ostean, erregela orokorra itzuli behar da, apartekoa gailenduz. Beraz, testamentugilea bizirik atera eta hark kaduzitatearen eraginak saihestu nahiko balitu, testamentu berria egin beharko luke ohiko modu arruntean.

Espainiako Kode zibilaren kasurako bezala (haren 703. artikuluak arau berbera jasotzen baitu) egoki adierazi denez, "arriskutik ateratzeak" esan nahi du berehalakoa izateari uzten diola arriskuak, gaixo jarraitu eta egun gutxitara berriz ere berehalako arriskua etorri eta testamentugilea gero hiltzen bada ere; horrela, hobeto zegoenetik bi hilabete iragan osteko egunen batean hiltzen bada (berriz gaixotzearen ondorioz izan arren), testamentua eraginik gabe geratu da jada. Testamentu honen araudiak ezarritako forma berezi horien helburuak eta epea izaeraz kaduzitatezkoa izateak konponbide hura sostengatzen dute eta, beraz, bi hilabeteko kontaketan etenik ez dago. Testamentugileak zuen gaixotasuna sendatzeak, berriz, ez du berez testamentua kadukarazten eta, ondorioz, testamentua baliozkoa da gaixotasun haren ez beste kausa batez hiltzen bada ere testamentugilea, beti ere epea iragan aurretik (LACRUZ BERDEJO, GONZÁLEZ PORRAS).

Hala eta guztiz ere, aipatu berri den kaduzitateari buruzko arauak badu xehetasun garrantzitsu bat hil-buruko testamentuari dagokionez, izan ere EHFLko 31. artikuluak bere hirugarren lerroaldean dioenaren arabera, testamentugilea heriotza arriskutik ateratzeaz geroztik, testamentu berri bat emateko ezgaitua geratzen bada, orduan aldarte horretan egindako testamentua baliozkoa izango da. Araua berez oso egokia da, gerta baitaiteke berehala hiltzeko egoera larria gainditzea testamentugileak, baina, jasandako gaixotasunaren ondorioz, hark zentzua edo burua galtzea eta orduan testamentua egiteko gaitasunik ez izatea: Kode Zibileko 663.2 artikuluak (zeina Lu Lauan ere aplikatzen den) testamentua egiteko debekua ezartzen dio ezeini baldin eta berau "habitual o accidentalmente no se hallare en su cabal juicio". Baina, foru-arauaren xedea hori izan balitz, logikoena litzateke, ondoren, testamentua judizialki5 egiaztarazteko (edo ziurtatzeko) prozesua burutzeko denbora lauso eta zabala ematea eta, denbora hura kontatzen hasteko, hiltzeko arriskutik atera den eguna hartzea edo, oraindik eta egokiago, hiltzeko arriskutik ateratzeaz geroztik aipatu den bi hilabeteko epea iraungi osteko hurrengo eguna hartzea. Hala eta guztiz ere, ez bata ez bestea ez da gertatzen, EHFLko 31. artikuluak, bere hirugarren lerroaldean, kasu horretarako hau adierazten baitu: "egiaztaerazteko epea hiru hilabetekoa izango litzateke".

5Egiaztarazteari buruz, ahots honi dagozkion hurrengo eta azken epigrafeak ere ikusi.