Kontzeptua

Hil-buruko testamentua

Euskal Herriko Foru-Zuzenbide Zibilari buruzko 3/1992 Legeak, uztailaren 1ekoak (aurrerantzean EHFL), bere 29. atalean, hau xedatzen du Bizkairako: "legeria zibil orokorrean araututako testamentu-moduez gain, 'hil-buruko' testamentua ere onartzen da lurralde forudunean". Beraz, testamentua egiteko modu berezi bat da hura, Bizkaiko zuzenbideak berezkoa duena. Bere ezaugarria da, funtsean, Notarioaren parte hartzerik gabe eman daitekeela testamentua: hiltzeko zorian dagoenak hil-buruko testamentua egin dezake, besterik gabe hiru lekukoen aurrean, bai ahoz bai idatziz (EHFLko 31. atala).

Hil-buruko testamentua, izaeraz, testamentu irekia edo nuncupativus da. Horrekin, zuzenbide zibilean, testamentua egiteko moduetako bat adierazi nahia da, izan ere, egintzan parte hartzen dutenek (lekukoek eta, bere kasuan, Notario egilesleak), kausatzailearen azken borondatea ezagutzen baitute, haien aurren "modu irekian" adierazi baita. Aitzitik, borondatearen edukia ezkutuan edo sekretuan geratzen bada, testamentua itxia da, gutun-azal itxian aurkezten baitu testamentua bere egileak fede-emaile publikoaren eta lekukoen aurrean.

Ohartarazi behar da Bizkaiko zuzenbidea ez dela mota horretako testamentua arautzen duen ordenamendu bakarra: hil-buruko testamentuaren kasik berdina da Espainiako Kode Zibilak 700. artikuluan arautzen duen hil-zorian egindako testamentua ere, baliozkoa izateko manamendu hark lekuko gehiago egotea eskatzen badu ere, hain zuzen ere bost. Baina, parrokoaren aurrean egindako testamentua eta lekukoen aurrean egindakoa ere oso antzekoak dira izaeraz; biak Nafarroako Foru Berrian (aurrerantzean FBan) arautzen dira, hurrenez hurren, lehena 189. eta bigarrena 190. legeetan: norbait hiltzeko arrisku bizian baldin badago eta Notariorik egotea ezin bada lortu, hark testamentua egin dezake tokiko parrokoaren (edo presbitero ordenatutako beste elizgizonaren) eta bi lekukoen aurrean edo, parrokoa lortu ezean, hiru lekukoen aurrean.1

1Bere aldetik, eta "hiltzeko arriskua" egon behar duela aipatu gabe, Aragoiko 1967ko Zuzenbide zibilaren Konpilazioak eta Kataluniako 1991ko Oinordetza Kodeak ere arautzen dute, modu berezi gisa, kapilauaren edo parrokoaren aurrean egindako testamentu irekia, Notarioaren parte hartzerik gabe (lehenengoaren 91-93. artikuluetan eta bigarrenaren 117-119. artikuluetan). Baina, testamentu-mota horiek ezabatu egin dituzte ondorengo legeek; hala, Aragoiko kasuan, 1/1999 Legeak, otsailaren 24koak, heriotza kausagatiko Oinordetzari buruzkoak; eta, Katalunian, 10/2008 Legeak, uztailaren 10ekoak, oinordetza arautzen duen Kataluniako Kode Zibilaren laugarren liburuari buruzkoak.