Kontzeptua

Hil-buruko testamentua

Bizkaiko doktrinak, hil-buruko testamentuaren jatorria, 1452ko Foru Zaharraren CXXVII. kapituluan (edo, erabiltzen den edizioaren arabera, CXXVIII.ean) eta 1526ko Foru Berriaren XXI. Tituluko IV. Legean kokatzen du, arautzen baitute "sin escrivano" egindako testamentua. Arau biek, Bizkaia oso menditsua dela eta biztanleak bata bestearekiko urrun bizi direla adieraziz, hau aurreikusten zuten: inor bizi bazen halako lekuan ("los tales logares de montanna"), testamentua egin zezakeen ("hacer testamento, y postrimera voluntad") lekukoen ("dos omes buenos e una muger") aurrean. Berezitasuna ez dago, zehazki, lekukoen aurrean besterik gabe -eskribauaren parte hartzerik gabe- testamentua egiteko aukeran, izan ere horrelako testamentua egin baitzitekeen, oro har, Bizkaiko Lur Lauan subsidiarioki aplikatzen zen zuzenbidearen arabera, hau da, Gaztelako Zuzenbidea baliatuz: 1348ko Alcaláko Ordenamenduaren XIX. tituluko I. legeak (geroago 1567ko Bilduma Txit Berriaren X. liburuko XVIII. Tituluaren I. lege izango denak) testamentua nuncupativus egiteko aukera jasotzen zuen, bi modu hauetatik ezeinean: edo eskribau publiko eta hiru lekukoen aurrean, edo eskribaua egon gabe bost lekukoen aurrean; are gehiago, ez eskribaurik ez eta bost lekuko presente egotea posible izango ez balitz, onartzen da hiru lekukoen aurrean bakarrik egindako testamentu irekia2. Baina, aipatutako Bizkaiko lege haiek badute berezitasun bat: testamentuan, lekuko gisa, emakumeak onartzen dira. Aukera hori erabat debekatzen zen Gaztelako ordenamenduan, gai horri buruz Erromako zuzenbidean jasotakoa aplikatzen baitzen zintzo-zintzo. Horregatik, emakumeak ezinezkoa du "asistir como testigo en los testamentos, aunque puede serlo en las demás cosas, porque los testigos del testamento representaban entre los Romanos la asamblea o junta del pueblo, que era la única que podía hacer leyes, cuales eran los testamentos: ley 17, título 16, Partida 3ª, y ley 1ª, título 1º, Partida 6ª"3. Bistan denez, zalantzarik gabe, toki bakartietan behar adina lekuko aurkitzea zaila izanik, Bizkaiko foruen idazleek debeku hura baztertzearen alde egin zutela pentsa daiteke, debekua zentzu eta arrazoirik gabea baitzen bestalde.

Denbora joateak eta notarioen funtzio publikoa sendotzeak bakarrik ekarri zuten, arian-arian, lekukoen aurrean emandako testamentua, egiteko maiztasun eta ohikotasunaren arabera, izaeraz salbuespenezkoa izatea, aparteko inguruabarretan bakarrik erabiliko dena, hau da, fede-emailearen parte hartzeak testamentuari ematen dion segurtasun juridikoa baztertzeko -eta, horrekin batera, hark ez parte hartzeak sor dezakeen maula edo abusuen arriskua ekiditieko- ezinbestekoa izango da behar larria egotea. Eta, premiazko edo presazko kasuen artean, testamentua Notarioaren parte hartzerik gabe egiteko, kausatzailea hiltzeko zorian egotea baino kasu larriagorik ba al da? Hain zuzen ere, gai horri buruzko araudiak norabide aldaketa bizi izan zuen bai Bizkaiko ordenamenduan, bai legeria zibil orokorrean, eta aurrerantzean hil zorian egotea ezinbesteko betekizuna izango da lekukoen aurrean bakarrik emandako testamentuak baliozkotasuna izan dezan. Legeria zibil orokorrera menperatutako probintzia eta lurraldeentzat hala xedatu zuen Espainiako Kode Zibileko 700. artikuluak eta, Bizkaian hil-buruko testamentuarentzat, 1959ko Konpilazioaren 14. artikuluak.

Nafarroaren kasuan, ordea, doktrina adituenak azpimarratzen duenez, norbait hiltzeko zorian aurki daitekeen hainbat kasutan testamentua emateko aurreikuspena oso antzinakoa da, izan ere tokiko zenbait Forutan jadanik jasotzen baitzen -Lizarrakoan, Tuterakoan, eta abar-, eta halaber Foru Orokorrean eta Foru Laburtuan. Parrokoaren edo elizgizonaren aurrean eman zitekeen testamentua, baina baita eskribaurik eta eskriturarik gabe ere, "con cabezaleros que darán testimonio de lo que el testador ordene", Foru Laburtuak zioenez. Baina, gai horri buruz Foru Orokorreko xedapenek interpretazio-zalantzak sortzen zituztela eta, Iruñako Gorteek lege bat aldarrikatu zuten 1604. urtean, onartzen ziren testamentua egiteko moduen artean lehentasunezko honako hurrenkera hau ezartzeko hain justu: lehenik, eskribau publikoaren aurrean bi lekukoen parte hartzearekin egindako testamentua; bestela, eskribaurik egon ezean, testamentua parrokoaren edo beste elizgizon baten aurrean egin zitekeen, bi lekukoen parte hartzearekin; eta, azken finean, elizgizonik ere egon ezean, hiru lekukoen aurrean egin behar zen testamentua, horiek tokiko auzokoak izan eta jaraunsleen edo pertsona interesatuen ahaideak edo morroiak ez badira (NAGORE YARNOZ).

2Gaztelako arau haiek Lur Lauan ere betetzen direla isilbidez aitortua dago Foru Zaharreko CXXVII. kapituluaren azken esaldietan:

("...e si el testador tal testamento feziere en logar poblado donde pueda auer mas testigos, fagalo por ante çinco testigos si los pudiere auer, los tres uarones y los dos mugeres o todos varones que sean de buena fama; e el tal testamento e mandas que en qualquier manera de las sobredichas fuere fecho uala, como si fuese fecho por ante escriuano publico; e si el testamento fuere fecho ante escriuano publico, aya tres testigos de buena fama e sean varones, etc.")

Y en las locuciones iniciales de la ley IV, título XXI del Nuevo:

("...que por quanto Vizcaya es tierra montañosa, y los Vecinos, e Moradores de ella moran desviados unos de otros; y al tiempo que alguno tiene necesidad de hacer Testamento, no puede haver copia de Escrivano público, ni de testigos, tantos quantos requiere el derecho...").

3Joaquín ESCRICHE (1876), "Mujer" ahotsa, Diccionario razonado de legislación y jurisprudencia, IV. t., Madril, 243-244 orr. Egileak, ius civile zaharreko calatis comitiis delako testamentua aipatzen du, hau da, hauteskundeetan bildutako herriaren aurrean egindakoa.