Kontzeptua

Hil-buruko testamentua

Aurreko lerroetan esandakotik ondoriozta daitekeenez, testamentu irekia egiteko modu arrunta, gaur egun, hala Bizkaian nola Nafarroan ere, notario aurrean ematea da. Ordenamendu batak zein besteak ulertzen duenez, azken borondatearen legezko egia bermatzea da testamentua emateko eskatutako betekizunen helburua eta, borondate hura asetzeko modurik egokiena fede emaile publikoak parte hartzea da. Gai horretan, ez EHFLak, ez eta FBak ere, ez dute eraentza berezirik ezartzen testamentua egiteko modu horri buruz; aitzitik, horren arauketa zehazteko, legeri zibil orokorrera igorpena egiten dute biek esanbidez (lehenak 29. atalean eta bigarrenak 188. legean). Beraz, lurralde bietan -Bizkaiko Lur Laua barne dela- Kode Zibileko 694tik 699ra bitarteko artikuluak eta horiekin bat datozenak aplikatuko dira, hor arautzen baita notario aurreko testamentu irekia (Notarioari lagundu behar dioten lekukoei buruzko aurreikuspen bereziren bat kontuan izanda: EHFLko 30. atala eta FBko 188. legea).

Aitzitik, hil-buruko testamentuak, Nafarroan parrokoaren eta lekukoen aurrean edo lekukoen aurrean bakarrik emandakoak bezala, badu, notario aurrekoak ez bezala, aparteko izaera, hura egiteko eskatzen baitira inguruabar jakinak egotea eta, beti ere, hainbat betekizun burutzea (EHFLko 31. atalean aurreikusiak guztiak). Horiek argituko dira segidan datozen lerro hauetan, aldi berean Nafarroako legeri zibilean aurreikusitako zenbait gauza ere azaltzearekin batera (189tik 191ra bitarteko legeak):

Lehena: hiltzeko zorian egon behar du testamentugileak, eta hori gerta daiteke, ez gaixotasun-egoeretan bakarrik, baita beste zenbait kasutan ere, hala nola ustekabeko eraso edo istripu batean. Baina, lehenengo kasu hari buruz, kontuan izan behar da hiltzeko "zorian" egoteak ez duela bide ematen hil-buruko testamentua (edo Nafarroan parekoak) egiteko testamentugilea eritasunak jota baldin badago besterik gabe, larri egon arren: betekizun horretaz gain, bestalde, Kode Zibileko 700. artikulua aplikatzeko Auzitegi Gorenak emandako jurisprudentziaren arabera, testamentugilea premiazko, berehalako eta muturreko egoera batean egotea eskatzen da, zoritxarreko amaiera laster gertatuko delako susmoan (1957ko urriaren 4ko epaia).

Bigarrena: FBaren kasuan, Notario bat presente egotea lortu ezin denean bakarrik egin daiteke parrokoaren aurreko testamentua eta, bere aldetik, lekukoen aurrean egin daiteke testamentua baldin eta ezin bada lortu garaiz fede emaileak edo "Parrokoaren nahiz Presbitero ordenatutako beste Elizgizon" batek parte hartzea (190. legea). Hala ere, ezinezkotasun hori ez da erabatekoa edo guztizkoa: hau da, betekizuna bete dela jotzeko, nahikoa da egiaztatzea, zentzuzko balorazioaren bidez, Notarioa edo aipatutako parrokoa agertu baino lehen, testamentugilea hiltzeko edo bere gaitasuna galtzeko arriskurik badela.

Bizkaiko Foruak, ordea, ez dio horrelako hertsadurarik jartzen hil-buruko testamentuari. Dena den, EHFLko 31. atalean isilbidez sartua dela ulertzea posible al da? Alegia, uler al daiteke testamentua egiteko modu berezi horrek ere eskatzen duela Notarioak parte hartzeko ezinezkotasuna egotea?.

Baietz erantzuteko badaude hainbat argudio: lehenik, aurrekari historikoek diotena, izan ere 1959ko Konpilazioaren 14. artikuluak ezartzen zuenez, horrelako testamentua egiteko beharrezkoa da testamentugilea egotea "alejado de población y de la residencia de Notario público"; eta, bigarrenik, hilburuko testamentuaren aparteko izaera bera, euskal legelariaren buruan testamentua egiteko modurik nagusiena notario aurrean egitea baita zehazki. Hain justu, argudio hori erabili du Auzitegi Gorenak, Kode Zibileko 700. artikulua aplikatzeko garaian, horrek ezer ez esan arrean, hor araututako testamentua egiteko betekizun hau gaineratzeko: zuzenbide komuneko testamentua -hiltzeko zorian bost lekukoen aurrean egindakoa-, osatua, baliozkoa eta eraginkorra da baldin eta frogatuko balitz, edo ezinezkoa gertatu zela Notarioa presente egotea, edo, gutxienez, Notarioa presente egoteko aukera ez zela baztertu "de una manera discrecional o voluntaria, sino en función de la premura del tiempo disponible, de las circunstancias de alejamiento, de la dificultad en las comunicaciones, o de la no localización inmediata"; alegia, hau frogatu eta justifikatu behar da: "una conducta razonablemente explicativa, que será distinta en cada caso concreto" (2000ko ekainaren 27ko epaia). Azken batean -hitz gutxiko esapide bat erabiliz-, hau ere frogatu behar da: "que no pudo encontrarse al Notario o que era difícil obtener su concurrencia" (2005eko ekainaren 10eko, 1959ko abenduaren 19ko, 1962ko azaroaren 3ko, 1957ko urriaren 4ko eta 1945eko maiatzaren 12ko epaiak). Ondorio horri eusteko, Auzitegi Gorenak, gainera, argudio hau erabiltzen du: Kode Zibileko 700. artikuluak aurreikusitako testamentuan, funtzionariorik ez dagoelako, "fidagarritasunaren bermeak urriak" dira eta, horregatik, beharrezkoa da hartzea "fuertes cautelas (...) por los órganos judiciales, para evitar que en la práctica se extienda a situaciones que no correspondan con la que excepcionalmente contempla (la norma)" (2000ko ekainaren 27ko epaia).

Hala eta guztiz ere, doktrina hori hil-buruko testamentuari aplikatzea ez litzateke zuzena izango, oinarrizko bi arrazoi hauengatik: lehenik, EHFLko 31. artikuluaren bigarren lerroaldean aurreikusitako denboraldi luzeagatik, zeinaren arabera, aurrerago ikusiko denez, horrela egindako testamentuaren eragina atertu egiten baita testamentugilea hil zoritik irten eta bi hilabete iragan ostean: ondoriozta daitekeenez, sensu inverso, interesatuak hiltzeko trantzea gainditu ostean ere hil-buruko testamentuak eragin juridikoak sortzen ditu aipatutako denboraldi horretan; eta bat etorri behar da bi hilabete denbora nahikoa eta gehiegi dela fede emaile publikoaren parte hartzea eskatzeko, hurbilenekoa oso urrun egon arren; bigarrenik, Kode Zibileko 700. artikuluaren arian Auzitegi Gorenak hartutako konponbidea hil-buruko testamentuari aplikatzeak bere izaera erabat aldatuko lioke, azken batean, euskal legegileak izan duen asmo argiaren aurka baitoa, zeinak salbuespenezko inguruabarrak ikusita (hiltzeko zoria), testamentua modu arruntean emateko zailtasunak gainditzeko, erraztasun handiagoak eman nahi baititu testamentua egin ahal izateko; hain zuzen ere, xede hori argi eta garbi utzi izan du legegileak Bizkaiko konpilazioak ezartzen zuen eskakizuna kendu egin baitu, alegia jadanik ez da eskatzen interesatua herritik eta fede emaile publikoaren egoitzatik urrun egotea.

Esandakoa laburbilduz, testamentugileak hil-buruko testamentua egiteko, hiltzeko arriskua egotea nahikoa da besterik gabe, hots, Notarioari deitu beharrik izan gabe.

Hirugarrena: hil-buruko testamentua hiru lekukoen aurrean eman behar da. Lekukoak presente egon behar dute testamentugileak borondatea adierazten duenean eta, gainera -EHFLko 31. artikuluak aipatzen ez badu ere-, gai (egokiak) izan behar dute. Bereziki, lekuko moduan aritzeko gaitasunik ez dute ezein testamentu motan -hau da, ez dira "gai"- adinez txikiak direnak, itsuak direnak, erabat gorrak edo mutuak direnak, testamentugilearen hizkuntza ulertzen ez dutenak eta adimen onean ez daudenak, Lur Lauan aplikagarri den Kode Zibileko 681. artikuluak xedatzen duenez4. Baina, gainera, testamentu irekia izanik -izaeraz hil-burukoa hala da-, ezein azpikeri ekiditeko edo azken borondatea ez desitxuratzeko, lekuko gisa ezin dute parte hartu hauek ere: testamentuan izendatutako jaraunsleak eta legatudunak, horien ezkontideak, eta horien ahaideak odolkidetasunezko izanik laugarren gradukoa bada eta ezkontza-ahaidetasuna izanik bigarren graduko bada. Debekutik kanpo geratzen da legatuduna -eta horren ezkontide edo ahaidea- balio gutxiko higigarria edo kopurua baldin bada legatuaren objektua (Kode Zibileko 682. art.).

Nafarroan ere, parrokoaren aurrean -bi lekukoekin- edo hiru lekukoen aurrean bakarrik egindako testamentuetan, lekuko horiek ere gai izan behar dira. Horretaz gain, beste betekizun osagarri bat eskatzen zaie, erregukoak izan behar baitira, hau da, esanbidez lekuko izateko eskaera jaso dutenak (185. legea).

Kasu guztietan, lekukoek testamentugilea ezagutu behar dute -bestela, identifikatu egin beharko baitute- eta testamentua emateko gaitasunik baduela segurtatu ahal duten heinean (Kode Zibileko 685.II art., indarrean Lur Lauan, eta FBko 186.1 legea), hau da, baieztatu hamalau urte badituela eta buru-adimena erabiltzeko moduan dela (Kodeko 663. art. eta FBko 184. legea). Azken baieztapen horrek garrantzi berezia du hil-buruko testamentuan eta horren pareko diren Nafarroakoetan, izan ere, testamentu horiek egiten diren inguruabarren egoera muturrekoa ikusita, testamentugilea buruz eta zentzuz erabateko prestutasunean dagoela ziurtatzeak garrantzi berezia hartzen baitu.

Laugarrena: testamentuzko negozio juridikorik badela erabakitzeko, egileak, bere azken borondatea emateko asmoa, serioski eta nahita eman duela ikusi behar da (1881eko Judiziamendu Zibilari buruzko Legearen -JZLaren- 1953. art.). Zera esan nahi da, emaileak etorkizunean testamentua nola egingo duen bakarrik adierazten badu, hori ez da testamentu; inolako zalantzarik utzi gabe testamentua egiteko borondatea adierazi behar du, hau da, bere oinordetza zuzentzera bideratua; azken finean, argi utzi behar du testamentua emateko erabakia hartu duela. Hain zuzen, FBko 191. legeak bere lehen lerroaldean dioena hala ulertu behar da: parrokoaren edo lekukoen aurrean emandako testamentua idatzi egin behar da, "en el mismo acto o inmediatamente después que el testador haya declarado con palabras dispositivas su última voluntad".

Bostgarrena: egiteko formari dagokionez eta EHFLko 31. artikuluaren arabera, hil-buruko testamentua eman daiteke bai ahoz bai idatziz. Beraz, zalantzarik gabe komenigarri den arren, ez da beharrezkoa lekukoek azken borondatea dokumentu batean jasotzea, nahikoa baitute adierazitako hura buruan gordetzea. Idatziz jasotzea erabakiko balute, berriz, nahikoa izango lukete testamentugilearen mortis causa xedapenak bakarrik jasotzea, notarioaren aurrean egindako testamentu irekiari Espainiako Kode Zibilak eskatzen dizkion betekizun zorrotzak bete behar izan gabe: hark sinatzea ez da beharrezkoa (jarri ahal izango balu ere), ez eta ordua eta tokiaren berri jasotzea (ezinbestekoa notarioaren aurrean egiten bada), fede ematea ere ez (ikus Kodeko 696. art.), eta abar. Hala ere, agian ezinbesteko elementutzat jo beharko litzateke lekukoek beraiek sinatzea, azken batean horren bidez ados agertzen baitira dokumentuaren edukiarekin eta berresten baitute horren eta testamentugilearen borondatea bat datozela.

Aurreko puntuan ikusi den bezala, Nafarroako ordenamendua Bizkaikoa baino askoz ere zorrotzagoa da gai honetan, FBko 191. legeak (lehen lerroaldean) parrokoaren edo lekukoen aurrean egindako testamentua idatziz jasotzea eskatzen baitu, egiten den momentuan bertan edo testamentugileak bere azken borondatea adierazi eta berehala; adierazi behar dira, gainera, eguna, hilabetea eta urtea (tokia ez ordea). Hortik ondoriozta daitekeenez, behin testamentu emailea hil ostean ere dokumentua idazteko aukera bada, beti ere testamentua eman eta idazten den unearen artean denbora neurriz gain iragan ez bada behintzat. Halaber, testamentua sinatu egin behar dute, hala testamentugileak, nola parte hartzen duten pertsonek ere (parrokoak eta lekukoek). Horietakoren batek sinatzen jakin ez edo sinatu ezin badu, dokumentuan bertan adieraziko da inguruabar hori (191.2 legea). Idatziz jarri behar hori baliozkotasunaren betekizuna denez, sine qua non bestalde, FBak (186.III. legeak) hau galdatzen du: parrokoaren aurrean egindako testamentuan, lekukoetatik batek irakurtzen eta idazten jakitea, eta lekukoen aurrean egiten bada, horitatik bik jakitea. Burutu ostean, parrokoak, elizgizonak edo, bere kasuan, lekukoek dokumentua gorde behar dute edo Notarioari hura zaintzea eskatu behar diote (gordailu-akta bidez: 191.3 legea).

4Arau haren azken lerroaldeak, ez-egokitzat jotzen ditu hauek ere: "cónyuge o los parientes dentro del cuarto grado de consanguinidad o segundo de afinidad del Notario autorizante y quienes tengan con éste relación de trabajo". Baina, hil-buruko testamentuan "Notario baimentzailerik" ez denez agertzen, araua ez da aplikatuko.