Irakasleak

Zipitria Irastorza, Elbira

Pedagogo gipuzkoarra (1906-1982). Gerra ondorengo ikastola gehienen inspiratzaile eta bultzatzailea, pedagogi-metodo berri eta aurrerakoi baten sortzailea, helduen taldeetan euskara irakaslea eta artikulista. 1906ko maiatzaren 28an jaio zen Zumaian.



Haurra zela, familiarekin Donostiara joan zen bizitzera. Hamasei urte zituela, 1922an, orduan lau urtetakoa zen Lehen Hezkuntzako Magisteritzan egin zuen matrikula Gipuzkoako hiriburuan. 1926an ikasketak amaitu zituenean, ikasketa zentro euskaldun batean hasi zen lanean, Koruko Andre Mariaren Ikastetxean, Miguel Muñoak sortu eta babesten zuena. Zipitriak sei urteko haurrekin egoten zen zentro honek Donostiako Juan de Bilbao kalean zeukan egoitza.

Zipitria

Urte hauetan euskarazko irakaskuntza aktibitate politiko-kulturalarekin uztartu zuen: Emakume Abertzale Batza (1934an idazkaria), Euskaltzaleak eta Eusko Ikaskuntza elkarteetako kide zen. Euskaltzaindiaren Laguntzalleak elkarteko kide moduan 80 haurrez osaturiko talde bat prestatu zuen klase praktikoen bitartez, Martin Lekuonaren Eusko erdal erri bat euskalduntze bidean (1934, Eusko Ikaskuntza Artx., Eusk.) biltzarra ilustratzen zuen. 1936ko Gerra Zibilak Zipitria Lapurdin erbesteratzea behartu zuen; Askainen lehenik eta Ziburun ondoren, non Tolosako Labaien-Sansinenea familiak hartu zuen, eta azkenik Saran. Hemendik Donibane Lohitzunera joan zen 1939an.

Gerra Zibila bukatutakoan, Donostiara itzuli zen. 1942an Dawn sindromea zeukan Miguel Maria Eguia gazteari klaseak ematen hasi zen. 25 urtez eginiko lanari esker ikasleak kultura orokorrean oinarri sendoa lortu zuen eta euskara eta frantses hizkuntzak ikasten hasi zen. Urte hartan neska bati ere klase partikularrak eman zizkion. Baina Zipitriak ikasle talde sendo bat nahi zuen, euskaraz modu egonkor eta jarraituan irakatsiko ziona. Hau, 1943an lortu zuen. Ikasgaiak Donostiako etxe partikular ezberdinetan ematen ziren. 1946tik aurrera Fermin Calbeton kalean zeukan bere etxean eman zituen klaseak. Ikasle kopurua handitzen ari zitzaion gutxika eta ondorioz euskarako irakaskuntzara irakasle berriak gehitzeko beharrean aurkitu zen.

Hemen hasten da Zipitriak gerra ondorengo ikastolen mugimendua bultzatu eta sortzeko lan ikaragarria. 1949an Amale Arzelusi ikastolara joaten ziren euskaraz ondo ez zekiten haurren hezkuntzaren ardura hartzeko eskatu zion. Amalek bere lana utzi eta ikasgaiak etxean bertan ematen hasi zen. Urte bat geroago Itziar Arzelus, Amaleren ahizpa eta tituludun irakaslea, hilabete batzuek Elbiraren klaseetara joan zen eta honen pedagogi-metodoa ikasi ondoren, bere etxean bertan hiru eta lau urte bitarteko haurrentzat ikastola bat eratu zuen eta hala Zipitriak bost urtetik bederatzi urte bitarteko haurren heziketaz bakarrik arduratu ahal izan zen. 1953an ikastolen mugimenduan Faustina Karril gehitu zitzaion. Hiru hilabetez Elbiraren pedagogi-metodoa ikasten igaro ondoren, Faustinak, alokairuko gela batean, hiru eta bost urte bitarteko haurrentzat ikastola ireki zuen. Karmele Esnalek ere, gero Santo Tomaz Lizeoaren erakuntzan funtsezko papera eduki zuena, andereñoaren ikastolara joan zen 1952-1953 ikasturtean.

Elbira Zipitriak euskararen irakaskuntzan irakasle gazteak birziklatu eta prestatzen jarraitu zuen etengabe 1968ra arte. 1956an Mª Karmen Mitxelenak egin zituen praktikak Elbirarekin eta urtebete beranduago ikastola bat sortu zuen Donostian. Bilboko lehen ikastola ere, 1957an San Nikolas parrokiako lokal batzuetan eratua, Zipitriaren eskolakoa zela kontsideratu daiteke: Mª Carmen Garaik Bilboko zentroaren zuzendaritza hartu aurretik hilabete pasa zuen Donostian Elbira andereñoaren metodoa ikasten. Ondorengo urteetan eta sistema bera jarraituz, Mª Karmen Lasarte, Kontxi Beitia, Arantxa Arrazola, Maritxu Marizkurrena, Izaskun Busto, Koro Aldanondo, Miren Terese Aleman, Arantxa Mendizabal eta Begoña Goyak beste ikastola batzuk sortu zituzten Gipuzkoako herri ezberdinetan, Pasaian, Hernanin eta Lasarten. Bestalde, Elgoibar, Lazkao, Beasain eta Añorgako ikastolek Zipitriaren metodoak erabili zituzten, andereño batzuk Mª Karmen Mitxelenarekin ikasi zutelako, aipatu bezala, Zipitriaren ikaslea 1956an.

1968 urte klabea izan zen ikastolen mugimenduan. Ordurarte euskal irakasleak beren lana klase pribatuen moduan estaltzen zuten, tituludun irakasle batek hamar ikasletik beherako talde bati irakastea baimendua baitzegoen. Irakaskuntza hiru urtetik bederatzi urte arteko haurrez arduratzen zen; adin horretara iritsitakoan ikastola utzi eta gaztelerazko eskoletara joan behar izaten zuten, non sarrerako azterketa bat egin behar zuten, ondoren prestakuntza-ikastaro batean Batxilergoan sartzeko azterketa gainditzeko. 1967-1968 ikasturtean beharrezkoa egin zen prestakuntza-ikastarorako eskolatze-liburua aurkeztea. Ikastolek ez zeuzkaten liburu hau eskaintzeko aukerarik. Bestalde polizia-miaketak eta irakaskuntzako-ikuskatzaileak ugaritu ziren. Azkenean, 1868an Gipuzkoako Gobernadore Zibilak, Oltra-Moltok, zirkular bat atera zuen baimen hau ez zeukaten ikastetxe berriak debekatuz eta jadanik zeudenei bere egoera legeztatzera behartzen zuena.

Elbira Zipitriak bere ingurura deitu zituen Mª Karmen Mitxelena, Miren Terese Aleman eta Koro Aldanondo andereñoak Orixe ikastola sortzeko asmoz. Ikastetxe berria Santa Maria Parroki Eskola izenpean sortu zen eta bere burua Jose Elgarresta Iturbe Donostiako basilikako apaiza agertzen zen. Lehen egoitza eliz atzealdean zeuden eta kasurako egokituak izan ziren lokal batzuk izan ziren. Legalizatzeko baimena 1968ko abenduan aurkeztu zuten. Irakaskuntzako inspektoreak 1969ko ekainean bisitatu zuen zentroa eta ondorioztatu zuen ikasleek zeukaten ezagutza-maila eta erabiltzen zen pedagogia oso egokia izan arren, "Espiritu Nazionalaren Prestakuntza" onartezina zela. Hamabost hilabete itxaron ondoren txostenaren bideratzea etenda gelditu zen baina 1970eko irailaren 8an hainbeste desiratzen zuten irekitze-baimena jaso zuten. Zipitria andereñoak 1971an utzi zuen Orixe ikastola, 65 urte zituela. Bizitzako azken urtetan depresio handiak jasan zituen; badirudi euskara batuaren inguruko eztabaidek sortu zizkiotela. 1982ko abenduaren 26an hil zen Donostian.

Gerra ondorengo ikastolen sorkuntzan funtsezko papera eduki zuen. Elbira Zipitriari onartu behar zaio ikastolak didaktika-metodo berri eta orijinal batez dohatu izana, garaian Espainian erabiltzen zen metodo didaktikoarekin aldenduta aurreratuagoa zena. Izaera geldiezina eta bizia zuen Elbirak, irakaskuntza munduan argitaratzen ziren teoria berri eta aurrerapenak ezagutzen saiatzen zena, Frantziako lanei arreta berezia eskainiz: bere ahizpari esker, Marseillan zegoen lekaime bezala, Frantziako irakasle batzuekin harremanetan jarri zen: haiei hainbat pedagogi-arazo azaltzen zizkien eta gaiari buruzko informazio eta bibliografia espezializatua lortzen zuen. Horrez gain Zipitriari beti interesatu zitzaion adimen-desgaitutako haurren heziketa. Miguel Maria Eguiarekin eginiko lanak eta arlo honetan Katalunian zeuden esperientziek eta pertsonalki ezagutzen zituenak, esperientzia iturri izan ziren. Elbirak pedagogiako aurrerapen asko, arlo honetatik zetozela defendatzen zuen, hezitzaileak bere metodo eta sistemak modu sakonagoan hausnartu, esperimentatu eta ebaluatzera bultzatzen baitzuen.

Bestalde, Joxe Migel Barandiaran, Manuel Lekuona edo Nemesio Etxaniz bezalako kulturako zenbait pertsonalitaterekin mantendutako elkarrizketek Historia, Etnografia eta Euskal Literaturako gaietan sakontzeko aukera ematen zioten. Ikerketa, analisi eta ondoren euskal kontestura egokitzen ziren aurrerapen pedagogikoak, Zipitriak Espainian zegoen oroimen-tradizioa gainditu eta Maria de Montessoriren intuizio-metodorantz bideratzea egin zuen. Horrela, Matematiken irakaskuntzan adibidez, elementu errealetatik abiatuz ibilbide logiko jarraitu ondoren, abstrakziora iristeko gai zen. Neska-mutilak objektuak kontatuz, gehituz eta kenduz hasten ziren (gaztainak, zuhaitzen hostoak...), ondoren paperean irudikatzen zituzten objektuak: batasuna, bikotea, hirukotea, katu, sagutxo laukotea, boskotea, eta abar. Ondoren kanikekin lan egitera pasatzen ziren: buztinezkoak batasuna adierazten zuten eta kristalezkoek dozena. Bi edo hiru ikaslek zerotik ehun arteko batuketak eta kenketak gauzatzen zituzten, gainontzeko gelakideek estrofaren bat abestuz eginiko ariketa matematikoa deskribatzen zuten bitartean. Kanikekin eginiko ariketak gero koadernoetan irudikatzen ziren eta azkenik beharrezko zenbaki-ikurrak idazten zituzten. Elbiraren ikasleak bederatzi urte betetakoan batuketak, kenketak, biderketak, zatiketak, sistema metriko hamartarra eta geometriako oinarrizko kontzeptuak menperatzen zituzten. Behin baino gehiagotan gaztelerazko eskoletako arduradunek aitortu izan zioten andereñoei ikastoletan lortutako maila.

Hizkuntzari zegokionez, ikaskuntza bokalak gorputz-mugimendu batekin identifikatuz hasten zen eta kontsonanteak marrazki edo ikur zehatz batekin. Ikasleak ondoren, bokala lurrean txotxak jarriz irudikatzen zuten eta kontsonante ezberdinei hitzak sortu arte gehituz joaten ziren. Hitz hauek marratu gabeko koadernoetan idazten ziren ondoren, letra larriaz. Letra larria menperatua zeukatenean, letra xehea irakasten zieten. Irakurketa lanak gerra aurretik argitaratutako bi liburuxkekin egiten zuten: "Martin Txilibitu" eta "Xabiertxo". Elbirak interes berezia jartzen zuen haurrak ondo ahoskatu, ondo intonatu eta irakurtzen ari zirena ulertu zezaten. Olerki ederrak errezitatu eta haurren adinen arabera klasifikaturik zeuzkan abestiak abesten zituzten; hau zen euskararen aberastasunean sakondu, lexiko aberats bat ikasi eta espresio eta onomatopeiak ezagutzeko metodorik egokiena. Zortzi urterekin ikastoletako ikasleek gazteleraz irakurri eta idazten zekiten, baita esaldi gramatikalen zortzi zatiak bereizten ere. Matematika eta Hizkuntzaz gain, erlijio-heziketak funtsezko papera betetzen zuen ikastoletan. Egunero errezatzen zituzten otoitzak eta salmoak eta Idazteunak aztertzen zituzten.

Baina Elbira ez zen praktika hauetara mugatzen eta Erlijioa bere ikastolako ohiko bizitzara lotzea lortzen zuen; senide baten heriotza, ikasle baten anai-arrebaren bataioa, lehengusu baten ezkontza, andereñoak Sakramentuak aztertu eta azaltzeko erabiltzen zituzten. Katekesia irakurketa, marrazki eta antzezlan txikiak eginez ikasten zuten. Gainontzeko ikasgaientzat, Historia, Geografia eta Natura-Zientziak, txangoak antolatzen ziren Kontxako hondartzara edo Urgull mendira eta horrela ikasleek irla, lurmutur, kostalde, badia... edo zuhaitza espezie ezberdinak beren hostoen bidez ezberdintzen ikasten zuten. Elbira neska-mutilei irakasten zitzaien hura ulertu zezaten saiatzen zen, kontzeptuak eta emandako ideiak arrazoitzen zituen errealitate batetik hasi eta abstrakziora iritsi arte. Euskal aditz laguntzailearen hautatze-metodoa Nor-Nori-Nork galdetzaileen bidez, gaur egun hain erabilia dena, Zipitriari eskertu behar zaio: konturatu zenean haurrak ez zirela esaldi gramatikaletako subjektu egilea eta subjektu jasailea ezberdintzeko gai, Nor jauna, Nori jauna eta Nork jauna bilatzeko eskatzen hasi zen.

Ilunabarretan, haurren klaseak bukatutakoan, helduen talde batekin biltzen zen Zipitria eta euskaraz irakasten zien. Azalpen teorikoak gazteleraz eskaintzen zituen eta euskara ariketa praktikoetarako erabiltzen zuen. Ikasgaien edukia Azkueren "Morfología Vasca" eta Altuberen "De Sintaxis Euskérica" lanetan oinarritzen zen, azalpenak ulergarriak izan zitezen bere modura egokitzen zituenak. Idazle bezala bere artikuluak "Ira" ezizenez argitaratzen zituen, besteak beste, "Agur" aldizkarian.

  • ARRONDO, Arantxa, ZUBIZARRETA, Mª Dolores, GARMENDIA, Mª Karmen, Directora: Elbira Zipitriaren Bizitza eta lanari buruzko ikerketa. Donostia, 1984. Gipuzkoako Foru Aldundia bekaren ikerketa
  • AA. VV.: Zipitria'tar Elbire "Andereñoa" omenaldia. Euskerazaintza. Donostia, 1986.
  • ARANBURU PUENTE, X. Elbira Zipitriaren biografiarako jakingaiak: ikastola Donostian 1942-1969 urte bitartean. Datos para la biografía de Elbira Zipitria: la ikastola en San Sebastián (1942-1969). "Cuadernos de Sección", Educación 4. Eusko Ikaskuntza. Donostia, 1991.
  • ARRIEN, G. Bizkaiko ikastolak, 1957-1972. Beren hasiera eta antolaketa. Las ikastolas de Bizkaia, 1957-1972. Sus orígenes y organización. "Cuadernos de Sección", Educación 6. Eusko Ikaskuntza. Donostia, 1992.
  • Véle de Mendizabal, Zuriñe . Euskonews ; 474. Donostia : Eusko Ikaskuntza, 2009.

Eusko Jaurlaritzak argitaratutako Bidegileak bilduman informazio gehiago eskura dezakezu Elbira Zipitriari buruz.