Kontzeptua

Generoaren kontzeptua

1980ko hamarkadan, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasun biologikoaren bidez eraikitzen zen genero-aldea. Garrantzitsuena sexu biologikoa eta genero soziala bereiztea zen. Sexua honela definitzen zen:

"gorputzen ezaugarri anatomikoak, genitalitatea barne, baita ugaltze-aparatuaren ezaugarri morfologikoak eta desberdintasun hormonalak eta kromosomikoak ere" (Maquieria, 2001:61).

Bi sexu bereizten ziren, unibertsaltzat jotzen zirenak eta, era berean, generoa modu dualistan ulertzen zen: gizon/emakume eta maskulino/femenino binomioei zegokien sinbolismo sexuala. 1975ean, Gayle Rubin-ek (1986) sexua/generoa sistemaren nozioa proposatu zuen, generoaren gizarte-eraketa honela adierazteko:

"sexuaren materia biologikoa eta giza ugalketa gizartearen esku-hartzearen bidez osatzen dituzten xedapenen multzoa, modu konbentzional baten bidez aseak, konbentzio horietako batzuk arraroak badira ere".

Urte batzuk geroago, Rubin-ek (1989) berak sexua/generoa sistema terminoa erabiltzea kritikatu zuen, sistema horrek faktore soziokulturalek moldatutako errealitate neutrala adierazten zuela uste baitzuen. Esan zuenez, generoa kontzeptuan bezala, "sexu" eta "sexualitate" kontzeptuetan barneratutako dimentsio biologiko edo "naturala" sinbolizazio kulturalez betetako eraikuntza sozial eta kulturala da, gorputzei eta sexu-praktikei balio bereizia ematen diena, heterosexualitatearen, homosexualitatearen edo beste sexualitate batzuen arteko harreman hierarkikoa ezartzen duena. Beraz, binomioa bereizi, sexua eta sexualitatea aztertu eta botere heteronormatiboen sistemen antolaketan nola txertatzen den erakutsi beharko litzateke.

1990garren hamarkadan sexuaren eta generoaren arteko bereizketa birplanteatzeko sexualitatea ikasketa-eremu gisa garatzea funtsezko ekarpena izan zen. Horri dagokionez, zenbait diziplina eta korronteren inguruan sortutako ekarpenak nabarmendu behar dira, hala nola, azterketa feministak, gay ikasketak eta queer teoria, pentsamendu post-modernistaren esparruan kokatuta (Maquieira, 2001). Ikerketa horiek gorputz sexuatuen eta praktika eta aukera sexualetan oinarritutako generoaren kategorien anbiguotasuna eta jariakortasuna azpimarratzen zuten. Pentsamendu-ildo horretan, Judith Butler-en lana (1990) azpimarratu behar da. Honek kritikatu egin zuen genero- eta sexu-kategoriak gauza bihurtzea, generoak ugaritzearen  alde egin zuen, baita sexuarekin eta praktika eta sexu identitateekin lotutako baztertze praktiketan oinarrituz generoa sortzen eta arautzen duten diskurtsoen parodiaren alde ere.