Kontzeptua

Euskal soziolinguistika

Soziolinguistikaren alderdi hau da, ikertzaile askoren ustez, benetako soziolinguistika. Bariazionistek hizkuntzalaritza tradizionalak zuen hizkuntzaren ikuspegi estatikoaren aurrean, hizkuntzaren aldagarritasunean jarri zuten arreta. Saussurerentzat neurgaitza zen alderdia, aldaera librea, motibatua zela erakustera zetorren diziplina berria.

Edozein hiztunek daki hizkuntza ez dela beti berdin erabiltzen. Ahoskerak, intonazioak, lexikoak, egitura sintaktikoak... aldatu egiten dira hiztunen ahotan. Hizkuntza erabiltzen duenak gramatiketan eta hiztegietan biltzen diren egiturak eta lexikoa aukeratu eta moldatu egiten ditu.

Moldaketa horietako asko ondo barneratuta daude hiztunen pertzepzio soziolinguistikoan, hots, gaitasun soziolinguistikoa dute.

Era berean, hiztunek euren burua eta besteak talde batean edo bestean kokatzen dute. Taldeko partaideek hizkera-komunitatea osatzen dute. Komunitatearen barruan erabilera-arauak daude eta egokia eta desegokia zer den finkatuta egoten da. Moreno Fernándezen ustez, komunitate hauek nahiko heterogeneoak izaten dira. Hiztun bera komunitate bat baino gehiagoko partaide izan daiteke eta, ondorioz, aldaera ezberdinak erabili une bakoitzean. Horregatik, sarritan zaila izaten da mintzamolde bakoitzaren mugak ezartzea (Moreno Fernández, 1998).

Hizkera-komunitateen kasuan Howar Giles-ek (Giles, 1975 in Moreno Fernández, 1998) hizkeraren moldaketaren teoria egin zuen. Honen arabera, hiztunek egoera bakoitzean hitz egiteko erabiliko dituzten elementuak (edo hizkuntzak, esan dezakegu) aukeratu egiten ditu itxura bat ala bestea emateko. Horrelakoetan, bi joera izan ohi dira: konbergentea eta dibergentea. Lehenengoa, taldeko partaidetasuna adieraztekoa izan ohi da; bigarrena, berriz, ezberdintzekoa.

Hizkuntzaren erabilera ezberdinduak egoera geografikoaren edo gizarte-taldearen araberakoa izan daitezke, orain arte ikusitakoaren arabera. Lehenengoa, aldaera diatopikoa edo geolinguistikoa, dialektologiari dagokio. Bigarrena, aldaera diastratikoa edo soziala, aldiz, soziolinguistikari. Hirugarrena egoera komunikatiboaren araberako aldaera da, aldaera diafasikoa.

Aldagarritasuna aztertzen dutenen zeregina da aldakortasunean eragiten duten faktoreak zeintzuk diren, haien eragina norainokoa den eta gizarte talde bakoitzari zein aldaera dagokion azaltzea.

William Labov izan zen metodologia honen aitzindaria eta ikurra. Bokalen osteko r kontsonantearen inguruko ikerketa egin zuen, eta, fenomeno bakar horren arabera, hizkuntzaren estratifikazioa agerian utzi (Labov, 1966 in López Morales 1993).

Hizkuntzaren eta gizartearen arteko elkarreraginaren ikertzaileek bi aldagai-mota aztertzen dituzte: hizkuntzarenak eta gizartearenak. Hizkuntzaren alderdiak dialektologian neurtzen diren berdinak dira, hau da, hizkuntzari lotutako edozein mailatako elementuak: fonologia, intonazioa, lexikoa, sintaxia... Aldagai sozialei dagokienez, sexua, adina, gizarte-maila, jatorria eta abar izaten dira.

Hiztun-komunitateak ez dira isolaturik bizi. Normalean elkarren ondoan eta elkarrekin harremanetan egoten dira. Oso hedatuta dago estatu bat-hizkuntza bat bikotearen ideia, baina errealitatetik oso urrun dagoela esan daiteke. Elebitasuna edo eleaniztasuna da egoerarik zabalduena eta, horren ondorioz, hizkuntza-ukipena. Lurralde elebakarretan, hizkuntza bat(zu)en galera eta beste baten inposaketa egon dela pentsa daiteke.

Hizkuntzak ukipen-egoeran daudenean, hiztun-multzo batek hizkuntzetako bat baino gehiago ezagutzen ditu; bestela, zaila izaten da ukipena gertatzea. Dena dela, hizkuntza-gatazka dagoen kasuetan, hizkuntza gutxituko hiztunak izaten dira, batez ere, elebidunak. Elebitasunaren paradoxa horixe da: hiztun elebakarrak dituen taldeak inposatu egiten duela komunikazio-hizkuntza edo lingua franca berea izatea.

Hizkuntza-ukipenezko egoeretan, hiru ondorio mota bereiz daitezke: pertsonengan gertatzen direnak, pertsona elebakar edo elebidunengan; hizkuntzarengan berarengan eragiten dutenak, izan ere, kodeen arteko eragina nabaria izaten da (batez ere hizkuntza nagusiaren eragina igartzen da gutxituarengan); eta, azkenik, hiztun-komunitateengan edo gizartean gertatzen diren aldaketak.

Elebitasuna hiztunengan

Elebitasun sozialetik bereizteko, autore batzuek elebitasuna (soziala) eta elebiduntasuna (norbanakoarena) bereizi izan dute, baina eskuliburu honetan ez dugu bereizketa hori erabiliko.

Gizarteak dena delakoagatik harremanetan jartzean, esan bezala, bi hiztun-komunitateetako hiztunetako batzuek bi hizkuntzen ezagutza eskuratzen dute. Pertsona horiek elebidunak dira, hau da, bi kodeak erabiltzeko gaitasuna dute. Gaitasun horri elebitasuna edo elebiduntasuna deitu izan zaio.

Autore batzuentzat hiztun elebiduna hizkuntza bietan naturaltasunez aritzeko gaitasuna duen pertsona da; beste batzuek uste dute, aldiz, berea ez duen hizkuntzan gutxieneko komunikazio-gaitasuna izatea nahikoa da elebiduntzat hartzeko.

Hiztun elebidunei alderdi ezberdinetatik begiratu izan zaie. Ikuspegi teorikoen arabera, pertsona elebidunen sailkapen ugari egin dira: hizkuntzen eskuratze-hurrenkera, gaitasuna, garatutako trebetasunak...

Elebitasunaren eskurapenean hiztunaren esku ez dauden faktore askok dute zerikusia. Hiztunaren motibazioek edo gizartean hizkuntza horretan aritzeko dauden aukerak, adibidez, erraztu egingo dute ikas-prozesua.

Txepetxek hizkuntza ikasten duten ikasleak egindako ikas-prozesuaren arabera sailkatu zituen, A, B, AB eta BA hiztunak bereizi zituen; AB jatorrizko hiztun alfabetatuak dira eta BA ibilbide kulturala egin duten hiztun jatortuak, hain zuzen ere, normalizazio prozesuan hiztun-komunitatearen erdigunean kokatu behar direnak (link a Hizkuntza Politika eta Hizkuntza Plangintza).

Ukipen-egoeraren alderdirik garrantzitsuenetakoa hiztun elebidunak izan dira, baina globalizazioaren garaian, gizarte askoren errealitate berria eleaniztasuna da eta, ondorioz, elebitasunaren gaineko ikuspegi asko egokitu egin dira beharrizan berrietara. Hizkuntza-aniztasuna mehatxu moduan ikusi beharrean, aukera moduan hartzen ari da XXI. mendearen hasieran.

Hizkuntzan

Baina hiztunarengan ez ezik, ukipenak ondorio linguistikoak ere baditu. Bi hiztun-komunitate edo gehiago elkartzean, kodeek eragina jasaten dute ezinbestean. Uriel Weinreich (1953) izan zen, hizkuntza-ukipenaz aritu zen lehena eta hizkuntza-sistemek elkarri nola eragiten dioten ikertu zuen. Kodearen interferentziak, kalkoak, maileguak edo aldaketa fonetikoak gertatzen dira. Beraz, interferentziek sistemaren egituran eragiten dute, hala nola, fonologian, morfologian, sintaxian eta semantikan.

Arestian aipatu bezala, hizkuntza-ukipena hiztun batzuek bi hizkuntzak hitz egitean gertatzen da. Hiztun horiek ikasitako hizkuntzaren ezaugarriak transferitu ohi dituzte beste hizkuntzara eta, ondorioz, bere kodean elementu berriak agertzen hasten dira. Normalean, hizkuntza gutxituak jasotzen ditu hizkuntza nagusiaren elementuak, baina eragina norantza bietakoa izan daiteke. Hizkuntza gutxituko hiztunek, hizkuntza nagusian aritzean, euren jatorrizko hizkuntzaren eragina izaten dute eta, sarritan, ezaugarri horiek estigmatizatuak izan dira eta trufa eta txantxa ugarirako arrazoi bilakatzen dira.

Hiztunek kode berriari buruz duten ikusmoldea oso garrantzitsua izango da forma berrien hedapenean. Irudi modernoagoa edo adierazgarriagoa lortuz gero, hedatzeko eta sistematizatzeko aukera handiagoak egoten dira.

Interferentzia hauek gertatzeko, Weinreichek norbanakoren mailako arrazoiak eta gizarte-mailakoak bereizi zituen. Lehenengoen artean hiztunak hizkuntzak bereizirik erabiltzeko duen gaitasuna, hizkuntza bakoitzaren ezagutza maila, hizkuntzak erregistratzeko modua (koordinatua ala ez) eta bakoitzarekiko jarrerak hartzen ditu kontuan. Gizarte-mailakoen artean, berriz, elebidunen kopurua, hiztun-komunitatearen trinkotasuna, talde bakoitzak duen elebidun-kopurua, hizkuntza bakoitzarekiko jarrerak eta estereotipoak, elebitasunari buruzko jarrerak, garbizalekeriaren antzeko jarrerak, taldeen arteko harremanak eta abar.

Norbanakoaren ezaugarrien araberako aldagaiek hiztunaren gaitasun komunikatibo eskasa izan dezakete oinarri, hau da, zenbait egoera komunikatibotara egokitzeko dituen gabeziak. Adibidez, hizkuntzari arrotza zaion eremu bateko hiztegia ez izateak maileguak hartzea ekar dezake.

Aldagai soziokulturalek, berriz, interferentziak barneratzea sustatzen dute, eta hizkuntza-aldaketa bultzatu. Horren aurrean, hizkuntzaren garbizaletasunak eta hizkuntza-fideltasunak aldaketen aurkako eragina izan dezakete.

Interferentziak hizkuntzaren maila guztietan gerta daitezke: fonologian, morfologian, sintaxian ala lexikoan.

Baina ukipen egoeran dauden hizkuntzen artean, sarri gertatzen dena da alboko hizkuntzaren hitzak inportatzea. Hitz horiei maileguak deitzen zaie. Maileguak hartzeko arrazoirik garrantzitsuena objektu berriei izena ematea izaten da. Askotan, hizkuntzari arrotza zaion eremu baten inguruko lexikoa eskuratzeko beharrak erabilera eremu horretan tradizio handiagoa duen hizkuntzaren lexikoa erabiltzea ekartzen du. Zientziaren eta teknologiaren garapenak, adibidez, ingelesezko adieren hedapena ekarri du.

Bestalde, atzerriko hitz edo terminoak erabiltzeak nolabaiteko modernitate kutsua ematen duelako irudikapen soziala heda daiteke, eta horrek maileguen ugaritzea ekarri.

Hizkuntzaren corpusaren inguruko planifikazioetan, maileguak jasotzeko baldintzak ezarri ohi dira. Euskararen kasuan, adibidez, Euskaltzaindiak 1986an eman zituen horren gaineko arauak (Euskaltzaindia, 1986); maileguak zein kasutan onar daitezkeen eta zeinetan bestelako bideak bilatu behar diren zehaztu zuen eta, behar denerako, horiek integratzeko modua ezarri zuen.

Lexemak, hitzak eta sintagmak mailega daitezke, baina baita esanahi jakina duten esaldi osoak ere. Horrelako unitateak kode alternantziaren eragileak dira. Ohikoa izaten da euskaraz ari den hiztunak erdarazko esaldiak etengabe tartekatzea eta bi kodeak etengabe nahastea.

Kalkoak jatorrizko hizkuntzan hartu edo itzulpenen bidez jaso daitezke. Horrela, footing bere horretan jaso da, baina beste batzuetan, jatorrizko hizkuntzan egindako metafora edo irudi bat hartu eta itzulpenaren bidez jasotzen da. Adibidez, ordenagailuko kurtsorea mugitzeko tresnari sagu deitzea. Aipagarria da kalkoen inguruan Gotzon Garatek argitara emandako lana: Erderakadak (Garate, 1988).

Beste interferentzia garrantzitsu bat kodeen arteko alternantzia izaten da. Solasaldiaren hari nagusia hizkuntza batean eginda ere, beste hizkuntzaren esaldiak etengabe tartekatzean datza. Hiztun elebidun orekatuak abilezia handia eskura dezake bi kodeen artean aritzeko, sarritan horrela dabilela konturatu ere egin gabe.

Hizkuntza-ukipenaren ondorioz, sarritan elkarrekin harremanik izan ez duten komunitateak jartzen dira kontaktuan. Horrelakoetan ez da hiztun elebidunik izaten eta, ondorioz, komunikaziorako lingua franca bat behar izaten da. Nazioarteko hizkuntzarik edo komunean duten beste hizkuntzaren bat erabiltzerik ez dagoenean, elkartu diren komunitateen bi kodeetako elementuak dituzten "sistema berriak" sortu ohi dituzte. Kode berri horiek pidginak dira.

Hala ere, normalean bi hizkuntzek ez dute pisu bera pidginaren sorkuntzan. Pisu handiena hartzen duenari oinarri-hizkuntza deitzen zaio; besteari, berriz, substratu-hizkuntza.

Euskarak ere ezagutu du pidginik; hain zuzen ere, Kanadan eta Islandian bale-arrantzaleek bertako herriekin izandako harremanetatik sortutakoak. Bakkerrek Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat (Bakker, 1991) eta Nicolaas Deen holandarrak (1937) ikertu zituzten pidgin horiek.

Ezagun egin da, 1625. urteko kronika batean kontatua, euskaldunek indiarrei Nola zaude? galdetzean, indioek Apezac obeto erantzuten omen zutela.

Pidgina, esan bezala, oso funtzio jakinetarako sortzen zen. Hala ere, hiztun-komunitateen arteko harremanak estutu ahala, funtzio berriak jaso eta garatu egiten ziren. Pidgina belaunaldi baten ama-hizkuntza bilakatzean, hau da, gurasoengandik transmititua izatean, kreolera bilakatzen da.

Gizartean

Munduko hizkuntzak, beraz, ukipen egoeran bizi dira. Hiztun-komunitateak, arrazoi ezberdinak tarteko, elkarrekin harremanetan sartzen dira eta, ondorioz, hizkuntzak ere bai.

Hiztun-taldeen arteko harremanak ez dira ia inoiz berdintasunean oinarritzen. Taldeetako bat botere-egoeran egoten da eta bestea menpean. Horretan garrantzi handia hartzen du kontaktua gertatzeko arrazoiei begiratzeak.

Honako arrazoiak aurki daitezke besteak beste: okupazioa edo kolonizazioa, merkataritza-harremanak, talde baten nagusitasun demografikoa, boterea eta prestigioa, migrazioak, hezkuntza, eragin ekonomikoa, erlijioa, komunikabideak eta abar.

Arrazoi horien ondorioz, taldeek elkarrekin harremana izaten dute, baina indarrak ez dira orekatuak izaten. Egoera horiek azaltzeko, Jordi Solé i Camardons-ek hizkuntza-gatazka terminoa proposatu zuen (Solé i Camardons, 1991: 53) honela definituz:

Bi hizkuntza-aldaera norgehiagoka ari eta bietariko baten inbasioa edo desplazamendua, edota bestearen erabilera eremuen barianteak sortarazten direnean, hizkuntza-gatazkaren aurrean gaude.

Egoera horietan hizkuntza batek nagusitasun politikoa izaten du, goi-mailako funtzioak betetzeko eta hizkuntza ofiziala izateko. Beste hizkuntzak, gutxituak, erabilera-esparruak mugatuta ditu eta, gehienetan, erabilera-esparru informaletarako erabiltzen da.

Egoera horretara heltzeko, normalean hizkuntza gutxituaren jazarpena gertatzen da, bortizkeria. Beraz, egoera hori gertatzen da bi hizkuntza aurrez aurre daudenean; batak nagusitasun politikoa du eta, ondorioz, erabilera ofizial eta publikoa; bestea politikoki garaitua izan da eta familia eta lagunartera mugatzen da. Gatazka egoeraren arrazoien artean errepresio zuzen eta bortitza zein tolerantziaren atzean ezkutatzen den errepresio ideologikoa daude.

Funtzioen banaketari diglosia deitzen zaio. Diglosia terminoa Charles A. Fergusonek (1959) sortu zuen hizkuntzen barneko aldaera ezberdinen erabilera estratifikatua izendatzeko. Horren arabera, hizkuntza bat goi-mailakoa edo H (high) izango da eta bestea behe mailakoa edo L (low). Aurrerago, Fishmanek kontzeptu hori elebitasun-egoerei aplikatu zien lau egoera proposatuz: elebakartasun diglosikoa eta elebakartasun ez-diglosikoa, elebitasun diglosikoa eta elebitasun ez-diglosikoa. Fishmanen ustez, elebitasuna norbanakoari dagokio eta diglosia gizarteari (Fishman 1972/95: 120).

Euskal Herrian aipagarria da Jose Maria Sanchez Carrion "Txepetx"-en lana. Diglosia elebitasun sozialaren adieran hartzen du, hain zuzen ere hizkuntza-hierarkia gertatzen den kasuetan gertatzen dena. Hizkuntza gutxituen soziolinguistikatik egoera hauek gatazka-egoerak direla pentsatzen da. Horren adibide garbia da arestian aipatu den Euskaltzaindiak 1979an argitaratutako liburua: Hizkuntza Borroka Euskal Herrian (Euskaltzaindia, 1979).

Katalunian indar handia hartu zuen joera honek eta eskola sortu zuela esan daiteke. Amerikar korronteek azterketa deskriptiboa egiten zuten. Katalanek ordea, asimilazioaren eta normalizazioaren arteko continuum bat proposatzen zuten. Tentsioa mantentzen da eta egoera aldakorra da. Diglosia, beraz, hizkuntza-gatazkaren aldi bat besterik ez da, hedatuen dagoen egoera.

Elebitasun orekatua, ondorioz, ez da normalean gertatzen. Funtzioen banaketa ez da parekatua izaten. Ideologia diglosiazaleek diglosia egoera desiragarritzat hartzen dute; beste soziolinguista batzuen ustez, aldiz, egoera horrek desoreka areagotu egiten du eta hori hizkuntza-ordezkapena gauzatzeko lehen urratsa da.

Hizkuntza-ordezkapena gaindituko bada, egoera horri buelta emateko hizkuntza normalizatzeko prozesua abiatu behar da. Horixe da, hain zuzen ere, hizkuntzak indarberritzeko edo biziberritzeko prozesuen helburua (link a Hizkuntza Politika eta Hizkuntza Plangintza).

Gizakiok bizitzako edozein gertakari edo jardueraren aurrean ikusmolde edo hautemate ezberdinak izaten ditugu. Pertsona bakoitzak errealitatea jaso, interpretatu eta ondoren baloratu egiten du. Gauza batzuk gustuko izango ditu eta beste batzuk ez; gertakari batzuk justuak irudituko zaizkio, beste batzuk interesgarritzat hartuko ditu eta beste batzuek lotsa sentiaraziko diote.

Bestalde, gizakiak barne-irrikak, helburuak eta desioak ditu. Horiek, ikuspegi edo hautemateekin batera, motibazioen eragileak dira. Motibazioek jarduteko indarra eta norabidea ematen dituzte. Helburu bat lortzeko arrazoiek motibazioaren izaera markatuko dute. Adibidez, lanpostu jakin batek soldata handia izateak motibazio ekonomikoa sortzea bilatuko du. Eskaintzen den diru-kopuruak eta soldata jasoko duenaren beharrizanak motibazioaren intentsitatean eragingo dute. Beste batzuetan, lan bat hartzeko motibazioa intelektuala izaten da, edo soziala, politikoa...

Hizkuntzari dagokionez, motibazioak bi multzo nagusitan bereizten dira: integratzaileak eta instrumentalak. Lehenengoen oinarrian hiztun-taldearen partaide izateko edo partaideen antza hartzeko nahia dago. Sarritan sentimendu identitarioak bultzatuta, motibazio integratzailea duen hiztunak hizkuntza ikasteko edo erabiltzeko berezko motibazioa izaten du. Motibazio instrumentala duenak, berriz, hizkuntza helburu jakin bat lortzeko baliatzea bilatzen du. Horrela, hizkuntzaren bitartez talde horretako partaideekin tratu komertzialak egitea, lantokian gora egitea, diru gehiago irabaztea... motibazio instrumentalaren adibide garbiak dira. Hizkuntza arrakastarekin, bizi-kalitatearekin, gizartean gora egiteko aukerekin eta abarrekin lotzeak motibazio instrumentala eragingo du.

Irrikak, nahiak, iritziak, motibazioak eta abarrak psikologiari dagozkion alderdiak dira. Horiek bizitzaren aurrean, eta kasu honetan hizkuntzaren aurrean, jarduteko joera jakinak izatea eragiten dute, jarrerak, hain zuzen. Jarrerek jokamoldea bideratuko dute. Hizkuntzaren aldeko jarrerek erabileran, ikas-prozesuan zein inguruan jarduteko moduan eragin zuzena izango dute.

Jarrera, askotan, adierazi egiten da; eguneroko bizitzan zein inkesta baten aurrean, jarrera agertu ohi da. Dena dela, batzuetan, jarrera batzuk azaltzeak arazoak sor ditzake, bai gizarte mailan ondo hartzen ez diren jarrerak izateagatik, bai hiztunak argi ez dituelako edo adierazten ez dakielako. Zentzu horretan jarrera aitortuak eta aitortu gabeak edo ezkutukoak daude. Lehenengoak, esan bezala, galdetuta adierazten direnak dira. Bigarrenak aztertzeko, teknika bereziak behar izaten dira, zeharkako galderen bitartez, eta datuen nolabaiteko interpretazioa egiten da.

Baina hautemateen, motibazioen eta jarreren eraketan garrantzi handia hartzen du testuinguruak edo gizarteak; izan ere, taldearekiko elkarreraginak, kultura bakoitzarekin izandako harremanek eta hizkuntzekin izandako bizipenek jarrerak bideratuko dituzte. Zentzu horretan, gizakiaren garapen-aldiek, bizipen-esparruek eta funtzioek eragin handia izango dute: gurasoek eta inguru hurbilak lehenengo, eskolak gero, aisialdiak, komunikabideek...

Maria-Jose Azurmendik hizkuntzaren ikuspegi psikologikoari eta ikuspegi soziologikoari ikuspegi psikosoziala gehitu zien (Azurmendi, 1987) gizabanakoaren eta gizartearen arteko elkarreragina aztertzeko.

Hizkuntzen erabileraren kasuan, arestian esan den bezala, hiztunek gaitasun soziolinguistikoa dute, hau da, badakite egoera bakoitzean eta toki bakoitzean zer eta nola hitz egin behar den. Egokitasuna taldeak partekatzen duen kontzeptua izanik, gizartea bera aldatzen den heinean moldatuz doa.

Gizartean gertatzen diren aldaketek eragin zuzena dute hiztunen hautemateetan eta, ondorioz, hizkuntzaren aldaketa bultzatzen dute.

Egoera elebidunetan jarrerek garrantzi handiagoa hartzen dute; izan ere, hizkuntzaren biziraupena jokoan egon daiteke. Motibazio egoki eta indartsuak eta aldeko jarrerak funtsezkoak izango dira, sarritan, hizkuntza-komunitateak bere hizkuntzari eutsi diezaion.

Euskal Herrian, egitasmo eta kanpaina ugari bultzatu izan dira motibazioak sortzeko eta euskararen aldeko jarrerak sustatzeko. Historian zehar hizkuntzaren desprestigioa bultzatzeko presioaren indarra handia izan da eta, horri aurre egiteko, ahalegin handiak egin dira eta egiten dira oraindik ere. Ikerketa ugari sortu izan dira gure artean, batez ere hizkuntza ez dakitenak ikastera bultzatzeko eta dakitenek ezagutzatik erabilerarako pausoa emateko.

Irrikek, motibazioek, jarrerek... mundua alda dezakete. Edozein ekimenek, aldeko jarrerak sortzen baditu, arrakastarako aukera handia izango du. Baina jarrerak bideratu egiten dira. Zentzu horretan, ideologia bakoitzak iritzi publikoa bereganatzeko bideak eta estrategiak jorratzen ditu, ondoren hizkuntza-politika babes dezan.

Ideologiak ideien sistema egituratuak dira. Beste kide batzuekin partekatzen diren ikuspegi, gurari, sinesmen, uste eta helburuek gizakia ideologia jakin batekin edo beste batekin lerrokatzera eramaten dute. Ideologia bakoitzak helburu batzuk igurikatzen ditu eta horiek lortzera begirako pausoak ematea bilatzen du. Ideologiak, gainera, sustatu egiten dira; hau da, jendearen atxikipena bilatzen da gehiago edo gutxiago hausnartutako estrategiak erabiliz.

Hizkuntzaren barne-ezaugarriei dagokienez, ideologiek hizkuntza baten ezaugarriak goraipatzea, ezaugarri horiek babestu nahi izatea, kanpoko eraginen aurreko mugak ezartzearen aldeko neurriak hartzea eta abar bila dezakete; adibidez, hizkuntza-garbizaletasunaren kasuan. Hizkuntzaren corpusari lotutako politiketan eragin handia izan dezakete horrelako ideologiek.

Normalean, hizkuntza nagusi baten aldeko ideologiek hizkuntza horren "garbitasuna" eta baliagarritasuna goraipatzen dituzte. Nazio-hizkuntzen defentsa egiten duten ideologiak horren adibide garbiak dira. Bide horretatik, gehienetan, hizkuntza gutxituaren desprestigiorako joera handia izaten da eta horretarako mitologiarekin lotutako ideiak hedatzera ere hel daiteke. Horren adibide ugari aurki daitezke Juan Mari Torrealdairen El Libro Negro del Euskera liburuan (Torrealdai, 1998).

Egoera elebidunetan, batez ere hizkuntza-gatazka egoeretan, zein munduko hizkuntza-aniztasunari loturik, ideologia mota ezberdinak agertzen dira. Ideologia horiek komunitatearen defentsa edo aurkaritza dute oinarrian. Hizkuntza-komunitatearen aitorpenak bere hizkuntzaren eta etorkizunaren jabe dela onartzea suposatzen du eta, zentzu horretan, aurrez aurre aurki daitezke ideologia diglosikoak eta hizkuntza gutxituen aldeko ideologiak, besteak beste.

Hizkuntza-taldearen presentzia eta gizartean talde horrek duen indarrak garrantzi handia du hizkuntzaren normalizazioan. Bizindar etnolinguistikoak erabileran eragin zuzena duela frogatu da (Usarralde eta Martínez de Luna, 2004). Hizkuntzak maila sozialean duen presentziak, ezagutza-maila, erabilera-eremuak, hiztunen gaitasun ekonomikoa... funtsezko datuak dira hizkuntzaren osasuna neurtu ahal izateko. Taldearen presentzia horri bizindar objektiboa deritzote, H. Giles, R. Y. Bourhis eta D. M. Taylor ikertzaileen Towards a Theory of Language in Ethnic Group Relations (1977) artikulu ospetsuan (in Erize, 2008: 108). Baina maila sozialeko datu horiei gizartearen ikuspegi psikologikoa ere gehitu behar zaie. Hori argitzeko asmoz, galdetegi bat prestatu zuten, 1981ean, Richard Bourhis, Howard Giles eta Doreen Rosenthal-ek (in Erize, 2008: 111). Batetik, aipatutako datu soziologikoez hiztunek egiten duten estimazioa dago (hiztunen ustez hizkuntzak gizartean nolako presentzia duen), eta bestetik, hiztunek hizkuntza-aniztasuna kudeatzeko moduez pentsatzen dutena. Zentzu horretan, hiztunek hizkuntzaren aldeko politikez uste dutena neurtu behar da, hau da, hizkuntzen arloko neurriek gizartean duten onarpena. Alderdi horri bizindar subjektiboa deitzen zaio.

Talde bakoitzak duen indarrari hizkuntza-boterea esaten zaio. Botere horren kudeaketa da, hain zuzen ere, hizkuntza-politikaren helburua.

Sarri sinonimotzat jo izan badira ere, ezin nahas daitezke hizkuntza-politika eta hizkuntza-planifikazioa. Politikak lotura du ideiekin, legedi eta araudiekin, egitasmoak asmatzearekin... Plangintzak, berriz, ideia edo helburu horiek betetzera bideratutako erabakiak dira; helbururako norabidean diseinatutako egitasmo eta neurriak.

Hizkuntza-politika bakarrik da ezaguna arazoak daudenean (Siguan, 2001). Horrek ez du esan nahi, Portugalen, Estatu Batuetan edo Britainia Handian, adibidez, hizkuntza-politikarik ez dagoenik. Aitzitik, herrialde horietan, hizkuntza nagusi bat egotea eta hain hedatuta egotea hizkuntza-politika jakin baten ondorioa da.

Askotan pentsatzen da hizkuntza-politika eta planifikazioa hizkuntza gutxituei eta txikiei loturiko kontuak direla, baina esan daiteke gizarte guztiek arautzen dutela, inplizituki nahiz esplizituki, hizkuntzen erabilera.

Hizkuntzaren inguruko erabakirik ez hartzea, legedietan ezer ez ezartzea, hizkuntzen etorkizuna erabiltzaileen esku uztea, hizkuntza gutxituen aurkako politika suntsitzaile baten adierazlea izan daiteke. Estatu jakobinoek (Frantzia da adibide argia) hizkuntza nagusia, estatukoa, aberriarena, babestu izan dute historikoki, beste hizkuntza gutxituen aurrean ezikusiarena eginez. Erabilera debekatu gabe baina inolako babes eta laguntzarik gabe, berez hiltzen uztea, oso politika suntsitzailea da. Zentzu horretan, esan daiteke hizkuntza-politika inplizituak eta esplizituak daudela.

Hizkuntzaren egoeraren inguruko hausnarketa eta politikak indarra hartzen ari dira, estatu-hizkuntza askoren etorkizuna bermatzera begira ere. Frantzian bertan, esaterako, ingelesaren aurrerakadak eta Frantziako lurraldean dauden etorkinek frantsesaz jabetzeko dituzten zailtasunek neurriak hartzera bultzatu ditu bertako agintariak. Horrela, Frantziako Konstituzioak 1992an ezarri zuen lehenengoz frantsesa errepublikako hizkuntza ofizial bakar. Horren ondoren garatutako legeen ondorioz, frantsesa babesteko neurriak hartu dituzte eta neurri horietatik eratorritako arau zigortzaileen ondorioz, isunak ere jarri izan dizkiete frantsesaren erabilera bermatu ez duten zenbait enpresa eta talderi. 2008an Estatuak Frantziako lurraldean dauden bestelako hizkuntza gutxituak bertako ondaretzat hartu zituen, nahiz eta inolako babesik edo laguntzarik eman ez. Frantses Akademiak (Académie française) aipamen hori iraingarritzat hartu eta ezabatzeko eskatu du.

Ukipen-egoerek hizkuntza-aldaketak ekartzen dituzte, baina aldaketa horien atzean erabaki pertsonalak egoten dira, sozialki baldintzatutako erabakiak. Gizartearen baldintzapenaren atzean, arrazoiak, helburuak eta erabakiak egoten dira; hain zuzen ere, edozein politikaren oinarrizko ardatzak. Irizpide horien arabera egindako hizkuntza-politikek eragina izaten dute hizkuntzen errealitatean, baina, sarritan bestelako erabaki politikoek ere ondorioak izaten dituzte hizkuntzetan, batzuetan bilatuta eta beste batzuetan ez. Adibidez, herri batean aurrera eramaten den etxebizitza-politikak eragina izango du herriko bizitzan, eta ondorioz, hizkuntzan ere bai.

Hizkuntza-politiken helburuak corpusari ala estatusari begirakoak izan daitezke. Lehenengoak hizkuntza, zeinu sistema den aldetik, modernizatzera, osatzera, arautzera edo estandarizatzera bideratutakoak izaten dira. Politika horien helburua hizkuntzaren batasuna zaintzea, idazteko bidea ematea, etengabe aldatuz doan gizartera egokitzeko doitzea eta abar izaten dira.

Hizkuntza gutxituen kasuan, hizkuntzak berreskuratu behar dituen esparru berrietan, kodearen aldetik gabeziak egotea izaten da ohikoena. Hutsune horiek betetzeko irizpideak ezarri eta neurriak hartzeko politika egokia behar da.

Estatusari begira dauden hizkuntza-politiken artean helburu askotarikoak daude. Batzuek ukipenean dauden hizkuntzetako bat gailentzea izaten dute helburu; beste batzuek, aldiz, eleaniztasuna zaintzea edo hizkuntza gutxitua suspertzea (biziberritzea edo indarberritzea).

Nazio-estatu asko XVIII. mende hasieratik hasi ziren elebakartasunaren aldeko hizkuntza-politika bultzatzen. Harrezkero, Europako estatu gehienek hizkuntza-politika hori bideratu dute. Ondorioz, hizkuntza ofizialak funtzio publiko garrantzitsu guztiak bereganatzen ditu. Estatuak beren hizkuntzaren garbitasuna zaintzeaz, ezagutza hedatzeaz eta mugen barnean nahiz kanpoan, prestigioa eman eta zabaltzeaz arduratzen dira.

Gainera, hizkuntza euren mugez gaindi sustatzeko bideak ere ematen dituzte, horretarako beren-beregi sortutako erakundeen bitartez: British Council, Alliance Française, Instituto Cervantes, Società Dante Alighier, Goethe-Institut... Eusko Jaurlaritzak, aurrekoen irudira, Etxepare Institutua sortu du 2009an.

Hala ere, badira bestelako hizkuntza-politikak ere, globalizazioaren garaian indar berezia hartzen ari direnak. Adibidez, zenbait estatuk hizkuntza-aniztasunaren aurrean jorratzen dutena. Politika hauek eleaniztasunaren sustapena eta defentsa egitea, tolerantziatik babeserako pausoa ematea eta abar eskatzen dute. Horren adibidetzat jar daiteke Europako Kontseiluko Ministro Batzordeak Europako kultura eta hizkuntzak ondaretzat jotzen dituela, eta babestu beharraz ohartarazten du; izan ere, hizkuntza-aniztasuna mehatxutzat hartu beharrean, aberastasuntzat hartzen du (HABE, 2005).

Bestalde, migrazioen aurrean edota atzerriko hizkuntza erabiltzen duten komunitate txikien aurrean, gutxiengoekiko errespetua bilatzea eta nazioarte-mailako tratatuak bultzatzea hizkuntza-politika berrien egitekoa da.

Bide horietan egin beharreko urratsak ere ugariak dira: maila juridikoan nahiz politikoan ofizialtasuna eskuratzea (lurralde osoan nahiz zati batean); erabilera nahiz atxikimendua sustatzea; Administrazioan, irakaskuntzan, komunikabideetan eta bestelako alorretan hizkuntzaren inguruko irizpideak ematea eta abar.

Politika horiek guztiek gauzapena behar dute, neurriak modu antolatuan eman eta helburuak lortzera bideratutako bidea marraztu. Helburuak lortzera begirako planifikazioa behar da.

Planifikazioa gizartean arlo askori aplikatzen zaio. Ezagun dira hiri bateko hirigintza-plana, lurralde jakin bateko garapen-plana, erakunde bateko plangintza estrategikoa, obra baten planifikazioa, familia planifikazioa edota era ezberdinetako gazte-planak. Era berean hizkuntzaren inguruko planifikazioa egiten da, indarrean den hizkuntza-politikaren helburuak betetzera begira.

Plangintza horiek dimentsio ezberdinak har ditzakete, aplikazio-eremua zein den; izan ere, plangintza estatu edo herri oso batean, udalerri batean, gizarteko arlo jakin batean edo enpresa edo erakunde batean aplika daiteke. Gainera, plangintzaren iraupena ere ez da beti bera izaten. Plangintza batzuek 5 urte iraun dezakete eta beste batzuk, aldiz, urtaro baten buruan burutzeko diseinaturik egon. Zentzu horretan, plangintza-mota ezberdinak daude: plangintza orokorra, plangintza estrategikoa, plangintza operatiboa, programazioa, plana, egitasmoa... (J. Inazio Marko, 2006).

Politika ereduekin bezala, hizkuntza-plangintzei dagokienez, bi motatakoak bereiz daitezke: corpusari begira daudenak eta estatusari begira daudenak. Lehenengoa, hizkuntzaren beraren elementuei dagokie. Idazteko irizpideak ezartzea (alfabetoa, ortografia-arauak...), eredu estandarra deskribatzea eta maileguak eskuratzeko irizpideak ezartzea dira, besteak beste, plangintza horien zereginak. Bigarrena, berriz, hizkuntzaren erabilera arautu eta sustatzeari lotuta dago. Estatusaren plangintzei legeak egitea, hizkuntza-paisaia aldatzea, erabilera bultzatzea, sustapenerako kanpainak egitea eta abar dagokie.

Dena dela, plangintzaren eragileei dagokienez, planifikazioa estatuaren politikatik eratorria edo politika horren eraginaren aurka herritik bultzatua izan daiteke.

Plangintza horiek oso ezberdinak dira eragin esparrua zein den: nazioartea, estatua, estatu federatuak, erregioak, udalak, elkarteak, taldeak... Guztietan planifika daiteke hizkuntzaren estatusa eta erabileraren sustapena. Horrelakoetan honako urratsak egin behar dira:

  1. Asmoak definitu.
  2. Diagnostikoa egin.
  3. Asmoak lortzeko mekanismoak finkatu.
  4. Mekanismoak aplikatu eta ekintzak burutu.
  5. Ekintzen emaitzak ezagutu (diagnostiko berria).
  6. Neurri berriak ezarri.

Enpresa mundura ere hizkuntza-plangintzak indar handiz heldu dira, eta enpresa bakoitzaren ezaugarriei egokitutako planak ezarri dira. Ondorioz, enpresa askoren kudeaketan, hizkuntza-irizpideek garrantzia hartu dute.

Atal honetan modu laburrean ikusi den bezala, hizkuntzaren eta gizartearen inguruan egindako hausnarketa teoriko eta ikerketa zientifikoak asko eta anitzak dira. Liburu honen helburua irakurleak ezagutza teorikoak jasotzea da, noski, baina era beran, bere interesekoa izan daitekeen arloan ikertzera bultzatzea ere bai. Izan ere, ezagutza-mailan sakontzeko eta teoria areagotzeko, ezagutza tazituan geratzen dena ikerketen bidez teoriaren mailara igotzea ezinbestekoa da.

Edozein ikerketaren aurrean, ikertzaileak, bere ezagutza baliatuz, errealitateari buruzko hipotesi batzuk planteatzen ditu. Hipotesi horiek zuzenak diren ala ez frogatzea da edozein egitasmo zientifikoren helburua. Hipotesiak egiazkoak direla erakutsiz gero, ikertzaileak arrakasta izan duela esan daiteke; hala ere, kontrako emaitzak ere, guztiz baliagarriak dira zientziarentzat, hipotesiak baztertzea ahalbidetzen dute eta.

Frogatze lan horretan, errealitatea aztertzeko bideak berebiziko garrantzia izango du. Galdera egokiei erantzun zehatzak eman ahal izateko, ikerketa-metodo zuzena aurkitzea funtsezkoa da. Helburu ezberdinak dituzten ikerketek ez dituzte bide berdinak jorratuko.

Ikerketa-lana marko teoriko baten testuinguruan kokatzen da beti. Ikerketak ekar ditzakeen berrikuntzak, aurretik egindako lanen ekarpenak kontuan hartu eta zientifikoki frogatutako ezagutzatik abiatuta eraikiko dira. Marko teoriko horren azalpenak egitasmoa testuinguru epistemologikoan kokatzen laguntzeaz gain, oinarria emango dio ikerketari.

Marko teorikoa zedarrituta, egindako hipotesiak frogatzeko metodologia zehaztu beharra dago. Datuak jasotzeko erabiliko diren teknikak baliagarriak izango direla erakutsi behar da. Zentzu horretan, metodologia ezberdinen inguruko eztabaidak ugariak eta sakonak izan ohi dira, batzuentzat hipotesiak frogatzeko balio duten datuak, beste batzuentzat urriak edo ez-argigarriak izan daitezke eta.

Datuak jasotzeko, aurretik egindako bilketak edo ikerketarako propio bildutakoak erabil daitezke. Era beran, ikerketa diakronikoak joera edo bilakaera aztertzeko erabiliko dira; sinkronikoak, berriz, unean uneko errealitatea deskribatzeko.

Metodoak azterketan erabiliko diren datuak nola eskuratu eta ondoren nola landu eta interpretatu zehazten du. Jarraituko den metodologia ikerketa abiatu aurretik zehaztea da ohikoena, nahiz eta batzuetan lana abiatuta aldaketak gerta daitezkeen (batzuetan arinak baina beste batzuetan sakonagoak). Ikerketa hasi aurretik, marko teorikoa, hipotesiak eta erabiliko den metodologia zehaztuz proiektua idazteak hasierako planteamendu teorikotik ez irteten lagun dezake, nahiz eta batzuentzat zurruntasun horrek emaitzak muga ditzakeen.

Soziolinguistikak ez du datuak eskuratzeko berezko metodologiarik. Beste diziplina batzuetatik hartutakoak erabiltzen ditu deskribatzen dituen errealitateen inguruko informazioa jasotzeko. Aldaera soziolinguistikoak jasotzeko erabiltzen diren metodoak dialektologian erabilitakoak izaten dira, nahiz eta eskuratutako datuak gurutzatzeko erabiltzen diren aldagaiak, geografikoak barik, soziologikoak izan. Grabaketak eta elkarrizketak (egituratuak zein irekiak) dira, beraz, gehien erabiltzen direnak. Estatusaren inguruko ikerketetan, berriz, antropologian, soziologian, psikologian eta abarretan erabilitakoak dira.

Beste gizarte-zientziekin gertatzen den bezala, azterketak kuantitatiboak ala kualitatiboak izan daitezke. Ikertzailearen interesen, lanaren helburuen eta bestelako baldintzen arabera, metodo bat ala bestea erabiliko da.

Ikerketa kuantitatiboak errealitate zabalak behatu eta hurbilketak egiteko erabili ohi dira. Normalean, inkestak, erroldak eta, oro har, datu zenbakarriak biltzeko teknikak erabiltzen dira. Ikerketa kualitatiboetan, berriz, gizarte hautemateak, jarrerak eta abar jasotzeko eta sakon aztertzeko erabiltzen dira. Horretarako, taldekako eztabaidak, elkarrizketak eta, oro har, guztiz gidatu gabeko teknikak erabiltzen dira (Link Hizkuntza Aztergai).

Euskal Herrian, era guztietako ikerketak egin dira: Eusko Jaurlaritzatik egindako erroldaren azterketatik edo inkesta soziolinguistikotik hasi eta elkarte bateko partaideen motibazioak aztertzerainokoak. Teoria eta teknika berriak ere garatu dira, hala nola, Txillardegiren azterketa matematikoan oinarritutako kale-erabileraren neurketa.

Metodologia gehienek esparru ezberdinetan aplikatzeko aukera ematen dute. Beraz, ikertzaileak ondo pentsatu behar du zer ikertu nahi duen eta zein bidek emango dion aukera bere helburua modurik seguru eta emankorrenean lortu ahal izateko.