Kontzeptua

Euskal soziolinguistika

Euskarak gaur egun duen baino lurralde handiagoa hartu izan du historian zehar. Europako hizkuntzarik zaharrena dela uste da, 8.000 urte luze dituela. Paube iparraldean, Castro mendebaldean, Katalunia ekialdean, eta hegoaldean Nafarroako Erribera eta Errioxan barna izan zituen muga erromatarren garaian.

Euskara. Euskaldunon hizkuntza (Joseba Intxausti, 1990).

3. irudia

Euskarazko lehen erreferentzia idatzia Donemiliagako monasterioko glosetan aurkitutako hitz batzuk izan ziren, XI. mendekoak, hain zuzen. Hitzon esanahia argitzerik egon ez bada ere, zalantzarik ez dago euskaraz direla: izioqui dugu eta guec ajutu ez dugu dira esaldiok. Bestelako testigantzak, Euskal Herrira etorritako bidaiarien edo erromatarren idazkietan aurkitutakoak dira.

1545ean, esan bezala, Bernard Etxeparek, Lingua Vasconum Primitiae lana argitaratu zuen. Lan horretan, euskarak garai hartan jasaten zuen bazterketa azalarazten da. Hizkuntza erromantzeek nagusitasuna hartu zuten garai hartan, euskara ere idatz zitekeela eta besteen parekoa bazela aldarrikatzen zuen Donibane Garaziko bikario zenak. Hamabost poemaz osaturiko liburuan, Kontrapas bertsoan, hain zuzen ere, euskarari ezin idatz zitekeela egozten ziotela erakusten du eta berak, liburu haren bitartez, kontrakoa erakutsi nahi izan zuela:

Heuscara
ialgui adi campora

Berce gendec vste çuten
Ecin scriba çayteyen
Oray dute phorogatu
Enganatu cirela.

Heuscara
Ialgui adi mundura
Berceac oroc içan dira
Bere goihen gradora
Oray hura iganen da
Berce ororen gaynera.

Euskararen apologia egin zuen azken bi bertsoetan. Lehen beste batzuek gutxietsi zutela eta, idatz zitekeela erakutsi ostean, besteen gainetik egongo zela baieztatzen baitzuen. Bertso hauek garaiko egoeraren isla ona dira, inprentaren etorrerak beste hizkuntzei ekarritako nagusitasuna aipatzen baita. Inprentak hizkuntza erromantzeen garapenean izan zuen garrantzia agerian geratzen da.

Hurrengo lan idatzia Madrilen 2004an aurkitutako eta Patri Urkizuk Dianea eta koplak (1564-1567) titulupean argitaratutako Joan Perez de Lazarragaren (1548?-1605) lana izan zen (Urkizu, 2004). Euskarazko 37 koplaz gain, erdarazko 9 ere agertzen ziren eskuizkribuan eta mendebaldeko euskalkian idatzita daude. Lan honetan Euskal Herria hitza lehen aldiz agertu zen, hiru aldiz hain zuzen ere (eusquel erria).

Joanes Leizarragak, 1571n, Iesus Christ Gure Iaunaren Testamentu Berria lana eman zuen. Joana III.a Nafarroako erreginak protestantismoa hedatu nahian agindutako itzulpen hartan, ahalik eta euskaldun gehienek ulertzeko moduko hizkera erabiliko zuela adierazi zuen, euskararen aldaeren arteko ezberdintasunak agerian utziz. Nolabaiteko estandarizazio nahi horretan lapurtera hartu zuen oinarritzat.

Linguae Vasconum Primitiae (Bernard Etxepare), Dianea eta koplak (Joan Perez de Lazarraga), Jesus Christ Gure Iaunaren Testamentu Berria (Joanes Leizarraga).

4. irudia

Lehen euskal gramatika 1745ean heldu zen Larramendiren eskutik. El Imposible Vencido izenez kaleratutako lanean beste hizkuntzek zuten gramatika euskarak ere izan zezakeela erakustea izan zuen helburu. Hiztegi Hirukoitza ere argitara eman zuen, euskara, gaztelania eta latina bilduz. Hizkuntzak beharrezko gramatika eta hiztegi osatua izanik, euskara besteen parekoa zela erakutsi nahi zuen. Blanca Urgellen ustez, euskara normaltzeko asmoak bultzatu zuen horretara. Gaztelaniako eta latineko hitz bakoitzerako baliokidea bilatu nahi izateak neologismoak sortzera eraman zuen (Urgell, 2005).

Minorizazio eta bazterketaren aurrean, eta garaiko hizkuntzei buruzko ikuspegitik, apologismoa egin zuen. Hizkuntzen jatorriari buruzko ikuskera biblikotik, euskara Babeleko 72 hizkuntzetako bat zela pentsatzen zuen, penintsula iberiar osoko jatorrizko hizkuntza. Ikuskera horretatik, hizkuntzaren batasunaren aldekoa zen, Jainkoak sortutako hizkuntza izanik, batua behar baitzuen.

Penintsulako jatorrizko hizkuntza izanik, gaztelaniazko hitz askoren etimologia euskaratikoa zela defendatzen zuen. Hona hemen zenbait adibide:

  1. Azuzena: zuzena hitzetik (zuzenen hazten den lorea da).
  2. Ahorrar: esku ahurratik (esku ahurrean izaten dena).
  3. Atreverse: trebetik (pertsona prestua eta ausarta).
  4. Buscar: puskatik (puskak aurkitzea kostatzen da eta).

Frantziako Iraultzaren ostean, euskarak, beste hizkuntza gutxituen antzera, zapalketa eta bazterketa gogorra jasan zuen, frantsesa ez ziren beste hizkuntzak baztertuta geratu baitziren. Horren inguruko adibide ugari aurki daitezke Juan Mari Torrealdaik argitaratutako El libro Negro del Euskera liburuan (Torrealdai, 1998).

Estatuen sorrerarekin, nazio hizkuntzen ideia indartuz joan zen eta harrezkero euskara bere lekua galduz joan da geografikoki zein sozialki.

XIX. mendean euskarak garai gogorra bizi izan zuen. Iparraldean migrazio handia egon zen Parisera eta frantses kolonietara. Hegoaldean, Cadizeko konstituziotik hasi eta mendean zehar izan ziren gerla Karlistetan gero, euskarak geografikoki nahiz maila sozialean atzera egin zuen nabarmen. Foruen desagerpenak botere politikoaren galera ekarri zuen eta, ondorioz, geografikoki zein gizarte mailan, euskaldunon hizkuntzak artean izandako atzerapenik handiena pairatu zuen.

Hala ere, mende horretan izan zen ekarpen interesgarririk ere. Antoine D'Abbadie Lapurtarrak Lore Jokoak antolatu zituen. Urruñan hasi ziren bertsolari-txapelketa antzeko hauek, jarraipena izan zuten mende bukaera arte Euskal Herriko beste leku batzuetan (Juan Carlos Etxegoien, 2006). Abbadiek Luis Lucien Bonaparterekin harremana zuen eta 1863an Napoleon Bonaparteren iloba zenak, hain ezagun egin den euskalkien mapa argitara eman zuen. Koldo Zuazok hura hartu zuen oinarri gaur egungo mapa egiteko.

L.L. Bonaparteren euskalkien mapa eta Koldo Zuazoren euskalkien mapa (Zuazo, 2008).

5. irudia

Euskal Herritik Ameriketara euskaldun asko joan ziren eta, handik ere, urrats garrantzitsuak egin ziren. Lehen kazeta euskaldunak (Euskaldun Gazeta eta Euskal Herria aldizkaria) eta Iparragirreren kanta sorta heldu ziren, hizkuntzarekiko eta herriarekiko atxikipenaren erakusgarri.

Garai honi buruzko azterketa sakona egin zuen Xabier Erizek bere doktore-tesian (Erize, 1997). Bertan, gainera, soziolinguistika historikoari buruzko bibliografia xehea aurki dezake nahi duenak.

XX. mendearen hasieran euskararen debekua gizarte-mailako arazoak eta identitateari loturikoak ziren nagusi hainbat esparrutan. Gainera, industrializazioak eta ondoriozko immigrazioak izugarrizko eragina izan zuten euskararen atzerapenean. Egoera hartan, Europan gailentzen zen nazionalismoaren aurrean, euskal abertzaletasunaren lehen pausoak eman ziren eta, ideologia horren itzalpean, hizkuntzaren aldeko diskurtsoak ugaritu egin ziren. Hizkuntzaren estatusari buruzkoak ez ezik, corpusaren inguruko jarrerak ere agertu ziren, garbizalekeria eta apologismoa, besteak beste. Dena dela, muturreko joera horiek garaiko testuinguru geopolitikoan ulertu behar dira.

Mende berriko Lore Jokoetan, Euskal Herriaren batasuna aldarrikatzen zen. Aldi berean, euskal ortografia bateratzeko eta euskararen batasunerako lehen proposamenak sortzen hasi ziren, literaturarako beharrizanei erantzuteko.

Hizkuntzak zituen gabeziei erantzuteko ekimen ugari sortu ziren, hala nola umeentzako ipuinak eta eskola-liburuak. Beste arlo batzuetako lanak bilduz, 1907an Julio Urkixok RIEV/RIEB (Revista Internacional de Estudios Vascos) aldizkaria sortu zuen. Ordurako, Resurrección Maria Azkuek 1905ean Diccionario español-vasco-francés argitaratu zuen.

1918an Eusko Ikaskuntza sortu zen eta, erakunde horren ekimenez, urte bat geroago Euskaltzaindia. Euskaltzaindiaren zereginak bi arlotan banatu ziren: hizkuntzaren beraren inguruko ikerlana batetik, corpusarekin zerikusia zuena, eta hizkuntzaren hedadura eta sustapena bestetik, estatusari loturikoa. Hona zeintzuk ziren Euskaltzaindiaren lehen estatutuetan agertzen ziren helburuak:

  1. Izkeraketz eta gizarteketz, euskera ayolaz landu ta yagoten zain egotea, Bazkun aunen elburua da: andik ere bere izena.
  2. Zainbide bioi dagokienez, Sail bitan ere bereizturik euskaltzaiñak beren arloan diardukete; euskal-ikerleen sailean, ta yagoleenean, lagun bakoitza bietan dagokelarik.

Hortaz, Iker eta Jagon sailak dira Euskaltzaindiak corpusari eta estatusari begira dauden atalak, hurrenez hurren.

Horrela, euskal akademiak hizkuntzaren zatiketa dialektala gainditzeko aurretik izandako ahaleginak hartu eta prozesua abiatzeko urratsak egin zituen arrakasta handirik gabe. Azkuek Morfología Vasca eta Erizkizundi Irukoitza lanak argitaratu zituen.

Lizardik buru zuen Euskaltzaleak elkarteak, Eusko Ikaskuntzaren itzalpean sortua, euskal prentsa, literatura eta hizkuntzarekiko atxikimendua bultzatzeko, euskararen egunak, euskal antzerkiaren eta poesiaren egunak, Yakintza aldizkaria eta antzeko ekimenak gauzatu zituen.

Aipagarria da Euskaltzaindia sortu zen urtetik gerra hasi bitarteko garaiari buruz Jose Manuel Odriozolak, orduko idazleen lanak oinarritzat hartuta, egindako azterketa soziolinguistikoa (Odriozola, 1992).

1936an, Eusko Jaurlaritzak egindako estatutuan, euskarak nolabaiteko ofizialtasuna eskuratu zuen, baina gerra garaia heldu zen eta euskarak galdu egin zuen gerra.

Gerra osteko urte gogorretan, ikerketa linguistiko filologikoetatik corpusaren batasunerako pauso garrantzitsuak eman ziren. Azkuek eta Federico Krutwig-ek Euskaltzaindia berregitea lortu zuten eta euskaltzain berriak sartu ziren. Aldi berean, literatura-ekoizpena ugaritu egin zen eta, zailtasunak zailtasun, ondorengo pizkunderako oinarriak jartzea lortu zuten.

Zentzu horretan, aipamen berezia merezi du Koldo Mitxelenaren ekarpenak. Euskal literaturaren eta testu zaharren gainean eta hizkuntzaren historiaren inguruan egindako lanek euskara batuaren sorrerarako funtsezkoak izan ziren. Euskal fonetika historikoaren inguruko lanak (Mitxelena, 1961), esate baterako, ortografia-arauak ezartzeko ezinbesteko heldulekua izan zen. Lexikoari dagokionez, berak abiatu zuen Orotariko Euskal Hiztegia. Gainera, hizkuntzen ikerketa diakronikoa egiteko irizpideak ere ezarri zituen, gerora, antzinako euskararen (proto-euskararen) eta beste hizkuntzen inguruko ikerketetan ere erabili direnak (Mitxelena, 1963).

1960ko hamarkadan lehen ikastolak eta gau-eskolak agertu ziren. Mundu mailako gertakariek zein euskararen eta kulturaren inguruan izandako zenbait gertakarik, Euskaltzaindiaren berrantolaketa eta euskal artearen garai oparoa besteak beste, euskal pizkundea ekarri zuten. Gabriel Arestiren Harri eta Herri liburua (1964), Durangoko azoka (1965), Ez dok amairu abeslari eta artisten mugimendua, lehen ikastolak, gau-eskolak eta abar, garai hartan ereindako haziak izan ziren. Hizkuntzaren berreskurapenerako oinarriak jarri ziren. Teoria sakonetan sartu gabe, bestelako urratsak eskatzen zituzten inertziak sortzen hasi ziren. Adibidez, ikastolen kasuan, marko teorikoari gehiegi erreparatu gabe, ekinaren ekinez, guraso "zoro" batzuek euren haurrak ilegalak ziren ikastoletan eskolaratu zituzten, eskola-porrotaren beldur handiegirik gabe; euskaldun heldu askok ukatua izan zitzaien hizkuntza ikasten hasi ziren etxe eta elizetako geletan bilduta. Horren guztiaren ondorioz, hizkuntzaren normalizazioa ezinbestekoa bilakatu zen.

Egoera berriak eskakizun berriak ekarri zituen eta, beste saiakera batzuen ondoren, 1968an Arantzazuko batzarrean, euskara batua sortzeko bideari ekin zitzaion. Harrezkero, Euskaltzaindiak horretan jardun du, euskararen batasunaren bidean hiztegia eta gramatika osatzen, besteak beste Euskal Herriko Atlasaren bitartez, euskararen corpusa biltzen eta eredu estandarra arautzen (link a Hizkuntza Politika eta Hizkuntza Plangintza).