Kontzeptua

Euskal soziolinguistika

Gizakiontzat komunikaziorako gaitasuna eta hizkuntza betidanik izan dira ikerketa eremu. Grekoek erretorika eta oratoria diziplinak sortu zituzten. Horien bitartez, hizkuntzak gizartean zuen garrantzia agerian utzi nahi zuten. Hizkuntzaren erabilera egokia oso tresna baliagarria zela ikusi zuten eta diskurtsoen garapenei erreparatzen zieten, pertsuasioaren garrantzia azpimarratuz. Era berean, semiotikari loturiko pausoak eman zituzten, baita sintaxian, semantikan eta pragmatikan ere. Proposizio mota ezberdinak bereizi zituzten, hala nola, baiezkoa, ezezkoa, galdera... Platonek berak hitzak eta aditzak bereizi zituen. Ikerketa ildo hauek gizakiak arrazoitzeko duen gaitasunari eta filosofiari loturik egon ziren.

Aristotelesek bestelako hizkuntza-atalak bereizi zituen, baiezko ala ezezko proposizioak izan gabe, berezko esanahia hartzen zutenak: substantzia, kopurua, nolakotasuna, denbora, kokapena eta bestelako esanahia zuten proposizio edo proposizio zatiak zerrendatu zituen. Izaera sintaktikodun ezaugarri batzuk ere bereizi zituen, hala nola, proposizio kopulatiboak; baita izen arruntak eta bereziak ere. Bestalde, lau proposizio mota eman zituen: singularrak, unibertsalak, partikularrak eta indefinituak. Hizkuntzaren inguruko ikerketa hauek lotura zuzena zuten silogismoen azterketarekin. Esan daiteke, beraz, bere hizkuntzaren azterketak zerikusia zuela logikaren inguruko teoriarekin. Bere Erretorika lanean, lehen liburua igorleari edo hiztunari begira dago. Bertan, argudiatzeko moduez eta hartzaileari egokitu beharraz aritzen da. Bigarrena hartzaileari begira dago eta emozioak, pasioak eta argudioen eraginak aztertzen ditu. Hirugarrenean elementu ezberdinen ordenaz dihardu, hau da, paradigmatikaz eta sintagmatikaz. Egungo ikerketa-ildoekin lotura zuzena dute azterlanok, inondik ere.

Estoikoek, gainera, esanahia eta adierazlea bereizten zituzten, nahiz eta esanahiari garrantzi handiagoa eman. Hitzen eta esanahiaren arteko lotura arbitrarioa zen ala nolabaiteko lotura logikoa zegoen eztabaidatzen zuten. Horrek etimologia ekarri zuen, lotura horren bila hitzen jatorria bilatzera jo baitzuten. Diogenesek eta Crispiok hitzen kategoriak ere bereizi zituzten: izen arrunta, izen berezia, aditza, artikulua eta lokailua. Estoikoek subjektua eta predikatua bereiztera heldu ziren eta, logikaren ikerketari lotuta, gramatikaren azterketa sistematikoa egiten zuten.

Etimologia: hitzen jatorriaz eta jasandako eboluzioaz aritzen den filologiaren adarra. Grekoek sortua, hitzen benetako esanahia bilatzeari lotutako ikerketa-eremua da. Azterketa diakronikoetan etimoek jasandako aldaketak deskribatu eta garaian kokatzen dira.

Alejandrinoek hitzen morfologian aurrerapauso handia eman zuten eta eskola honetako partaide zen Dionysio Thrax-ek grekeraren lehen gramatika egin zuen.

Bestetik, greziarrek hizkuntza gizakiaren berezko gaitasuna ala gizarte mailako fenomeno ikasia zen ere aztertzen zuten. Naturalistak ziren lehen aukeraren aldekoak eta konbentzionistak bigarrenaren aldekoak.

Gainera, hizkuntzak arau jakinen arabera eratzen ziren ala aldakortasun antzemanezin baten menpean zeuden argitzea ere bilatzen zuten. Analogistek hizkuntzen erregulartasuna defendatzen zuten; anomalistek, ordea, hizkuntzaren irregulartasunak azpimarratzen zituzten eta gramatika deskriptiboak bultzatu. Grezia zaharrean, beraz, soziolinguistikaren sorreraren oinarrian zeuden eztabaidak antzeman daitezke.

Erromatarrek bazuten greziarren lanen berri eta horien bideei jarraitu zieten. Latinaren gramatika ugari egin zituzten, baina betiere greziarren ikasketetan oinarrituta. Angel Alonso Cortés-en (Alonso Cortés, 2002) ustez, erromatarren ekarpenik handiena ondorengo gramatiken oinarriak ezartzea izan zen. Gramatika hauek semantikoak, nozionalak, autoritateetan oinarrituak eta arau-emaileak ziren eta, batez ere, latinaren irakaskuntzara bideratuta zeuden.

Erdi Aroan, berebiziko garrantzia izan zuten latina irakasteko metodologiek. Irakaskuntzarako eta ikerketarako Elizak zuen nagusitasunak latina hedatzea ekarri zuen eta berau irakasteko metodo eta gramatikak ugaritu egin ziren. Gainera, filosofo klasikoen berreskurapenak, grekoa ikasteko joera ere zabaldu zuen.

Berpizkundean, latinetik eratorritako hizkuntza berrien gramatikak agertu ziren. Hizkuntza erromantzeek euren nagusitasuna erakutsi nahi zuten eta, inprentaren agerpenaz baliatuz, latinetik banatu berri ziren hizkuntzak "goien gradora" igotzen zituzten gramatikak agertu ziren. Horren adibide garbia da 1492an Antonio de Nebrija-k egindako gaztelaniaren lehen gramatika. Italierarena Gian Giorgio Trissino-k egin zuen 1529an eta frantsesarena Jacques Dubois-ek 1531n (in Maitena Etxebarria, 2000). Gramatika horiek helburu didaktikoa izateaz gain, kontzientzia sortzaileak ere baziren. Herrien eta hizkuntzaren arteko lotura zuzena egiten zen eta hori nabaria zen botereak egiten zuen hizkuntzaren erabilpenean. Kontuan hartu behar dugu euskarazko lehen liburua 1545ean argitaratu zela, eta lehen idazkitik bertatik argi agertzen da euskarak gutxiespena eta bazterketa pairatzen zituela. Bernard Etxeparek bere Linguae Vasconum Primitiae obran esplizituki adierazten du idaztean zeukan helburua euskara idatz zitekeela erakustea zela.

Sanskritoaren aurkikuntzak XVII. mendeko hizkuntzalaritza konparatua bultzatu zuen. Horrela, hizkuntzen arteko kidetasun-mailak aztertu eta hizkuntzen jatorriaren inguruko ikerketak egin ziren. Gramatika konparatuek loraldia izan zuten.

XVII. eta XVIII. mendeetan, Ilustrazioaren garaian, hizkuntzen akademiak sortu ziren. Horien helburua hizkuntzaren erabilera arautzea eta hizkuntzaren izena eta irudia sustatzea zen. Italierarena izan zen lehena, 1582an. Frantzesaren akademia Richelieu kardinalak sortu zuen 1635ean. Ezarri zitzaizkion egitekoak frantses hizkuntza ezartzea, arauak ematea, denek ulertzeko modukoa egitea eta "garbitzea" izan ziren. Erabilera "ona" ezarri nahi izatea, funtsean, corpusa planifikatzea da. Lehen egitekoa frantses hiztegia sortzea izan zen eta 1694an kaleratu zen.

Espainiako Real Academia Española (RAE), Frantziakoaren neurrira egin zuten 1713an. Haren egitekoak mugaz bestaldekoak zituenaren antzekoak ziren, baina, gaztelaniaren akademiaren kasuan, batasuna mantentzea ere zereginen artean ezarri zuten.

Hizkuntzalaritza diakronikoak, gramatikak eta lan filologikoak gailendu ziren hurrengo urteetan, harik eta XX. mendearen hasieran hizkuntzalaritza modernoa sortu arte.

Ferdinand de Saussure-k (1857-1913) hizkuntzalaritzari ikuspegi berria eman zion. Garai hartako ikerketa-ildo nagusiak filologikoak eta filosofiari loturikoak ziren. Hizkuntzaren azterketan, ikuspegi diakronikoa zen nagusi eta gramatika eta fonetika historikoak ugariak ziren.

Saussurek, bere ikasle izandakoek post-mortem argitaratutako Cours de Linguistique Générale (1916) liburuaren bitartez, hizkuntzalaritzari izaera berria eman zion. Horregatik, hizkuntzalaritza modernoaren aitzindaritzat hartua izan da. Genevako irakasleak zientzia honen ikerketa-eremua definitu beharra ikusi zuen. Ordura arte oso modu zabalean definitzen zen, komunikazioa gauzatzeko edozein seinale-sistema hizkuntzalarien eremu barruan sartuz. Saussurek hizkuntzalaritza semiologiatik bereiztea bilatu zuen.

Lehenik eta behin, lengoaia (language), hizkuntza (langue) eta hizkera (parole) bereizi zituen. Lengoaia gizakiak duen komunikatzeko gaitasuna da; hizkuntza, gaitasun horren ondorioz, gizartean komunikatzeko eratutako zeinu-sistema; hizkera, sistema abstraktu horretatik hiztunak egiten duen erabilera konkretua da. Hizkuntza gizarteari dagokio eta hiztunak ezin du bere kabuz aldatu. Hizkera, aldiz, norbanakoari dagokio eta aldakorra da.

Lengoaia: gizakiek beren pentsamendua azaltzeko eta elkarrekin komunikatzeko duten ahalmena, zeinu-sistema (ahozkoa nahiz grafikoa) baten bitartez (hizkuntza) gauzatzen dena. Hizkuntzalaritzaren ikuspegitik giza gaitasuna da; soziolinguistikak, berriz, portaera soziala den aldetik aztertzen du.

Hizkuntza: giza talde bateko kideek elkarrekin komunikatzeko duten hitzezko adierazpidea. Zeinu-sistema.

Hizkera: pertsona edo giza talde baten hitz egiteko era. Hizkuntza jakin batetik, hiztunak egiten duen erabilera konkretua.

Esan daiteke, beraz, Saussurek hizkuntza gizarteari lotuta ulertzen zuela. Gizakiak bere inguruko gizartetik jasotzen du hizkuntza eta komunikatzeko erabiltzen du hizkeraren bitartez. Baina berak ez zion alderdi sozial horri erreparatu, gizartean sortutako kodeari edo zeinu-sistemari baizik. Hizkuntza zen hizkuntzalaritzaren ikerketaren objektua, zientziarako baliagarria den objektu enpirikoki ikergarria.

Zeinu linguistikoaren teorian, zeinuak izaera bikoitza du, hau da, objektu edo kontzeptu bati erreferentzia egiteko (adierazia), erreferente bat erabiltzen da (adierazlea). Adierazlea hiztunaren ahotik irteten den kate fonikoa da. Adierazia, berriz, solaskideak adierazlea jasotzean egiten duen buru-irudia. Saussurek, gehiago zehaztuz, adierazlea ere kate fonikoaren buru-irudia dela dio, geure baitan hitz egitean, soinuen buru-irudia baino ez baita gauzatzen.

Zeinu linguistikoa: adierazle edo irudi akustiko baten eta kontzeptu baten elkargoa da. Zeinu linguistikoaren teorian, zeinuak izaera bikoitza du, hau da, objektu edo kontzeptu bati erreferentzia egiteko (adierazia), erreferente bat erabiltzen da (adierazlea). Adierazlea hiztunaren ahotik irteten den kate fonikoa da (mahaia hitza). Adierazia, berriz, solaskideak adierazlea jasotzean egiten duen buru-irudia (mahai baten buru-irudia).

Bestalde, zeinua arbitrarioa da, hau da, soinuek (hizkiek hizkuntza idatzian) eta adierazten dituzten kontzeptuek ez daukate inolako loturarik euren artean. Mahai hitzak mahai kontzeptua adierazten du, baina beste edozer adieraz zezakeen, eta era berean, beste edozein fonema segida mahai kontzeptua adierazteko erabiliko litzateke gizartean horrela adostu balitz. Horixe da, hain zuzen ere, zeinuaren beste ezaugarri garrantzitsu bat: adierazi bati adierazle bat egokitzeko erabakia gizartean hartzen da adostasunez, konbentzioz.

Zeinu hauek elkarren ondoan jartzen dira, elkarlotzeko arau batzuei jarraiki, hau da, sistema bat eratuz. Gramatika edo sintaxia dira sistema horren egituraketa-modua.

Horrela, enpirikoki azter zitekeen ikerketa-objektua mugatu zuen. Baina hizkuntza ez da beti berdin erabiltzen, ez da beti homogeneoa. Saussurek hiztunok egiten ditugun erabilera irregularrei aldaketa librea deitzen zien eta, balio zientifikorik ez zutenez, kanpo-hizkuntzalaritzaren eremutzat hartzen zituen.

Saussurek, bestalde, hizkuntzari modu sinkronikoan begiratzen zion, garai bateko azterketa diakronikoekin apurtuz. Beraz, hizkuntza modu estatikoan aztertzen zuen, sistema uniformetzat hartuta.

Genevako irakaslearen ekarpenak eragin handia izan zuen ondorengo hizkuntzalaritzan. Joera honek, estrukturalismoaren sorrera ekarri zuen. Psikologian behaviorismoak indar handia hartu zuen eta joera horiek eragin zuzena izan zuten, besteak beste, hizkuntzak irakasteko metodologietan.

Leonard Bloomfield (1887-1949) da hizkuntzalari estrukturalistarik ezagunenetakoa. Zeinuaren teoriari jarraituz, hizkuntzan diren esanguradun unitaterik txikiena, morfema, eta esangurarik gabeko gutxieneko unitatea, fonema, bereizi zituen (Bloomfield, 1933). Hizkuntzaren egituraren deskribapena zen eskola honen zeregina eta horretarako morfologian sakondu zuten, sistemaren barneko elementuen arteko loturak aztertzeko.

1957an Noam Chomsky-k gramatika sortzailearen oinarriak ezarri zituen, bere doktore tesian, gizakiok hizkuntzetarako doitzen gaituen gorputz-atala dugula adierazi zuenean. Atal horrek hizkuntzen jabekuntzan zuzenean eragiten du, arau sintaktikoak geureganatzea ahalbidetzen baitigu (Chomsky, 1957).

Hizkuntzaren mugagabetasuna eta sortzailetasuna azpimarratzeaz gain, hizkuntza-jabekuntzaren inguruko teoriak ere astindu zituen. Garai hartako behavioristek hizkuntzak imitazioz eta errefortzuen bidez ikasten direla defendatzen zuten. Chomskyk, ordea, gizakia sekula entzun gabeko esaldiak egiteko gai zela baieztatzen zuen; izan ere, egitura sintaktikoak ezagututa, esaldi kopuru mugagabea egin ditzake. Estrukturalismoaren aurrean sortzailetasuna ernaldu zen bezala, psikologian kognitibismoa gailendu zen, hau da, gizakiak ez du modu pasiboan ikasten, irrika-errefortzu-erantzun jokoaren arabera, baizik eta aktiboki, ulermenaren bitartez errealitatea interpretatuz.

Bestalde, Chomskyren ustez, hizkuntzarako doitzen gaituen atal horrek gramatika ezberdinak eratzea ahalbidetzen digu. Hori horrela izanik, hizkuntza guztietan errespetatzen den gramatika unibertsal bat dagoela baieztatzen zuen. Horren guztiaren adierazgarri, gramatika guztiek printzipio bertsuak dituztela da.

Gramatika unibertsala: gramatika sortzailearen arabera, gizakiok jaiotzez hizkuntza prozesatzea ahalbidetzen digun gorputz-atala dugu. Horri esker, hizkuntza-arauak sortu, jaso eta barneratzeko gaitasuna dugu. Ondorioz, bada hiztun orok jaiotzez dugun Gramatika Unibertsal bat eta munduko hizkuntza guztiak horren araberakoak dira.

Estrukturalistek morfologia aztertzen zuten; Chomskyren jarraitzaile sortzaileek, berriz, sintaxiari ematen zioten garrantzia. Horrela, hizkuntzaren ezaugarri lexikoak eta sintaktikoak bereganatuta, hiztunak hizkuntza-gaitasuna edo gaitasun linguistikoa eskuratzen du.

Hizkuntza-gaitasuna: hizkuntza-konpetentzia. Hizkuntzaren inguruko ezagutza inplizitua da. Beste azpigaitasun batzuk barnebiltzen ditu: gaitasun lexikoa, gaitasun gramatikala, gaitasun semantikoa, gaitasun fonologikoa, gaitasun ortografikoa...

Sintaxia edo gramatika arauak zuhaitzen bidez marrazteko joera zabaldu zen eta, denbora luzean, hizkuntzak deskribatzeko eta irakasteko oso tresna erabilgarriak izan ziren.

Zuhaitz honek esaldiaren egitura erakusten du. Euskal Gramatika bideetan (Goenaga, 1980).

1. irudia

Hala ere, hizkuntza-gaitasun kontzeptuak kritika zorrotzak jaso zituen; izan ere, hizkuntza-gaitasuna gaitasun komunikatiboaren alderdi bat baino ez dela leporatu zioten Chomskyri. Hizkuntza zuzen erabiltzen jakitea ez da nahikoa egoki komunikatu ahal izateko. Egoera eta testuinguru ezberdinetan hizkuntza modu egokian erabiltzea da hiztun batek lortu behar duena. Gaitasun linguistikoaren aurrean komunikazio-gaitasuna edo gaitasun komunikatiboa aldarrikatu zuten. Gaitasun komunikatiboak gaitasun linguistikoaz gain, gaitasun soziolinguistikoa, gaitasun diskurtsiboa eta gaitasun estrategikoa ere barnebiltzen ditu (Hymes, 1967 in Moreno Fernández, 1998).

Komunikazio-gaitasuna: egoera eta testuinguru ezberdinetan hizkuntza modu egokian erabiltzeko konpetentzia. Beste azpigaitasun batzuk barnebiltzen ditu: gaitasun linguistikoa, gaitasun soziolinguistikoa, gaitasun diskurtsiboa eta gaitasun estrategikoa.

Egituren deskripzio hutsera bideratutako ikuspegia hankamotz geratzen zen, sistemara mugaturik. Hizkuntza, elementu batzuk eta haien arteko lotura sistematikotik eta giza gaitasunetik harago doa. Hizkuntza komunikatzeko bitarteko moduan hartzea funtsezkoa da; fonemak, morfemak, lexikoa eta gramatika baino gehiago da. Elementu horiek guztiek helburu bat betetzeko baliatzen diren aldetik baino ez dute zentzurik. Zehatzago esanda, hizkuntza gizakiok gizatalde baten barruan komunikatzeko erabiltzen dugun zeinu-sistema da.

Horren aurrean sortu zen soziolinguistika, baina diziplina moduan egituratu aurretik ere, hizkuntzalariek hizkuntzaren izaera sozialari eta gizartean betetzen duen funtzioari buruzko kezka azaldu zuten eta artikulu eta liburu asko idatzi ziren gai horren inguruan.

Esan bezala, hizkuntza sistema huts bezala aztertzeak ez zituen hizkuntzalari guztiak ase. Hizkuntzaren bizitasunak denboran zehar hizkuntza aldatzea ekartzen du eta, gainera, hiztun guztiek ez dute hizkuntza berdin erabiltzen.

Antoine Meillet-en ustez (Etxebarria, 2000) lengoaia ezin da gizarte testuingurutik eta hiztunengandik bereizita aztertu. Hizkuntza modu asozialean aztertzea izan zen, hain zuzen ere, metodo estrukturalistak eta sortzaileak jaso zuten kritikarik hedatuena.

Haren ikasle André Martinet-ek funtzionalismoa, linguistika soziala bultzatu zuen. Teoria horren arabera, hizkuntza helburu jakinetarako erabiltzen da, hau da, izaera instrumentala du. Funtsean, helburu komunikatiboari lotzen zaio. Azterketa gramatikalaz harago, testuinguru komunikatiboa hartu behar da kontuan. Ekintza komunikatiboa helburutik abiatuta egin behar da. Metodologiari dagokionez, deskripzio hutsetik azalpenerako urratsa ere ekarri zuen. Hizkuntzaren erabilera bakoitza egoera komunikatiboa gertatzen den testuinguruaren araberakoa da.

Eugenio Coseriu-k (1958, in Etxebarria, 2000) hizkuntza eta hizkeraren arteko harremanari erreparatu zion. Saussurek libretzat hartzen zituen aldaerak hain libreak ez zirela defendatu zuen. Hizkera hiztunak egiten duen hizkuntzaren erabilera erreala da, baina, betiere arau jakin batzuen arabera gauzatzen da. Arau horiek gizartean ohikoak diren erabilerei lotuta daude. Gizarte mailako aztura horiek hiztunak erabiliko dituen ahoskera, lexikoa eta morfosintaxia baldintzatuko dituzte. Coseriuren ustez, arau horiek hiru mailatan eragiten dute:

  1. Maila diatopikoan: eremu geografikoen araberako arauak dira. Dialektologiarekin lotura zuzena dauka maila honek.
  2. Maila diastratikoan: maila sozialeko aldaerei eragiten diete. Adin tarteak, sexuak edota gizarte taldearen araberakoak izaten dira eta soziolinguistikaren hizkuntza-aldakortasunarekin lotu daiteke.
  3. Maila diafasikoan: egoera komunikatiboaren araberakoak. Testuinguruari erreparatzen dio eta pragmatikarekin du lotura.

Frantziatik ez ezik, Pragatik eta Ingalaterratik ere hizkuntzaren erabilera ezberdinak testuinguruaren araberakoak direla defendatzen zuten joerak zabaldu ziren. John Ruper Firthek, testu etnolinguistikoak aztertzean, testuinguruaren edo egoera komunikatiboen ezaugarriak kontuan hartzea ezinbestekoa zela ikusi zuen, sistemaren ezagutza hutsaz harago joan beharra azpimarratuz (J.R. Firth, 1957). 1978an bere ikasle Michael Halliday-k testuinguruaren garrantziaz bultzatutako teorien oinarriak ezarri zituen.

Filologian eta dialektologian ere gizarte aldagaia aztertzen zen. 1926an Ramon Menendez Pidal-ek ikerketa diakronikoetan (gramatika historikoetan eta hizkuntzen historietan) aldagai soziala ere sartu zuen. Ferdinand Brunot-ek (1905) ere, frantsesaren historia egitean alderdi sozialak aztertu zituen. Baita Rafael Lapesa-k ere (Lapesa, 1942) espainolaren historia egitean.

Dialektoak eta estandarrak Italian dialektologiatik landu ziren. Bestalde, Benvenuto Terracinik (1952, in Etxebarria, 2000) hizkuntzen eta kulturen arteko loturak aztertu zituen. Italiar eskola dialektologikoko ikertzaileek euren ikerketetan adinari edo sexuari buruzko aldagaiak aztertzen zituzten. Berdin egin zuten Andaluziako Atlas Linguistikoan ere (ALEA) (Alvar, Llorente eta Salvador, 1961-1973).

Marxismoak ere oso ekarpen handiak egin zituen gizartearen eta hizkuntzen arteko elkarreraginari dagokionez, nahiz eta eskola honetan sortutako lanek itzal txikia izan mendebaldeko lanen artean, izan ere, nolabaiteko betoa egon da, arazo politikoak bitarteko.

Karl Marx, Fredrick Engels eta Paul Lafargue, besteak beste, izan ziren, Etxebarriaren arabera, autorerik aipagarrienak. B.A. Larinek, adibidez, soziologia linguistikoa aipatu zuen 1928. urtean (Etxebarria, 2000).

Gizakiaren teoria orokor nagusi bat eratzeko asmoak lengoaiaren eta hizkuntzen ezaugarriak aztertzera bultzatu zituen. Gizakiaren eta hizkuntzaren arteko lotura nabaria ikusten zuten. Baita kontzientzia eta pentsaerarekikoa ere. Aginte-taldeek hizkuntzaren erabilera politikoa egin eta hizkuntzan bertan eragin zuzena zutela defendatzen zuten.

Engelsek Erromako Inperioaren erorketa aztertu zuen. Bere ustez, erromatarren menpe ziren herrien kontzientzia faltak ekarri zuen latinaren ahulezia eta hizkuntza erromantzeen sorrera.

Lafarguek (1894) Frantziako iraultzak hizkuntzan eragindako aldaketak aztertu zituen. Bere ustez, iraultza aurretiko hizkuntzak aristokraziaren zantzuak zituen bere baitan. Ondorengoan, berriz, elementu burgesak agertzen ziren. Aldaketa sozialak gertatzeak eragin zuzena izan zuen hizkuntzan bertan.

Vladímir Iliich "Lenin"-ek, hizkuntzaren eta errealitate nazionalaren arteko lotura ezarri zuen hizkuntzen berdintasuna aldarrikatzeaz batera. Administrazioak eta eskolak estandarizatzaile-lana egiten dutela esan zuen.

1950eko hamarkadan, zenbait gertakari historiko eta zientifikok bultzatuta, gizarte-zientziek aldaketa sakona jasan zuten. Alde batetik, Bigarren Mundu Gerraren osteko bake-garaiak, Afrika eta Asiako deskolonizazioak, Amerikako herri indigenen askapen mugimenduek eta abar. Bestalde, zientziaren alorrean izandako aldaketek, teknologiaren garapenak eta diziplinartekotasunerako joerak giza zientzietan modernismoaren garaia deitu izan dena ekarri zuten (Azurmendi, 1999). Euskal Herrian ere, euskal pizkunde-garaiak eragin handia izan zuen euskal soziolinguistikaren sorreran.

Ingurumaria horretan, soziolinguistika hitza lehenengoz aipatu zuen autorea Haver C. Currie izan zen. Hiztunak duen gizarte mailaren eta bere hizkeraren arteko lotura aztertu zuen (Currie, 1952). Hala ere, eskuliburu eta autore gehienek onartzen dutenez, soziolinguistikak 1964an hartu zuen eskola-izaera, Kalifornian antolatutako nazioarteko kongresu batean. UCLA izenez ezaguna den bilkuraren emaitzak William Bright-ek bildu zituen (Bright, 1966).

Hasiera-hasieratik, diziplina honen ikerketa-eremuak zehaztea ez zen erraza izan. Gizartearen eta hizkuntzaren arteko elkarreragina ikuspegi askotatik iker daiteke eta, mugimendu berriaren hasieran, jatorri zientifiko ezberdinetako ikertzaileek jardun zuten. Brightek berak, soziolinguistikaren ikerketen objektutzat honakoak jarri zituen:

  1. Hizkuntza-aldakortasuna: aldakortasuna aldagai ezberdinen araberakoa da, hain zuzen ere, igorlearen eta hartzailearen gizarte-identitateen eta egoera komunikatiboaren araberakoa. Aldagai horiek hizkuntza-dibertsitatean nola eragiten duten jakitea da soziolinguistikaren helburua: gizarte-mailako dialektoak, egoera diglosikoak, adin edo sexu ezberdinekoen arteko ezberdintasunak, umeekiko hizkera...
  2. Diakronia: azterketa diakronikoak aldaketen arrazoiak bilatzen laguntzen du eta egungo egoera ulertzen lagun dezake.
  3. Hizkuntzekiko jarrerak: hizkuntza bati buruz eta haren aldaerari buruz hiztunek duten iritzia ere soziolinguistikaren ikergai dira, Brighten ustez.
  4. Dibertsitatearen hedadura: batez ere egoera kulturanitz eta eleanitzetan, hizkuntzek hartzen duten eremu geografikoa eta gizartean duten pisu soziala ere zientzia berriaren intereseko gaiak dira.
  5. Azkenik, soziolinguistikaren aplikagarritasuna ere alderdi garrantzitsua da. Egoera soziolinguistikoen diagnosia egin eta sistema edo corpusaren egokitzapena zein hizkuntzaren estatusaren eta erabileraren normalizazioari begira dago. Era berean, helburu horiek lortzera bideratutako neurriak aztertzera eta aplikatzera begira dagoen diziplina da.

Harrezkero, hizkuntzaren eta gizartearen arteko elkarreragina aztertzera bideratutako lanak ugaritu egin ziren. Adituen bilkurak antolatu eta artikulu franko argitaratu ziren sortu berri ziren aldizkarietan: Language in society; Language, variation and change eta Joshua Fishman-ek gidatzen duen International Journal of the Sociology of Language, besteak beste.

Gizartearen edo gizarte-testuinguruaren eta hizkuntzaren arteko harremanen azterketan, oso helburu eta jomuga ezberdinak agertu ziren hasiera-hasieratik. Ikertzaileen jatorrizko zientziek eta soziolinguistikara bultzatu dituzten interesek markatu dituzte ikerketen helburuak. Karmele Rotaetxek (Rotaetxe, 1990) lengoaiaren etnografia, hizkuntzaren soziologia eta hizkuntza-geografia ditu soziolinguistikaren mugarritzat. Beste zenbait autorek psikologia soziala edo psikosoziologia ere sartu dute soziolinguistikaren inguruko diziplinen artean. Horrela, Emili Boix eta F. Xavier Vila (1998) katalanek, soziolinguistikaren inguruan alderdi soziala, psikologikoa eta linguistikoa bereizten dituzte.

Diziplinartekotasun horrek soziolinguistikaren magalean oso interes eta norabide ezberdinak dituzten ikerketak onartzea ekarri du.

Fishmanen Sociology of Language liburuaren gaztelaniazko itzulpenaren hitzaurrean Ramon Sarmientok honako diziplinen arteko lotura irudikatu zuen:

Diziplinen arteko lotura (Fishman, 1972/1988).

2. irudia

Bariazionistak

Hizkuntzari edo corpusari zuzenean lotutako ikerketek hizkuntzak hiztunen ahotan izaten dituen aldaerak aztertzea eta horien arrazoiak gizartean bilatzea dute helburu. William Labov-ek, joera honetako ikertzailerik entzutetsuenak, hizkuntzaren aldakortasuna eta honen motibazio soziala izan zituen aztergai. Hizkuntza baten aldaki bat edo beste bat hautatzean hiztunaren ezaugarriek zuten garrantzia aztertzen zuen, eta, horrela, Saussurek defendatzen zuenaren aurrean, hizkuntzaren aldagarritasuna ez dela hautazkoa erakutsi nahi zuen.

Arestian esan bezala, Saussurek hizkuntza eta hizkera bereizten zituen, baina hizkuntzalaritzaren azterketa, bere ustez, enpirikoki aztergarria zen hizkuntzan lerratu behar zen. Hiztunek hizkuntza erabiltzean sortzen ziren aldaketak bariazio libretzat zituen eta, beraz, hizkuntzalarien ikerketatik kanpo geratzen ziren. Labov eta bere jarraitzaileek (bariazionista deituek) hizkuntzan gertatzen ziren aldaketak motibatuak zirela erakustea zuten helburu; hots, hiztunek hitz egitean erabiltzen dituzten aldaeretan eragiten duten aldagai sozialen sistematikotasuna aldarrikatzen dute.

Gizartearen esparru edo maila bakoitzean hizkuntza ezberdin erabiltzen dela erakusteak talde sozialek erabilera-arauak dituztela erakusten du, dialekto sozialak edo soziolektoak, hain zuzen ere.

Soziolektoa: gizarte-talde jakin batek erabiltzen duen hizkuntza aldaera. Dialekto soziala. Aldaera diastratikoa.

Bariazionistek Saussureri beste kritika bat egiten diote: hizkuntza sistema moduan aztertzean, benetan aztertzen duena aldaera jakin bat dela, aldaera estandarra edo goi mailako klaseena, hain zuzen ere.

Beste alde batetik, hizkuntza-aldaeren inguruko jarrerak eta hizkera batzuen estigmatizazioa ere aztertzen zuten. Hiztunek hizkera bat entzutean hiztunari buruzko datu ugari jasotzen dituzte eta, nahita ala nahi gabe, baloratu egiten dituzte. Forma bat modernoa ala zaharkitua dagoela, norbaitek oso zakar hitz egiten duela edo beste batek intonazio polita duela esatean, hizkerekiko, eta sarritan hiztunekiko, jarrerak agerian geratzen dira. Balorazio horiek hizkuntza-aldaketaren oinarrian daude.

Bariazionismoaren azterketetan dialektologiaren antzeko metodologia erabiltzen da, baina azterketa diastratikoa (soziala) eginez, ez diatopikoa (geografikoa). Batak dialektoak aztertzen ditu, besteak soziolektoak edo, askotan esan den bezala, dialekto sozialak (Link Hizkuntzaren Aldakortasuna).

Antropologoak

Beste ildo batetik, Dell Hymes eta John Gumperz-en lanek, komunikazioaren etnografia eta identitatea zuten oinarri. Autore horien ustez, hizkuntzaren erabilera aztertzean, sistemaren egituraketaz gain, komunikazio-egoeren ezaugarriak izan behar dira kontuan. Zentzu horretan, hiztunak gizartearen funtzionamenduaren ezagutza behar-beharrezkoa du, interakzio egokiak gertatu ahal izateko. Komunikazio-gaitasuna terminoa sortu zuten (Gumperz eta Hymes, 1972).

Ikerketa ildo horren jarraitzaile gehienak hizkuntza amerindiarren azterketetatik zetozen. Hain kultura ezberdinetako hizkuntzak ikasteak, herri horien bizimoduari buruzko ezagutza sakona eskatzen zuen. Ez zen nahikoa hitzak eta egitura sintaktikoak ezagutzea. Humberto López Morales-ek honako galdera jartzen du ikuspegi honen helburua ulertzeko: zer jakin behar du hiztun batek komunitate baten barruan egokiro komunikatzeko eta nola eskuratzen dira ezagutza horiek? (López Morales, 1993).

Zentzu horretan, erregistroak dira helburu komunikatiboari loturiko erabilerak edo aldaera funtzionalak. Hiztunok hizkuntzak bere baitan dituen elementu guztien zati bat baino ez dugu erabiltzen eta hautu hori egoera komunikatiboaren araberakoa da.

Erregistroa: solaskideen arteko harremanak, haien asmoak, gaiak, formaltasun-maila eta egoera definitzen duten beste hainbat faktore kontuan hartuta erabiltzen den hizkuntza-aldaera. Testuingurura egokitutako hizkera. Aldaera diatopikoa.

Erregistroa hiru elementuren araberakoa da: gaia eta helburua (zertaz eta zertarako), bidea (nola) eta gizarte mailako harremanak (norekin). Testuinguru komunikatiboak hartzen du garrantzia.

Joera horretatik hurbil, soziolinguistika interakzionala deiturikoa ibili zen. Funtsean, hizkuntza berari garrantzia eman beharrean, hizkuntza komunikaziorako tresna den heinean aztertzea da egitekoa. Hizkuntzaren bitartez zerbait egin egiten da. Norbaitengandik zerbait lortzeko hitz egiten dugu. Igorleak hartzailearengan zerbait eragiteko gauzatzen du bere hizkuntza-jarduera, eta zentzu horretan ulertu behar da hizkuntza. Fishmanek 1965ean Who speaks what lenguage to whom and when? artikulua idatzi zuen. Izenak berak dioen bezala, komunikazio-egoeraren ezaugarriei begiratzen die. Teoria hori 1972an hobetua izan zen eta gerora erabakigarria izango zen kontzeptua ekarri zuen: erabilera-eremua (domain) (Fishman, 1972).

Bestetik, hizkuntzaren mugetan kokatzen diren elementuak ere soziolinguistikaren aztergaien artean koka daitezke: keinuak, prosodia...; normalean, hizkuntzaren etnografiari loturiko alderdiak. Elementu horiek gizartean duten eragina eta horiekiko egiten diren balorazioak ere kontuan hartzen dira soziolinguistikan.

Psikolinguistak

Psikolinguistek eta hizkuntzaren alderdi sozialaren ikuspegia landu duten autoreen artean ikuspegi kontrajarriak izan dira denbora luzean. Hizkuntzaren jabekuntza alderdi psikologikoen edo sozialen ondorioa den argitzeko nahiak eztabaida mamitsuak eman ditu. Baina bi zientzien osagarritasuna argia da eta ildo bietako diziplinek bat egin dute, besteak beste, jarreren eta hizkuntza-jardueren inguruko ikerketetan. Hiztunek hizkuntza baten aurrean edo hizkuntza-aldaera baten aurrean erakusten dituzten jarreren inguruko azterketek hauen eragina eta dimentsioak zehaztea bilatzen dute.

Psikolinguistikaren beste ildo batzuetatik, Robert C. Gardnerrek eta Wallace E. Lambertek egoera elebidunetan ikasleek dituzten motibazioen eragina neurtu zuten (Gardner eta Lambert, 1972 in Moreno Fernández, 1998). Hari honetako ikerketek arrakasta handia lortu zuten.

Psikologiari lotutako beste ikerketa eremu bat elebidunen egituraketa kognitiboa da, hau da, pertsona elebidunak hizkuntza bakoitza modu independentean prozesatzen duen edo H2-ko mezuak H1-erako itzulpena eginez barneratzen dituen. Hizkuntza baten eskurapen-prozesu sakonetan, hizkuntza batek bestearen lekua har dezake, eta, horrelakoetan, hizkuntza-ordezkapena gertatzen da. Horrek eragin zuzena du, batetik, hiztunaren identitatearekin, eta, bestetik, hizkuntzaren estatus sozialarekin. Kasu horietan, hizkuntzarekiko motibazio eta jarrerek garrantzi handia hartzen dute norbanakoaren hizkuntza-aldaketan eta gizarte-mailakoan.

Soziologoak

Soziologiari zuzenago lotutako ikusmoldeetatik aritzen diren ikertzaileei, berriz, elebitasuna, hizkuntzen ordezkapena, funtzioen banaketa, hizkuntza-leialtasuna eta planifikazioa bezalako arazoak interesatzen zaizkie.

Fishmanek berak hizkuntzaren soziologia terminoa sortu zuen, hizkuntzaren erabileraren eta gizarte antolaketaren arteko lotura aztertzera bideratutako ikusmoldeak biltzeko. Hizkuntzalaritzarekin berarekin zerikusi gutxi izanik ere, gizartearen eta hizkuntzaren arteko elkarreraginean oinarritutako bestelako ikerketa eremu ugari barnebiltzen ditu. Soziolinguistikaren barruan, adiera zabalean, alderdi sozialari hizkuntzari baino arreta handiagoa jartzen dioten ikerketa-eremuek, hizkuntzaren soziologian dute lekua autore batzuen ustetan. Baina, aurrerago azalduko denez, eztabaida terminologiko horrek ez du amaierarik izan, beste batzuek soziolinguistika deitzen baitiote.

Hizkuntzaren soziologia: diziplina soziolinguistikoa, gizarteak hizkuntzarekin duen harremana aztertzen duena. Askotan nahasi egiten dira soziolinguistika eta hizkuntzaren soziologia. Bereizgarri gisa esan daiteke lehenak hizkuntza aztertzen duela, testuinguru sozialarekin duen harremanaren bitartez; bigarrenak, berriz, gizartea du aztergai. Kanpo-soziolinguistika edo soziolinguistika zabala.

Hala ere, soziolinguistikan aritutako ikertzaileen helburuei erreparatuta, Fishmanek makro-arazoak eta mikro-arazoak bereizi zituen. Mikroak talde txikietan gertatzen diren elkarreraginei dagozkie eta, batez ere, elkarrizketen azterketen bitartez aztertuak izan dira. Ahozko elkarreraginaren bitartez gizarte-mailako erabilerak ikertzen dira. Hizkuntzalaritzatik gutxi landu dira, gehiago psikologo eta soziologoen artean edo etnolinguisten artean. Makro arazoen artean, hizkuntza-komunitatea elebakarra ala elebiduna den, hizkuntzak zenbat hiztun dituen, hizkuntza bakoitzak zein funtzio betetzen dituen, hizkuntzek hartzen duten prestigioa eta abar hartzen dira kontuan.

Fishmanek, hizkuntzaren egoera sozialak deskribatu zituen, bi koderen edo bi aldaeren arteko egoera diglosikoetan oinarrituz. Egoera elebakar eta elebidunetan gerta daitezkeen egoera diglosiko eta ez diglosikoak azaldu zituen. Diglosia elebitasunik gabe, diglosia elebitasunean, elebitasuna diglosiarik gabe eta ez diglosiarik ez elebitasunik ez dauden errealitateak bereizi zituen (link a Hizkuntza ukipena).

Hizkuntzalaritza katalanak ekarpen handiak egin ditu egoera elebidunen azterketan. Lluis Aracil, adibidez, hizkuntza-gatazkaz aritzen da, helburutzat hizkuntza-normalizazioa edo normalizazio linguistikoa hartuta (in Ruiz Olabuenaga eta Ozamiz, 1986).

Gizarteetan ordezkapen linguistikoa (language shift, LS) gertatzearen arrazoiak eta moduak aztertzea da hizkuntzaren soziologiaren lana. Horretarako egoera diglosikoetan gertatzen den funtzioen banaketan oinarriturik, hizkuntzaren erabilera-eremuak eta elkarreragin-moduak aztertzen dira eta, denboran zehar izandako aldaketak zehaztu. Fishmanek, egoera horiek iraultzeko, Reversing Language Shift (RLS) prozesua proposatu zuen (Fishman, 1991). Estatuaren plangintzen oinarria izan zen horri, Euskal Herrian, indarberritze- edo biziberritze-prozesuak deitu izan zaie. Hizkuntzaren egoera juridikotik hasi eta esparruz esparruko proposamenetaraino heltzen dira eta gure inguruan aplikazio ugari ezagutu ditugu, Euskararen Kontseiluak bultzatutako Plan Estrategikoa, Eusko Jaurlaritzak EAEn bultzatutako Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia edo hainbat eta hainbat erakunde, enpresa eta elkartetan egindako plangintzak (link a Hizkuntza politika eta hizkuntza plangintza).

Soziolinguistikak, beraz, hizkuntzaren eta gizartearen arteko elkarreraginak aztertzen ditu. Baina bi egitura horien arteko elkarreraginean aztergai eta ikuspegi ezberdinak agertu dira. Horrek zailtasunak sortzen ditu definizioa adosterakoan. Karmele Rotaetxeren ustez, hizkuntza eta gizartea elkarri eragiten dioten egiturak dira. Batean gertatutako aldaketek bestean eragiten dutela frogatzea da soziolinguistikaren helburua. Haren esparrua etnolinguistikak, geografia linguistikoak eta hizkuntzaren soziologiak mugaturik daude (Rotaetxe, 1990).

Soziolinguistika: gizartearen eta hizkuntzaren arteko elkarreragina aztertzen du. Bi soziolinguistika ezberdin bereiz daitezke: aztergai nagusia hizkuntza bera duena, bata eta hizkuntza entitate sozial moduan hartzen duena, bestea. Lehenengoa hizkuntzalaritzatik hurbilago dago; bigarrena, aldiz, soziologiatik.

Estrukturalismoaren eta gramatika sortzailearen aurrean, soziolinguistikak bete zuen lekuari kanpo-hizkuntzalaritza deitu izan zitzaion. Askorentzat, ordea, hizkuntzalaritza garaikidea da. Labovek, adibidez, hizkuntza gizartearengandik bereizirik ikertzeak ez duela zentzurik uste zuen, eta ondorioz, soziolinguistika terminoa errepikakorra zela. Bariazionismoa edo aldakortasunaren azterketa hizkuntzalaritzaren ikerketa-eremutzat zuen.

Jean Baptiste Marcellesi-k (in Rotaetxe, 1990) bariazionismoa izendatzeko hizkuntzalaritza soziala izena proposatu zuen. Horrek diziplina berriaren ikerketen helburuen eta ikuspegien aniztasunak izendapenean izan zuen isla agerian uzten du.

Sarritan aipatu izan da bi soziolinguistika ezberdin bereiz daitezkeela: aztergai nagusia hizkuntza bera duena bata, eta hizkuntza entitate sozial moduan hartzen duena bestea. Lehenengoa hizkuntzalaritzatik hurbilago egongo litzateke; bigarrena, aldiz, soziologiatik. Batak corpusa du jomuga; besteak, estatusa; batak hizkuntzari barrutik begiratzen dio; besteak, kanpotik; batak hizkuntzaren egiturari, besteak erabilerari; batak hizkuntza du aztergai besteak hiztunak eta hiztun taldeak.

Francisco Moreno Fernándezek, beste hainbat ikertzailek bezala, soziolinguistikaren ikerketa edo hizkuntzalaritzaren ikuspegitik edo soziologiarenetik hurbilago egin daitekeela uste du. Zentzu horretan, bere ustez, soziolinguistika nagusiki hizkuntzari berari lotutako zientzia da, eta gizartean hizkuntzari lotutako arazoak aztertzea hizkuntzaren soziologiari dagokio. Korda horretakoak dira Humberto López Morales eta Maitena Etxebarria bera.

Humberto López Moralesek, adibidez, soziolinguistika hizkuntzaren azterketara mugatzen dela defendatzen du, gizartearen azterketa soziologiari dagokiola esanez. Gainera, bere ustez soziolinguistika hitzezko komunikazioaz soilik arduratzen da. Horrela, ikerketa-eremutik kanpo uzten ditu semiologiari, etnografiari edo pragmatikari lotutako alderdiak (López Morales, 1993).

Hala ere, Labovek, soziolinguistika izendapena gaitzetsita, hizkuntzalaritza hertsia (linguistikoa)/zabala (soziologikoa) bereizketa proposatu zuen (Labov, 1972/1983: 236-237).

Jordi Sole i Camardons katalanak, berriz, Soziolinguistika Gazteentzat liburuan (Sole i Camardons, 1991), soziolinguistika ez dela hizkuntzaren barne-arazoez arduratzen defendatzen du, hori hizkuntzalaritzari dagokion arloa dela, alegia.

Gaur egun, jarrerak ez dira hain muturrekoak eta, soziolinguistikaren azpian, hizkuntzaren eta gizartearen arteko elkarreraginari loturiko ikerketa-eremu ugari hartzen dira. Nahiko zabalduta dago, barne-soziolinguistika hizkuntzari lotutako ikerketetarako eta kanpo-soziolinguistika besteetarako erabiltzea.

Hala ere, tokian tokiko bibliografiari begiratuta, leku batzuetan hizkuntzaren aldagarritasunari begira dauden lanak baino ez dira onartzen soziolinguistikatzat, baina beste zenbait lekutako tradizioan, soziolinguistikak askoz ere eremu zabalagoa hartzen du. Horixe da, hain zuzen ere, Euskal Herrian, Katalunian eta Kanadan gertatzen dena.

Euskal Herrian, tradizio sakona du soziolinguistikak, batez ere, hizkuntzaren normalizazioari begira egindako lanetan. Horrela, Eusko Jaurlaritzak hizkuntzaren estatusa ezagutzeko egindako ikerketari Inkesta soziolinguistikoa izena jarri dio, Soziolinguistika Klusterrak ere arlo horretako lanak jorratzen ditu eta, oro har, euskal hiztunek egoera soziolinguistikoaz hitz egitean, hizkuntzak gizartean duen egoeraren inguruan jarduten dute.

Jose María Sánchez Carrión "Txepetx"-ek berak, hizkuntzaren soziologia erabiltzen du batzuetan eta soziolinguistika beste batzuetan. Beste alde batetik, Jose Manuel Odriozolak, Soziolinguistikaren atarian liburuan ikuspegi zabalari lotu bazitzaion ere (Odriozola, 1993), 2003an Iñaki Caminok Euskal Soziolinguistikaren atarian lana adiera hertsitik bideratu zuen (Camino, 2005).