Kontzeptua

Euskal soziolinguistika

Garai hartan nazioartean soziolinguistikaren inguruan garatzen ari ziren teoria eta eztabaidak 1970eko hamarkadan heldu ziren Euskal Herrira. Harreman estua egon zen Hego Amerikako herrien askapen prozesuekin, Israelgo hizkuntza-biziberritzeko plangintzarekin eta diktaduratik irtetear zegoen Estatuko beste herriekin. Horrek erraztu egin zuen joera berriak euskararen egoerara aplikatzeko aukera izatea.

Euskal Herrian soziolinguistika ikerketa linguistikotik aldenduta egin izan da; hau da, corpusari begira baino, estatusari begira garatu da. Hizkuntza egoera gutxituan dagoenez, batetik, hizkuntzaren estratifikazio sozialaren inguruko azterketek interes edo lehentasun gutxiago zuten gizarte-mailako normalizazio-prozesua garatzera bideratutako teoriek baino; bestetik, hizkuntza-aldakortasunaren azterketa euskalkien inguruan ardazten zen.

Corpusaren inguruko eztabaidak estandarizazioaren inguruan eta, batez ere, euskalkiek arlo ezberdinetan izan beharreko lekuaren inguruan gauzatu ziren. Irakaskuntzarako nahiz arlo ezberdinetan corpusa sortzeko beharrak eredu estandarraren osatze- eta hedatze-lana azkartu zuen. Estatusaren inguruko eztabaida, berriz, egoeraren diagnostikoa egin eta zabaltzen ziren aukeren aurrean, normalizazioa eskuratzeko bidean egin beharreko urratsei begira jarri zen.

1970eko hamarkadan, euskararen estatusaren inguruko lanak agertu ziren. Pedro Yrizarrek Euskal Herriko euskal hiztunen kopuruaren azterketa egin zuen (Yrizar, 1973). Urte batzuk geroago, Euskaltzaindiak euskararen historia klinikoa egin zuen Euskararen Liburu Zuriaren bitartez. Siadecok koordinatutako lanean aditu ezberdinek euskararen diagnosi zabala egin zuten egoeraren azterketa alderdi ezberdinetatik eginez (Siadeco, 1978). Soziolinguistikaren sorreran jokoan sartu ziren diziplina ezberdinetatik edaten zuten lanok. Bost zati ondo bereizitan hizkuntzalaritza, antropologia, soziologia, hizkuntza-politika eta, oro har, soziolinguistikarekin loturiko adar nagusiak jorratu zituzten. Hizkuntzaren diagnosi orokorra ekarri zuen, hizkuntzak eman behar zituen pausoei begira. Planifikaziorako oinarriak jartzea izan zuen helburu, kontzientzia pizteaz batera. Liburu horrek jarraipena izan zuen; bigarren atala hurrengo urtean kaleratu zen Hizkuntza-Borroka Euskal Herrian titulupean (Siadeco, 1979).

Siadeco 1967an gizartean gertatzen ari zen garapen-ereduaren aurrean eragiteko asmoz sortutako kooperatiba da. Nahiz eta hasierako urteetan garaiko egoera politikoak euskararen arloa lantzea baimendu ez, hirigintzari, ekonomiari eta antzeko gaiei begirako lanetan datu soziolinguistikoak ere jasotzen zituzten. Harrezkero, hainbat ikerketa eta argitalpen egin dituzte euskararen egoera soziolinguistikoaren inguruan, hala nola, herri askotako diagnostikoak eta arlo jakinei bideratutako plangintzak.

Bi liburu hauek koordinatu aurretik, Siadecok beste bi ikerketa egin zituen: Euskalerriko azterketa soziolinguistikoa. Gaur egungo egoera eta etorkizunerako plangintza (1975) eta Euskararen azterketa soziolinguistikoa 1977an. Euskal Herriko hegoaldera heltzear zeuden aldaketa politikoetarako prestaketa lanak ziren.

Herri-ekimen eta elkarte asko eratu ziren, euskararen normalizazioari eremu eta esparru ezberdinetatik sostengua eman nahirik; besteak beste, 1979an Euskal Herrian Euskaraz (EHE), 1983an Euskal Kultura Batzordea (EKB) eta 1983an Arrasate Euskaldun Dezagun (AED). Hizkuntza komunitatea trinkotzera, ofizialtasunaren eta hizkuntza eskubideen aldarrikapenera eta, oro har, norbanakoen zein erakundeen euskararen erabileran eta hizkuntzarekiko atxikimenduan eragitera bideratutako taldeak ziren.

Soziolinguistikaren teorien ekarpenik inork egin badu, hori Jose Maria Sánchez Carrión "Txepetx" dugu (link a Hizkuntza politika eta hizkuntza plangintza).

Bera izan zen soziolinguistika egituratu berriaren hausnarketak Euskal Herrira ekarri eta euskararen errealitatera egokitu zituena. Hizkuntzaren izaera minorizatuak markatu zuen Cartagenako semearen lana. Bere lehen ekarpena 1972an argitaratutako El estado actual del vascuence en la provincia de Navarra (1970) liburua izan zen (Sánchez Carrión, 1972). Bertan, hizkuntzaren atzerapenaren arrazoiak aztertu zituen eta, ordura arteko lanen aldean, ikuspegi berria sartu zuen.

Eginen eta Punto y Hora aldizkarian argitaratutako artikuluetan, hizkuntzaren estatusaz aritu zen batez ere, sortu berria zen soziolinguistikaren ikuspuntutik euskararen estatusaren inguruko gaiak jorratuz, hau da, elebitasuna, diglosia edo hizkuntza-ukipena bezalako kontzeptuak Euskal Herriko hizkuntzaren inguruko ikerketetan barneratuz... Artikulu gehienak Lengua y Pueblo liburuan argitaratu zituen 1980an (Sánchez Carrión, 1980).

Dena dela, bere lanik ospetsuena Un futuro para nuestro pasado. Claves de la recuperación del euskara y teoría social de las lenguas izan zen (Sánchez Carrión, 1987). Teoria ezberdinetan oinarrituta, hiztunak sailkatzen ditu, hizkuntzaren jabetza izateko egiten duten ibilbidearen arabera. Prozesu horretan bi ibilbide proposatu zituen: ibilbide naturala (jatorrizko hiztunek egiten dutena) eta ibilbide kulturala (hizkuntza helduaroan jasotzen dutenena). Prozesu horretan, bi ibilbideetan, ezagutza, motibazioa eta erabilera dira ardatzak. Hiztunen sailkapen horretan oinarriturik, euskararen berreskurapenerako eta herriaren egituraketarako teoria proposatu zuen (link a Hizkuntza politika eta hizkuntza plangintza).

Hizkuntzaren normalizazio-prozesuan, gako batzuk aurkeztu zituen segida batean emanik, normalizazioaren eta galeraren arteko bidean: hiztunen trinkotasuna eta egituraketa, lege-estatusa, funtzioen banaketa, herri-identitatearen eta autokonfiantzaren indarra eta ondoriozko sormena.

Normalizaziotzat, Aracilen ikuspuntuari lotuta, elebakartasun soziala aldarrikatzen zuen, elebitasun erreala utopikotzat baitzuen. Elebitasun egoeretan diglosia nagusitu eta desoreka horrek prestigio eta estatus ezberdintasunak sortzen ditu eta, ondorioz, hizkuntza gutxitua arriskuan geratzen da.

Txepetxek soziolinguista katalan eta galegoekin harreman estua izan zuen. Interes eta helburu partekatuak izateak eta aldatzen ari zen errealitate soziopolitikoaren protagonista izateak Iruñean sortua taldea sortzera eraman zituen hainbat arlotako adituak. Taldeak bizitza laburra izan zuen, baina eztabaida eta emaitza mamitsuak utzi zituen, hala nola, Getxon 1984an burututako hizkuntza minorizatuen soziologiari buruz egindako biltzarra eta ondoren argitaratutako liburua: Hizkuntza minorizatuen soziologia. Liburuan bertan adierazten denez, bost ikerketa-eremu jorratu ziren jardunaldiotan:

gutxiengotze prozesu historikoa, ordezkatzeko giza prozesua, gutxiengoatzearen ikerketa eta diagnostikoa, normalkuntzaren plangintza eta lege mugak, normalkuntzaren prozesu eta kontra-prozesuak (Ruiz Olabuenaga eta beste, 1986).

Euskal soziolinguistikaren finkatze-garaia dela esan daiteke. Soziolinguistikaren ekarpenak Euskal Herriko errealitatera aplikatzeko saiakerak egin ziren. Gerora, aplikazio teoriko horiek normalizazioaren aldeko jardueren iparra erakutsi zuten. Horrela, Sánchez Carrión, Xavier Vilhar Trilho eta Jean Haritschelarrek hizkuntzaren alderdi politiko-juridikoari heldu zioten; Karmele Rotaetxe gaitasun komunikatiboaz aritu zen; Agustin Ozamiz hizkuntza eta ideologiaz; Kike Amonarriz udalek normalizazioan duten garrantziaz eta urratsak planifikatzeko beharraz... Gainera, Irakaskuntzaren alderdi ezberdinak aztertu ziren, hiztun elebidunaren ikuspegitik zein irakaskuntzak transmisioan duen garrantziaren aldetik; hizkuntzaren normatibizazioa eta estandarizazioa ere estatuko beste ekarpenen bitartez, zein euskara batuan oinarrituta landu ziren; komunikabideen errealitatearen azterketa eta aurrera begirako proposamenak Antxon Azkargortak, Josu Landak eta Juan Mari Torrealdaik egin zituzten, irratiaz, prentsa idatziaz eta telebistaz, hurrenez hurren. Jarreren eta motibazioen garrantzia ere jorratu zuten, bai eta estatusari eta plangintzari buruzkoak ere, beste herrialde batzuetako adibideei begira (Yugoslavia eta Eslovenia) eta hausnarketa teorikoa (William F. Mackey, Jose Luis Alvarez Enparantza "Txillardegi", Lluis V. Aracil...) eta diagnostiko-lanak aurkeztuz.

Arestian aipatutako Hizkuntza minorizatuen soziologia liburuan, hurrengo urteetako euskalgintzaren norabidea markatu zen. Esate baterako, Kike Amonarrizek, udaletan eragin beharra azpimarratu zuen hizkuntzaren normalizazioan zuten garrantziagatik. Borondateetatik harago, plangintzaren beharra aldarrikatu zuen. Artean egindako urratsak aztertu zituen, hau da, udaletan egindako mozio hutsalak, itzulpenean oinarritutako politikak eta zenbait udaletan egindako urrats txikiak (batzorde batzuen eraketa, itzultzaileak dinamizatzaile-lana betetzen hastea eta euskara zerbitzuak sortzea), eta ondorengo urteetan udaletan garatutako hizkuntza-plangintzetako ardatzak eman zituen. Baliabide politikoak, teknikoak eta ekonomikoak jarri beharra eta udalean barrura begirako zein kanpora begirako plangintzak bereizi beharra azpimarratu zituen.

Bestalde, Iñaki Larrañagak, Gipuzkoako erabilera errealari buruzko artikuluan, diagnostikorako bi metodologia oso berritzaile aurkeztu zituen..Hizkuntza-paisaia neurtzekoa bata, eta kale-erabileraren neurketarakoa bestea; biak ere, osteko hizkuntza-plangintzetako diagnostikoetan ezinbestekoak.

Karmele Rotaetxek landutako gaitasun komunikatibo kontzeptua oso garrantzitsua izan zen euskalduntze-alfabetatzean. Ildo horretatik, Alfabetatze eta Euskalduntze Koordinakundeak, AEK-k, Ekintza Bidezko Ikaskuntza edo Kulturgintza deituriko metodologia komunikatiboa bultzatu zuen. Ikas prozesua programatzeko metodologia horrek, hizkuntzaren irakaskuntzarako metodologia komunikatiboa ez ezik, normalizazioan eragiteko bidea ere bilatzen zuen. Benito Fizek honela definitu zuen (Fiz, 2007):

Ikuspegi honen oinarriak 1985ean argitaratu zen ELE aldizkariaren 1. zenbakian azaldu ziren. Funtsezko kontzeptua sasoian helduen hezkuntzaren munduko jardunbide aurrerakoi batzuetatik hartua zen, ikastaldeak eragile soziala izan behar zuen, ikastearekin batera ingurua eraldatzen lagundu behar zuen. Gure kasura ekarrita, gehienbat euskararen statusean nabaritzen zen beharra, euskararen presentzia edo irakaskuntza antidiglosikoa bezalako kontzeptuak erabiltzen ziren sarri.

Hau guztia kulturaren kontzepzio zehatz batetik zetorren, kultura mundua eta komunitatea eraikitzeko eta eraldatzeko ekinbide bezala ulertzen zen, kulturgintza aktibitate sozial eraikitzailea da, beraz. Ikuspuntu pedagogikoa eta normalizatzailea ardatz batean lotzen ziren horrela: "ekintza". Ikuspegi komunikatibotik hizkuntza-ekintzaren ideia jasotzen zen, hau da, benetako komunikazio-jarduerak antolatzea beharrezkoa da ikas-prozesua eragingarriago suertatzeko. Kulturaren pertzepzio horretatik kultura-ekintza kontzeptua zetorren bestalde, komunitatean eragiteko jarduerak. Horrela bada, jarduera horietan murgilduta, ikasleak hizkuntza ikasi eta hizkuntzaren normalizazioan eragiten du.

Soziolinguistika teorikoaren aldetik beste ekarpen handi bat hasi zen garatzen, hain zuzen ere, Jose Luis Alvarez Enparantza "Txillardegi"-ren soziolinguistika matematikoa (Alvarez, 1984; Alvarez eta Isasi, 1994). Hizkuntzaren erabilera hiru aldagairen araberakoa dela erakutsi zuen: elebidun-kopurua, mintzakide-kopurua eta hizkuntzarekiko leialtasuna.

Norabide bakarreko elebitasun-egoeretan, A hizkuntza biztanle guztiek ezagutzen dute eta haietako batzuek B hizkuntza ere bai. Baina, gainera, edozein ahozko egoera komunikatibotan, solaskideak binaka, hirunaka, launaka... bil daitezke. B hizkuntza erabiltzeko, biltzen diren taldean guztiek ezagutzea ezinbestekoa da, bakar batek ezagutu ezean, A hizkuntza erabili beharko baitute. Talde batean biltzen diren kideak elebidunak edo elebakarrak izatea probabilitate-kontua da eta, beraz, B hizkuntza erabiltzeko aukerak ere bai; elebidun-kopuruari lotutako probabilitatea da. Egoera horri egoera isotropikoa deitzen zaio.

Ezaguna da Joxean Artzeren esaldia:

Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek erabiltzen ez dutelako baizik.

Arrazoia ukatu gabe, hizkuntzaren ordezkapenaren "erru osoa" hiztunei leporatzen zitzaien, modu inplizituan. Horren aurrean, hizkuntzarekiko leialtasuna garrantzitsua izanik ere, beste alderdi batzuetan ere eragin beharra agerian utzi zuen teoria matematikoak; euskararen legeztatze edo baimentze hutsak, berez, ez duela erabilera bermatzen, alegia. Hizkuntzaren normalizaziorako, erabilera handitu ahal izateko, euskaldunen kopurua handitu beharra ezinbestekoa da.

Txillardegik, bikote, hirukote, laukote eta boskoteetan B hizkuntza erabiltzeko aukera neurtzeko, honako formula proposatu zuen (Alvarez Enparantza, 1984):

PB = mB (w2ex. 2 + w3ex. 3+ w4ex. 4)

PB = euskararen erabilera-maila
mB = euskararekiko leialtasuna
w2 = bikotearen pisua
w3 = hirukotearen pisua
w4 = laukotearen pisua
eX = elebidunen proportzioa

EKBk teoria matematikoa eta Siadecok 1984an Gipuzkoan egindako esperientzia baliatu zituen, 1989an kale-erabileraren neurketa egiteko. Harrezkero, 1993an, 1997an, 2001ean eta 2006an egin da (Altuna, 2002). Lehenengo hirurak EKBk, laugarrena Soziolinguistikaren Euskal Institutuak (SEI), eta azkena Soziolinguista Klusterrak gidatu dituzte. Soziolinguistika Klusterraren gidaritzapean, ikerketa-metodologia hau herri eta erakunde askotan aplikatu da, plangintzen diagnostikorako tresna ezin hobea izateagatik. Bestalde, egoera isotropikoan oinarriturik, Begira aplikazioa sortu da. Tresna horrek, datu soziologikoak erabilita, etorkizuneko erabilera antzemateko balio du eta ikerketa prospektiboak egitea ahalbidetzen du.

Hizkuntzaren normalizazioan ezagutzatik erabilerarako pausoa eman beharra azpimarratzen hasi zen. Hizkuntzaren transmisio-etena gaindituta zegoen, edo behintzat, irakaskuntzaren eta helduen euskalduntze alfabetatzearen bitartez, nolabaiteko berreskurapena sumatzen zen, eta, ondorioz, erabileran eragiteko baldintzak sortu beharra lehen mailako gai bilakatu zen euskalgintzan.

Hausnarketa horiek guztiak, teoria mailako ekarpena ez ezik, euskararen aldeko ekintzaileentzat oinarri teorikoa izan ziren, jomuga zehatzak ezartzen lagundu zutenak. Horrela, ondorengo urteetan emaitza ugari etorri ziren, hala nola, Euskaldunon Egunkaria (1990), BAT Soziolinguistika aldizkaria (1990), Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea (UEMA) (1991), Euskaraz Bizitzeko Hitzarmena (Amunategi, 2001), udaletako normalizazio-planak, herri-aldizkariak, hizkuntza-paisaia euskalduntzera bideratutako kanpainak eta, oro har, euskararen normalizazioa helburu zuten elkarte eta erakundeen ekimen gehienak.

UEMA: Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea. 1988an Euskal Herrian Euskaraz erakundearen ekimenari erantzunik, hainbat udalek Euskararen Erabilpena Normaltzeko Udal Arautegia onartu zuten, bertako administrazioetan eta udalerrian euskaraz bizitzeko bitartekoak jartzeko asmoz. Udal horiek UEMA sortu zuten 1991n. 2009an 61 udalerrik osatzen dute. Hiru helburu nagusi ditu:

  1. Udalerri euskaldunetan herritarrek egiten duten bizitza sozial guztia, publikoa zein pribatua, euskaraz izan dadin bideak urratzea.
  2. Udalerri euskaldun guztiek bat eginik, euskara nagusi izango den lur-gunea osatzea.
  3. Udalerri euskaldunen garapen sozio-ekonomikoa eta soziokulturala bultzatzea.

Bestalde, 1990eko hamarkadaren hasieran garrantzi handia hartu zuten hizkuntza-eskubideei eta legeztatzeari loturiko ikergai eta ekimenek. Ildo horretatik, 1990ean EKBk Euskaldunaren Hizkuntza Eskubideak liburua kaleratu zuen, Euskal Herriko egoera ezberdinetan administrazio bakoitzaren aurrean hiztunek dituzten hizkuntza eskubideak zehazteko asmoz.

Bitartean, Euskal Herriko hegoaldean, eta batez ere, EAEn, Administrazioan lehen plangintzak abiatzen hasi ziren. 1982ko Legean ( 10/1982 Euskararen Legea) oinarriturik, Herri Administrazioetan Euskararen Erabilera eta Normalizazioa Arautzen duen Dekretua (250/86) onartu zen. Hizkuntza-eskakizunak finkatu eta euskararen erabilera ahoz nahiz idatziz bermatzeko neurriak hartzen hasi ziren. Urte berean Nafarroako Euskararen Legea onartu zen, eskualde euskaldunetarako euskarari ofizialtasuna onartzen ziena. 1986an herrialdea hiru zonalde ezberdinetan banatua izan zen: euskalduna, mistoa eta ez-euskalduna.

Herri Administrazioen Hizkuntza Plangintzari buruzko Biltzarrean (1988) beste herrialdeetako ekarpenak biltzeaz gain, izandako esperientziak eta hausnarketak ere landu ziren. 1991n Herri Administrazioen Hizkuntza Plangintza liburua argitaratu zen biltzarreko emaitzak batzeko (HAEE, 1991).

Sorkuntza teorikoari dagokionez, EKBk, UEUko Soziolinguistika sailak eta BAT edo JAKIN aldizkariek hizkuntza-planifikaziora bideratutako ekarpen garrantzitsua egin zuten. EKBk ia sorreratik mahaigaineratu zuen plangintzaren beharra eta oinarri teorikoak jorratu zituen.

Baina Administrazioan ez ezik, lan-munduan ere euskalduntze-planak abiatzeko beharra ikusten zen. 1970eko hamarkadan egindako ahaleginek, euskara ikasteko taldeak antolatzera eta itzulpenak egitera mugatuek, etenaldia izan zuten industria birmoldaketa eta krisiaren ondorioz. Baina 1990eko hamarkadaren hasieran, gaiari heldu eta euskara-planen lehen esperientzia pilotuak sortu ziren.

Gizarte-mailako eskariari erantzunez eta Euskararen Aholku Batzordeak proposatuta, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Idazkaritza Nagusiak lan-mundurako plangintza proposatu zuen, lan-munduan euskararen erabilera zabaldu eta normalizatzera begira.

Mikroplangintza deitu ziren egitasmo horietan Artez Euskara Zerbitzua eta Elhuyar Aholkularitza izan ziren aitzindariak, HABEren eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritzarekin batera. ELAY enpresa izan zen lehena; Ikerlan, CAF, Arlan, MCC Koop. E., Fagor Ederlan, Ulma, Kutxa eta Labein hurrengoak. Mundu kooperatiboa izan zen, batez ere, eta bereziki Deba arroakoa, euskara lan-mundura hedatzeko ahalegina egin zuena. Enpresa horietako gidarien sentsibilitate eta konpromisoak ondorengo urteetarako oinarriak ezartzea ahalbidetu zuen. Fase pilotua amaitutakoan, emaitzak positiboki baloratu eta hizkuntza-mikroplangintzak hedatu egin ziren, baita beste profil bateko enpresa batzuetara ere (www.erabili.com).

Mikroplangintza pilotu horiek abiatu ziren urte berean (1991), hiru liburu garrantzitsu agertu ziren UEUko Soziolinguistikaren eta EKBren eskutik:

  1. Soziolinguistika gazteentzat
    Iruñean Sortua taldearen emaitzetako bat dugu hau. Soléren liburuak soziolinguistika alderik zabalenetik hartu zuen. Hizkuntzaren soziologiari lotutako alderdi nagusiak bildu zituen eta, Kataluniako ikuspegitik, normalizazio linguistikoa lortzera bideratutako teoria aurkeztu. Hizkuntzari berari lotutako ikergaiak hizkuntzalaritzari dagozkiola eta soziolinguistika bestelako arazoez arduratu behar dela defendatzen du egileak. Ondorioz, hizkuntza-ukipenari lotutako kontzeptuak lantzen dira. Elebitasun soziala gezurtzat hartzen da, egoera diglosikoak hizkuntza ahularen kontrakoa delako. Normalizazioa pertsona eleaniztunez osatutako gizarte elebakarra lortzea da.
  2. Hizkuntza-normalkuntzarako ekinbideak udalerri-mailan. Planifikaziorako orientabideak
    Borondatetik haratago, normalizazio-bidean gunerik hurbilenean nola eragin azaltzea du liburu honek helburu. Herri-ekimen ugariei jarduerak sistematizatzeko oinarria eman nahi zitzaien, borondate onetik harago, plangintzaren dinamikan sartu eta tresna metodologikoz jantzi zitezen.
  3. Giro urbanoko gazteak eta euskara
    Hiruretatik berritzaileena. Gizarteko sektore garrantzitsu horren azterketa erabilerarako dituzten jarreren inguruan garatu zuten Maria Jesus Lezetak eta Elena S. Martinek. Ezagutzatik erabilerarako urratsean, gazteek euskararekiko erakusten duten jarrera eta portaerak ezagutzera eman zituzten, azterketa kualitatibo baten bitartez. Erabileran eragiten duten faktoreak ezagutzea izan zuten helburu, gerora ekintza-planetarako erreferentziak izateko.

Euskararen beharrizan ugariei erantzuteko, gizarte-talde, administrazio eta enpresak aritu ziren elkarlanean. Dinamika horiek euskara-teknikariak ugaritzea eskatzen zuten; izan ere, plangintzak gidatzeko ardura izango zuten langileak Administrazioan ez ezik, lan-munduan ere agertu ziren. Itzulpengintzatik eta irakaskuntzatik nagusiki etorritako langileen jarduna intuizioan eta ezagutza tazituan oinarrituta zegoen, formazio aldetik zegoen hutsunea agerian geratzen zen. Beharrizan horri erantzuteko, 1992an Iñaki Markok lehen ikastaroak eman zituen UEUren eskutik. Dena dela, heziketa-hutsune hori hamarkada osoan nabaria izan zen.

Bestalde, eremu askotan euskarak zuen egoeraren diagnostikoa eta proposamenak biltzen zituzten artikulu eta azterlanak egin ziren, hala nola, publizitatean, Justizian, Irakaskuntzan, gazteen eremuan, osasungintzan eta abarrean.

1993an Jose Manuel Odriozolak hizkuntzak eskuratu berri zituen funtzioak ez zirela nahikoa uste zuen. Askok uste zutenaz bestela, ikastolak, ETB... ez ziren hain erabakigarriak izan hizkuntzaren normalizazioan. Estatuen helburu uniformatzailearen aurrean, eragin txikia zuten apurrak ziren, hizkuntza-boterearen egitura-harremanek ez diote euskaldunari euskaraz hitz egitea debekatzen, ezinezko bihurtu baizik (Odriozola, 1993).

Arestian esan bezala,1997an Xabier Erizek Soziolinguistika historikoa eta hizkuntza gutxituen historia: Nafarroako euskararen historia soziolinguistikoa (1863-1936) doktore-tesia aurkeztu zuen. Hizkuntzaren galera aztertzeaz gain, euskarak XXI. mendera arte irautea ahalbidetu duten arrazoiak aztertu zituen, hain baldintza aurkakoetan bizi izanik, gizaldi berrira heltzean duen bizindarraren arrazoiak argitzeko. Horren arrazoi nagusia hizkuntza-komunitateak duen barne-antolamendua eta trinkotasuna dira. Taldearen bizitasuna da, beraz, biziraupena bermatu diona. Ezer baino lehen, hizkuntza-komunitatea eta soziolinguistika kontzeptuak bere tesian nola erabili zituen azaldu zuen, bi kontzeptuok modu ezberdinetan uler daitezkeela onartuz. Soziolinguistika adiera zabalean landu zuen, hau da, eleaniztasuna, hizkuntzen iraupena eta ordezkapena, hizkuntzarekiko jarrerak, hizkuntza-hautaketa, hizkuntza-plangintza, hizkuntza-aldaketa, dialekto sozialak eta abar barnebiltzen dituen adieran. Hizkuntza-komunitatea, berriz, Max Weberrek (1993: 34) emandako adieran erabili zuen: hizkuntza bera erabiltzen duen eta talde-kontzientzia duen komunitatea.

Erizek tesia aurkeztu zuen urte berean (1997an), Artezek eta Elhuyarrek hasitako bidera beste enpresa bat etorri zen, Emun, hain zuzen ere. Enpresa, udal, udalerri eta elkarteetan mikroplangintzak ugaritu egin ziren.

Baina enpresa horiek bideratutako plangintzak oso testuinguru erdaldunetan sortutako uharteak ziren. Ondorioz, eragin txikia zuten hizkuntzaren normalizazioan. Euskararen berreskurapen-prozesuak dezelerazio aro batean sartzen hasia zen. Hortaz jabeturik, 1996an hausnarketa sakon bati hasiera eman zitzaion eta, horren ondorioz, 1997an Euskararen Unibertsoa Jardunaldiak egin ziren, Hizkuntzaren Normalizaziorako Plan Estrategikoa egiteko asmoz. Euskalgintzaren bilkura hark gizartearen inplikazioa bilatu eta babes handia izango zuen plana diseinatzea zuen helburu. Euskararen eta euskarazko kulturaren egoerari buruz kezkaz beteriko irakurketa egin ostean, gogoeta, eragin soziala eta plangintza ardatz izango zituen prozesua abiaraztea erabaki zen. Horren guztiaren ondorioz, Bai Euskarari kanpainarekin hasi zen prozesuari hasiera eman zitzaion. Bai Euskarari akordioaren ondoren, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua sortu zen egindako Plan Estrategikoaren gidaritza aurrera eramateko.

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua: Euskararen Unibertsoa jardunaldi eta hausnarketa-prozesuaren ondorioz, 1997an sortu zen Euskararen Gizarte Kontseilua. Diagnostiko eta hausnarketa sakonen ondotik, Bai Euskarari akordioa eta horren ondorioz sortutako Plan Estrategikoa eman zituen. Kontseiluaren helburuak gizarte-eragileengan eragitea eta plangintza bat garatzea dira.

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilutik 2001ean Hizkuntz Eskubideen Behatokia sortu zen. Hizkuntzaren estatus juridikoaren azterketa egin eta, arlo publikoan zein pribatuan, euskaldunon hizkuntza-eskubideen aldarrikapena egitea da bere helburua. Besteak beste, urtero hizkuntza-eskubideen urraketen inguruko txostena kaleratzen du.

Hizkuntz Eskubideen Behatokia: Hizkuntz Eskubideen Behatokia Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak sustatu eta bideratu duen fundazioa da. 2001eko ekainaren 26an Iruñean sortu zen. Euskal Herriko herritarren hizkuntza-eskubideez arduratzen da. Bere egitekoak dira eskubide horiek Euskal Herri osoan, arlo publikoan zein pribatuan, babestu eta sustatzea, batetik; eta urraketak salatzea, bestetik.

Era berean, Euskararen Aholku Batzordeak bultzatuta, 1999an Eusko Legebiltzarrak Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia onartu zuen (Eusko Jaurlaritza, 1999). Hauxe da Euskal Autonomia Erkidegoan egin den hizkuntza-politikaren lerro nagusiak markatuko dituen plana, herri-administrazioek aurrera eramango dituzten ekimenak eta lan-lerroak bideratuko dituena.

Euskararen Aholku Batzordea: hizkuntza-normalkuntzan diharduten erakunde publiko nahiz pribatuen ahaleginak eta ekintzak aztertzeko, bideratzeko eta koordinatzeko Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren bitartez atxikitako harreman-organoa.

Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN): 1999an abiatuta, euskaraz bizi nahi duten herritarrei horretarako aukerak bermatzeko behar diren hizkuntza-politikako neurriak erabakitzea eta bultzatzea helburu duen plangintza estrategikoa. Funtsean, Euskal Herrian, maila pertsonalean, sozialean eta ofizialean, euskararen berreskurapen osoa lortzeko euskararen aldeko urratsak areagotzea. Hiru lan-esparru (edo helburu estrategiko) ezartzen ditu:

  1. Euskararen belaunaldiz belaunaldiko transmisioak etenik izan ez dezan lortzea.
  2. Euskararen erabilera gizarteko esparru guztietara zabaltzea.
  3. Euskara bera, komunikazio-tresna den aldetik, lantzea eta aberastea.

Euskarak 1998an zituen ahuleziak, indarguneak, aukerak eta mehatxuak aztertu ondoren, hizkuntzaren normalizazio bidean eman beharreko pausoak biltzen zituen plana egituratu zen. Printzipioen artean dago, maila pertsonalean, sozialean eta ofizialean euskaraz bizi nahi duten herritarrei horretarako aukerak bermatzea. Zentzu horretan, egoera soziolinguistikoa edozein izanik ere, euskararen aldeko diskriminazio positiboaren alde egiten du.

Planak hiru alderdi nagusi bereizten ditu:

  1. Euskara ondorengoetaratzea. Euskararen belaunaldiz belaunaldiko transmisioak etenik izan ez dezan lortzea. Horren barruan daude familia bidezko jarraipena, irakaskuntzaren bidezko hizkuntzaren eskurapena eta hiztun helduak euskalduntzea.
  2. Euskararen erabilera. Euskararen aldeko auzogintza eta zerbitzugintza. Honen helburua euskara gizarteko esparru guztietara zabaltzea da. Esparruz esparruko azterketa egiten da.
  3. Euskararen elikadura. Hizkuntza bera lantzea eta aberastea. Corpusari begirako atal honetan hizkuntzaren kalitatea ez ezik, liburugintza, komunikabideak, publizitatea eta kulturgintza ere sartzen dira.

EBPN, gizarte arloetan ez ezik, inguru geografiko jakinetan ere garatzen da, tokian tokiko egoera soziolinguistikora egokituz. Horretarako, herri-tipologia baten arabera, lehentasun batzuk markatzen dira eta, ondorioz, egokitutako neurriak.

Aurrerago sortutako Bai Euskarari ziurtagiriek eta EBPNtik eratorritako diru-laguntzek eragin handia izan dute eta, ondorioz, gero eta enpresa, elkarte eta udalerri gehiago daude hizkuntza-planetan murgilduta.

Plangintza horiek jarduera soziolinguistikoaren etorkizuna baldintzatu dute. Alde batetik, beharrizan jakinetara bideratutako ikerketak ugaritu dira. Bestetik, erabilera bultzatzeko kontuan hartu beharreko aldagaien inguruko lan teorikoek eta horien aplikazioek protagonismo berezia hartu dute.

2000. urtean Nekane Jausorok soziolinguistikarako prestakuntzaren inguruko diagnostikoa egin zuen Soziolinguistika akademikoa artikuluan (Jausoro, 2000). Bertan, normalizazioan aritu behar ziren teknikarien prestakuntzaren aldetik, gabezia handia sumatzen zen. Hutsune horri aurre egiteko, unibertsitateetan antzemandako hutsunea betetze aldera, Eusko Ikaskuntzaren Asmoz fundazioak Hiznet eta Linguanet ikastaroak abiarazi zituen.

Hiznet 2001ean sortu zen, esan bezala, Asmoz fundazioaren eskutik eta, gaur egun, erakunde horrek ez ezik Euskal Herriko Unibertsitateak ere berezko tituluen artean eskaintzen du, Hizkuntza Plangintza Unibertsitateko Espezialista izenpean. Lanean ari diren teknikarientzat eta bestelako ikasketak burututa hizkuntza-plangintzan sakondu nahi dutenentzat egokitutako graduondoko hau on-line gauzatzen da nagusiki. 31 kreditutan, oinarri teorikoak lantzeaz gain, graduondokoetan ohi den bezala, ikerketa lan bat egin behar da. Hiznet abiatu zenetik lan ugari burutu izan dira, gai eta ezaugarri metodologiko ezberdinak erabilita. Ikastaroaren webgunean eskuragarri dauden lan horiek ekarpen handia egin dute, besteak beste, idazlan hau osatzeko.

Hizneten anaia txikia Linguanet da. Graduondokoa egiteko aukera izan ez baina gaian interesa dutenei begira sortutako ikastaro hau 2004an hasi zen. Interneten bidez eta hiru tailerretan banatutako 50 ordutan, oinarri teorikoak lantzeaz gain, kasu praktikoak ezagutzeko aukera dago.

Azpeitiko Euskara Zerbitzuak 2003an erabili.com webgunea sortu zuen, gerora euskalgintzaren ezinbesteko tresna bilakatu dena. Bertan hizkuntzaren estatusarekin zein corpusarekin lotutako gaiak lantzen dira eta, denbora laburrean, hausnarketarako, informazio zabaltzeko eta eztabaidarako funtsezko erreferente bilakatu da.

Internet oinarrizko tresna eta leiho bihurtu da hizkuntzen panoraman. Globalizazioaren ikur nagusi bilakatu den sare horretan egotea ezinbestekoa da hizkuntza biziko bada. Zentzu horretan, euskarak ere sarean bere lekua izan dezan, ahalegin handiak egin dira nola erakundeetatik, hala gizarte eragile eta enpresetatik. Horren erakusle da BAT soziolinguistika aldizkariaren 48. zenbakia, 2003an Teknologia berriak eta euskara titulupean argitaratu zena.

Baina globalizazioak baditu bestelako ezaugarri batzuk ere: mugikortasunerako erraztasuna, migrazio kopuru handia, ingelesaren nazioarteko hizkuntza izaera, eleaniztasuna, kodeen nahasketa...

2006an UNESCO Etxeak Hizkuntzen Mundua; Munduko hizkuntzei buruzko txostena kaleratu zuen. Leioan, 1996an, hizkuntza-politikei buruz egindako Linguapax mintegitik eratorri eta Federico Mayor Zaragozak bultzatutako egitasmo horretan, munduko hizkuntzen inguruko azterketa sakona egin zen. Eusko Jaurlaritzako Kultura sailak sustatu eta EHUk argitaratu zuen. Bertan, munduko hizkuntzen egoera aztertzeaz gain, aditu askoren laguntzaz, minorizazio-egoeretara heltzeko arrazoietan eta aurrera egiteko bideetan ere sakontzen da. Egitasmoaren jarraipena Amarauna egitasmoaren bidez egiten da.

Plangintzen barruan transmisiorako, erabilera-arlo ezberdinetara hedatzeko eta hizkuntzaren kalitatea zaintzeko bideak jarrita, bestelako alderdi batzuk protagonismoa hartuz joan dira. Horrela, hizkuntza ezagutzera nahiz erabiltzera bultza dezaketen motibazioen inguruko azterketek garrantzia hartu dute.

Maria-Jose Azurmendik 1980ko hamarkadaren hondarretan psikosoziolinguistikan oinarritutako azterketak egin zituen, ukipen egoeran zeuden hizkuntzen kasuetan, gazteen erabileran jarrerek, identitateak eta gizarte-testuinguruak duten garrantzia aztertuz (Azurmendi, 1986). Harrezkero, euskara ikasten ari diren helduek dituzten jarrerek eta motibazioek ikas-prozesuan duten eragina aztertzera bideratutako lan ugari agertu dira. Josu Peralesek 1989an Gipuzkoako udal-euskaltegietako ikasleen artean egindako lanaren ildotik joan dira, besteak beste, Nekane Arratibelen doktore-tesia (Arratibel, 1999), Maite Otegik ikerketa kuantitatiboaren zein kualitatiboaren bidez egindakoa (Otegi, 2006), edota Arratibelek berak, Maria-Jose Azurmendik eta Iñaki Garciak 2001ean kaleratutako Menpeko hizkuntzen bizi-kemena lana ere. Bertan, hizkuntzaren jabekuntzan eta erabileran eragiten duten faktore psikosozialak aztertu zituzten eta bizindar etnolinguistikoaren garrantzia ere azpimarratu zuten.

Bizindar etnolinguistikoari, 1980ko hamarkadatik erabiltzen den kontzeptua bada ere, indar berezia eman zion 2004an Ibon Usarraldek eta Iñaki Martínez de Lunak egindako lanak. Ikerketa hartan, Andoain, Arrasate, Bergara, Hernani eta Lasarte-Oriako bizindar etnolinguistikoa neurtu zuten, Howard Giles eta R.Y. Bourishen ereduari jarraiki. Bizindar etnolinguistikoaren eta erabileraren artean harreman zuzena dagoela frogatu zuten (Usarralde eta Martínez de Luna, 2004).

Kezka ugari sortu dituen beste arlo bat gazteen erabilerari loturikoa izan da. Ezagutza-mailarik altuena duen gizarte taldea izanik, erabilerarako urratsean garrantzia duten aldagaiak aztertzera begira, 2000. urteko abenduan Etorkizuna aurreikusten 99: Euskal Herriko gaztetxoak eta euskara lana kaleratu zuten hainbat egilek (Martínez de Luna eta beste, 2000). Horretan oinarrituta, Martínez de Lunak Euskal Herriko gaztetxoen hizkuntza-egoera aztertzeko eredu orokorraren proposamena eman zuen argitara (Martínez de Luna, 2001). Bertan, gazteen artean gertatzen den erabileraren nondik norakoak aztertzeko hiru alderdi hartu behar direla kontuan defendatzen du: lehenik eta behin, norbanakoaren ezaugarriak (gaitasuna eta hizkuntzarekiko jarrerak); bigarrenik, gizartearen egitura (hizkuntzak bertan duen prestigioa); hirugarrenik, harreman sareak (euskaldunekikoak eta besteekikoak). Hona proposatzen duen eskema:

Hizkuntza biziaren euskarriak (Martínez de Luna, 2001).

6. irudia

Gazteen testigantza oinarri izanda, AMIA eskemaren bitartez, egoera sakon aztertu zuen eta horrela, metodologia hertsien aurrean, ikuspegi zabala eskaini.

Jarreren inguruko teoriek emaitza praktikoak eman dituzte, hau da, ezagutza teorikoan oinarrituta plan eta egitasmo ugari sortu dira: Ulibarri programa irakaskuntzarako, Kuadrillategi talde naturaletarako...

2003an, Martínez de Lunak euskararen inguruko diskurtsoak aztertu zituen, eta disonantzia kognitiboa deitu zion pertsona batek dituen uste, sinesmen eta desio deklaratuen eta bere hizkuntza-jardueraren arteko desorekari (Martínez de Luna, 2003). Era beran, gizartean dagoen soziolinguistikaren inguruko ezjakintasunak uste okerrak sortzen dituela adierazi zuen. Horren ondorioz, euskalgintzan dabiltzanek eta herritarrek, oro har, euskararen egoeraren inguruko hautemate ezberdina izaten dute.

Jarreren inguruko alderdiekin amaitzeko, Unesco Etxeak 2009an erdaldunek euskarari buruz dituzten jarrerekiko ikerketa kuantitatiboa eta kualitatiboa burutu du: Erdaldunen euskararekiko aurreiritziak eta jarrerak. Bertan euskararen alboan bizi baina euskaraz ez dakitenek hizkuntzarekiko nahiz normalizazioarekiko dituzten jarrerak aztertu dira. Hainbat kasutan bi mundu bereizten dituztela ondorioztatu ahal izan da (Amorrortu eta beste, 2009).

Mundu globalizatuan, kultura ezberdinak, eta, beraz, hizkuntzak, harremanetan daude. Baina harreman hori gauzatzeko, bi solaskideetako batek, gutxienez, bere lehen hizkuntza ez den hizkuntza ezagutu behar du. Hizkuntzak ezagutzeak, beraz, kultura eta pertsona asko ezagutzeko aukera ematen du. Hala ere, komunikazio horietan hizkuntza-hautaketa hizkuntza nagusien aldekoa izaten da gehienetan. Horrela, mundu-mailan ingelesak hartu du lingua franka izaera. Euskal Herrian, berriz, kanpotik datozen etorkinentzat espainola eta frantsesa dira komunikazio-hizkuntza nagusiak.

Egoera horietan, Iñaki Martínez de Lunaren ustez hiru aukera daude (Euskonews).

  1. A aukera: jatorrizko hizkuntzak albo batera utzi eta komunikatzeko estatu- edo mundu-kode handiak soilik geureganatzea, eta horrela garapen ekonomiko eta kultura-uniformetasunaren alde egitea.
  2. B aukera: hizkuntza gutxituaren komunitateak berearen alde egitea eta hizkuntza nagusiaren hiztun-komunitatearekin aurrez aurre jartzea, hau da, gatazka linguistikora jotzea.
  3. C aukera: hizkuntza-aniztasuna eta talde-identitateak zaintzea, kultura bakoitzak sortu duen iraupeneko eta herri-jakintzako ekosistema tradizionala desagertzeak ekarriko lukeen pobretasuna eta anomia saihesteko.

Globalizazioaz eta ingelesaren eraginaz, David Crystalen Hizkuntzen Iraultza euskarazko bertsioa argitaratu zen 2007an. Obra honetan munduko hizkuntzen panoraman eragiten duten hiru gertakari nagusiak aztertzen ditu: ingelesaren nagusitasuna hizkuntza global gisa, hizkuntza askok duten desagertzeko arriskua eta Interneten eragina hizkuntzetan. Hizkuntzen ekologiaren ikuspegitik, hizkuntza bakoitzaren biziraupena munduko beste hizkuntza gutxituen patuaren araberakoa ere badela uste du.

Egoera horrek eragin zuzena du hizkuntzen barne-egituretan ere; izan ere, batetik, hizkuntza gehienak anglizismoz betetzen ari dira; bestetik, ingelesa hain jatorri ezberdinetako hiztunek erabiltzeak sarritan hizkuntza horren kalitatean eragin zuzena izaten du eta, hizkuntzen bizitasunaren adierazgarri, ingelesaren aldaera berriak sortzen ari dira, ingelesa darabilten hiztunen hizkuntzek substratua uzten baitute.

Euskal Herrian mehatxu horiei aurre egiteko neurriak jartzeko beharra azpimarratu dute hainbat ikertzailek. 2000ko hamarkadan asko idatzi da etorkinak euskarara erakartzeko egin beharreko ahaleginez, ingelesak irakaskuntzan izan behar duen tokiaz eta Interneten nahiz teknologia berrietan euskarak izan behar duen presentziaren garrantziaz.

Testuinguru horretan, 2008an zehar Euskararen Aholku Batzordetik bultzatutako Euskara XXI eztabaida prozesua egoeraren azterketa egin eta erronka berriei aurre egiteko bidea argitzeko ahalegina izan da. Eusko Jaurlaritzak HPSren bitartez bultzatutako prozesu horrek Euskara Batzordetik sortutako txosten bat izan zuen oinarri eta hainbat adituk eta herritarrek egindako ekarpenen ondoren hizkuntza-politikaren oinarri izateko helburua duen bigarren txosten osatu bat kaleratu da (Eusko Jaurlaritza, 2009).

Corpusaren plangintzari dagokionez, aztergai nagusiak euskara batua eta euskalkien arteko osagarritasuna, hizkuntzaren erregistro batzuetan izan daitezkeen gabeziak eta beharrizan berrietara egokitzeko jorratu beharreko bideak izan dira (link a Hizkuntza Politika eta Hizkuntza Plangintza).

Euskara batuaren inguruko eztabaida sorreretan baino lasaiagoa da, baina bizirik jarraitzen du. Aldaera estandarraren hedapenak, batetik, hiztunen artean komunikatzeko erraztasun handiagoa izatea ahalbidetu du, baina bestetik, hizkuntza idatzirako bultzatutako eredua izanik, jatorrizko hizkeren freskotasun eta aberastasun falta izan ohi du, batez ere zenbait erregistrotan.

Koldo Zuazok Deba ibarreko euskalkiari buruzko lanean (Koldo Zuazo, 1999) corpusari lotutako planifikazioan kokatuko hausnarketak egin zituen.

Egindako bideaz, Zuazok batuak ekarri dituen sei onura azpimarratu ditu:

  1. Euskaldun guztiok elkar ulertzen dugu.
  2. Edozein gairi buruz hitz egiteko balio du.
  3. Erdaldunek ikasi dute.
  4. Euskara mundura hedatu du.
  5. Herritartasuna sortu du.
  6. Hizkuntza izaera lortu du.

Etorkizunari begira, euskara batua osatu beharra dagoela uste du eta, horretarako, herri-hizkerak iturria izan behar direla.

Euskararen sendabelarrak lanean (Zuazo, 2000) euskararen egoerari arazoak ikusten zizkion eta konponbideak premiazkoak zirela uste zuen, euskara batuaren beharra eta emaitza onak onartuta ere. Gaitz asko ikusten dizkio hizkuntzari eta berehalako irtenbideak behar direlakoan dago. Gaitz horien konponbidea euskalkietatik etor daitekeela uste du. Hortik, nazioko batua, eskualdeko batua eta herrialdeko batua bereizi zituen. Aldaera horietako bakoitzari esparru edo testuinguru ezberdinak dagozkio.

Euskalgintza XXI. mendeari buruz izenez burututako Euskaltzaindiaren nazioarteko XV. Biltzarrean, Zuazok euskara batua guztiz amaitu eta gauzatu gabe dagoela eta honako hiru pausoak eman beharra azpimarratu zuen:

  1. Hizkuntza bere osotasun guztian arautu behar da.
  2. Euskaldun guzti-guztiek erabat onartu behar dute Euskaltzaindiak aurkeztu duen eredua.
  3. Euskaldun guztiek eredu hori ezagutu, eta erraz eta eroso erabiltzeko gauza izan behar dute.

Baina, hala ere, euskara batuari lau gaixotasun antzematen dizkio:

  1. Hiztunak erakartzeko ahalmenik ez izana.
  2. Hizkuntza sortzeko sena ihartu izana.
  3. Guraso eta seme-alaben arteko hizkuntza lotura eten izana.
  4. Euskara arrotz eta exotikoa garatu izana.

Euskalkiak eta batua erabiltzeko guneak, funtzioak eta egoerak finkatzea beharrezkotzat jotzen du. Egoera normalizatuan, herriari berari dagokio erabakitzea halako egoeretan nolako hizkera erabili. Izan ere, gizarteak berak zigortzen ditu erabilera ez-konbentzionalak eta saritzen erabilera aberats, egoki eta emankorrak. Gaur egungo gizartean emankortasun hori bidera daiteke eta "modak" edo joerak elikatu egin behar dira.

Euskara batuak eremu ezberdinetan izan duen eraginaren inguruko kezka hedatu egin da. Euskara "jatorra", tokian tokikoa, galduz doala eta eredu estandarrak (batuak) eta erdarek duten eraginak hizkuntzaren kalitateari eragiten diotela nabarmendu dute hainbat autorek. Antton Kazabonek, Oiartzungo kasuan oinarrituta, lagunarteko solasaldietan euskañol izenez ezaguna den aldaera gailentzen ari dela dio eta garai bateko hizkera berreskuratzea zail ikusten du (Kazabon, 2002). (Link Hizkuntza Ukipena).

Bestetik, soziolinguistikaren alderdi linguistikoa ere, aldakortasuna (soziolinguistika zentzu hertsian), lekua hartzen hasi da. Hizkuntzen aldaeran, dialektologiatik harago, adina aldagaiak hartu du garrantzi berezia. Horrela, Imanol Esnaolak bere doktore-tesian oinarritutako gazteen hizkerari buruzko lana kaleratu zuen 1999an (Esnaola, 1999). Gazte-itxura ematen zioten ezaugarriak, nagusiki, erdaratikoak zirela ondorioztatu zuen. Esnaolaren ustez, hizkuntzaren ezaugarrietan hiru mailako aldagaiak daude: orokorrak, eremu soziolinguistikoen araberakoak eta subjektuen araberakoak.

Beste ikerketa-ildo bat lanbide jakinei bideratutakoa da, jergak aztertzera begira daudenak. Horien artean, gehienetan lexikoa aztertu eta gordetzeko helburua duten lanak izan dira. Horren adibide garbia da Mikel Etxaburu Osak, 2007an burututako doktore-tesian, Ondarroako arrantzaleen inguruan egin zuen azterketa.

Sánchez Carriónek hizkuntzaren soziologiaren ildotik Soziolinguistikaren atarian lana argitara eman zuen; Iñaki Caminok (Camino, 2003), berriz, Euskal soziolinguistikaren atarian artikulua kaleratu zuen. Hizkeren barne-egituraketa, arauen monozentrismo edo plurizentrismoa, euskalkien prestigioa eta beren funtzio komunikatiboak eta identitarioak aztertu zituen, baita estandarrak bete behar duen lekua eta bere inguruan sortutako jarrerak ere. Caminok berretsi zuen moduan, maila geografikotik maila diastratikoan lan egitera jo dute hizkuntzalariek eta horrela soziolinguistikaren gunera hurbildu.

Industrializazioak, urbanizazioak edota estandarizazioak hizkuntzaren baitan sortutako aldaketak hain handiak izanik, aldaera berriak aztertzea beharrezkoa da.

Bestalde, euskara batuak idatzizko ereduaren inguruko ikerketa ugari sortu ditu, baita ahozko hizkera eraldatu ere. Zentzu horretan, hiztunen ahotan hizkuntzak dituen ezaugarriak batu eta deskribatzeko ahaleginak ere izan dira. Dialektologiaren ekarpena izan da, batez ere.

Gotzon Aurrekoetxea buru duen EUDIA ikerketa-taldeko partaideek Euskararen Atlas Soziolinguistikoa (EAS) egitasmoa jarri dute abian. Lan honen helburua, batetik, azterketa geolinguistikoa egitea da, baina, bestetik, adinaren araberako aldeak neurtzea ere bai. Ondorioz, ikerketa soziolinguistikoa ere bada.

Ekimen horren bultzatzaileen ustez, dialektologiak bi ildo barnebiltzen ditu: bertikalki nahiz horizontalki egindako azterketak. Horregatik, hizkeren arteko aldeak geografikoki nahiz sozialki aztertu dituzte.

Baionako Iker taldeak ere, aldagai sozialek hizkuntzan duten eragina aztertzera bideratutako egitasmoak abiarazi ditu.