Kontzeptua

Euskal soziolinguistika

Dialektologiak hizkuntzen aldaera diatopikoak aztertzen ditu. Dialektoa hizkuntza baten aldaera geografikoa da, geolektoa; eremu jakin bateko hiztunek egiten duten sistema oso batean oinarritutako azpisistema.

Dialektoa: lurralde mugatu batean hitz egiten den hizkuntza-aldaera, sistema linguistikoan ezaugarri bereziak dituena. Geolektoa. Aldaera diatopikoa.

Hizkuntzaren inguruko zientzien artean, tradizio handienetakoa du dialektologiak. Grekoek sortu zuten dialekto hitza, eremu jakinetan erabiltzen zen hizkera mota izendatzeko.

Gerora, konnotazio ugari jaso ditu dialekto hitzak, batez ere hizkuntza-gatazka egoeretan, prestigio nahikorik lortu ez duten hizkuntzei modu despektiboan aplikatu baitzaie. Hizkuntza bat dialektotzat hartzeak funtzionaltasuna mugatu eta prestigioa gutxitzea dakar. Jarrera glotofobiko horien atzean, hiztun taldearekiko mespretxua ere gordetzen da; izan ere, bere hizkuntzaren gaineko erabakiak hartzeko gaitasuna ere ukatzen zaio.

Dialektologiak dialektoak aztertzeko helburua duen bezala, soziolinguistikaren zeregina da hizkuntzaren estratifikazioa azaltzea. Horretarako soziolektoen deskribapena egitea beharrezkoa da, dialektologiarentzat aldaera geografikoak aztertzea den bezala. Koldo Mitxelenak honela definitu zuen bi diziplina hauen arteko lotura: La sociolingüística, más reciente que adulta, trata ante todo de darles una nueva dimensión, en una estratificación que podemos llamar vertical, que complete la visión plana de la dialectología antigua y externa (Mitxelena, 1971b, 73. or. in Odriozola, 1992).

Hizkuntzaren aldaerak hiru taldetan bana daitezke:

DialektoaSoziolektoaErregistoa
1. taula: hizkuntza-aldaerak.
Aldaera diatopikoaAldaera diastratikoaAldaera diafasikoa
Kokagune geografikoaren araberakoaGizarte taldearen araberakoaEgoera komunikatiboaren araberakoa
Adibidez: euskalkiakAdibidez: gazteen hizkeraAdibidez: egoera formaletako hizkera

Dialektologia tradizionaleko metodologiak eta teknikak erabat pertinenteak dira izaera sozialeko aldaeren inguruko datuen bilketarako eta konparaziorako. Dialektologiak aldaera diatopikoak aztertzen ditu, soziolinguistikak, berriz, aldaera diastratikoa du helburu. Hirietako dialektologian ere estratu ezberdinak dira, azken finean, aztertzen direnak. Zentzu horretan, soziolinguistika, bere zentzu hertsian, dialektologiaren oinordekoa dela esan daiteke.

Hala ere, dialektologiak aldaera geografikoak sistema diren heinean aztertzen ditu, hau da, azpisistemaren deskribapena egitea du helburu. Soziolinguistikak, berriz, aldaera gizarte-testuinguruan azaltzea bilatzen du. Alde batetik, hizkuntza-aldagai batzuen (lexiko, fonetiko nahiz sintaktiko) deskribapena egin eta horiek azaltzeko arrazoi sozialak bilatzen ditu. Labovek, New Yorkeko r fonemaren ebakerak aztertu zituenean, bakoitza gizarte maila bateko kideen ezaugarria zela ondorioztatu zuen (Link Hizkuntzaren Aldakortasuna).

Bestetik, gizarte-talde ezberdinen hizkeren ezaugarri nagusiak biltzen ditu. Jergak deskribatzea hizkuntzaren aldakortasuna aztertzeko beste modu bat da. Dialektologia tradizionalak landa-eremuetako aldaerak aztertu ditu nagusiki. Hala ere, 50eko hamarkadan, dialektologia urbanoak lehen urratsak egin zituen. Hiria hizkuntza-arauen sorgune garrantzitsua da eta, beraz, bertan gertatzen diren aldaerak aztertzea funtsezkoa da. Azterketa-mota horrek gizarte-dialektoak ezagutzea ekarri zuen. Horiei soziolektoak edo gizarte-dialektoak deitu zitzaien. Ildo berean, dialektologia soziala edo soziodialektologia izenak ere erabili dira (Moreno Fernández, 1998).

Soziolinguistikak, bestetik, aldaera bakoitzak duen prestigioa ere neurtzen du. Aldaketa linguistikoa gertatzeko, aldaera batzuk orokortu egin behar dira, hedatu. Hiztunek badute gaitasun soziolinguistikoa, hau da, prestigiozko aldaerak zeintzuk diren identifikatzen dute eta horiek erabiltzeko joera izaten du. Normalean gizarte-mailako goi-estratuetan erabiltzen diren aldaerak izaten dira prestigio gehien lortzen dutenak eta, beraz, hedatzeko aukera gehien dutenak. Dialektologiak ere aldaeren hedapenari begiratu izan dio. Hizkuntza-aldaketan garrantzia hartzen duten indarguneak zeintzuk diren eta berrikuntzen hedapen-fluxuak nondik norakoak diren aztertzen da. Ondorioz, aldaketa bera bihurtu da aztergai. Gauza jakina da dialekto batzuek besteek baino prestigio handiagoa dutela. Bonaparteren laguntzaileek ere konstatatu egin zuten errealitate hori (Link Hizkuntzaren Aldakortasuna.).

Hizkuntza-corpusaren normalizazioari loturik, aldaera bat estandar bihurtzeko edo berria sortzeko langintzan aritzen diren hizkuntzalariek irizpide ezberdinak erabili ohi dituzte: hedatuena, gainontzekoentzat ulergarriena, botere politikoa edo ekonomikoa duen zonaldeetakoa... Estratifikazio soziala kontuan hartuz, normalean gizarte-maila altuko taldeen aldaerak hartu ohi dira oinarritzat.

Dialektologiak azterketa diakronikoan zein sinkronikoan tradizio handia du. Soziolinguistikak, berriz, azterketa sinkronikoa egiten du nagusiki.

Bestalde, metodologiari dagokionez, hizkuntza-geografian arituek (hizkuntza-atlasgintzan dihardutenek) erabiltzen dituzten isoglosak ez dira pertinenteak gizarte-mailako bariazioak neurtzeko.

Dialektologoek sarritan aldagai sozialak ere aztertu dituzte euren azterketetan; izan ere, dialektoak erabiltzen dituzten taldeak ez dira homogeneoak. Sarritan sexuaren edo adinaren araberako ezberdintasunak azpimarratu izan dira azterketa dialektologikoetan, hala nola, Manuel Alvar-ek egindako Andaluziako atlas linguistiko eta geografikoan.

Euskal dialektologiak ere gizarte-mailako datuak eman dizkigu, nahiz eta batez ere landa-eremuei begira egon den. Arestian aipatu bezala, Euskal Herriko atlas soziogeolinguistikoan ere belaunaldien arteko ezberdintasun linguistikoak neurtzen dira. Koldo Zuazok arrantzale eta barrualdeko herritarren artekoa, artzainena, mugalariena, eibartar langileena... aipatzen ditu (Zuazo, 2005). Iñaki Gamindek prosodiaren alderdia landu du aldagai sozialei loturik. 2009an Txillardegiri eskainitako BAT soziolinguistika aldizkariko alean, sexuaren aldagaia erkatu zuen prosodiari lotutako aldagaiekin. Bide berri horren Ildotik, Bizkaiko gazteen prosodia euskaraz eta gaztelaniaz aztertu du, eskuliburu hau egin bitartean argia ikustekotan den lanean. Horiek guztiek agerian uzten dute, euskaraz ere, nahiz eta asko dagoen aztertzeko, gizarte-mailako ezaugarriak hizkuntzan islatzen direla.

Komunikazioaren etnografia: gizakien elkarreragina aztertzera bideratutako hizkuntzaren antropologiaren adarra. Talde etnikoak aztertzera bideratutako diziplina sorreran, edozein hizkuntzatako egoerak aztertzera zabaldu da. Dell Hymes du bultzatzaile nagusi.

Dialektologiaren ikuspegitik aldaera diatopikoak eta soziolinguistikatik diastratikoak aztertzen dira; komunikazioaren etnografiak, berriz, aldaera diafasikoen garrantzia azpimarratzen du, hau da, egoeraren araberako hizkuntzaren erabilera.

Dell Hymes (1971) izan zen arlo hau gehienbat jorratu zuena. Chomskyk proposatutako hizkuntza-gaitasunaren aurrean komunikazio-gaitasuna proposatu zuen. Bere ustez, hizkuntzaren ezagutzak, hau da, sistemaren ezagutzak, ez du komunikazioa modu egokian gauzatuko dela bermatzen. Hiztun batek gizarte jakin batean komunikatzeko hizkuntzaz gain, bestelako konbentzio asko ezagutu behar ditu. Elkarreraginerako arauak, arau moralak, gizarte antolamendua edota umorearen trataera ezagutzea funtsezkoa izango da komunikazioa modu egokian gauzatzeko.

Haurrek hizkuntzaren eskurapen prozesuan ez dituzte soilik hizkuntzaren arauak jasotzen, beste arlo askotako ezagutza ere eskuratzen dute aldi berean, egoki komunikatzen laguntzen dietenak. Adibidez, zein gairi buruz hitz egin dezaketen eta zeini buruz ez, noiz hitz egin eta noiz ez, nolako tonua erabili behar duten egoera bakoitzean eta abar. Finean, gizarte mailako adostasunak ezagutu behar dituzte, hizkuntza ezaugarri horiei egokitzeko.

Komunikazioaren etnografiak, hizkuntza gizarte-komunikaziorako tresna den aldetik aztertzen du, eta betiere, testuinguruaren baitan. Normalean komunitate edo talde txikiekin lan egiten du. Behaketan oinarritutako ikerketak egiten ditu, ikerketa kualitatiboa eginez, nagusiki.

Diziplina honen aitzindariek, hasieratik, hizkuntzaren erabilera egoera komunikatibora egokitzeko beharra azpimarratu zuten. Horretarako, gaitasun gramatikalaz gain, hiztunak gaitasun diskurtsiboa eta estrategikoa ere beharrezkoak ditu. Egoera komunikatibo bakoitzean modu egokian aritzeko gaitasuna.

Egoera komunikatiboa hiztunak hizkuntza erabiltzean eragina duten faktoreak dira. Igorlea, hartzailea, komunikazioaren helburua eta gizarte-esparrua dira elementu horiek. Hiztunek ez dute berdin hitz egiten amarekin edo lagunarekin, dirua eskatzeko ala doluminak emateko, banketxean ala futbol-zelaian.

Hiztun batek tabernan, lagunartean, unibertsitatean irakaslearekin hitz egiten duen moduan hitz egiten badu, esaldi zuzenak egingo ditu, ez du akatsik egingo, baina komunikazioa arraroa izango da. Bere hizkera ez da egokia izango.

Chomskyren zuzentasuna kontzeptuaren aurrean, egokitasuna planteatzen zuten komunikazioaren etnografiaren inguruko ikertzaileek. Gaitasun komunikatiboak gaitasun lexikoa eta gramatikala behar ditu, baina baita elkarreraginerako gaitasuna edo egoera komunikatiboak ulertzeko gaitasuna edo gaitasun soziolinguistikoa ere.

Sarritan, komunikazioaren etnografiak hizkuntzaz kanpoko gaiak ere lantzen ditu, hala nola, isiluneen kudeaketa, intonazioa, hitzik gabeko komunikazioa eta abar. Horiek guztiak kultura bakoitzaren baitan aztertzen dira. Diziplina horren ikerketaren objektuak agurrak, zoriontzeko moduak, pragmatikari lotutako funtzioen azterketa eta abar izan dira. Maiz, hizkuntzak islatzen duen mundu-ikuskeraren azterketa ere egin izan da, bide batez.

Komunikazioaren etnografia antropologiaren oinordekoa da eta hizkuntza-amerindiarren azterketan du jatorria. Horregatik, danborren edo ke-seinaleen bidezko komunikazioa ere aztertu izan da bere itzalpean.

Azkenik, diziplina horrek badu loturarik diskurtsoen azterketarekin eta testu generoetan oinarritutako gramatikekin edo testuaren gramatikarekin; izan ere, testu-generoak gizarte edo kultura bakoitzean egoera komunikatibo bati erantzuteko konbentzio-maila nahikoa duen hizkuntza-unitateak dira.

Hizkuntzen irakaskuntzan, gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari dira etnografiaren ekarpenak; izan ere, edozein hizkuntza ikasteko, testuinguru komunikatiboetan eragiten duten ezaugarri kulturalek egundoko garrantzia izango dute, ikasleak jatorrizko hiztunen jardueretara ahalik eta gehien hurbil daitezen.

Testuaren gramatika: esaldiaren gramatikaren aurrean, 1970eko hamarkada hasieran Teun A. Van Dijk buru izan zuen eta testu generoen berezko arauak ezartzea bilatzen duen diziplina, ondoren diskurtsoen azterketarekin uztartu dena.

Hizkuntzaren ikerketa-eremua esalditik harago jarri beharra soziolinguistikaren sorrerarekin bat datorren helburua da. Sintaxian oinarritutako gramatikak, berez, ez zuen asmatu hizkuntzaren unitateen deskribapen osoa egiten. Komunikazioaren baitan, esaldiaz harago, esangura hartzen duten elementuak daude, egoera komunikatiboaren arabera aldatzen direnak. Hizkuntzalaritzara esparru ezberdinetatik hurbildutako adituek elementu horien funtzionamendua eta sistematikotasuna aztertzea bilatu zuten. Psikologiatik, soziologiatik zein hizkuntzen irakaskuntzatik ekarpen interesgarri eta bateragarriak egin ziren oraindik garapenean dagoen ikerketa-ildo horretara.

Esaldiaren muga gainditzearen aldeko lehen argudioak pragmatikatik etorri ziren. Pragmatikoen ustez, hitz egitean, hau da, hizkuntza erabiltzean, hiztunak helburu bat bilatzen du. Hiztunak helburu hori lortzeko hizkuntza modu estrategikoan erabiliko du, hau da, egoera komunikatiboa interpretatu eta errekurtso ezberdinak erabiliko ditu: ironia, intonazioa, metaforak... Horiek guztiak hizkuntzak berezkoak dituen errekurtsoak dira, baina estrukturalistek eta Chomskyren jarraitzaileek ez zituzten kontuan hartzen.

Hizkuntza-egintzek sarritan esaldi baten izaera dute, baina beste askotan luzeagoak ala laburragoak izan daitezke. Hartzailearengan eragina sortzeko, batzuetan nahikoa izaten da hitz bat edo sintagma bat: Liburu bikaina! edo Hara! bezalako unitateek esanahi zabala har dezakete testuinguru batzuetan. Beste batzuetan, aldiz, egitura landuagoa duen unitatea behar izaten da, hala nola, gutun bat jakinarazpen formala egiteko.

Van Dijk-en ustez, esaldia gainditzen duen unitate konbentzionala testua da eta, Chomskyren gramatikaren eraginez, testuaren gramatika egitea bilatzen du. Testua esatean, hala ere, ez da idatzizko testua esan nahi, baizik eta egoera komunikatibo batean sortzen den hitzezko ekintza osoa; ahozkoa nahiz idatzia, monologala ala dialogala. Bere helburua testuen egiturak azaltzea da, hau da, esaldien arteko koherentzia semantikoa ahalbidetzen dituzten arauak deskribatzea (Van Dijk, 1977).

Ildo horretatik, testuaren barruan sekuentzia ezberdinak daudela antzeman zuen. Esaldien arteko lotura logikoaz gain, testuek barne egituraketa orokorragoa dute, testu osoari koherentzia ematen diotenak. Egitura horiek bi mailatan gertatzen dira: forman eta esanahian. Formari dagokionez, esaldiak ahapalditan edo azpitituluz antolatuta ager daitezke, adibidez. Esanguraren aldetik, eskema jakin bati jarraituz egituratutako ideia baten garapena egiten da; esate baterako, ideia bera indukzioz zein dedukzioz gara daiteke.

Baina gainera, testu eta diskurtsoetan, mota ezberdinak bereiz daitezke. Werlich-ek bost egitura mota bereizi zituen, bakoitza ezagumen-prozesu bati lotuta (Werlich, 1975):

  1. Deskribapen-motako egiturak (espazio antolamenduari lotuak).
  2. Narrazio-motako egiturak (denbora antolamenduari lotuak).
  3. Azalpen-motako egiturak (kontzeptuaren analisi eta sintesiari lotuak).
  4. Argudio-motako egiturak (jarrerari lotuak).
  5. Argibide-motako egiturak (ekintzari lotuak).

Jean Michel Adam-ek (Adam, 1992) bost horiei beste hiru gehitu zizkien (elkarrizketak, erretorikoak eta aurresaleak), baina azkenean elkarrizketa bakarrik hartu zuen testu edo diskurtso sekuentziatzat, beste biak deskriptibo eta argibide motakoetan sartuz. Diskurtso-mota horiek testuinguru jakinetan gertatzen dira, hau da, egoera komunikatibo konkretuetan. Igorlea, hartzailea, igorlearen helburuak, gaia edo erreferentea, kanala eta toki soziala edo arloa testua baldintzatuko duten elementuak dira. Horien arabera lexikoa, ideien hurrenkera eta formalitate maila aukeratuko dira. Diskurtso horien prototipoak testu-generoak dira.

Testu-generoak, Adamen ustez, hiru mailatan daude elkarri lotuta (Adam, 1996):

  1. Alderdi pragmatikoa: berbaldiko makroekintza.
  2. Eduki globala edo makroegitura semantikoa.
  3. Eskema globala edo testuaren gainegitura.

Testuak egoera komunikatiboetara egokitzen dira eta, beraz, konbentzio batzuen araberakoak izaten dira. Sailkapen bat egiteko zenbait ezaugarri bereizi behar dira:

  1. Diskurtso-mota
  2. Ahozkoa/idatzizkoa
  3. Monologala/dialogala
  4. Igorlea
  5. Hartzailea
  6. Helburua
  7. Tokia, gizarte-arloa
  8. Egoera formala/Egoera informala

Testu egokiak egin ahal izateko, hizkuntzaren erabiltzaileak hiru eragiketa egiten ditu bere hizkuntza egintza baldintzatuko dutenak (Jean Paul Bronckart, 2004):

  1. Testuinguraketa: testuinguru bakoitzaren ezaugarrien interpretazioa eta bakoitzari dagozkion elementu linguistiko egokiak aukeratzea.
  2. Egituraketa edo planifikazioa: ideien hurrenkera hartzailearen egitura kognitiboan modu egokian eta eraginkorrean barneratzera begira antolatzea.
  3. Testualizazioa: ideien arteko konexibitatea, gaien kohesioa eta modalizazioa.

Hiztunaren gaitasun komunikatiboa eragiketa horietan hiztunak duen trebetasunen araberakoa izango da.

Euskal Herrian lan asko ari dira gauzatzen ildo honetatik, bai irakaskuntzara bideratutako lanetan, bai hizkuntzaren inguruko bestelako alderdietan. Horren adibide garbia da 2007an Itziar Plazaolak eta Maria Pilar Alonsok editatutako liburua. Bertan, lan ezberdin eta emankorrak ez ezik, ikerketa ildo honen ezaugarri nagusiak biltzen dira, eta Itziar Idiazabalek Euskal Herriko lanen ibilbidea laburbiltzen du.

Hizkuntzen irakaskuntza: hizkuntzaren eskurapen edo ikaskuntza-prozesuaz aritzen den arlo zabala. Haurren hizkuntza-jabekuntza eta prozesu horren etapak aztertzetik hasi eta helduek bigarren hizkuntza (H2) ikasteko jarraitu beharreko bidea doitzera bideratutako ikerketa-eremuak barnebiltzen ditu. Egoera elebidunetan, hizkuntza bakoitzak irakaskuntzan duen lekua erabakigarria da, bai hiztunen ibilbide akademikoan, bai gizartearen normalizazioan.

Hizkuntzen irakaskuntza ikuspegi ezberdinetatik lotzen zaio soziolinguistikari. Alde batetik, hizkuntzaren aldagarritasunaren ikuspegitik, ikastetxea ikasleek etxetik dakarten aldaeraren eta gizartearen erabilera-esparru ezberdinetan egokia den hizkeraren arteko lotura baita. Hezkuntza-curriculumetan ondo zehaztu behar da hizkuntzaren aldaera bakoitza noiz eta nola landuko diren.

Bestetik, metodologiaren inguruko eztabaidan soziolinguistikak zeresan handia izan du azken hamarkadetan hizkuntzen irakaskuntzan. Hizkuntzaren inguruko ikuskera aldatzeak ikas-prozesuak irauli ditu.

Hizkuntzen irakaskuntzari buruz hitz egitean, bi prozesu ezberdin bereizi behar dira. Lehena, umeak egiten duen ibilbidea, ama-hizkuntzaren edo H1en ikas prozesua da; ikasketa prozesu naturala eta elkarreraginean oinarritua. Hizkuntzaren eskurapena esaten zaio eta beste ezagutza eta gaitasunak eskuratzeaz batera gauzatzen da. Bigarrena, helduak egiten duen bigarren hizkuntzaren (H2) ikas-prozesua da. Hizkuntza hau ez da beti atzerriko hizkuntza bat izaten, norberaren lurraldeko beste hizkuntza bat izan baitaiteke; horregatik, H2ren ikas-prozesua esaten zaio. Ibilbide hori ez da nahitaez helduaroan egiten; elebitasun goiztiarraren kasuan bi hizkuntzen barneratze-prozesuak nahiko parekatuta burutzen dira eta.

Hizkuntzen eskurapenaren eta irakaskuntzaren inguruko teoriak garaian garaiko hizkuntzalaritzako eta psikologiako korronteen araberakoak izan dira. Saussurek bultzatutako hizkuntzaren ikuspegi berriak eta harekin batera garaiko psikologiaren joera behavioristek, errepikapenean eta zuzentasunean oinarritutako ikas-prozesuak bultzatu zituzten. Formari begira egituratutako ikas-materialak eta ikas-prozedurak jarraitu ziren. Metodologia honetan, ikasleari eredu zuzena emanda, errepikapenaren bidez ikastea espero da, jokabide linguistiko zuzenak errefortzu positiboz sarituz. Leonard Bloomfield-ek (1933) metodo audiolinguala bultzatu zuen. Ikasleak "hizkuntza-ohitura onak" eskuratzea bilatzen zen. Ikasleari forma zuzenak aurkezten zitzaizkion eta berak imitazioaren bitartez ikasten zuen.

Haurren hizkuntzaren eskurapenean ere estimulu-erantzun joko horrek hartzen du parte. Haurrak estimulu baten aurrean hizkuntza-erantzun bat ematen du eta ondoren, ondorio positiboak jasotzean, hizkuntza-jarduera hori errepikatu egiten du. Umeek hizkuntza jasotzean barne eta kanpo estimuluak jasotzen dituzte. Barne-estimuluen artean gosea, mina edo poza egon daitezke; kanpo-estimuluak, berriz, pertsona nagusiek sortutakoak izaten dira.

Ondoren, kognitibismoaren eskutik zetorren Chomskyren gramatika sortzailearen teoriak, hizkuntzaren arau gramatikalak eskuratuta, nahi beste esaldi mota sortzea ahalbidetzen dela defendatzen zuen. Hortaz, lexikoa eta gramatika-arauak nahikoak dira hizkuntza-gaitasuna izateko. Garai hartan arau gramatikalen deskripzioan eta sailkapenean oinarritutako metodologiak ziren nagusi. Testuinguruari ez zitzaion erreparatzen; aitzitik, hizkuntzaren elementuak eta egiturak ezagututa, ikasleak edozein egoera komunikatibotan aritzeko gaitasuna izatea espero zen. Zuzentasunari erreparatzen zitzaion, hau da, esaldien gramatikaltasunari.

Baina soziolinguistikaren ekarpenek, hizkuntzen irakaskuntza-metodoak ere aldatu zituzten. Hizkuntza sistema huts bezala ikusteari utzi zitzaion. Hizkuntza helburu batekin erabiltzen den tresna izanik, helburu horiei lotuta ikastea bilatzen hasi zen. Horrela, metodologia funtzionalistek lekua hartu zuten. Hizkuntzaren bitartez, informatu, eskatu, agindu, aholkatu eta abar egiten dugu. Beraz, hizkuntza helburu horiei begira irakatsi beharko litzateke, hiztunak izango dituen beharrizan errealei erantzutera begira.

Programa horiek ikuspegi komunikatiboaren hastapena izan ziren, izan ere, hizkuntzaren eta komunikazioaren arteko loturan jartzen zuten arreta. Programazioak beste modu batean antolatzea bilatzen zen, komunikazio-egoera ezberdinetan martxan jartzen diren prozesu psikolinguistikoak ikaslearengan aktibatzeko. Pedagogiaren ekarpenekin batera, metodologia hutsetik curriculumera pasatu zen, eta, horrela, ibilbidearen diseinu osoagoa lortu.

Arestian aipatu bezala, Hymesek gaitasun komunikatibo kontzeptua sortu zuen Chomskyren gaitasun linguistikoaren aurrean. Komunikatzeko gaitasuna izateko ez da nahikoa hitzak ezagutu eta zuzen jostea. Gaitasun komunikatiboa eskuratu nahi duen ikasleak bestelako gaitasunak bildu behar ditu (Hymes, 1971):

  1. Gaitasun gramatikala: sistema linguistikoaren ezagutza.
  2. Gaitasun soziolinguistikoa: hizkuntzaren erabilerari buruzko gizarte-arauen ezagutza.
  3. Gaitasun diskurtsiboa: egoera komunikatibo bakoitzean pertinenteak diren ahozko nahiz idatzizko testuak egituratzeko gaitasuna.
  4. Gaitasun estrategikoa: gabeziak gainditzeko, ahozko zein ez-ahozko estrategien erabilerari dagokiena.

Hiztunak, hizkuntza ezagutzeaz gain, gizartearen ezaugarri askoren inguruko ezagutza ere beharko du, kodea gizarte-arauen arabera erabili ahal izateko. Pragmatikari eta kulturari loturiko alderdiak lantzea, beraz, ezinbestekoa da.

Metodologia komunikatiboak, funtsean, hizkuntzari ikuspegi soziala ematean etorri ziren. Metodo hauen ezaugarri nagusia hizkuntza bere testuinguruan eta helburu komunikatiboei lotuta irakastea zen.

HABEk berak, 1999. urteko curriculumean, irakaskuntza komunikatiboaren alde, ondorengo aldaketak egitea proposatu zuen (HABE, 1999):

  1. Produktutik prozesura
  2. Esalditik testura
  3. Zuzentasunetik egokitasunera
  4. Gaitasun linguistikotik gaitasun komunikatibora

XXI. mendean, hizkuntzen irakaskuntzak garrantzi handia hartu du eta, eleaniztasuna kudeatzeko beharrak bultzatuta, programa eta metodologia ugari sortu dira. Curriculumetan tokian tokiko hizkuntzak ezagutzeaz gain, nazioarteko funtzioa beteko duen hizkuntza eta bestelako atzerriko hizkuntzaren bat jakitea bilatzen baita. Europako Kontseiluak Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren bitartez, eleaniztasuna sustatzeko eta irakaskuntza-metodologia komunikatiboa bultzatzeko gomendioak egin ditu. Bertan, ikasten den hizkuntzaren testuinguru soziokulturala kontuan hartzea premiazkotzat jotzen da, eta ikasleak hiztun moduan aritzeko eskuratu behar dituen gaitasunak zerrendatzen dira, eta, besteak beste, gaitasun soziolinguistikoan sakontzeko beharra azpimarratzen da (HABE, 2005).

Hizkuntzaren soziologiatik ere ekarpen garrantzitsuak egin zaizkio hizkuntzen irakaskuntzari. Erabilera eremuak definitzea, egoera diglosikoen ezaugarriak deskribatzea, planifikazio linguistikoari loturiko alderdiak eta jarreren inguruko gogoetak glotodidaktikaren erdigunean kokatu dira.

Erabilera-eremuak (domain) definitzeak hizkuntza ikasten duenaren testuingurura egokitzeko aukera ematen du, eremu bakoitzean izan daitezkeen egoera komunikatiboetara egokitutako ikas-prozesuak egokitu ahal izateko. Ekintzetara bideratutako metodologia komunikatiboetarako oso oinarri egokiak dira egoera errealetan oinarritutako atazak diseinatzeko.

Ikuspegi horretatik, diskurtsoen azterketa hizkuntzen irakaskuntzarako oinarri teoriko baliagarria gertatzen ari da. Testuinguru komunikatibo jakin batean zeregin (ataza) bat aurrera eramateko, ikasleak diskurtso bat sortu beharko du. Diskurtso horrek izaera argumentatiboa, narratiboa, azalpenezkoa edota deskriptiboa izango du. Hizkuntzaren irakaskuntzaren zeregina izango da ikasleak bete nahi dituen helburuak lortzeko (konbentzitu, azaldu, argudiatu...) eta testuinguru komunikatibora egokitzeko estrategiak garatzen laguntzea. Horretarako, hiru aldi bereizten dira: egoera komunikatiboaren azterketa eta testu generoaren ezaugarriak zehaztea, edukiak hautatu eta modu egokian ematea edo planifikatzea eta hizkuntza-baliabide egoki eta aberatsak zuzen erabiltzea, hots, testu egokiak sortzea.

Jarrerak eta motibazioak hizkuntzen ikaskuntzan

Motibazioak ere leku garrantzitsua betetzen du hizkuntzen irakaskuntzan; izan ere, ikaslea hizkuntza ikastera bultzatzen duten motibazioek erabat baldintzatuko dute ikas-prozesua. Txepetxek ikas-prozesuaren baitan, motibazioari berebiziko garrantzia ematen zion, batetik, ikasteari ekiteko pizgarritzat eta, bestetik, ezagutza eta erabileraren arteko zubitzat baitzuen. Motibazioak, beraz, hiztunaren portaeran eragiten duten aldetik, ikas-prozesuan kontuan hartu eta landu beharreko alderdia dira.

Hizkuntza ikastera bultzatzen duten arrazoiak ezberdinak dira ikasle bakoitzaren kasuan. Gizartean integratzea, lana bilatzea, hizkuntza horretako hiztun batekin ligatzea edo bibliografia kontsultatzeko gaitasuna eskuratzea izan daitezke arrazoiak, motibazioak. Gardner eta Lambert-en ustetan (1972), ikasleak multzo bitan bana daitezke. Batetik, joera integratzailea duten ikasleak; hauek H2ko hiztunenganako jarrera positiboa agertzen dute eta euren antzekoak izan nahi dute. Bestetik, jarrera instrumentala dutenak; hauek hizkuntza jakiteak ekarriko dizkien onurengatik ikasten dute: lanpostu hobea, soldata handiagoa...

Ildo horretatik, euskara ikasten ari diren ikasleen inguruko ikerketa ugari egin dira. Josu Peralesek 1989an egindako lanean, instrumentaltasunetik integratzailetasunera doan continuumean hiru orientazio-mota bereizi zituen: instrumentalak, tartekoak eta integratzaileak.

Siadecok 1996an honakoak bereizi zituen: motibazio afektibo-ideologikoak, motibazio komunikatzaileak eta motibazio pragmatikoak.

Maite Otegi Jauregik, Goierriko euskaltegietako ikasleak ikertu zituen eta motibazio integratzailearen eta instrumentalaren ezaugarriak zehaztu zituen eta ikasle askoren baitan biak agertzen direla azpimarratu zuen (Otegi, 2006).

Hezkuntza-programak, elebitasuna planifikatzen

Azkenik, irakaskuntzak hizkuntzaren transmisioan eta normalizazioan duen garrantzia kontuan hartuta, egoera elebidun eta eleanitzetan curriculumean hizkuntzek izango duten tokiaren inguruko eztabaidan ere soziolinguistikak garrantzi handia hartu du. Heziketa-prozesua nagusiki zein hizkuntzatan egingo den, hau da, zein izango den irakaskuntza-hizkuntza, eta beste hizkuntzek zein toki izango duten zehaztea da hezkuntza-programen zeregina. Arlo horrek, pedagogiarekin eta psikologiarekin ez ezik, hizkuntza-planifikazioarekin ere lotura zuzena du.

Ikaslearen ama-hizkuntzaren, gizarte-egoeraren eta programak normalizazioaren aurrean hartzen duen jarreraren arabera, irakaskuntzan erabiliko den komunikazio hizkuntza kontuan hartuz, lau programa-mota bereiz daitezke: sumertsioa, segregazioa, mantenimendua eta murgiltzea.

SumertsioaSegregazioaMantenimenduaMurgiltzea
2. taula: irakaskuntza programak.
HelburuaHizkuntza gutxitua desagertzeaHizkuntza gutxitua desagertzeaHizkuntza gutxitua mantentzeaHizkuntza gutxitua normalizatzea
Ikasleen ama-hizkuntzaHizkuntza gutxituaHizkuntza gutxituaHizkuntza gutxitua eta hizkuntza nagusiaHizkuntza gutxitua eta hizkuntza nagusia
Irakaskuntza-hizkuntzaHizkuntza nagusiaHizkuntza nagusia eta hizkuntza gutxituaHizkuntza gutxitua eta hizkuntza nagusiaHizkuntza gutxitua
AdibideakGerra Zibil osteko eskola Euskal HerrianEstatu Batuetako eskolak hispanoek ingelesa ikastera bultzatzekoB eredua EAEnD eredua Euskal Herrian.

Irakaskuntza elebidunak berak bultzada handia jaso du soziolinguistikaren ekarpenekin; izan ere, hainbat autorek, inolako funts teorikorik gabe, umeak bi hizkuntzak aldi berean ikasteak garapen kognitibo eta pertsonalaren kalterako zela defendatzen zuten. Oro har, sumertsio programetan ikasten zuten hizkuntza gutxituko haurrak ebaluatzen zituzten, baina eurek ulertzen ez zuten hizkuntzan. Ama hizkuntzan ebaluatuak ziren haurren aldean lortutako emaitza txarrek euren gaitasun intelektuala txikiagoa zela esatera eramaten zituen ikertzaileak. Baina hirurogeita hamarreko hamarkadatik aurrera sistema elebidunen onurak azpimarratzen zituzten lanak agertzen hasi ziren (Miguel Siguan, 2001).