Kontzeptua

Euskal nekazaritza

1975-1985 arteko krisi ekonomikoak ez zuen eragin berezik izan nekazaritza jardueretan, nahiz eta hauek pisu ekonomikoa eta populazio aktiboa galdu. Lehen sektoreko enpleguaren bilakaera (arrantza barne) EAEn adierazgarria da: 1975ko 66.300 lanpostutik, 27.900ra jaitsi ziren 1988ean. Nafarroako kasuan bilakaera ere argia da: 1975ean 37.000 lanpostu baziren ere, 1988ean apenas 18.200ra iristen ziren. Nafarroan, 1982ean, nekazaritzan erabiltzen esparrua 516.945 hektareakoa, hauetatik 357.301 (%69,1) norberaren jabegoa ziren, 72.304 (%14) errentan zeuden , 28.282 (%5,5) partzuergoa ziren eta 59.067 (%11,4) beste eratako edukitzeak ziren. Esandako urtean 1.936 ziren soldatadun langile finkoak eta zehaztugabeko behin-behineko langile kopuruak 479,674 lanegun bete zituzten.

Kontuan hartu behar da sasoi honetan mekanizazioa eta industrializazioak nabarmen gora egin zutela. Ez da harritzekoa nekazal ekoizpenaren bilakaera osoa positiboa izatea. EAEn 1990ean nekazal ekoizpena osoaren balio 74.000 milioi pezeta ingurukoa izan zen eta Nafarroko kasuan 73.000 milioikoa. Kopuru hauek 1996koekin aldentzen badira , ikus daiteke EAEan nekazal ekoizpen osoa 79.959 milioi pezatakoa izan zela (33.087 milioi pezeta nekazaritzakoak eta 30.673 milioi pezeta abelazkuntzakoak) eta Nafarroan nekazal ekoizpenaren balio osoa 94.174 milioi pezetara iritsi zen (50.328 milioi pezeta nekazaritza jardueretakoak eta 43.814 milioi pezeta abelazkuntzakoak). Baita ere kontuan izan behar da baso ekoizpenaren balioak 80. eta 90. hamarkadetan gora egin zuela. EAEko bilakaera ikertzen bada, nabaritzen da 1983ean ekoizpenaren balio osoa 4.001 milioi pezetakoa izan zela, nekazal ekoizpen guztiaren %9,4 zelarik.

Nekazaritza ekoizpen osoaren joera EAEn 90. hamarkadan gorakoa izan zen, horrela 1999ko 103.911 milioi pezetako balioa lortu zuen, hautatik 52.233 milioi pezeta nekazaritzakoak ziren, 27.063 milioi pezeta abelazkuntzakoak eta basogintzakoa 22.742 milioi pezetakoa zelarik. Ez da ahaztu behar hamarkada bateko kopuruen konparaketak egiterakoan txanpon unitate arrunta erabili dela (urte bakoitzean erabiltzen ziren pezetak) beraz ez dela kontuan izan inflazioaren zuzenketa balioa.

1996ko Hego Euskal Herriko nekazaritza ekoizpen garrantzitsuenak aztertzerakoan honoko hauek nabarmendu behar dira:

  1. Hiru zerealen ekoizpena, garia, garagarra eta artoa, bateratuta, milioi tonatik gora dira.
  2. Barazkietan, tomatea 185.000 tona baino gehiago izan zen.
  3. Fruta zuhaitzetan sagardo-sagarra, jateko-sagarra eta mertxikak, batera, 40.000 tonatik gora izan ziren.
  4. Bazka laboreen artean, alpapa 407.000 tona baino gehiago izan zen.
  5. Ardo kopurua 1,38 milioi hektolitro baino gehiagokoa da.

Beste alde , nekazal merkataritza , 90. hamarkadan galerakoa da. Horrela nekazaritza elikagaien esportazioak 69.359 milioi pezetako baliora iritsi ziren, inportazioak, berriz, 142.413  milioi pezetako kostua izan ziren: beraz urte horretako defizita 73.054 milioi pezeta izan ziren. Defizita EAE eta Nafarroa artean xehatzean argi eta garbi ikusten da EAEk defizitaren ia %90 egokitzen zaiola.

Ipar Euskal Herrian nekazal jarduerak garrantzia galtzen jarraitu zuten. 1975ean 8.477 ustiategi batzeuden, 2000. urtean, berriz, kopurua 5.939koa zen, orokorrean txikiak (batez beste 23 hektarea). Gehien bat lurra, larre ete bazkarako erabiltzen da, %35 geratzen delarik laboreetako.