Pintoreak

Pichot Molinuevo, Enrique

Pintorea Bilbon jaio bazen ere, Gasteizen bizi izan zen eta bertan egin zuen bere ibilbide artistikoa. 1920ko otsailaren 18an jaio eta bere Gasteizko etxean hil zen 2001eko azaroaren 21ean.

Txikia zela, sei urterekin, Arabako hiriburuan bizi zen. Lehen Hezkuntza Marianisten eskolan egin zuen. Gerra zibilean zehar, eta gerraosteko lehenengo urteetan, Bartzelonan herritartu zen. Ramon Pina-ren akademia partikularrean ikasi zuen, eta maisu horrek lanbide piktorikoaren lehenengo jakintzetan barneratu zuen. Berrogeiko hamarkadaren amaieran, Gasteizera itzuli zen; hain zuzen, bere karrera artistikoa sortzen ari zenean.

Berrogeita hamarreko hamarkadan, Arabako Pintura Erakusketetan (1956az geroztik, Arabako Arte Lehiaketa) parte hartu zuen: bere lehenengo esku-hartzea 1950ean egin zuen, eta A ataleko (artista berriak) lehenengo saria eraman zuen, Contraluz en el canton hiri-paisaiagatik. 1951ko edizioan, jada B atalean (eskarmentu handikoen eta artista berrien artean), hirugarren saria eskuratu zuen, aurkeztutako lan-sortagatik. Guztira, lau paisaia aurkeztu zituen: Durana, Jauregilanda, Oreitiako ikuspegi bat Estibalizko muinotik eta La Casa del Marqués.

1952an, IX. Erakusketan, Udalaren Aparteko Saria jaso zuen. Hurrengo urtean, Udal Kutxak antolatutako lehiaketa berean, Aldundiaren Aparteko Saria jaso zuen, Alma de ciudad olio-pinturagatik. Ez zen 1954ko deialdira aurkeztu, eta, berriro, 1955ean aurkeztu zen, koadro-sorta batekin. Bigarren saria jaso zuen, epaimahaiaren aktaren arabera "landutako gaien gainean egindako interpretazio pertsonalagatik". Cocina de un mísero convento de clausura olio-pintura nabarmentzen da. Huerta del manicomio (edo Expresión de horas inmensas) lanagatik bigarren sari bat jaso zuen 1956an.

Hurrengo edizioetan parte hartzen jarraitu zuen. 1957ko deialdian, accesita eskuratu zuen La procesión lanagatik; 1958an, hirugarren saria jaso zuen Camino de la Cruz Blanca lanagatik; ez zen 1959tik 1962rako deialdietara aurkeztu, eta 1963an, paisaia pare bat aurkeztu zituen. Ramón Alonso Verasteguirekin batera, aparteko saria eskuratu zuen, Sinfonía cromtica lanagatik. 1964an, aintzatespen berri bat jaso zuen. Hirugarren saria jaso zuen aurkeztutako lanengatik. Aneas koadroak aipamen berezia jaso zuen. Saria etorkizun oparoko Carmelo Ortiz de Elgea gaztearekin partekatu zuen. 1965ean lehenengo saria irabazi zuen, La ermita lanagatik.

Pintorea bere paisaien dramatismoagatik, asalduragatik eta indar sutsuagatik nabarmendu zen kritikarien artean. Saria jasotzeak ala ez jasotzeak ez dio obra artistikoari balioa ematen ez kentzen, baina beharrezkoa da lehiaketetara aurkeztea. Egile baten lanak promozionatzeko baliabide ezin hobea da. Are gehiago garai hartan, aukerak ez baitziren oso ugariak.

Arte Ederretako lehiaketa nazionaletan parte hartu zuen, 1954an eta 1957an, Paisaje sugerente del Gorbea eta Tenderetes lanekin, hurrenez hurren. Horrez gain, Hispanoamerikako II. Arte Bienalean parte hartu zuen. Hori La Habanan izan zen, 1954an. Oso gustuko zuen Arabako panoramika bat aurkeztu zuen: Paisaje del Gorbea.

Tokiko hainbat enpresa ados jarri ziren pintorearen obrak kanpoko lehiaketetan aurkezteko. Bartzelonan egindako Hispanoamerikako III. Bienalera aurkezteaz gain (1955), Udal Kutxak "Arabako Pintura Eskola Gaztea sortu zuten 6 gasteiztar pintoreren omenezko erakusketa" antolatu zuen, 1956ko otsailean. Pajarita taldea sortzear zegoen orduan. Talde hori Pichot, Armesto, Jimeno Mateo, Moraza eta Suarez Albak osatzen zuten. Omendutako beste artista, Miguel Jimeno de Lahidalga, zaharragoa zen.

Agertze kolektibo horiez gain, banakako erakusketak egin zituen, bere burua ezagutarazteko eta publikoaren gustuetan sartzeko. 1953ko uztailaren 23tik abuztuaren 2ra bitartean, Pichotek erakusketa zabaldu zuen Olagibel kaleko Kultura Aretoetan. Garai hartan, Gasteizko erakunde-gune bakarra zen (Udal Kutxaren jabetzakoa). Hogeita hamar olio-pinturez osatutako erakusketak izenburu generikoa zuen: Paisajes sugerentes.

Mende erdialdean, aholkulari artistiko gisa jardun zuen Udal Aurrezki Kutxarako. Hamarkada amaitu aurretik, bere kargua Enrique Súarez Albak hartu zuen. Bere laguna eta kidea zen. 1958 eta 1962 artean, gutxi gorabehera, Logroñon bizi izan zen, berriro eta behin betiko Gasteizera itzuli zen arte.

Hirurogeita hamarreko hamarkadan, pintorearen denboraldi emankorrenetako bat hasi zen. Garai hartan, arte-kritikari gisa lan egiten zuen bertako prentsan (1964-1966); hasieran, F.J. Rodriguez de Robles izengoitiarekin. Ondoren, kolaborazioak bere izenarekin sinatu zituen. Lan hori artisten lanak hedatzeko eta promozionatzeko asmoz sortu zen. Asmoa publikoak jarduera plastiko horiek hobeto ulertzea eta balioestea, eta, horretarako, kazetarien informazio-aipamenetatik harago sakontzea zen.

Kritikari-lan horrez gain, Pichotek konpromiso piktorikoei erantzuten jarraitu zuen. Banakako hainbat erakustea prestatu zituen Olagibel Aretoetan: 1964ko irailean, eta 1966ko eta 1968ko azaroan. Arabatik kanpo, Zaragozan egin zuen erakusketa: 1965eko martxotik apirilera bitartean, Albiac Arte Aretoan.

Bere koadro paisajistikoak geroz eta asaldatuagoak, urduriagoak eta irudikorragoak ziren. Prozedura piktorikoak asko nabarmendu zituen, eta adierazkortasun trinko eta indartsuago batean sakondu zuen. Paisaia bakartiak ziren; batzuetan, kanpoko inguruak aldatuak eta deformatuak, baina espiritu-tentsio bati lotuak: argilun dramatikoekin. Orduan, gehiago interesatzen zitzaizkion paisaia "subjektibotuak", izaera baten espresio gisa, naturaren berehalako sentsazioen edo sentsazio atmosferikoen mendeko paisaia "errealistak" baino. Bere obrak ageriko introspekzio-prozesua izan zuen.

Garai horretan, Gasteizko Udalaren Arte Plastikoen Urteroko I. Lehiaketara aurkeztu zen. 1964ko edizioak ez zuen inpresio "lehiakorrik" izan. 1965eko deialdian, bigarren saria jaso zuen Costureras lanagatik. Gaur egun, Arabako Arte Ederren museoan dago. Arte Plastikoen III. Lehiaketan, ohorezko saria lortu zuen, Frontón de pueblo lanagatik. Sari berdina lotu zuen V. Lehiaketan, 1968an, Paisaje rural lanagatik.

Bost urtez (1969 eta 1973 artean), Probintziako Kutxak Gabonetako Pintura Aretoak antolatu zituen, Arabako Arte Lehiaketekiko alternatiba gisa. Lehiaketa horren bigarren edizioan (1970ean), Pichotek sari nagusia eskuratu zuen, Sierra de Cantabria lanagatik. Paisaia zaindua eta sintetikoa zen. Garai horretan, berrogeita hamar urte zituela, lehiaketa artistikoetan parte hartzeari utzi zion. Eginkizun astunagoetan jarri zuen interesa, eta jarduera piktorikotik urrundu zen. Zeregin profesional berriei ekin zien erretiroa hartu arte.

1988ko abenduan, jarduera publikora itzuli zen. Gasteizko Rubens galerian "Erakusketa Antologiko eguneratu" bat zabaldu zuen: egikera berriko koadroak, aurreko etapetako obra batzuekin. Esperientziak animatuta, banakako beste erakusketa bat prestatu zuen, formatu handiko eta materia aberatseko dozena bat koadrorekin. Egilearen hitzetan, erakusketa "abstraktu-sinbolista" izan zen. Bere azkeneko erakusketa 1990eko urtarrilaren 22tik 31ra bitartean ikusi ahal izan zen, Luis de Ajuria aretoan. Ekimen honekin, behin betiko amaitu ziren bere erakusketa-abenturak.

  • ANDREU, Ana. "Enrique Pichot, el retorno de un maestro". El Correo Español-El Pueblo Vasco, 1988ko abenduak 19.
  • ANDREU, Ana. "A pesar de todo, Pichot". El Correo Español-El Pueblo Vasco, 1990ko urtarrilak 29.
  • AÑÚA, Javier. "Enrique Pichot: "Mi pintura es pichotesca". En arte no se puede dogmatizar, porque para medirlo no existe un calibrador". La Gaceta del Norte, 1967ko apirilak 22.
  • ARCEDIANO, Santiago. "Enrique Pichot, un camino hacia la madurez". Celedón, Revista Gráfica de Fiestas, 76 zbk., Gasteiz, 1994, 57-61 orr.
  • ARCEDIANO, Santiago. "La Figuración Vasca de Postguerra (1940-1965)". Pintores Vascos en las Colecciones de las Cajas de Ahorros (Bilbao Bizkaia Kutxa,Gipuzkoa Donostia Kutxa, Vital Kutxa), 5 lbk., Donostia, 1996.
  • ARCEDIANO, Santiago. Grupo Pajarita de Pintores Alaveses: entre la tradición y la renovación. Gasteiz: Arabako Arte Ederretako Museoa, Arabako Foru Aldundia, 2004.
  • GARCÍA DÍEZ, José Antonio. La pintura en Álava. Gasteiz: Vital Kutxa, 1990.
  • MARTÍNEZ DE MARIGORTA, A. "Pichot habla para Celedón". Celedón, Revista Gráfica de Fiestas, 36 zbk., Gasteiz, 1954, s. p.
  • VIRIBAY, Ángel. "La pintura de Enrique Pichot es... al óleo metida en tubitos". Pensamiento Alavés, 1953ko uztailak 29.
  • VIZCARRA, Javier. "Pichot". La Voz de España, 1964ko irailak 11.