Kontzeptua

Artearen Historia (2008ko bertsioa)

Aro Modernoa deritzogu, 1492an Amerikako kontinentearen aurkikuntzarekin hasi eta 1789an Frantziar Iraultzarekin amaitu zen historiako aldiari. Lau mende horietan zehar, sistema feudalaren ordez, ordura arte nobleen eta elizaren kontrolpean zegoen boterea hartu zuten monarkia indartsuak barneratu ziren eta azken hauek zenbait erakunde antolatzen hasi ziren. Modu horretan, nobleek etsi egin behar izan zuten, aldi horietan protagonista nagusi bilakatu ziren hirien bultzadaren aurrean: jarduera ekonomiko nagusiak antolatzeaz gain, sormen kultural eta artistikorako gune bilakatu ziren, behin-betiko. Elizari dagokionez, botere moral eta ekonomikoa mantendu zuen arren, Luteroren Erreformaren garapenaren ondorioz bere boterea murriztu egin zen.

Dena den, aldaketak ez ziren politikoak eta ekonomikoak soilik izan. Amerikaren aurkikuntzari, aldi honetako bizimodua errotik aldatu zuten beste asmakuntza eta aurkikuntza batzuk -astronomia, fisika, mekanika edo filosofia bezalako arlo ezberdinetan- gaineratu behar zaizkio. Kulturari dagokionez, Aro Modernoan bi mugimendu ezagutu ziren: lehenik errenazimendua, XV eta XVI mendetan zehar eta, geroago, barrokoa, XVII eta XVIII mendeetan. Errenazimenduan, gizakia abiapuntutzat harturik kulturaren eta artearen ikuspuntu berri bat abiatu zen, Erdi Aroko ikuspuntutik at - garai honek Jaungoikoa eta Eliza zituen ardatz, nahiz eta gotiko jadanik gizakiari begira jarri zen-, eta Grezia era Erromako antzinatasun klasikoaren ereduari jarraiki, arteak naturalismoa eta errealismoa, armonia eta proportzioa berreskuratu zituen. Hurrengo aldian, ordea, Eliza gidari jarri zen berriro eta barrokoaren bitartez, sentimendua eta emozioa baliatuz herritarrarekin harreman zuzena izatea bilatzen zuen estilo berri bat sustatu zuen. Gortearen eta herritarren nahimenetik gertuago zegoen proposamen artistiko bat sortu nahi zuen arte dinamikoago eta espresiboago berri hau, estilo heterogeneo bilakatu zen, pentsamendu eta gustu garaikidearen aurrekari izan zena.

Aro Modernoko lehen zati honetan, Euskal Herria, bi monarkia boteretsutan -Espainia eta Frantzia- bereizita geratu zen behin-betiko, eta herrialde hauetako bakoitzak historiako aldi hau taxutu zuten. Modu honetan, nobleziaren eta Elizaren boterea bigarren maila batera pasa zen, eta botere hori aldi horretako protagonista nagusi bilakatu ziren erregeek eta hiriek hartu zuten. Gainera, Elizak, neurri handi batean botere moral eta ekonomikoa mantendu bazuen ere, erlijio-krisia pairatu zuen eta ahuldurik geratu zen, aharik eta Trentoko Kontzilioak berriro gidaritza eman zion arte. Hori dela eta, monarkiak eta burgesiak zalantzan jarri zuten artearen arloko gidaritza hori, eta Euskal Herriak XVI. mendean bizi zuen abagune ekonomiko eta demografikoa itxaropentsua baliatuz, arte-sorkuntza berrien beharrizana sortu eta sustatu zuten. Hala, lehenengo XVI. mende amaierako izurriaren epidemiak eta, ondoren, XVII. mendeko krisi politiko eta ekonomikoak arte-sorkuntza murriztea eragin bazuten ere, Europa Iparraldeko eta Amerikako itsas jarduerari esker Euskal Herriak bizi zuen aberastasuna baliatuz eta Euskal Herriko nobleek estatuko armadan eta administrazioan parte hartzen zutela baliatuz, Euskal gizartearen gogo eta ekimenak, artearen agerpenari garrantzia ematen jarraitzea lortu zuen.

Garai horretan garatu zen estilo artistiko berriari errenazimendua deitu zitzaion, izan ere, helburu nagusia ez zen izan Antzinako Grezia eta Erromako eredu klasikoak birsortzea soilik, kulturaren ardatza ere aldatu nahi zen, dimentsio jainkotiarraren ordez dimentsio gizatiarra finkatuz. Eraldaketa garrantzitsu hau, bere esparruko gustuekin bat egiten zuen estilo artistiko berri bat aldarrikatzen zuen gizarte-klase nagusiak, burgesiak, eta hiriek bultzatu zuten. Horrela sortu zen errenazimendua, eredu klasikoei so abiatu zen estiloa, izan ere, garai hartan eredu jainkotiarrei baino gizakiaren neurrira zegoen arte bat sortu nahi izan zela uste da. Horrez gain, monarkiek modu honetako artearen aldeko apustua eginez, boterearen kontrolean eta sozialki nagusi izatekoa mantentzen zuten lehian noblezia eta Eliza ahuldu zitzaketela ikusi zuten. Elizari dagokionez, behin egoera berrira egokituta, estilo hori bultzatzeko jarrera hartu zuen eta fededunak gero eta ordezkaritza handiagoa erakusten zuten profanoengandik baztertuak ez izateko helburuan saiatu zen. Hori dela eta, azkenean errenazimendua guztientzako propagandazko estilo bilakatu zen, botere zerutiarra eskuratzeaz gain, lurralde-boterea eskuratzeko paregabea suertatzen zen tresna.

Bestela izan ez zitekeen moduan, errenazimenduko ereduak Italiatik iritsi ziren, baina, estilo erromaniko eta gotikoa ez bezala, errenazentista ez zen horren homogeneoa izan eta eredu ugaritasun eta aniztasun handiagoa ezagutu zuen arte adierazpenean. Dena den, jarraitu ziren irizpide guztiak artearen tradizio klasikoa berreskuratzera bideratu ziren, estilo gotikoa alde batera utziz. Lengoaia berri honetan, gizakia izan zen ardatz nagusia, ondorioz, proportzioa, simetria eta armonia bezalako kontzeptuak sintaxi berri honetako ezinbesteko elementu bilakatu ziren, lexikoa antzinatasun klasikoari zegozkion elementuz hornitu zelarik.

Errenazimendua berandu sartu zen Euskal Herrian. Izan ere, XVI. mendera arte euskal probintzietan estilo gotikoa izan zen nagusi, horrenbestez, errenazimenduak mendearen azkenaldian izan zuen azaleko presentzia, funtzio apaingarri eta sinbolikoa baino ez zuena. XVII. mendean, errenazimenduaren garapena hasi zen, nahiz eta barrokoarekin batera bizi behar izan zuen. Halere, errenazimenduaren iraupena murritza izan bazen ere, estilo honetan arte-adierazpen garrantzitsuak sortu ziren eta ez bakarrik arkitekturan, eskulturan ere nabarmendu zen errenazimendua, erromanismo izendatuko dugun korronte batean murgildurik, Nafarroan eta Gipuzkoan eragin indartsua izan zuen korrontean. Estiloari dagokionez, errenazimenduak, Europako -Italia, Herbehereak eta Alemaniako Printzerriak- nahiz Gaztela eta Aragoiko eragina jaso zuen. Modu honetan, Euskal Herriak errenazimendu ez autoktonoa baina berezia garatu zuen, kanpoaldeko eraginen menpe zegoen arte plastiko batekin eta, beste behin, soil eta sinplea izaki- apaingarritasun orotatik at -bolumen eta espazioen nahasketari esker- monumentala zen arkitektura batekin.

Beste behin, aldi honetan arkitekturaren diziplinak hartu zuen gidaritza. Eskulturak eta pinturak arkitekturarekiko independentzia gehiago lortu arren, sasoi honetan diziplina hau izan zen nagusi eta, ondorengoen ezaugarri nagusien erritmoa finkatu zuen.

Sasoi errenazentista honetan Euskal Herrian eraiki ziren obra ugariengan koherentzia zintzoaren aldeko jarrera nekez ikus badaiteke ere- izan ere, ez zen irizpide bateragarririk finkatu eta gure lurraldean estilo hau gidatuko zuen erakunderik ere ez zen izan-, forma tradizional eta klasikoen nahasketa izan zen etengabe errepikatu zen ezaugarrietako bat. Modu honetan, erdi-puntuko arkua eta kapitel-zutabe klasikoa onartu eta laster egokitu baziren ere, errenazimenduko beste elementu batzuk berandu sartu ziren, oinplano zentralizatuak edo kupulen erabilera kasu. Hala, aipatu sasoiaren hasieran, portadetan ageri ziren elementu errenazentista gehienak, baina eraikinaren egitura irizpide gotikoei jarraiki egiten zen. Eraikuntza elementuetan eskulturazko apaingarriak finkatzearen ukoa da sasoi honetako arkitekturaren beste ezaugarri bat, horregatik, apaingarriak portadetan gordetzen ziren.

Arkitektura forma nagusien deskribaketari dagokionez, erlijio-arkitekturan oinplano eredu ugari aurki daitezke, ondorioz, erromanikoan eta gotikoan gertatzen zen bezalaxe, nekez egotz dakioke garai honi eredu bakarra. Hala, Euskal Herrian badira nabe bakarreko elizak eta hiru nabetan eginak ere aurki daitezke, baina gainera, hiru nabetako ereduari jarraiki egin eta aretozko oinplano bilakatu zirenak ere badaude. Altuerari dagokionez ere oparotasuna dugu, eta altuera ezberdinak hartzen dituzten elizak aurki ditzakegu alde batetik eta gehienezko altuera estalduretan hartzen duten elizak, beste alde batetik. Dena den, badira sasoi ezberdinetan maiztasunez errepikatzen diren arkitektura forma batzuk. Esate baterako, bertikaltasuna eta apaingarririk gabeko kaxa zuzenen itxura prismatikoa dira kanpoaldetik Euskal Herriko eliza gehienen ezaugarriak; berez, burualde zuzen eta poligonalak eta trazaketa adierazten duten kontrahormak dira euskal elizetako kanpoaldean nabarmentzen diren bolumen bakarrak. Barrualdeari dagokionez, gehienek batasun espaziala transmititu nahi zuten, ondorioz, kapera urritasuna, joera laukizuzeneko oinplanoak eta euskarri ugari ziren nagusi.

Deskribatutakoaren arabera, erlijio-tipologiak kopuruari eta garrantzia sozialari dagokionez garrantzitsuena izaten jarraitu bazuen ere, arkitektura zibila indarra hartuz joan zen, izan ere, azken honek arkitektura gero eta garrantzitsuagoa garatu zuen. Dena den, sasoi honetako erlijio-arkitekturan, errenazimenduaren eragina zuen elizaz gain, Euskal Herriari dagokion berezko estilo ez badu ere-izan ere, aurretik Europan sortu eta Penintsularen iparraldera hedatu zen- gure lurraldean asko hedatu zen eliza mota bat aztertuko dugu, mantendu diren adibide ugaritan egiaztatu daiteken mota, euskal gotikoa izenez ezagutzen duguna.

Lurralde guztietan antzeko garapena izan bazuen arren, kostaldean kokatu ziren elizek garrantzia handiagoa hartu zuten. Erlijio-tipologiari dagokionez, Gipuzkoa eta Bizkaiak, euren herrien bultzada ekonomiko eta demografikoarekin bat zetozen tenplu nabarmenak egiteko ahaleginarekin jarraitu zuten eta, Araba, Nafarroa eta Iparraldean jarduera artistikoaren gainbehera fase bat bizi izan zuten barrokoan ere iraun zuena, izan ere, aurreko sasoietan eraikitako eraikuntzekin izpirituzko beharrizanak ase zirenez, hiru probintziok iraunkor mantendu ziren, aurrerapenik gabe, nekazal arloari hiri arloari baino garrantziagoa emanez. Estiloari gagozkiola, eraikin gehienak XVI. mende amaierakoak eta XVII. mende hasierakoak dira eta plateresko estiloan eginak daude, garatu zirenen artean apaindurari garrantzia gehien eman ziona eta herreriatarrena, berantagoa eta soilagoa.

Adibideen artean, Arabako Eltziego eta Lapuebla de Labarcan eraiki ziren elizetako monumentuzko fatxadak aipatu behar dira, erdi-puntuko arkudunak. Nafarroan ere portada adierazgarrien hiru adibide aurki daitezke Kaseda, Los Arcos eta Vianako elizetan, azken honek errenazimenduan egindako portada bikaina du, garaipenaren arkuarekin enkoadratutako exedra formakoa. Halere, lurralde hauetan estilo honi dagokion adibide bitxiena Araban aurki daiteke, Aguraingo Andre Mariaren parrokiako koruan, adibide hau giltzarri da Euskal Herriko errenazimendu platereskoaren lehen aldian; ukitu gotikoa duten punta zorrotzeko arku zuzenen gainean jasoa, Aguraingo koruan, tertzelete-ganga nabarmentzen da. Araban, Estamonako San Andres elizan eta Kanpezuko Jasokundearen elizan ere koru errenazentistak aurki ditzakegu. Komentu-arkitekturari dagokionez, Orreagako, Fiteroko eta Iratxeko monasterioetan errenazimenduko lehen aldia baliatu zuten, oraindik ere gotikoaren eragina antzeman dakizkiokeen estilo sinpleetan eraikitako klaustroak eraikitzeko. Gainerako eraikuntzei dagokienez, eliza errenazentista sinpleak aurkitzen ditugu, bai egitura eta bai apaingarriei dagokienean, Lerin, Larraga, Ziga, Otsagabia, Erronkari, Milagro, Arguedas, Kaparroso eta Garesen, Nafarroan, eta Bastida eta Oionen, Araban.

Iparraldean ere, eliza txiki eta sinpleetan elementu gotikoen eta errenazentisten nahasketa izan zen nagusi, bereziki Zuberoako probintziako nekazal eremuan eraikiak. Herrietako biztanleriak gora egiten zuenean eraikitzen ziren egurrezko galeriak eta gurutze banaz azkendutako (erdikoa handiagoa zelarik) hiru dorrez osatutako kanpai-hormak ziren eliza hauetako bi elementu nagusienak. Interpretazio ezberdinen arabera, dorre hauen forma eta kokapena gurutze-bidearen edo hirutasunaren ikur ziren, Ingalaterrako elizaren eragina ere izan zitekeen arren, izan ere, lurralde hau sasoi ezberdinetan Ingalaterraren menpe egon zen. Halakoak dira Gotogeño, Undureiñe, Altzuruku eta Zalgizko elizak, eta aipatu kanpai-horma mantentzen dute.

Gipuzkoa eta Bizkaiari dagokionez, aipatu bezala, kostako bi probintzia hauen hazkunde ekonomiko eta demografikoari esker, bertako arkitektura harrigarriki garatu zen garrantziari eta kopuruari dagokionez. Garai gotikoan korronte berria kostako herrietan nabarmendu bazen, garai honetan barnealdeko herriak dira, batez ere, korronte honen eragina hartzen dutenak, bertako nobleziak estatuko administrazioan parte hartzen zuela baliatuz. Gauzak horrela, estilo honetako adibideak aurkitzen ditugun lehen herrian -Oñati (Gipuzkoa)- jaio zen eraiki ziren eraikuntzen mezenas, Rodrigo Mercado de Zuazola, Avilako gotzaina eta Gaztelako Gorteetako kontsultaria. Gipuzkoako herri honetako San Migel elizako klaustroa eta Errukineko kapera estilo errenazentistan eraiki ziren. Dena den, Bidaurretako monasterioa da Oñatiko erlijio-eraikuntza nagusia, komentu-elizen eskema klasikoari dagokiona, kontrahormen artean kapera baxuak dituelarik.

Komentu-tipologiaren barruan, trazatzaile berari zor dizkiogu hiru proiektu nagusiak, Frai Martin de Santiagori, zeinak Salamancako San Estebango ereduari jarraiki, Bilboko domingotarren Gizakundea komentua eta Donostiako San Telmo proiektatu zituen; San Telmo da bietan hobeto mantentzen dena, euskal arkitektura errenazentistako eraikin nagusietako bat. Bolumenari eta eraikuntzari so eta Trentoko Kontzilioak zehaztutako kontzeptu errenazentista soil eta landuago berri bati erantzunez, oso soila eta sinplea den monasterioa honetan, eliza nabarmentzen da, bertan, ojiba-arkudun estaldurak eta gurutze-gangak zilindro formako euskarriekin batera barneko espazioa bateratzen dute, halaber, klaustroa ere aipagarria da.

Gainerako elizei dagokionez, Bizkaian, garapenaren arkuaren itxura hartzen duten portada errenazentistak nabarmendu behar dira, Begoñako Andre Maria, Bilboko San Anton, Portugaleteko Andre Maria eta Zornotzako Abandoko San Bizente tenplu gotikoetara erantsiak. Bukatzeko, azpimarragarria da, halaber, Markina-Xemeinen kokatzen den Ziortzako Kolegio-klaustroa eta Balmasedako San Severino elizan dagoen Santo Cristo kapera, azken honetan, izar-gangak nabarmentzen direlarik.

Azkenik, Trentoko Kontzilioaren bitartez Eliza katolikoak bultzatutako ikuspuntu aldaketak, arkitektura estilo, soilagoa, irmoagoa eta monumentalagoa ekarri zuela nabarmendu behar da, euskal gotiko izenez ezagutzen duguna, hain zuzen ere. Ikuspuntu aldaketa honi esker, Euskal Herrian sasoi gotikoko elizen eredua, eta eredu hauen eta apaingarririk gabeko elementu errenazentisten arteko nahasketak berreskuratu ziren. Ondorioz aretozko oinplanodun elizak sortu ziren -zutabedunak izenez ere ezagunak-, honako ezaugarriekin: altuera handiko hiru nabe (nahiz eta nabeen artean ez zegoen alderik), gurutze-gangak, kanpoaldean kontrahormarik eta arbotanterik gabea, eta eredu errenazentistari dagozkion kapiteldun zutabeak.

Mota honetako elizak Bizkaian eta, batez ere, Gipuzkoan aurkitzen dira, garai horretan biztanleria hazkunde nabarmena eman zen herrietan, zeinaren ondorioz, espazioa bateratzeko joera hartu zen, edukiera, ikuspen eta akustika arrazoiak zirela-eta. Estilo honetan egindako eliza anitzen artetik Azpeitiko (Gipuzkoa) San Sebastian de Soreasu eliza nabarmendu behar da, bertako kasetoidura nerbioak dituen ganga trenkatuekin. Gainerakoek, apalagoak izan arren, euskal arkitekturako paisaiaren ikur bilakatzea lortu dute, bertikaltasunari eta kanpoaldeko prisma itxurari esker. Bizkaian, Lezama, Elorrio, Gernika eta Turtziozeko parrokiak nabarmendu behar dira eta Araba eta Nafarroan, Gasteizko San Bizenten, Cascanteko Jasokundean, eta Cintruenigoko San Joan Bataiatzailean baino ez ditugu estilo honetako adibiderik topatu ahal. Gipuzkoan, aitzitik, etengabe agertzen zaizkigu halako elizak paisaian zehar; Tolosan, Seguran, Idiazabalen, Azkoitian, Bergaran, Hernanin, Zumarragan, Eibarren, Irunen, Deban, Lezon, Oiartzunen eta Errenterian kokatzen dira adierazgarrienak. Nabe bakarreko elizek, bertikalki eraikitako eta espazio bateratua duten elizen hauen beste aldagai bat osatzen dute; nagusiki nekazal eremutan eta komentuetan eraiki ziren eta gehienek bizpahiru tramutako nabe laukizuzena izaten dute, kontrahorma bidez markatuak eta burualde zuzen edo zortzialdekoz amaitua; Gipuzkoan, Soraluzeko Andre Maria, Itziarko Andre Maria eta Orioko San Nikolas eliza dira mota hauen adibide.

Arkitektura zibilari dagokionez, garai honetatik mantentzen diren jauregi anitzez gain, lehen ospitaleak, unibertsitateak eta udaletxeak nabarmendu behar dira, gerra gutxiagoko garai oparoago baten adierazgarri. Tipologia honen garapenak erakusten digunez, herrietako botere zibila erlijio-boterearen sareetatik askatzen ari zen eta berezko eremua aldarrikatzen zuen nola gizartean hala hirien osaeran. Garai honetan euskal baserriaren tipologia ere zehaztu zen, izan ere, egungo baserriaren arkitektura-ezaugarriak XV. mende amaieran ezarri zirela uste bada ere, garai honetakoak dira topatutako lehen adibideak.

Tipologia orokorrari dagokionez, jauregia izan zen eraikin hedatuena eta hamaika egitura ezagutu ditu, nahiz eta erlijio-arkitekturan gertatu bezala, oinplano laukizuzenak eta apaingarri gabezia ziren irizpide nagusi, halaber, defentsa-izaera desagertu zen eta dorreak, eguterak, heraldikak, burdin hesiak, angeluetako zaintza-etxolak, teilatu-hegalak, eta, batez ere, goialdeko solairuetan bao ederrak eta logiak agertzen dira. Garai honetan Euskal Herrian bi jauregi mota hedatzen dira, trinkoa, barne ataririk gabea, atlantikoko isurialdean eta mediterraneo erakoa, barnean ataria duena, lurraldearen barnealdean.

Euskal Herriko lurralde guztietan aurkitzen ditugu arkitektura zibilari dagozkion adibideak. Nafarroan, Nafarroako Ospitale Orokorra -egungo Nafarroako Museoa, zeinetatik portada platereskoa mantentzen den-, Aio, Zangoza eta Tuterako udaletxeak, Lizarrako San Kristobal jauregia eta Tuterako San Adrian Markesaren jauregia nabarmendu behar dira, azken hau da ikusgarriena, mediterraneoko ereduari jarraiki eraikitako teilatu-hegal, arkuteria eta barne atariekin. Iparraldeari dagokionez, berriro ere deskribatu berri ditugun jauregi ereduetatik aldentzen gara eta trazaketa italiarrei jarraiki eraiki ziren aurki ditzakegun jauregi urriak -ia aztarnarik utzi ez dutelarik-.

Nabarmendu ditugun bi jauregi ereduei jarraituz, Gipuzkoan lehenengo ereduari dagozkionak -Carlos V jauregia, Hondarribian- nahiz bigarren ereduari dagozkionak -Narros Zarautzen eta Ubillos Zumaian- aurkitzen badira ere, adierazgarrienak Gasteizen topatuko ditugu. Bendañako jauregian, esaterako, barnealdea nabarmendu behar da, hiru solairutan antolatua eta eskuadrazko galeria-atari batekin. Erdiko atari lauki baten inguruan antolatutako oinplano laukizuzena duen Montehermoso jauregia, aitzitik, bazterretako lau dorreak nabarmentzen dira, eta Salinaseko jauregian arkitrabezko kanpo-galeria azpimarratu behar da, lau solairuz eta portada dintelduaz osatzen den egitura nagusia amaitzen duen hamar zutabe dorikoekin. Baina Eskoriatza-Eskibel jauregia da garai honetako jauregi garrantzitsuena; Carlos I-aren mediku, Fernan Lopez de Escoriazak agindutako eraikin honetan, oinplano laukizuzenaren perimetroa inguratzen duen kanpoaldeko kateadura nabarmentzen da; barnealdean, ataria hiru horma-arteren inguruan antolatzen da, bi solairutan, eta Italiako logien antza duten erdi puntuko arku konopialak ditu. Tipologia honekin amaitzeko, eragin mudejarra duen jauregi bat aipatu behar da Urolako eskualdean (Gipuzkoa). Adreiluz egindako egitura atlantikoa duen jauregi mota honen jatorria, XV. mende amaierako Loiolatarren dorrearen estiloan bilatu behar dugu; beranduago, errenazimenduan, Azpeitiko Antxieta jauregia eta Azkoitiko Froreaga egin ziren, azken honek galeria bikoitza duelarik.

Dena den, Euskal Herriko arkitektura zibilari dagokion adibiderik adierazgarrienetako bat beste eraikin mota batean bilatu behar dugu, unibertsitatean. Rodrigo Mercado de Zuazolak sortutako Oñatiko (Gipuzkoa) Sancti Spiritus unibertsitatean, Itailako errenazimenduko elementuak eta elementu gotikoak nahasten dira. Rodrigo Gil de Hontañoni trazagileari zor zaion eraikinaren diseinuak -eraikinaren gauzapena Domigo de Guerra maisu gipuzkoarrari zor zaio- bi solairutako oinplano laukizuzena dauka, erdiko atari batekin eta angeluetan dorreak dituelarik. Ataria da eraikinaren elementurik garrantzitsu eta bereizgarriena, zutabe korintiarren gainean sostengatzen diren bi arkuteria solairutan antolatuta.

Euskal baserriari dagokionez, bere egiturak jadanik Erdi Aroaren eragina jasan bazuen ere, garai honetakoak dira mantentzen ditugun lehen adibideak, non nahiz eta errenazimenduaren eragina jaso, aurrez aipatutako soiltasuna zen nagusi. Bi uretako estaldura duen tamaina handiko eraikin monolitiko lez lehen aldiz aintzat hartzean datza, sasoi honetako baserriaren fabrikazioak duen garrantziak. Ordura arte, nekazal ingurunean banaka eraikitzen ziren egurrezko eraikuntza multzo hauek -etxebizitza, ukuiluak, aletegia, garaia, dolarea- eta sasoi honetan guztia eraikin batean bateratzen da, lehenengo solairua harriz eta gainerako solairuak, egituraren sostenguak eta itxiturak egurrez egiten direlarik. Eraikin berri honetan gauzatzen ziren jarduera guztiak, gauzak horrela, garatuko ziren jardueren arabera egitura ere aldatu egiten zen, ondorioz, hiru baserri mota bereizten dira: bizkaitarra, gipuzkoarra eta lapurtarra. Zuberoako baserria da eraikin mota hauen salbuespena, izan ere, eremu honetan Pirinioetako etxeak bere eragina utzi zuen, bertan L formako oinplanoa txikiagoa da eta estaldura pikoagoa da eta arbelean eginda dago. Gainerako euskal baserrien oinplanoa laukizuzena da.

Arte plastikoei dagokienez, eskultura izan zen garai honetako protagonista nagusia. Berez, agirietan aurki daitekeen lehen euskal artista entzutetsua eta ospetsua -aurretik baziren beste batzuk, baina apenas gorde da haien daturik- garai honetako eskultore bat da, Juan Antxieta, hain zuzen ere. Eskultore honen obrek eta hark abiarazitako lanarekin jarraitu zuten dizipuluenak erromanismo izena hartu zuten; estilo hau euskal arteari bete-betan ez badagokio ere, Errioxa bezalako beste eremu batzuetan ere garatu zelako, euskal artearen berezitasun bat da, izan ere, garai hartan indar handia hartu zuen eta ondorengo sasoietan ere eraginak utzi dituelako. Edozein modutan ere, garai honetako euskal eskultura ez zen erromanismora mugatu eta beste estilo batzuk ere izan ziren.

Arkitekturaren arloan printzipio errenazentistak aplikatzen hastearekin batera, XVI. mende erdialdean, Gaztela, Frantzia eta Herbeheretatik etorritako zenbait eskultore lurralde honetara joan ziren, momentuko oparotasun ekonomikoa probestuz. Gehienak ospe handiko artistak ziren -Diego de Siloé, Pierres Picart, Beaugrant sendia- eta Euskal Herrian kutsu gotikoa zuen eskultura-estilo bat landu zuten, ondorioz apaingarritasunaren aldeko joera eta motibo ugaritasuna erakusten zuten. Obra aipagarrien artetik, honakoak nabarmendu daitezke: Gipuzkoan, Oñatiko Unibertsitateko eskultura-multzoa eta Oñatiko San Migel elizan kokatutako Rodrigo Mercado de Zuazolaren hilobia; Bizkaian, Bilboko San Anton eta Portugaleteko Andre Maria elizetako portadak, eta Balmaseda eta Markina-Xemeingo elizetako apaingarrizko elementuak.

Lehen fase honen eta erromanismoaren artean, trantsizio epe bat dago, bitarte horretan eskultura apaingarritasuna alboratuz joan zen eta klasizismo kutsu bat sumatzen zaio; garai honetan aurkitzen ditugu euskal eskultoreen lehen izenak, aurrekoen dizipuluak eta Antxietaren belaunaldirako bidea egokitzen dutenak. Hala, hurrengo lanak egin izana egiaztatzen duten agirietan Andres Araoz, Juan de Ayala, Esteban de Obray edo Pedro de Aponte bezalako izenak ageri dira: Gipuzkoari dagokionez, Eibarko San Andres, Zarautzeko Andre Maria eta Aiako San Esteban elizetako erretaulak eta Oñatiko San Migel elizako errukiñeren kapera, eta Nafarroan, Genevillako eta Oliteko San Migel elizetako erretaulak edo Iruñako eta Tuterako katedraletako aulkiteria.

Manierismoa izeneko Miguel Angel artista italiarrak errenazimenduaren azken fasean utzitako eragina abiapuntutzat harturik, Espainian, XVI. mende amaieran sortutako eskulturgintzaren korronteari erromanismo deritzogu. Fase honetan, aurreko faseetako apaingarritasun joerari muzin egin zitzaion eta sinpleagoak eta soilagoak izanik ere formaren aldetik adierazkortasun gehiago zuten eraketen aldeko apustua egin zen; halere, irudiek dinamismoa, mugimendua eta polikromiaren bitartez nabarmentzen eta indartzen den sentimendua erakusten dute. Protestantismoari aurre egin nahian, erromanismoak Eliza katolikoaren helburuak jarraitzen zituen eskulturgintza bezalako diziplina baten eta erretaula bezalako elementu baten bitartez, azken honetan, irudien irakurgarritasuna errazten duen ordena eta egitura zehatz bati jarraitzen zaio.

Erromanismoa, Italiatik barna iritsi zen Euskal Herrira, Gaspar Becerra eta Pedro Lopez de Gamizen eskutik. Haiekin prestatu zen Juan de Antxieta, eta modu horretan, artista erromanista belaunaldi oso bat sortu zen, tartean, besteak beste, Ambrosio Bengoetxea, Pedro Gonzalez de San Pedro, Jeronimo de Larrea, Joanes de Iriarte eta Martin Ruiz de Zubiate, ageri zirelarik. Estilo hau XVI. mende amaieran hasi zen garatzen eta XVII. mendean zabaldu zen, batez ere, Gipuzkoan eta Nafarroan. Lan garrantzitsuenen artean, honakoak nabarmentzen dira: Gipuzkoari dagokionez, Zumaiako San Pedro, Donostiako San Vicente eta Berastegiko San Martin elizetako erretaulak eta Alkizako parrokiakoa. Nafarroan, Agoitzeko parrokiako erretaula eta Caseda eta Tafallako elizetakoak.

Urregintzari dagokionez, diziplina honek garai honetan une oparoa ezagutu zuen, batez ere, Elizarentzako pieza ugari ordaindu zituen hirietako burgesiaren artean sortutako mezenasen zabalkundeari esker. Hasiera batean, ezaugarri nagusiak sinpletasuna eta doitasuna baziren ere, geroago, konplexuagoa bilakatu zen, bereziki, Europan garatzen ari zen estilo berriaren, barrokoaren, eragina iritsi zenean.

Pintura arteari dagokionez, eskulturgintzan gertatu ez bezala, garapen urriagoa izan zuen. Alde batetik, Kontrarreformak berak, eskulturaren eta erretaulen erabilera gomendatzen zuen bere fededunen artean doktrina barneratzerakoan; beste alde batetik, Europa iparraldearekin zabaldutako merkataritzari esker eskatzen ziren pintura arteak inportatzea ahalbideratzen zen -erraz garraiatu zitezkeen-, hori dela eta, Euskal Herrian pintura flamenkoaren adibide bikainak ikus ditzakegu. Modu honetan, dagoeneko XV. mendean geroztik eta merkataritza harremanei esker, Van Connixloo edo Van der Goes bezalako artisten obrak aurki ditzakegu, edota Metsysen lantegiak topa ditzakegu Gipuzkoako hainbat elizetan, Zumaiako San Pedro elizan eta Bergarako San Pedro elizan edota Aizarnako parrokian.

Ondorioz, XVI. mendean Euskal Herriak ekoizpen urria ezagutu zuen pinturari dagokionez, eta agertzen diren adibideak Espainiako erreinuko pintoreek egindakoak dira, Luis Morales, Juan Pantoja de la Cruz eta Alonso Sanchez Coellok, hain zuzen ere. Oritzen kokatutako Cruzatdarren jauregiko horma-pinturak dira salbuespena, bai gaiari dagokionez eta bai teknikari dagokionez ere, izan ere, grisailak dira eta guda eszenak irudikatzen dituzte, Carlos V enperadoreak tropa protestanteen aurkako batailak, zehazki. Obra honen egileen izenak ez ditugu ezagutzen, dena den, obraren kalitateak ez gaitu harritu behar, izan ere, eskultura erromanistak erretaulak polikromatzen zituzten pintoreak behar zituen, ondorioz diziplina hau garatu egin zen, nahiz eta obra sendorik ez lortu.

Barrokoaren garaian (izen honekin ezagutzen da Aro Modernoaren bigarren zatia), Euskal Herrian, Europan gertatu bezala, XVII. mende zaila eta gatazkatsua bizi izan zen. Erlijioaren beheraldiari krisi ekonomiko sakona eta estatuak zorretan sarrarazten zituzten Europako monarkien arteko gerra etengabeak erantsi behar zaizkio. Gainera, sasoi honetan, ohikoak ziren gizarteko hiru estamentuetako kideen arteko borrokak -monarkia, noblezia, Eliza, burgesia, artisauak eta nekazariak-, ondorioz ezegonkortasuna izan zen nagusi.

Horrenbestez, halako egoera gatazkatsuan, ez da harritzeko artearekiko gustu berri bat sortzea. Gauzak horrela, sasoi honetan Elizak ekimena berreskuratu zuen eta bere erlijio-ordenen bitartez -jesuitak, kaputxinoak, karmeldarrak-, sentimenduak eta emozioak baliatuz herritarrarekin komunikazio zuzena bilatzen zuen estilo berri bat sustatu zuen. Dinamikoagoa eta adierazkorragoa zen estilo berri honek, Eliza katolikoa gizartearengana hurbildu nahi zuen, gortesauengandik eta herritarrengandik gertuago kokatzen zen proposamen artistiko baten bitartez. Hori dela eta, barrokoa estilo heterogeneo bilakatu zen, diziplina artistiko bakarrean ere ezaugarri formal kanonikorik gabea; aitzitik, irizpide orokor batzuk abiapuntutzat hartuz, eremu edo eskualde bakoitzak, artista edo eskola bakoitzak, askatasunez jardun zuen eta espazio eta garai bakoitzari egokitutako lengoaia artistiko bat garatu zuen. Bide honetatik, lengoaia berri honen jarraibideak Elizak ezarri bazituen ere, botere zibilak baliatu zuen egoera hobekien, estilo berrian herritarrengana iristeko eredu ideala ikusiz eta Elizak hedatutako sinbologiari aurka eginez.

XVII. mendea Euskal Herrian ere gatazkatsua izan zen. Aurreko sasoian aurrerapen ekonomikoaren sostengu ziren zutabeak krisian murgildu ziren eta atsekabe orokorra estamentu guztietara zabaldu zen. Erlijio-ordena berriek estilo barrokoa sustatu zuten erlijio katolikoa fededunengana hurbildu nahirik. Dena den, barrokoak Europa eta Euskal Herrian izandako arrakasta garaiaren berezko ezaugarriei ere zor zaio, zalantzaz betetako garaia zen, ondorioz arte emozionalagoa, dinamikoagoa eta adierazkorragoa sortu zen.

Euskal Herrian barrokoa XVII. mende amaieran hasi zen finkatzen eta XVIII. mendean zehar hedatu zen. Garai honetan arkitektura diziplina artistiko garrantzitsuena zen artean, eta pinturak eta eskulturak atzera pausu nabarmena pairatu zuten krisi ekonomikoak eraginda. Ondorioz, orokorrean garai errenazentistan baino obra gutxiago mantentzen ditugu eta gainera kasu askotan, barrokoa bigarren mailako eraikuntza-elementutara mugatu zen, nahiz eta hauek ere garrantzitsuak izan, portadak eta, batez ere, kanpandorreak, esate baterako. Edozein kasutan ere, eraikin berrien adibide bikainak ere aurkitzen ditugu, arkitektura zibilaren garapen berezi batez gain.

Beraz, beste behin, errenazimenduarekin gertatu zen moduan, estilo barrokoak ibilbide laburra izan zuen gure lurraldean. Hori dela eta, orain ere ezin dugu euskal barrokorik aipatu, izan ere ez da ezaugarri berezirik hautematen. Halere, egin zitzaion interpretazioan, beste behin gehiegikeriarik gabekoa eta apaingarritasunaren aldeko joerarik gabea ageri zaigu. Eta estiloak laster neoklasizismoarengan ordezkoa bilatu bazuen ere, barrokoak arte-ondarearen adibiderik onenetakoak utzi dizkigu.

Estilo barrokoan, arkitektura apaingarrien pilaketarekin lotu ohi da. Baina, barrokoak ez zuen gizartearengana eraikinetan apaingarriak erabiliz soilik gerturatu nahi, herritarrak artea eta bizitza ulertzeko modu berrira gerturatzeko asmoz egindako forma eta egiturazko eraketa konplexuekin -oinplanoak, aurretiko bistak, espazioak- ere, gizartea hunkitu nahi zuen.

Erlijio-arkitekturari dagokionez, nahiz eta beste garai batzuekin alderatuz, eraikin gutxiago eraiki, oraindik eraikin garrantzitsuak eraikitzen ziren elizaren beharrizanak asetzeko. Hala, garai barrokoaren hasieran zehar Euskal Herriko herri nagusietan hainbat komentu finkatu zirela nabarmendu behar da. Gainera, aldez aurretik eliza garrantzitsuak zituzten herrietan, portada berriak eta, batez ere, kanpandorreak erantsi zitzaizkien, eraikinak Elizak markatutako helburu sinboliko berrietara egokitzeko xedez; horregatik, arreta berezia eskaintzen diegu kanpandorreei, izan ere, eraikin mota hau Euskal Herriko arkitektura-paisaian barneratzen den arkitektura-elementu nagusietako bat da.

Euskal Herriko barrokoaren ezaugarriei dagokienez, espazioaren ikuspuntu berriak garaiz txertatu zirela esan daiteke, erlijio-ordena berriek hainbat komentu finkatu baitzituzten. Eraikin hauetako elizetan arkitektura barrokoaren lehen ezaugarriak ikus ditzakegu: laukizuzen batean gurutze latindarra inprimatua daramaten oinplanoak, burualde zuzena, alboko kaperak kontrahormen artean eta koru garaia elizaren aurrean. Barnealdeari dagokionez: luneta-gangaz edo kanoi erdiko gangaz estalitako nabe bakarra dago, kupuladun gurutzadura petxina gainean kamonatua, eta alboko kaperek ertz-gangak dituzte. Kanpoaldean aldiz, frontoi batekin amaitutako lau angeluko fatxadak nahiz kutsu eszenografiko eta urbanoa izanik, fededunak erakarri nahi dituzten portadak aurki ditzakegu.

Lurraldeei so, estilo honi dagokionez ezberdintasun nabarmenak daude Euskal Herriko probintzien artean. Eraikuntza-berrikuntza nagusienak Gipuzkoan eman ziren, Bizkaian ere berrikuntzak sartu zirelarik; tipologia eta egitura ikuspegitik nahiz apaingarriei dagokienez, bi lurralde horietan aurki daitezke obra eta berrikuntza adierazgarri gehien. Berez, kostako bi probintzien artean ere bada ezberdintasunik, hala, Gipuzkoan, Euskal Herriko eraikuntza garrantzitsuenak -Loiolako basilika- egiten zuen itzalaren ondorioz, barroko joera gehiago duten proposamenak egin ziren, formari kutsu plastikoagoa emanez; Bizkaian, ordea, barrokoak ez zuen hainbeste apaingarri izan. Nafarroa, Araba eta Iparraldeari dagokienez, askoz eraikin gutxiago eraiki ziren, izan ere, beste garai batzuetako eraikinak egonik ez zen berrien beharrik, hori dela eta, estilo barrokoan elementu osagarriak eraiki ziren nagusiki, portadak, kanpandorreak eta kaperak, hain zuzen ere.

Beraz, estilo barrokoan erabat egindako eraikinei dagokienez, erretaula klasizista formako portada duen Bastidako Jasokundeko Andre Mariaren eliza, eta Iruñako Karmeldar Oinutsak, Corellako Gizakundea, Bianako San Frantzisko eta Lizarrako Kontzepzionista Errekoletoen komentuak nabarmendu behar dira Nafarroa, Araba eta Iparraldean; komentu hauen fatxadetan Il Gesú, eliza erromatarraren eragina nabari da, eta Gasteizko San Antonio komentuak Madrileko Gizakundearen komentuko fatxada klasizistaren eragina jaso zuen, kutsu herreriatar argiekin, bere eliz atarian esaterako.

Hiru lurralde hauetan XVIII. mendekoak diren gainerako eraikinetan, barrokoaren eragina antzeman dezakegu elementu apaingarrietatik haratago. Hala, Araban, Aguraingo San Joan elizan eta Tuterako katedraleko Santa Ana eta Espiritu Santu kaperetan, Nafarroan, apaingarri naroaz gain, hausturak eta dinamismoak topa ditzakegu formetan. Espazioei dagokienez, Nafarroan, Tuterako Mariaren Lagunartea elizak oinplanoa oktogonala dauka, Milagroko Zaindaritzaren elizak, guretze grekoa inprimaturik duen oinplano eliptikoa du. Dena den, portadetan hauteman daitezke erlijio-arkitektura barrokoaren adibiderik onenak, Sorladako San Gregorio Ostiense basilika nabarmentzen delarik, Nafarroan, exedra forman eta esfera laurden batekin amaitua.

Bizkaian ere, erlijio-ordena berriek eraikitako komentuen bidez barneratu zen estilo barrokoa. Bilboko Santos Juanes eliza da eraikin interesgarrienetako bat, Euskal Herrian Il Gesúren ereduari jarraitu zion lehen tenplua; barnealdean, zantzu errenazentistak mantentzen ditu, altuera ezberdinak dituzten hiru nabeko oinplanoarekin, baina elementu barrokoak ere badira bertan, gurutzadura eta, haren gainean, petxinak dituen kupula bat, esaterako. Oinplano eredu hau Uribarriko Durangoko Andre Mariaren elizan, Urduñako Familia Santuaren elizan eta Markina-Xemeingo Karmengo elizan ere aurki dezakegu. Portadei dagokienez, Bilboko, Güeñes, Turtzioz eta Gizakundea elizek Escorialeko ukituak dituen eskema sinpleko portadak dituzte. XVIII. mendean Bilboko San Nikolas de Bari eliza nabarmendu behar da, espazio kontuetan adibiderik onenetakoa zalantzarik gabe, oktogono bihurtutako lauki batean txertatutako gurutze grekozko oinplano batekin eta kupula batekin. Portadei dagokienez, Balmasedako San Severino elizan dagoena, eta Durangoko Uribarriko Andre Marian egurrez eraikitako eliz ataria eta Bilboko Santiago elizan harriz eraikitakoa nabarmendu behar dira.

Halere, Gipuzkoan aurki ditzakegu eraikin barroko gehien eta garrantzitsuenak. Lurralde honek, hazkunde ekonomiko eta demografiko handiagoa ezagutu zuen. Azkoitiko Santa Clara komentua izan zen estilo barrokoaren eragina jasotzen lehenengotakoa. Komentu honek, lehen estiloaren tipologiari eusten dio, eraikuntza soila du eta fatxadaren tipologiari dagokionez, laukizuzena da, erabateko biluztasunez gauzatua. Gurutze latindar oinplanozko komentuen eredua eta apaingarrien tradizio klasizista, Alegia eta Pasai Donibaneko parrokietan ere gauzatu zen, eta baita Getaria, Errenteria eta Segurako elizetako portadetan edota Donostiako San Vicente elizako portadan.

XVIII. mendean, Gipuzkoa, bere esanahia zela-eta Euskal Herriko aldi barrokoko eraikuntza garrantzitsuena izango zen eraikin batek baldintzatzen du. Loiolako basilikaz ari gara, barroko erromatarrarekin duen lotura dela-eta eraikin berezienetakoa dena, inguru hauetan oso ezohikoa. Italiako Carlo Fontana arkitektoak, Berniniren dizipuluak, diseinatu zuen eraikuntza hura eraikitzeaz lan-maisu euskaldun ugari arduratu ziren, horien artean Martin de Zaldua, Sebastian de Lecuona eta Ignacio Ibero nabarmendu behar dira; Basilikan parte hartu zuten artista hauek eta beste hainbat artista euskaldunek, apaingarritasunari soilik zegokion proiektu batean, multzoaren oinplanoak aldatu zituzten, Euskal Herrian garatzen ari zen estilo barrokoaren sotiltasunera egokituz. Basilika da multzo guztiko eraikin garrantzitsuena, bertan, sarbide eskalinata, eliz atari ganbila, errotonda formako oinplano zentralizatua eta kupula izugarria nabarmentzen dira, azken honek gainera, haren baitako dorreen artean tiranteak ditu. Loiolako basilikak utzitako eragina oso garrantzitsua izan zen, hala, Bilboko San Nikolas de Bari elizak eta Andoaingo San Martin de Tours elizak, Loiolako basilikaren eragin hori erakusten duten elementu apaingarriak dituzte.

XVIII. mendean Gipuzkoan eraiki ziren elizen artetik, Donostiako Koruko Andre Mariaren basilika da interesgarriena, bertan, aretozko oinplanoa nabarmentzen da, altuera bereko hiru nabeekin eta ganga gotikozko estaldurarekin. Segurako Jasokundea, Azkoitiko Andre Maria, Oñatiko San Migel eta Hernaniko San Joan Bataiatzailea elizateko portadak ere Gipuzkoan mende honetan egindakoaren adibide paregabeak dira. Horietan, fatxada laukizuzena, triangelu formako frontoi bat sostengatzen duten eta arku bat osatzen duten bi pilastraz barneratzen da. Pasaia San Pedroko elizari dagokionez, bertako portadaz gain, hiru nabeko aretozko oinplanoa nabarmendu behar da, eta orokorrean, neoklasizismora hurbiltzen gaituen kubo formako bolumena bera.

Erlijio-arkitekturarekin amaitzeko, Euskal Herriko paisaia arkitektonikoa osatzen duten elementu arkitektoniko bereizgarrienetako bat kanpandorrea dela azpimarratu behar da. Hasiera batean, elizetako kanpaiak kokatzeko eraikiak, dorre mota hau aldi barrokoan zehar eliza katolikoaren ikur eta euskal gizartearen gain zuen boterearen ikur bilakatu zen. Berez, kanpandorreek kanpai-hotsen bitartez egunerokotasuna antolatzen zuten.

Kanpandorrea lau ataletan antolatzen da. Lehenik eta behin oina dago, bazter bakoitzean pilastra banaz apaindutako oinplano koadro bat du eta haren gainean altxatzen da lehen gorputz baxu hau. Jarraian, bigarren gorputza dago, bertan, kanpaiak kokatzen dira eta honek ere angeluetan pilastrak erakusten ditu eta pinakulu apaingarriz hornitzen da. Ondoren taulamendua, erlaitza, eta zenbaitetan, balaustrada kokatzen dira, hauek hirugarren gorputza osatzen dute eta beste bi ataletan agertzen den dekorazioa aurki daiteke. Azkenik, eraikina, kanpaien gorputzak daraman dekorazio berdina (apaingarri gutxiagorekin) daraman linterna batekin bururatzen den kupula batekin bukatzen da.

XVII. mende amaieran eraiki ziren lehen kanpandorreak eta oso sinpleak izan ziren dekorazioari nahiz egiturari dagokionez, azken hau Escorial tradizioko kubo soilekin gauzatua; garai honetakoak dira Araban, Kanpezu, Bilar eta Bastidako dorreak, Markina-Xemein eta Portugaleteko dorreak Bizkaian eta Eibarkoa, Gipuzkoari dagokionez. Dena den, Euskal Herriko paisaia arkitektonikoan garrantzitsuenak eta adierazgarrienak diren dorreak XVIII. mendean eraiki ziren. Dorre hauek deskribatu berri dugun tipologiari jarraitu zieten eta agerian geratzen da Loiolako basilikaren egitura eta dekorazioak utzitako eragina. Gipuzkoan aurkitzen dira kanpandorre azpimarragarrienak -Elgoibar, Andoain, Tolosa, Eskoriatza, Bergara, Hondarribia, Ordizia, Usurbil, Hernani, Ibarra, Aretxabaleta, Aretxabaleta-, beste lurraldeetan ere adibideak ikus ditzakegun arren. Hala, Bizkaiari dagokionez, Portugaletekoa, Elorriokoa, Otxandiokoa, Durangokoa, Balmasedakoa, Ermuakoa eta Gezalakoa dira aipagarri, Araban Gasteizko San Migel eta San Pedro elizetakoak eta Lesakan aurki daitekeena Nafarroan. Azken lurralde honetan, Erriberan, bestelako kanpandorreak aurki daitezke. Hauek, materialari eta egiturari dagokionez, tradizio mudejarraren ondorio dira; modu honetako dorreak aurki ditzakegu, Villafrancako Santa Eufemia elizan, San Julian eta Santa Basilia elizetan Andosillan, Santiago elizan Funesen, Desojoko Andre Maria elizan eta Tuterako katedralean.

Aldi barrokoan arkitektura zibilak garrantzia gehiago hartu zuen erlijio-arkitekturak baino, izan ere, eraikin kopurua handiagoa izateaz gain, bertan, gizarteak bere beharrizan eta kezkak islatzen zituen arkitektura islatu ahal izan zuen, eliza-agintariek adierazitako jarraibideen baitan ibili beharrik gabe. Jauregiak eta, batez ere, udaletxeak izan ziren garai honetako arkitektura zibila osatzen zuten eraikuntzak. Beranduago aztertuko dugu hauen tipologia.

Estiloari dagokionez, soiltasuna eta monumentaltasuna izan ziren arkitektura zibil barrokoaren ezaugarri; berez, elementu apaingarriak XVIII. mendean soilik barneratu ziren. Eraikin zibil barrokoak oinplano laukizuzena, exentua eta aglomeratua, eskailera-kaxa, teilatu-hegal monumentalak, egutera eta lorategia ditu. Fatxadan, inposta-lerroz eta hiru bao-ardatzez (erdikoan balkoia eta armarria kokatzen da) bereizitako hiru motako eskema errepikatzen da. Jauregiei dagokienez, gehienak ez zituen antzinako euskal noblezia lur-jabeek eraiki, noblezia berriak eta merkataritzari, koroan zituzten kargu administratiboei eta Amerikako egonaldiari esker aberastutako burgesiak baizik; hala, garai honetan zein beste garai batzuetan eraikitako jauregi asko indianoek, Ameriketan pilatutako aberastasunarekin euren jatorrira itzultzen zirenean, agindutakoak ziren.

Nafarroan eta Araban, garai honetako jauregi gehienak XVIII. mendean eraiki ziren, Arabari dagokionez Zurbanon kokatzen den Otazutarren jauregia, Zalduondoko Larrañaga jauregia eta Gasteizko Almeda nabarmendu behar dira. Nafarroan, Iruñako apezpiku-jauregia, Miranda-Argako Colomo jauregia, Barasoaingo Azpilikueta jauregia, Tuterako Uharteko Markesaren jauregia, Oieregiko Reparacea jauregia, Elizondoko Arizkuena jauregia, Iruritako Gaston de Iriarte jauregia eta Corellako Kateen etxea nabarmentzen dira; azken hau adreiluz eginda dago eta dekorazio geometrikoa eta paramentuetako pilastrak nabarmentzen dira.

Bizkaiari dagokionez, Elorrioko Jara eta Tola jauregiak azpimarratu behar dira eta, batez ere, Ermuako Valdespina jauregia, izan ere XVIII. mendean eraikitako jauregi honek, Itailako eragina erakusten du, kupulaz estalitako barneko eskailera edo galeria bikoitza bezalako elementuekin. Gainerakoan, probintzia honetan Gueñeseko Hurtado de Amezaga, Mallabiko Arana , Markina-Xemeingo Solartekua, Balmasedako Urrutia, Lezamako Larrako, Lekeitioko Uriarte eta Ispastergo Zubieta jauregiak nabarmendu behar dira, azken honetan, bere kupulak eta dorrez hornitutako fatxadak dinamismo handiago bat ematen dute.

Gipuzkoan garai honetan eraikitako jauregi ugari topa daitezke. Garrantzitsuenak probintziaren barnealdean daude, eta, batez ere, haien soiltasuna eta bai egitura mailan eta bai apaingarriei dagokienez, elementu barroko adierazgarrien gabezia ditu ezaugarri. Segurako Lardizabal jauregia, Azkoitiko Insausti eta Florida, Tolosako Idiakez, Mutrikuko Montalibet, Usurbilgo Saroe eta Atxaga, Urretxuko Ipeñarreta, Arrasateko Monterron Kondearen jauregia, Aretxabaletako Arratabe, Zarautzeko Portu eta Hondarribiako Zuloaga jauregiak azpimarratu behar dira, besteak beste. Lazkaoko Lazkano da garai honetako jauregi bitxiena, bere sinpletasun eta monumentaltasuna dela-eta; Kortetako escorialeko soiltasunari jarraituz eraiki zen XVII. mendean eta bere atari laukia eta fatxada klasizista nabarmentzen dira jauregian.

Jauregiaz gain, udaletxea izan zen garai honetako arkitektura zibilaren adibiderik arrakastatsuena. XVI. mendeaz geroztik Euskal Herrian udal-boterea indartzen hastearen ondorioz, baliabide ekonomiko gehien zuten herriek eraikin berriak egin zituzten, kontsistorioak zituen zereginak jorratzeko. Dena den, ez zen hau izan eraikin mota hauek eraikitzeko arrazoi bakarra; soiltasuna ezaugarri badute ere, kontsistorioak erlijio-boterearekin lehiatzeko nahia ageri da udaletxeengan, hainbeste non, eraikin hauek fisikoki herriko plazan bertan eraikitzen baitzituzten. Gogoan izan behar da, aurreko garaietan udalbatzak elizetan egiten zirela, ondorioz, orain, eraikin berri bat eraikitzeko aukera eta borondatea dagoelarik, alde batetik, udalerriak duen beharrizan bat betetzen da eta, beste alde batetik, erlijioari botere zibila kentzen zaio.

Udaletxeek egitura eta antolamendu sinplea dute. Hala, arkupean dagoen beheko solairua herritarrekin egingo diren zereginetara bideratua dago, lehen solairuan kokatzen da estantzia nagusia, oso bilkuren aretoa eta bandera jasotzeko erabiltzen zen balkoi jarraitua, hain zuzen ere, gainera, agintariak balkoi horretatik zuzentzen ziren herritarrengana. Normalean azkena izaten zen bigarren solairuan, bulegoak eta artxibategia kokatzen ziren, udalerriko armarriarekin eta erlojuarekin batera. Kanpoaldetik eraikin soilak ziren apaingarri askorik gabeak; honakoak dira normalean aurki daitezkeen elementuak: pilastrak, balkoi bakoitzean frontoi txiki batzuk eta eraikinaren zati gorenean, udalerriko armarria babesten duen hiruki formako frontoi bat.

Hona hemen XVII. mendean eraiki ziren lehen udaletxeen ezaugarriak: trazaketa sinple eta funtsezkoak, arkuperik gabeak, eta planteamendu errenazentista eraikinaren egituran; Gipuzkoari dagokionez, Bergara, Zestoa, Oiartzun, Aretxabaleta eta Errenteriako udaletxeak nabarmen daitezke garai honetan. XVIII. mendean egindako udaletxetan, deskribatu berri diren ezaugarri guztiak aurkitzen ditugu, mende honetan honako udaletxeak nabarmen daitezkelarik: Arabari dagokionez, Bastida, Arespalditza, Aramaio, Eltziego eta Araiako udaletxeak; Nafarroari dagokionez, Biana, Bera, Lesaka eta Iruñako udaletxeak; Bestalde Bizkaiari dagokionez, Balmaseda, Bermeo, Otxandio, Orozko, Durango eta Lekeitioko udaletxeak nabarmendu behar dira, eta Gipuzkoan Elgoibar, Andoain, Alegi, Oñati, Asteasu, Astigarraga, Azkoitia eta Arrasateko udaletxeak dira estilo honen adierazgarri.

Garai barrokoan pinturak eta eskulturak atzera pausu aipagarria eman zuten krisi ekonomikoaren ondorioz eta arte-sorkuntzarako bildutako dirua arkitekturan erabiltzea lehenesten zelako, izan ere, arte adierazpen hau lagungarri suertatzen zitzaien, bai erlijio botereari eta bai botere zibilari sozialki garrantzia lortzeko asmoan.

Horrenbestez, Euskal Herriko eskultura barrokoak ez zuen errenazentistak lortutako garrantzia eta osperik erdietsi, eta sarritan, Espainiako beste zonalde batzuetan zeuden lantegietara jo behar izan zen. Berez, XVII. mendean nagusi izan zen estiloa erromanismoaren segida baino ez zen izan, eta Juan Antxietaren jarraitzaileak izan ziren sasoi honetan nagusi. Ondorioz, dinamismoa, adierazkortasuna, apaingarrien pilaketa eta konplexutasuna ezaugarri zituen estilo barroko berria ez zen XVIII. mendera arte iritsi.

Are gehiago, XVII. mendean, Euskal Herrian aldi errealista bat ere izan zen, bertan Gregorio Fernandezen lanak utzitako eraginaren ondorioz; Valladolideko eskultoreak hainbat erretauletan esku hartu zuen, horien artean azpimarragarriak dira, Gasteizko San Migel elizako erretaula Araban eta Bergarako San Pedro elizakoa Gipuzkoan. Bestalde, Hernaniko San Joan Bataiatzailearen elizako erretaulan eta Oiartzungo San Esteban elizakoan, Gipuzkoan biak ere,. erromanismoaren eragina hauteman daiteke oraindik. Nafarroan, Bianako Andre Maria elizako erretaula, Carcargo San Migel elizakoa eta Los Arcoseko Andre Maria elizakoa nabarmendu behar dira garai honetan.

XVIII. mendeko lehen erditik aurrera, euskal eskultoreen belaunaldi berri bat agertzen da -Felipe de Arizmendi, Juan Bautista de Suso, Juan de Apeztegui, Martin Bidatxe- eta ezaugarri barroko batzuk txertatzen dituzte hainbat obretan, esate baterako, Oñatiko San Migel eta Andoaingo San Martin elizetako erretaulan Gipuzkoari dagokionez eta Donibane Lohitzuneko parrokiako erretaulan, Iparraldean.

Dena den, benetako aldaketa XVIII. mendeko bigarren erdian eman zen Churrigueratarren lantegia Euskal Herrian lan egiten hasi zenean. Modu honetan, gure lurraldera rococo estiloa iritsi zen. Estilo honetan apaingarritasuna apur bat urritzen da eta erretaularen egiturari ezegonkortasun eta mugimendu gehiago ematen zaio, izan ere, lerro zuzenak eta kurbak nahasten dira eta frontoi zatikatuak, apur bat ateratako erlaitzak eta moldura gainean sostengatzen diren zutabe konplexuak erabiltzen dira. Estilo honetan, Churrigueratarrez gain, euskal eskultore ugarik ere parte hartu zuten -Tomas de Jauregui, Francisco Vergara, Miguel de Yrazusta- honako erretauletan: Elorrioko Andre Maria elizakoan Bizkaian, Leringo Jasokundearen elizakoan eta Lesakako san Martin elizakoan Nafarroan eta, Gipuzkoari dagokionez, Oñatiko Bidaurreta monasterioko elizetako erretaula nagusietan, Loiolako Basilikan, Pasai Donibaneko San Joan Bataiatzailea elizan eta Donostiako Andre Maria elizan.

Pinturari dagokionez, krisi ekonomikoa gehien pairatu zuen diziplina artistikoa izan zela esan behar da. Hori dela eta, mantentzen diren adibideak, ugariak ez izateaz gain, gehienak Europako beste zonalde batzuetatik hartutakoak dira. Gaiari dagokionez, erlijioak du indar gehien, izan ere, bai euskal nobleziak eta bai euskal burgesiak elizetara emateko agintzen zituzten obrak.

Euskal Herriko museotan pintore espainiar barroko ugari ageri da, horien artean, Jose de Ribera, Francisco Zurbaran, Mateo Cerezo, Alonso Cano, Antonio Pereda eta Juan Carreño de Mirandaren lanak nabarmendu behar dira. Baina Euskal Herrian atzerriko pintoreak ere aritu ziren, hori da Pedro de Obrel flandestarraren kasua, dena den, garai errenazentistako adibideak dauden bezalaxe, garai honetako adibiderik ez da geratzen. Berez, Vicente Berdusan nafarra izan zen euskal pintore barroko aipagarri bakarra. Erlijioaren gaiari jarraituz egin zituen bere koadroak eta, bertan, argiaren efektua eta azterketa atmosferikoa nabarmentzen dira, lerro klasizista bati jarriki. Dena den badakigu beste euskal pintore batzuk ere, Antonio Gonzalez Ruizek eta Ignacio Huartek, Espainiako beste lantegi batzuetan lan egin zutela, erlijio-eszenak eta paisaiak eginez.

Baina panorama eskas honek ez du esan nahi Euskal Herrian beste pintura lanik egin ez zenik. Berez, mantentzen diren aztarnei esker, badakigu, eliza askotan, erretaulak agintzeko adina baliabide ekonomikorik ez zegoenean, eliza pintura bidez apaintzen zela, eta beranduago erretaulekin edo bestelako apaingarriekin ordezkatzen zirela pintura horiek. Aztertu ditugun jauregi batzuetan ere, pintura muralak egin ziren, baina gehienak ez dira mantentzen; Gipuzkoan dagoen Ordiziako Barrena jauregiko pinturetan ikus daiteke adibide eskas bat; bertan, motibo geometriko eta loredunak baliatuz egindako dekorazioa da nagusi, eta ohiko erlijio gaietatik urruntzen hasten diren gaiak ikus daitezke, horrek, artearen zimenduak aldatu zituen sentiberatasun artistiko garaikide berri bat zetorrela adierazten du.