Eskultoreak

Agirre Alvarez de Arcaya, Jose Gabriel

Eskultore arabarra. Gasteizen jaio zen 1928ko apirilaren 25ean eta hiri berean zendu 1988ko abuztuaren erdialdera.

Eskulturgintza da hura berez definitzen duena, dena den, aurrez marrazkigintzan eta pinturan aritu zen.Juan Jose Urraca akuarelistarekin batera, Casino Artista Vitoriano elkarteko pintoreen arteko gazteena izan zen (1945-1948). Arte eta Ofizioen Eskolan Mariano Basterra izan zuen irakasle. Pintura arloko erakusketa kolektibo askotan parte hartu zuen: besteak beste, 1946an Kutxa Munizipalak antolatutako Arabako Artista Afizionatuen III. Erakusketan, 1950ean Mendoza Galeriako Lehen Erakusketa Fantasman eta, 1952an Espainiako Artisten Baionako III. Aretoan.

Pintore modura paleta kromatikoa eta espresioa bultzatzea izan zen bere kezka nagusia. Kolore indartsuak erabiliz hainbat erretratu egin zituen eta paisaiak nahiz landa-giroko konposizioak egitean nahieran pintatu zuen. Zuhaitz eta naturaren artean irudi oso eskematikoak txertatzen zituen. Berrogeita hamarreko hamarkadaren erdialdera pintura alde batera uztea erabaki zuen. Esperimentaltzat jo zuen arlo horretan egindako lana, estudiokotzat. Ez zuen erosotasunik aurkitzen adierazpide horretan. Hala ere, marrazketarako grina mantendu zuen.

Bere burua aurkitzeko aro batean barneratu zen. Sasoi horretan Arantzazuko Basilikan lan egiten zuten artisten ekarpen eta lorpen estetikoak behatu zituen. Orduan eskulturgintzan murgildu zen eta heriotzara arte ez zen arlo horretatik atera. Egurra da (haritza, pagoa, gaztainondoa, intxaurrondoa, ...) bere material kuttunena. Material hori oso ongi ezagutzen zuen, izan ere, Bendañako jauregian bere familiak zuen aroztegian lanean aritu zen. Eta baita naturarekiko zaletasunagatik eta euskal geografian zehar egin zituen ibilaldi luzeengatik ere. Ibilbide horietan gune kuttun bat antzematen da: Arabako Mendiak, Maeztu ingurunea eta haren alboko herrixkak.

Bere prestakuntza teorikoa autodidakta izan bazen ere, arteko liburuak eta euskal kulturari buruzko saiakera ugari irentsi zituen. Historiaurrearekin lortutako orok erakartzen zuen. Aztarnategi eta haitzuloak bisitatu zituen eta ikastaro eta indusketak egin zituen Arkeologiako Arabako Institutuko talde batekin, Espeleologia Taldearekin, Aranzadiko Zientzietako Taldearekin eta Manuel Iradier Txangolarien Natura Zientzietako Sekzioarekin. Bere hitzetan

"antzinako zibilizazioan forma puruak (Santimamiñe, Ventalaperra, Ekain, Altamira) eta harkaitz eta landareetako forma naturalak ezagutzeak, beste adierazpide batzuk erabiltzera bultzatzen naute, orain arte erabili ditudanetatik ezberdinak";

(itzulpen moldatua gaztelaniatik).