Eskultoreak

Agirre Alvarez de Arcaya, Jose Gabriel

Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kide oso modura egindako sarrera-hitzaldian eskultura-lan nagusien eboluziozko ikerketa aipatu zuen. Hitzaldi hura 1981eko abenduaren 1ean irakurri zuen Gasteizko Arte eta Ofizioen Eskolako areto nagusian. Bere dinamika sortzaileari buruz eta bere kezka artistikoei buruz hitz egin zuen. Hala, 1960-1972 bitartean egindako lana Ikonografia atalean barneratzen da: helburu horretara bideratzen diren gurtzako irudiak dira, ez hainbeste artelan modura pentsatuak. Konnotazio ikonografiko horiek gaindituta, euskal sustraien bilaketan eta espazioaren garrantzian kokatu zuen bere interesa. Jorge Oteizak hutsunei buruz egindako gogoetak hautematen zaizkio. Azterketa formala 1969-1973 izeneko sasoian barneratu gara.

Sasoi horren atzetik 1973-1976 bitartean beste bat etorri zen: Morfologia organikoa. Une horietan eskulturen formak kezkatzen zuten autorea. Forma horien oinarrian gizakia naturan txertatzeko modua kokatzen da nagusiki. Eskultura horietako batzuk artikulatuak dira, mugikorrak. Modu horretan, bere formek itxura ezberdinak hartzen dituzte, aldaketaren arabera irakurketa ezberdinak iradokitzen dituztenak.

Espazioa berreskuratuz aroarekin aurreko erreferentzia organikoak, zoomorfikoak, artikulazio eta aldaketarekin lotutakoak, alde batera utzi zituen; izan ere, eskultoreari formaren barneko espazioa interesatzen zitzaion, gorputzaren geruzan baitaratuta biltzen den espazioa. Hutsunea berreskuratu eta espazioan txertatzeko saiakera horren emaitzak 1977-1981 bitartean egindako Uts-Arte sorta eta Espacio-Muga-Hito izeneko saiakera dira. Azken urteetan teknika berri bati heldu zion. Brontze urtua erabiliz hainbat eskultura egin zituen. Hala, hil aurreko hilabetetan Huecos y fisuras izeneko sorta baten ikerketan murgildu zen.