Pintoreak

Urraca Tejada, Juan José

1932an Gasteizen jaiotako pintore, idazle eta politikari arabarra. Hiri berean zendu zen 2000ko ekainaren 12an.

Txirrindularitzarekin harreman estua izan zuen eta 1972-1980 bitartean KAS taldeko manager modura aritu zen. Laurogeiko hamarkadan Gasteizko Udalean zinegotzi izan zen, eta Jose Angel Cuerda alkate zela kirol udal institutuko presidente izan zen.

Gasteizko historiari eta bertako pertsonaiei buruzko kontakizun eta liburuak idatzi zituen. Berak idatzia da Vélez, un ciclista (1971). Gasteizko Hiria Ipuin Lehiaketan saria jaso zuen 1983an. bi urte beranduago, 1985ean Viejo y Nuevo Gasteiz argitaratu zuen, Arabako hiriburuari buruzko marrazkien bilduma, eta 1995ean Enrique Suarez Albaren biografia bat.

Egunkari askotan aritu zen kolaboratzaile gisa, esate baterako, Deia, El Correo Español-El Pueblo Vasco, Norte Express edo Diario Vasco egunkarietan.

Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kide izan zen (1989).

Euskal Akuarelisten Elkarteko kide izan zen. Hala, Mariano Basterraren dizipulu izan zen eta 1947an olio-pinturak eta akuarelak erakusten hasi zen, Arabako lehiaketa ugaritan parte hartuz. Hainbat urte erakusketetan parte hartu gabe igaro ostean, 1978an bere lanak erakusteari berrekin zion Euskal Herriko hainbat udalerritan, nagusiki, Gasteiz eta Donostian.


Art Aretoa

Bere obraren lagin bat Euskonews aldizkariaren 75 zenbakiko Art Aretoa atalean ikusi ahal da.