Concept

Katedralak. Arkitektura

Katedrala apezpikuaren tenplu titularra da, elizbarrutiaren egoitza beraz. Eraikin hiritarra da batez ere, eta hirien garapena estilo gotikoarekin estuki lotuta dagoenez, katedral gehienak estilo gotikoan eraiki ziren. Hori da euskal katedral gehienen kasua, nahiz eta Iruñeko eta Baionako kasuetan gaurko eliza gotikoak baino lehenago desagerturiko fabrika erromanikoak egon ziren. Euskal Herrian zazpi katedral daudela esan dezakegu, Iruñean, Tuteran, Bilbon, Donostian, Baionan gehi Gasteizen dauden biak, Zaharra eta Berria deiturikoak.

Eraikin hauen bereizgarri estilistikoak horren anitzak izanik, ezinezkoa izango litzateke euskal katedralen ezaugarri tekniko komunen nolabaiteko corpusa eratzea, katedral bakoitzak bere nortasun propioa duelako, bakoitzaren sorrera eta gertaera historikoen ondorioa.

Catedral de Pamplona

Santa Maria katedrala Pompaelo hiri erromatarreko foroa egon zen tokian eta desagertutako XII. mendeko fabrika erromanikoaren gainean eraiki zuten, lan gehienak XV. mendean zehar garatu zirelarik. Gurutze latindarreko oinplanoa du, sei ataleko hiru naberekin, transeptu markatua gehi burualde sakon bat, girola eta lau kapera erradialekin. Burualde honen disposizioa benetan orijinala da, kaperen kopurua bikoitia delako, eta ondorioz elizaren ardatzean ez dagoelako kapera erradial bat baizik eta bi kaperen arteko pilarea. Modu honetan ibaiaren gaineko malkarrera gehiegi ez hurbiltzea bilatu zuten.

Altxaera sinplea du, arku formeroen gainetik leihoak soilik daudelako, goi galeriarik gabe. Normala den bezala, diseinu ezberdineko gurutze gangekin estalita doaz eremu guztiak, erdiko nabea, albokoak, transeptua, girola eta kaperak. Elizaren inguruan, gainera, garai ezberdineko beste dependentzia batzuk daude.

Catedral de Pamplona

Fabrika honek XVIII. mendeko aurrealde neoklasikoa du, Ventura Rodríguezek egina, lehengo fatxada erromanikoa garai horretan erori zelako. Aipatzekoa da, baita ere, katedraleko klaustro gotikoa, XIV eta XV. mendeetan egina. Eskulturari dagokionez, Anparoren Atea eta Ate Preziosoa nabarmendu daitezke, biak klaustroan irekita eta biak XIV. mendekoak.





Catedral de Tudela

Nafarroako Antso VI.a Jakitunaren garaian hasi zen eraikitzen, XII. mende bukaeran, lehengo meskita musulmanaren gainean. Tenplua estilo gotiko zistertarrean burutu zuten, eta XVIII. mendean katedrala izatera pasatu zen, Tuterako elizbarrutia sortu zenean.

Gurutze latindarreko oinplanoa du, lau ataleko hiru naberekin, transeptu markatua eta bost zatitan banatutako burualdearekin, hiru abside semizirkularrekin, sakonagoa erdikoa, eta testero zuzenean bukatutako beste bi kapera muturretan. Altxaeran pilare kruziformeen gaineko arku formeroak daude, eta gainean leiho zabalak. Fabrika gurutze gangekin estalita doa.

Catedral de Tudela

Kanpoaldean, XVII. mendeko dorre errenazentista dago, lehengo bi solairuak harrizkoak eta goiko zatia adreiluz egina. Garrantzia berezia du elizaren oinetan dagoen Judizioko Atea, estilo erromaniko berantiarrean egina. Elizak klaustro erromaniko bikaina du, eta fabrika guztiaren inguruan garai ezberdineko dependentziak daude.





Catedral de Baiona

Gaurko katedrala baino lehenago fabrika erromaniko bat egon zen, baina 1258an izandako suteak nabarmendu zuen eliza berri bat eraikitzeko beharra, estilo gotikoan jada. Lanak XIII. mendetik aurrera burutu zituzten, eta Frantziako Iraultzan izandako profanazio eta suntsiketak direla eta, XIX. mendean zaharberritze sakona jasan behar izan zuen, beti ere hizkuntza gotikoan, batasun estilistikoa behar bezala bermatzearren.

Oinplanoan, gurutze latindarreko disposizioa du, zazpi ataleko hiru naberekin, transeptu markatua, girola eta zazpi kapera erradialekin. Done Jakue Bideko elizetako oinplanoaren disposizioa jarraitzen du beraz, eta aspektu tekniko batzuk eta eskulturaren ezaugarriak kontutan hartuz, autore batzuek Xanpainako maisuen lana identifikatu dute, Nafarroako Champagnetarren dinastiaren eraginez agian.

Catedral de Baiona
Altxaeran, arku formeroen gainetik eta erdiko nabe eta alboko nabeen arteko altura ezberdina aprobetxatuz, goi galeria edo triforio bat dago elizaren barne perimetro guztian. Gainetik, barnealdearen behar bezalako argiztapena bermatzen duten leihoak daude, eta fabrika guztiak gurutze ganga gotikoa jaso zuen.

Kanpotik, aurrealdearen bi alboetan dorre gotikoak ditu, nahiz eta gaineko orratzak neogotikoak diren, XIX. mendekoak. Hegoaldetik klaustro gotiko ederra du, XIV. mendekoa eta oinplano errektangeluar irregularrarekin.

Catedral de Baiona

Hartzai Onaren eliza parrokia bezala sortu zen 1887tik aurrera. Lanak hamar urteetan zehar burutu zituzten, eta 1897an fabrika berria gurtzara ireki zuten. Proiektua Manuel Echave arkitekto donostiarrak burutu zuen, eta eskulturgintza, beirateak eta bestelako apaingarriak Julio Gargalloren tailerrean egin zituzten. Eliza estilo neogotikoan egin zuten, eta badirudi Koloniako katedralan inspiratu zela, neurri handi batetan behintzat. Bestalde, 1950an, Gipuzkoako elizbarrutia ezarri zenean, katedral berri baten beharra mahaigaineratu zen, eta Artzain Onaren tenplua aukeratu zuten. Lan xume batzuk egin ondoren, parrokiak katedralaren maila hartu zuen 1953an.

Catedral de Baiona

Oinplanoa gurutze latindarrekoa da, bost ataletan banatutako hiru naberekin, bost ataletan banatutako transeptua eta burualde pentagonal sakona. Transeptutik aurrera fabrika lau nabeetan banaturik doa, eta zazpi kapera erradial darama, girolarik gabe. Altxaeran pilare kruziformeen gaineko arku formeroak daude, triforioa eta leihoak. Presbiterioaren azpian gaur egun sakristia papera egiten duen kripta dago. Estalki gisan fabrika guztiak gurutze ganga sinpleak jaso zituen, kruzeroan tertzeletezkoa delarik. Kanpoaldean, azkenik, protagonismo handia du atearen gainean dagoen dorre orrazduna.




Catedral de Vitoria

Nafarroako Antso VI. Jakituna erregeak 1181an Gasteiz izeneko herrixkaren gainean sortu zuen hiri berriak lehengo eliza bat izan zuen, baina 1202an Gasteizen izandako suteak sortu zuen oraingo eliza gotikoa eraikitzeko beharra. Bestalde, 1862an, Gasteizko elizbarrutia sortu zenean, Santa Maria elizak katedralaren maila lortu zuen. Historian zehar izandako hainbat erreformak egitura-arazo ugari ekarri zizkion fabrikari, eta eliza 1994an itxi behar izan zuten, erortzeko arrisku handia zegoelako. 1997tik aurrera zaharberritze prozesu sakon eta integrala jasaten ari da.

Gurutze latindarreko oinplanoa du, bost ataleko hiru naberekin, transeptu markatua eta burualde giroladuna, bost kapera erradialekin. Kontrahormen artean, gainera, kaperak ezarri zituzten. Altxaeran arku formeroak daude, triforio eta leihoak, ekialdekoak soilik orijinalak diren arren. Erdiko nabearen oinetan koru jasoa dago, XVI. mendekoa eta estilo platereskoan egina. Estalki gisan gurutze gangak daude fabrika guztian. Kanpoan ikus daiteke elizaren burualdeak hiriko harresiarekin bat egiten duela, baita XVI eta XVIII. mendeen artean eraikitako dorrea ere. Azpimarratu daiteke, gainera, XIV. mendean egindako portada gotiko hirukoitza, Euskal Herriko hoberenetako bat dela esan daitekeelarik.

Catedral de Vitoria

Katedrala zaharrak zituen arazoak ikusita, XX. mende hasieran tenplu berri baten eraikuntza bultzatu zuten, Julián de Apráiz eta Javier de Luqueren diseinuak jarraituz. Fabrika estilo neogotikoan burutu zen, 1907tik 1973ra, nahiz eta 1914tik 1946ra lanak gelditu ziren eta proiektua abandonaturik geratu zen, arazo ekonomikoak direla medio. Azkenean, jatorrizko diseinuak asko sinplifikatu ziren, hasiera batetan zegoen handitasuna neurri batetan murriztuz.

Oinplanoa Chartreseko katedralarenean inspiratua dago, bost ataleko bost naberekin, gehi hiru nabe duen transeptua eta burualde handia, girola bikoitza eta zazpi kapera erradialekin. Altxaeran arku formeroak daude, gehi triforio bat eta leihoak, murruaren desagerpen gotikoa erraz sumatu daitekeelarik. Fabrikak diseinu ezberdineko gurutze gangak jaso zituen. Interes berezia dute, azkenik, eliza guztian eta ateetan dauden eskulturak, batez ere estilo modernistan burututakoak.

Catedral de Vitoria

Oraingo fabrika hau baino lehenago beste tenplu bat egon zen, 1300 baino lehenago eraikia, baina 1374an izandako suteak suntsitu zuen, eta 1397tik aurrera oraingo tenplua eraiki zen. 1949an, bestalde, parrokia zaharra katedrala bilakatu zen, Bizkaia Gasteizko elizbarrutitik bereiztu zenean. Fabrika gotikoa da, XIV. mende bukaerakoa, nahiz eta aurrealdea eta dorrea XIX. mendean eraiki zituzten, estilo neogotikoan , tenpluaren batasun estilistikoa bermatzearren.

Oinplano basilikala du, eta lau ataletan banatutako hiru nabe daramatza. Kontrahormen artean, gainera, kaperak kokatu zituzten. Transeptua ez da oinplanoan nabarmentzen, eta oso desplazaturik agertzen da mendebalderantz, Frantziako garai bereko elizetan normala zen bezalaxe. Altxaeran arku formeroak daude, pilare kruziformeen gainean, gehi triforio ornamentala eta leihoak. Presbiterioaren azpian kripta bat dago, eta nabearen oinetan koru jasoa, fabrikaren garaikoa. Elizaren iparraldeko murruari itsatsita, azkenik, XVI. mende hasierako klaustroa dago, estilo gotikoan.

  • AA.BB. Catálogo Monumental de Navarra. Merindad de Tudela. Iruñea: Institución Príncipe de Viana, 1980.
  • AA.BB. La Catedral de Pamplona, 2 tomo. Iruñea: Nafarroako Gobernua, 1994.
  • AA.BB. La Catedral de Santa María de Vitoria-Gasteiz. I Congreso europeo sobre restauración de catedráles góticas. Gasteiz: Arabako Foru Aldundia, 2001.
  • AA.BB. Plan director de restauración de la catedral de Vitoria-Gasteiz. Gasteiz: Arabako Foru Aldundia, 2002.
  • CILLA, R,/ MUÑIZ, J. Guía del patrimonio religioso del casco viejo de Bilbao. Bilbo: Obispado de Bilbao, Museo Diocesano de Arte Sacro.
  • CUZACQ, René. "La cathédrale gothique de Bayonne". Etude archéologique. Mont de Marsan: Jean Lacoste, 1965.
  • DARTIGUELONOUE. "Les cloîtres et la cathédrale de Bayonne". Union historique et archéologique du Sud-Ouest. Miarritze, 1912, 75-83 orr.
  • FERNÁNDEZ LADREDA, C. Imaginería medieval mariana. Iruñea: Nafarroako Gobernua, 1988.
  • FERNÁNDEZ LADREDA, C. La Catedral de Pamplona. El Arte en Navarra I. tomoa. Iruñea: Diario de Navarra, 1994, 146-160 orr.
  • GARCÍA GAÍNZA, M.C. (et. alt.) Catálogo Monumental de Navarra, V*** tomoa, Merindad de Pamplona, Pamplona e Índices Generales. Iruñea: Nafarroako Gobernua, Iruñeko Artzapezpikutegia, Nafarroako Unibertsitatea, 1997, 7-109 orr.
  • HAULON, M. "Au coeur de la cité: la Cathédrale Notre Dame de Bayonne". Baiona, 1981.
  • LACARRA DUCAY, M.C. (et. alt.) Navarra, guía y mapa. Lizarra: Nafarroako Aurrezki Kutxa, 1983.
  • LAMBERT, Elie. "La cathédrale de Bayonne: sources d'inspiration et influences". Baiona, 1931.
  • MURUGARREN, L. Catedral de El Buen Pastor, 1897-1997. Donostia: Fundación Social y Cultural La Caixa, 1996.
  • VALDÉS FERNÁNDEZ, M. "Factores de unidad y diversidad en la arquitectura religiosa gótica vasca". Revisión del Arte Medieval en Euskal Herria. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1996.