Eskultoreak

Alberdi Elorza, Jose Manuel

Joxe Alberdi.

Eskultore bikain hau 1922ko maiatzaren 29an jaio zen Azkoitian (Gipuzkoa). 2008ko urtarrilaren 20an zendu zen, Dénia-n (Alacant).

Ignacio Zuloagaren gomendioz Donostiara joan zen ikastera eta 13 urterekin Arte eta Lanbide Eskolan hasi zen; bere aitaren laguna zen Juan Ignacio Goirizelaiaren etxean bizi izan zen.

Donostian ezagutu zituen Gerra Zibilaren hastapenak, Azkoitira itzuli zen eta iheslari gisa Bizkaira joan zen, eta han, Getxon, desjabeturiko etxe batean egon zen aldi batez.

1937an Gernika bonbardatu ondoren, "Habana" transatlantikoan iheslari gisa Ingalaterrara eraman zituzten 4.000 euskal haurren espediziokoa izan zen. Southampton-en lehorreratu ondoren, Bray-ra eraman zuten, Maidenhead-etik hurbil (Berks), egoera berean zeuden beste ehun neska-mutil baino gehiagorekin.

Alberdiren zorionerako, emakume ingeles bat haren arteaz interesatu zen, eta Maidenhead School of Art-era joateko ordaindu zion. Aldi berean, hiru arreba iheslariei ere laguntzen zien, bizikletan etxez etxe egunkariak banatuz irabazten zituen xiling batzuen bidez. 16 urterekin "poster"en lehen saria irabazi zuen, eta "lino-cut" linograbatuen saria ere bai Maidenhead-en. Laster haren arrebak Camberley-ra eraman zituzten (Surrey).

1939an II Mundu Gerra hastean, bi arreba gazteenak Espainiara itzuli ziren. Hango kolonia desegitean, Londresera joan zen lan bila, eta R.A.F.-Britainiar Aire Armadan sartzea eskatu zuen, baina ez zuten onartu.

1940an Birminghamen jarri zen bizitzen: egunez gerrako materiala egiteko fabriketan lan egiten zuen, eta gauez marrazketa eta eskultura eskolak hartzen zituen Birmingham School of Arts delakoan; baina eskola hura laster itxi zen, eta Aston Technical School-era joan zen artista, ingeniaritza eta marrazketa teknikoa ikasteko. "Juan Luis Vives Trust"en beka batek ingeniaritza zibila ikasteko aukera eman zion, eta Londresera joan zen London University College-ra, eta gero handik North Hamptom Engineering College-ra joan zen, baina ingeniaritza-ikasketak bertan behera utzi zituen 1945ean, gerra bukatzean.

Handik aurrera eta, adiskide katalan batekin batera, arte komertzialeko lantegia jartzea erabaki zuen, zinema-estreinaldietarako karteletan espezializatuz; aldi berean Sir John Cass School of Art-en sartu zen Londresko Cityan, marrazketa eta eskultura eskolak hartzeko. 1946an, Sir John Cass-eko zuzendaria eta aldi berean Britainiar Eskultoreen Errege Elkarteko presidentea zen Baimbridge Copnall-ek, "Queen Mary" eta "Queen Elisabeth" transatlantikoak berriz dekoratzeko arduradun bihurtu zenean, Alberdi gonbidatu zuen zurezko tailak egitera, eta geroxeago zur eta harrizko tailako irakasle postua eskaini zion Sir John Cass eskolan; horrela, urtebeteren buruan eskolako ikasle izatetik bertan irakasle izatera igaro zen. Han gerrari ohi batzuk izan zituen ikasle, haietako asko bera baino zaharragoak, eta haiekin lan egin eta eztabaidarako talde bat osatu zuen, oso ezagun bihurtu zena.

Jarduera haiek eman zioten ospearen ondoren, Londresko St. Martin's School of Art-ek harri eta zurezko eskultura-irakaslearen postua eskaini zion, horrela sortu zelarik eskola hartan eskultura atal berria. Han ere ikasle gehienak gerrari ohiak ziren, Australia, Hegoafrika, AEB, Kanada, Hego Amerika, Polonia, Txekoslovakia, Zeelanda Berria eta Birmaniakoak, baita Ingalaterra eta beste leku askotakoak ere. Sortu zen talde berriak laster lortu zuen nolabaiteko ospea, eta izen handiko artistek bisitatu zuten, besteak beste Henry Moore, Victor Passmore eta Keneth Martin-ek.

1949an Cynthia Appleyard-ekin ezkondu zen; Shakespearerengan espezializaturiko drama-antzezlea zen emaztea, eta hiru seme-alaba izan zituen berarekin: zaharrena, Psikologian doktorea, Ingalaterran bizi da; bigarrena, eskultore eta eraikitzailea, AEBetan; eta alaba Bizkaian dago ezkonduta.

1950ean egin zuen lehen erakusketa Picadilly-ko Royal Academy Summer Exhibition-en zur arrosaz (palo rosa) egindako "Consumatum est" lanarekin, eta kritika oso aldekoa izan zuen. Geroxeago berriro aritu zen Baimbridge Copnall-ekin, eta urtebeteren ondoren luze iraungo zuen elkartea sortu zuten elkarrekin. Etengabe aritu zen lanean gerra ondoren Londresen eta beste hiri batzuetan berreraikitako eraikin asko dekoratzen, eta bere lanen artean aipagarriak dira hauentzat egindakoak: Royal Insurance Company; Wooldworth House; Marks & Spencer; Dunlop House, ICT, Londresen; Barclays Bank, Kenten; University of Wales, Cardiff-en; etab.

Lan handiko urte haietan material plastiko berrien aukerak aztertu zituen; lehenengo eskulturak egin zituen poliesterra eta beira-zuntza erabiliz, bere karrera osoan etengabea izan zen esperimentatzeko eta berritzeko bulkadaren eraginez; horrela eratu zuen bere estiloa: abangoardista eta tradizionala elkarrekin oreka misteriotsuan, erabateko harmonian. Beira-zuntzaz esperimentatzen Alberdi aitzindari izan zen, eta sarri samar landu zituen kobrea, nikela, burdina, altzairua, marmola eta beste material batzuk; gai horiekin zura landuz lorturikoak bezain sakontasun handiko eta adierazkortasun biziko lanak egin zituen, eta ez dugu ahaztu behar zura izan zela haren ama-hizkuntza eskultura-adierazpenari dagokionez.

30 urterekin, Jose Alberdi Britainiar Eskultoreen Errege Elkarteko kide aukeratu zuten. Garai hartan jarduera bizi-bizia eta egitekotsua zuenez, urte batzuk geroago St. Martin's-en irakasle izateari utzi zion. Geroxeago, Copnall-ekin zuen elkartea ere bertan behera utzi eta askeago lan egiten hasi zen, bere arreta guztia sortze-lanera bideratuz. Urte haietakoa da bere "Nekazaritza", poliesterra eta beira-zuntza erabiliz, lau metroko altuera duen eskultura, Taunton-en (Somerset) Rodwell House-rentzat egina.

Berrogeita hamarreko urteen bukaeran, eskultoreak antzinako etxe bat erosi zuen West Hill-en (Putney), eta han eraiki zuen bere etxebizitza-lantegi berria. Bere lana erakusketa mistoetan aurkeztu zion publikoari, adibidez Royal Academy-n antolaturikoetan, aldi berean mandatuak eginez honako hauentzat: Camberley-ko (Surrey) "Artrite" plastiko-fabrika berriarentzat, eta Londresko "Telefis" Irlandar Telebistarentzat. 1961ean Trewin Coppleston adiskide margotzailearekin batera, poliesterra eta beira-zuntza erabiliz, lau zezen egin zituen erliebean: bi 10 metroko luzerakoak eta beste bi 6,50ekoak, Birminghamen erdi-erdian "Bull Ring Centre" berreraikitzeko helburuarekin. Urtebete geroago, marmol trabertinoa erabiliz 20 metro luze zen murala egin zuen Ilford-eko Ford Motor Co.rentzat Londresen.

Zegokion lehiaketa irabaztean, 1963an bost urteko lan-kontratua lortu zuen Barclays Bank-ekin, eta banketxeak Londresko Cityn zuen bulego nagusian 11 metro altuko iturri bat egin zuen kobre eta nikela erabiliz erdiko patiorako, eta beira laminatuzko mural bat ere bai (5 metro luze, 2 metro altu eta 0,75 cm lodi), guztira sei tona eta erdiko pisua duena. Lan hau zela-eta joan-etorrian ibili behar izan zuen etengabe Londres eta Amsterdam artean hainbat espezialistarekin zenbait gairi buruz hitz egiteko. Barclays Bank-entzako proiektu honen barruan, zuzendaritzako bosgarren pisuaren sarreran "Hall" bat egin zuen. Garai bertsuan mural "Chinoise" bat egin zuen, kobrea, letoia eta burdina erabiliz, Bedford hotelaren sarrerarako Brighton-en.

Britainiar Eskultoreen Errege Elkarteak "fellow" izendatu zuen 1967an, horrela bihurtu zelarik Elkarte ospetsuan izendapen hori zuen atzerriko artista bakanetako bat. Urte berean erakusketa egin zuen Errege Akademian, eta Feltham High Street Redevelopment proiektua egiteko aukeratu zuten Feltham-en (Surrey). Orduan "Fenix" egin zuen trabertinoa erabiliz, 3 metroko altuera eta 8 tonako pisuarekin; "Ama eta haurra", harrizkoa, bi metroko altuera eta sei tona dituena, eta "Beatles-en Kiosko" ospetsua, plastiko, beira-zuntz eta altzairuz egina, eta 7 metro altu dena. Mandatu berezi gisa erliebe txiki bat agindu zioten, "Ama eta haurra", kobrez egin zuena Ibstock Place School-erako, Roehampton-en, Londresetik hurbil.

Alberdiren sortze-jarduera etengabea da, etengabe iristen baitzaizkio mandatuak. Oxford University-ko Exeter College-k "Alma Mater" eskatu zion, eskultorearen lan garrantzitsu eta lortua, marmol trabertinoan egina, 3.20 metro altu dena, 9 tonako pisuarekin. Hori 1968an egin zuen, eta urte berean egin zuen enkarguz mural erliebe bat ere poliesterra eta beira-zuntza erabiliz, 6 metro luze eta 2,25 altu dena, Brighton-go (Sussex) Metropole Hotel-aren sarrera nagusirako. Hurrengo urtean Reader's Digest-ek Arturo Toscaniniren bustoa eskatu zion, eta R. Seifert arkitektoak "Space age" eginarazi zion Sunbury Cross-eko merkataritza-gune berrirako Surreyn: 11 metroko altuera duen lan hau altzairuz egin zuen. Orduan ezagutu zuen Bartolomé March: hark zurezko hainbat pieza erosi zizkion eta Mallorcan Cala Ratjada-ko finkan lan egitera gonbidatu zuen, 1969ko urrian iritsi zelarik bertara. Handik Carrarara joan zen marmol trabertinozko bloke bat aukeratzera, 4,30 metroko altuera eta 12 tonako pisua zuena; eta 18 urteko bere seme Juliorekin batera harekin eman zuen negu osoa "Oda al Greco" (Grecori Oda) lortzeko. Udan Londresera itzuli zen, eta han ia astirik gabe jarraitu zuen etengabe lan berrien mandatuak iristen zitzaizkiolako. Oraingoan Stevenage New Town-erako "Spirit of a new town" egin zuen, 5 metro altu den lana, poliesterra eta beira-zuntza erabiliz egina.

Hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran, ia mende-erdi bat gainean zuela, Nevill Beardsworth arkitektoaren mandatua iritsi zitzaion: iturri bat eskatu zion Nailsea-n proiektuan zeukan plazarako. Mandatu hartatik "Cor-ten-steel" iturria sortu zen Bristoleko herri satelite berrirako; 12 metroko luzera eta zortzi tona eta erdiko pisuarekin egin zuen lana.

Alberdiren estetika euskal sentiberatasunera egokitzea berehalakoa izan zen eta, noski, bere ikaste-prozesu ia osoa eta bere obra gehiena Ingalaterran egin izanak pentsaraz dezakeenetik oso urrun dagoen zerbait. Berari buruz esan izan da "bere lurraldeaz hobeto amets egiteko bertatik irten zen haur bat izan zela", eta zalantzarik gabe bere lurrari buruzko ametsa estiloan eta gauzak egiteko eran presente dagoen zerbait da. Iriarteren ondoren "lehenengo azkoitiar artista handia" deitu izan zaio, eta bere lanaz idatzi da "euskaldunaren indarrak lanaren zintzotasuna azpimarratu ohi duela beti, eta norberaren adierazpenaren bilakuntzan jardun lehergarria".

Zura artistak erabili zituen gaietako bat besterik ez da, baina hortxe dago bere obra guztian eta, berak azaldutakoaren arabera, gogokoenetakoa zuen. Jose Alberdik zura lantzen jaioterrian, Azkoitian, ikasi zuen auzoko tailagile batek irakatsitakoari esker. Zurak Alberdirentzat (hagina, intxaurrondoa, oliboa, teka, etab.) badu zerbait barruan, asko kostatzen den elkarrizketaren bidez eskultoreak ateratzen saiatu behar duena. Berak azaltzen duen bezala, "maitasunezko elkarrizketa da, eta zurari ez zaio aldez aurretik ezarri behar inoiz ideia edo eskemarik, baizik eta hitz eginez, pazientziaz solastatuz, zura zerbait esanez doakizu, bere burua azalduz, eta zuk entzun besterik ez duzu egin behar, ahalik eta gutxien galdetuz". Forma huts garbi eta berezkoetarako joera horrek estu lotzen du Alberdi bere maisu eta adiskide handia zen britainiar eskultore Henry Moore-rekin.

1972an Alberdik Putney-n, Londresen, zuen etxebizitza-lantegia saldu eta Notting Hill Gate-ra aldatzea erabaki zuen, eta han etxetxo bat erosi eta berreraiki egin zuen. Geroxeago Espainiara itzuli zen bere lehenengo erakusketa prestatzera, hori 1975ean izan zelarik Madrilen "Juana Mordó" galerian. Bere aurkezpena egin ondoren Espainian, R. H. Earl of Ancaster-ek Linconshireko Memorial Hall Corby Glen-en egin zuen atzera begirako erakusketan parte hartu zuen Alberdik. Ondoren bere aurkezpena egin zen Euskal Herrian, bakarkako erakusketa egin zuelarik Bilboko "Valera" Galerian 1976an. Urte hartan Bartolomé March-ek Cala Ratjadan zuen jauregiko lorategietarako bi Txoritzar ("Pajarracos") egitera gonbidatu zuen: bat mugimendu horizontal birakaria zuena, eta bestea bertikala, 5 metrokoa bakoitza, poliesterra eta beira-zuntza erabiliz eginak, koloretako beirazko inkrustazioekin.

Espainiara itzuli zenetik, Cynthia emaztearekin bizi da Deniatik hurbil Jesús Pobre herrian (Alacant); ordudanik Jose Alberdiren erakusketak etengabeak izan dira. Gipuzkoan 1977an izan zen bere aurkezpena: bakarkako erakusketa egin zuen Gipuzkoako Kutxaren aretoan, Donostiako "El Pez" Galeriaren laguntzaz. Araban 1978an aurkeztu zen, eta han ere bakarkako erakusketa egin zuen Aurrezki Kutxa Probintzialaren aretoan. 1978ko urte berean Arabako Foru Aldundiak "Aitor" bat egiteko mandatua eman zion Gasteizko "Ajuria Enea" jauregiko lorategietarako, Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren egoitza ofizialerako, alegia; 2,80 metroko altuera duen lana poliesterra eta beira-zuntza erabiliz egin zuen Alberdik. Arabako Aurrezki Kutxa Probintzialak urte berean "Aitor"en zirriborro bat eginarazi zion brontzean, eta haren 75 kopia egin ziren, guztiak zenbakituak eta egileak berak izenpetuak.

1979an bakarkako erakusketa egin zuen Zürich-eko (Suitza) Bürdeke galerian. Arabako Aurrezki Kutxa Probintzialak 1960ko Familiaren "anizki" edo multiple bat brontze leunduan egiteko eskatu zion, eta haren lehenengo alea Aita Santuari eman zitzaion Vatikanon egindako audientzian.

1980an Bilboko MUN Arte Galeriaren standean erakutsi zituen bere lanak, Basileako Art 11/80 delakoan, eta Parisko FIAC 80 delakoan. R.H. Earl of Ancaster-ek Grimsthorpeko gaztelurako burdina eta letoizko erliebe bat, 4 metroko luzera duena, erosi zionF. 1983an, Basilean eta Genevan beste erakusketa batzuk egin ondoren, Eusko Jaurlaritzak lehenengo lehendakaria izan zen Jose Antonio Agirreren bustoa erosi zion. Eta Deniako Udalaren mandatuz, Jaime I.aren monumentua egin zuen brontzean Alacanteko hiri hartan izen bereko plazan jartzeko. Negu hartan AEBetan lan egin zuen, eta Kanada bisitatu zuen; hurrengo urtean, Bilboko Corpus Christi parrokia berriaren mandatuz Kristo urratua egin zuen (2,20 m-ko brontzea) eta Andra Mari bat (1,80 m-koa, tekazkoa).

Ondoren beste erakusketa batzuk ("Cinco artistas de la Marina Alta") Deniako Kultura Etxean, eta bakarka Juana Mordó galerian (Madril, 1986) eta María Salvat galerian (Bartzelona 1987).

1989an bere zur-lan batzuk jarri zituen ikusgai Gipuzkoako Kutxaren Donostiako aretoan.

1991 eta 1995 bitartean "Euskal Herriaren omenez" egin zuen, 11 m garaiko lana berau, corten altzairua erabilita, Azkoitiko herrirako, eta 1995ean banakako erakusketa bat egin zuen Déniako (Alacant) Isabel Bilbao galerian.

1998an Piru Gaintza futbolariaren bustoa egin zuen, Bilboko Athletic Club-en mendeurrena zela eta.

1999an "Lope Agirreren bila" erakusketa izan zen kutxaren Garibai Erakusketa Aretoan.

Jose Manuel Alberdi Elorza, 'Burruntxali', gaixoaldi luzearen ondoren, 2008ko urtarrilaren 20an zendu zen 85 urte zituela Dénia-n (Alacant). Handik aste betera Cynthia emaztea zendu zen. Bien errautsak, eskultorearen borondatez eta Azkoitiko Udalaren laguntzaz, Attola mendian daude Izarraitz aldean.

  • José Alberdi, Caja de Guipúzcoa/Gipuzkoako Kutxa, 1988.
  • PLAZAOLA, Juan. Eskultura erakusketa: "Lope Agirreren bila" kutxaren Garibai Erakusketa Aretoa, 1999.