Eskultoreak

Alberdi Elorza, Jose Manuel

Alberdiren estetika euskal sentiberatasunera egokitzea berehalakoa izan zen eta, noski, bere ikaste-prozesu ia osoa eta bere obra gehiena Ingalaterran egin izanak pentsaraz dezakeenetik oso urrun dagoen zerbait. Berari buruz esan izan da "bere lurraldeaz hobeto amets egiteko bertatik irten zen haur bat izan zela", eta zalantzarik gabe bere lurrari buruzko ametsa estiloan eta gauzak egiteko eran presente dagoen zerbait da. Iriarteren ondoren "lehenengo azkoitiar artista handia" deitu izan zaio, eta bere lanaz idatzi da "euskaldunaren indarrak lanaren zintzotasuna azpimarratu ohi duela beti, eta norberaren adierazpenaren bilakuntzan jardun lehergarria".

Zura artistak erabili zituen gaietako bat besterik ez da, baina hortxe dago bere obra guztian eta, berak azaldutakoaren arabera, gogokoenetakoa zuen. Jose Alberdik zura lantzen jaioterrian, Azkoitian, ikasi zuen auzoko tailagile batek irakatsitakoari esker. Zurak Alberdirentzat (hagina, intxaurrondoa, oliboa, teka, etab.) badu zerbait barruan, asko kostatzen den elkarrizketaren bidez eskultoreak ateratzen saiatu behar duena. Berak azaltzen duen bezala, "maitasunezko elkarrizketa da, eta zurari ez zaio aldez aurretik ezarri behar inoiz ideia edo eskemarik, baizik eta hitz eginez, pazientziaz solastatuz, zura zerbait esanez doakizu, bere burua azalduz, eta zuk entzun besterik ez duzu egin behar, ahalik eta gutxien galdetuz". Forma huts garbi eta berezkoetarako joera horrek estu lotzen du Alberdi bere maisu eta adiskide handia zen britainiar eskultore Henry Moore-rekin.