Monarkia eta noblezia

Antso Gartzes III.a Nagusia

Iruñeko erregea (1004-1035).

"Nagusia" goitizenaz ezaguna. Haren aitaren, Gartzia Antso II.a "Dardaratiaren" ondorengo izan zen tronuan. Egile batzuen arabera, 1004. urtearen inguruan hil zen Gartzia erregea; beste batzuen ustez, berriz, 999. eta 1000. urteen artean hil zen, eta, ondoren, haren semea inbestitu zuten arte, Antso Ramirezen (Ramiro Viguerakoaren semea eta erregearen lehengusua) erregeordetza edo interregno aldi bat ireki zen. 999. urtera arteko edo 1004ra arteko erregealdia izan bazuen ere, 1000. urtearen inguruan desagertzen dira Gartzia Antso II.aren dokumentu-testigantzak, eta Antso Gartzes 1004an koroatu zuten. Hamabi bat urte zituen orduan.

Ospe militar ona bildu zuen, eta trebetasun politikoak zituela eta gizon jakintsua, elokuentea eta nortasun handikoa zela esaten da. Haren erregealdian zehar, Pirinioen bi aldeetako lurraldeetara eta jabetzetara zabaldu zen haren boterea. Botere handi hori zela eta, errespetu eta beldur gehien eragiten zuen erregea izan zen Antso III.a garai hartako errege guztien artean.

Zenbait pertsonaiaren tutoretzapean hasi zuen gobernua. Horien artean zeuden Urraka amona-erregina, Fernan Gonzalez Gaztelako kondearen alaba, eta Ximena Fernandez Leongoa ama-erregina, Fernan Bermudez Ceakoaren eta Elvira Diaz Saldañakoaren alaba. Bi emakume horiek erregeorde izan ziren Antso adin txikikoa zen artean. Beste alde batetik, tutore gisa ageri ziren erregearen hurbileko beste pertsona batzuk, hala nola, Aragoiko, Naiarako eta Iruñeko apezpikuak, Belasko, Gartzia eta Ximeno, hurrenez hurren, eta gorteko beste pertsona batzuk, adibidez, botellerra eta erreginaren maiordomoa.

1006. urtean, Abd al-Malikek, Almanzorren semeak, Iruñeko erresumaren kontrako espedizio bat zuzendu zuen, Ribagorzarantz zehazki, eta Sobrarbe inbaditu zuen. Alabaina, haren agintaldian zehar gauzatutako kanpainetan, Iruñea ez zen inoiz zuzeneko helburu izan. Urte horretan bertan, leondarrak Abd al-Maliken kontra borrokatu zuten, eta bai leondarrak, bai iruindarrak garaituak izan ziren Cluniako batailan. Artean, Iruñeko armadaren aitzineko taldeek Gallego ibaiaren ertzetako lur batzuk konkistatu zituzten, Ebrorantz, eta Bardeaz jabetu ziren.

1008an hil zen Abd al-Malik. Haren anaia Abd al-Rahman izan zen ondorengo gobernuan; Almanzorrek Antso Abarkaren alaba batekin, islamera bihurtutakoan Abda izena hartu zuenarekin, izandako semea zen. Abd al-Rahman ("Sanchuelo" deitzen zioten aitonagatik), era berean, Hisham II.a kalifaren ordeko izan zen; Al-Hakam con Subhek ustez jatorri baskoia zuen ohelagun batekin izandako semea zen Hisham II.a. Denbora gutxira, Antso txikia erail egin zuten, eta kalifaldia garai nahasi batean sartu zen, egonkortasun politikorik gabeko aldi batean. Hori horrela, lurralde musulmanak estatu txikitan banatu ziren, gainerako estatu kristauekiko eta musulmanekiko autonomia mantentzeko xedez. Errege kristauen laguntza militarra behar zuten estatu horiek, eta zergak edo pariak ordaintzen zituzten laguntza horregatik.

Erregearen amona Urrakak eta haren ama Ximenak emazte bat bilatu zuten Antso gaztea ezkon zedin. Gaztela eta Leonekin loturak sendotzeko joera berriari jarraiki, Munia edo Mumadonna Gaztelako Antso Gartzia kondearen alabarengan jarri zuten arreta. Garai hartan, erregeak hemeretzi bat urte zituen, eta seme natural bat zeukan Antsa Aibarkoarekin. 1011n, Antso Muniarekin ezkonduta agertu zen; Muniari ere "Mayora" deitzen zioten, erregearen goitizena zela eta ziurrenik (gaztelaniaz, "El mayor").

Iruñeko erresumaren eta musulmanen arteko muga (1016). Aragoi ibaiko eta inguruetako mugan liskar ugari izaten ziren musulmanekin urte asko lehenagotik. Uncastillo Almanzorren garaian galdu zuten, eta Leireko hasierako eliza suntsitua izan zen musulmanen erasoetako batean. Sause eta Luesia Iruñeko erresumaren defentsa-hiriak ziren garai hartan, eta Ejea eta Deustia, berriz, musulmanen eskuetan zeuden. Erregealdiko lehenengo urteetan, Antso III.ak islamaren aurkako mugak gotortu zituen; ziurrenik, garai hartan gotortu zen Funesko ibarra, Iruñera heltzeko bide naturala baitzen, baita beste toki batzuk ere, hala nola Sause eta Luesia. Iruñetik hurbilen zeuden botere musulmanak ziren Tuterako gobernua eta Zaragozako taifako jauna, Al-Mundir ibn Yahya, Tutxibi dinastiakoa. Al-Mundirrek garbi ikusten zuen Iruñeko erregea etsai handia zela; izan ere, Iruñeko erresumaren eta Gaztelakoaren arteko mugak zehaztuta zeudenez, Ebroko haranerantz eta gaur egun Soria deneko mendebaldeko lurretarantz soilik zabal zezakeen erreinua Antso III.ak.

Al-Mundirrek, trebetasun politiko eta diplomatiko handiak zituenez, aliantza bat antolatu zuen azpijokoan Gaztelako eta Bartzelonako kondeen artean, horiek Iruñearen kontra jartzeko. Horregatik bultzatu zuen Antsaren, Gaztelako kondearen alabaren, eta Berenguer Ramonen, Bartzelonako kondearen semearen, arteko ezkontza. Alabaina, ez zuen helburua lortu. 1017. eta 1019.-1020. urteen artean, bi gobernariak hil ziren, eta Antso III.a haren koinata zen Gartzia Gaztelakoa gaztearen tutore bihurtu zen. Gaztelauarekin ahaidetasuna izateak, gainera, gehiago hurbildu zuen Berenguer Ramon I.a Bartzelonako kondearengana.

Antso Gaztelako kondea 1017ko otsailaren 5ean hil zen, baina, hil aurretik, neurri eta akordio jakin batzuk xedatu zituen gobernu-auzi batzuk konponduta uzteko. 1016an, akordio bat adostu zuen haren suhia zen Antso III.arekin muga ondoko lurren auzia zela eta. Urbion eta Cebollera mendilerroetan jarri ziren mugak, Razon ibaiaren bidean behera Duero eta Tera ibaiak elkartzen diren tokira arte, Garraytik (Numantzia) gertu. Honako muga hauek aipatzen dira Donemiliaga Kukulako monasterioko artxiboetan jasota dagoen itunaren kopian:

"Kukulako mendilerroko puntu gorenetik Valvanera ibaira arte, eta Grammetora arte, mugarri bat dagoen tokira arte; eta Moneo muinotik eta Biciercasetik eta Peñanegratik, eta handik Razon ibaira arte, haren sorburura arte. Ondoren, Calcanio mendiaren erditik, mendiaren bizkarraren gainetik, eta Gazala haranaren erditik -mugarri bat dago bertan-, eta Tera ibaira arte: han dago Garray, antzinako hiri mortua, eta Duero ibaira arte"

(itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Beraz, Gaztelaren lurtzat jotzen ziren Dueroren bi ertzetan eta hegoaldean zeuden lurrak, horrenbestetan borrokatuak izan zirenak Gaztelako kondeen artean. Gaztelak Nuño Alvarez izendatu zuen itunaren berresle, eta Iruñeak, Fortunio Ojoiz, kantauriar probintziako (Errioxa) jaun eta gobernadorea.

Antso Gaztelako kondea eta Ramon Borrell Kataluniako kondea hil ostean, egoerak Antso gaztea bihurtu zuen politika kristauaren arbitro. Musulmanen mugan, Zaragozak iruindarren xede izaten jarraitzen zuen, eta gorabehera ugari egon ziren mugetan. 1018. urtean, ordura arte indarrean egondako su-etenak puskatu izana leporatu zioten Antsori. Iturri musulmanen arabera, bi borroka armatu egon ziren iruindarren eta Zaragozako musulmanen artean, eta borroka horietan Antsoren tropetako buruzagi nabarmenak hil ziren.

1022an, Zaragozako errege al-Mundhir hil zen, eta haren seme Yahya ibn al-Mundhir izan zen haren ondorengo. Gobernari berriarentzat ere Antso Nagusia arriskutsua zen; hain zuzen ere, Antso saiatu zen Zaragozako erregearen ondorengotzan esku hartzen, eta Ibn Hud Lleidako matxinoaren altxamendua bultzatu zuen. Iruindarren eta musulmanen arteko muga alerta-egoeran zegoen etengabe, eta, ohiko istiluez gainera, eraso garrantzitsu batzuk ere egin ziren, Naiara hiria suntsitu zuena, adibidez. Liskarrak eten egin ziren une batez, eta Antso III.ak bidaia egin zuen Zaragozara haren zaldizkoekin eta segizioarekin; ohore eta opariekin egin zieten harrera bertan. Hala eta guztiz ere, borrokak ez ziren amaitu, eta Antsok muga sendotzeari ekin zion. Aragoiko mugan, Arrosta, Ulle, Luesia, Agüero eta Murillo de Gallegoko defentsa-gazteluak eraiki zituzten.

Garai hartan, honako eskualde hauek barne hartzen zituen Iruñeko erresumak: erresumako nukleoa, hau da, Nafarroa eta Pirinioetako haranak, mendebaldeko lurraldeak, hau da, Bizkaia, Bureba, Errioxa, Araba eta Gipuzkoa, eta mendebaldeko lurraldeak, zehazki, Aragoiko lurrak, Gallego ibaira arte, eta, iparraldetik, Sobrarbera arte. Antso III.ak Ribargoza eta Pallars konderriak gehitu zituen erresumara.

Pallars konderria, Ribagorzaren ekialdean zegoena, Lleidako lurretan, Pirinioen eta Graus, Benabarre eta Monzon lurraldeen artean hedatzen zen. IX. mendean, Ribagorzako eta Pallarseko kondeak Tolosaren mende zeuden, eta, 872. urtetik aurrera, bertako kondeen dinastia batek zuzendu zuen; Ramon I.a izan zen aitzindaria. Antso III.aren erregealdiaren garaian, Ramon I.aren ondorengoek gobernatzen zituzten bi konderriak.

Ribagorzako kondea, Isarno, hil ostean -Monzonen musulmanen kontra borrokan ari zela hil baitzen 1003an-, haren arreba Todak hartu zuen konderria. Toda andrearen agintaldian, musulmanek Esera eta Isabena haranak hartu zituzten 1006ean. Antso III.ak ordurako kanporatuak zituen Sobrarben geratzen ziren musulmanak, baina ez zuen konderri horietan esku hartu 1017ra arte, Zaragozako al-Mundhirren erregealdira arte. 1017an, Buil hiria hartu zuen Sobrarben, eta, ondoren, Cincaren ibai-ertza Perarruara arte. Musulmanek okupatutako lurrak militarki hartzeaz gainera, Antsok haren izeba Nagusiarentzat aldarrikatu zituen Ribagorzako konderriko eskubideak. Errege iruindarra gero eta gehiagotan aipatzen zuten konderriko dokumentuetan, 1025ean haren arrebak gobernuari uko egin eta Antso lurraldea gobernatzen hasi zen arte.

Europartzearen defendatzaile nabarmena izan zen Antso III.a, eta ideia, korronte eta kultura-, arte- eta erlijio-diziplina berrien ate bihurtu zuen haren erreinua. Iruñeko erreinuaren kokapena zela eta, Kordobako eta mendebaldeko Europako kultura-korronteen artean aurkitzen zen. Beste alde batetik, Erromaren eragina ere nabarmena zen. Kultura musulmanaren eraginak gorabeherak izaten zituen bake- edo gerra-aldien arabera. Mendebaldeko Europako korronte espiritualak Aragoin eta Katalunian sartzen ziren (korronte horiek ez ziren neurri berean heltzen mendebalderago zeuden erresuma kristauetara), eta elizaren bidez sartzen zen Erromaren eragina.

Korronte berriak hartzeko eta komunikatzeko prozesuarentzat mesedegarri izan ziren, baita haren lurrak dukeen Baskonia osora zabaltzea, Clunytarren korronte beneditarra sartzea San Juan de la Peña, Leire eta Oña monasterioetan, eta Done Jakue bideari emandako bultzada ere. Joera horiek eragin berritzaile nabarmena izan zuten kultura hispanikoan oro har. Garai hartan harreman hirukoitza ezarri zen Iruñearen, Ripollen eta Clunyren artean. Harreman horretan oinarritzen dira Clunytarren erreforma ezartzeko lehenengo pausoak. Antso III.a Ripolleko (Katalunia) monasterioko abadearen laguna zen. Abade horrek bitartekari bat baliatzen zuen, Pontzio, Ripollekoa hura ere, baita Antso Gilen Gaskoiniakoa ere. Beste alde batetik, Odilon, Clunyko abadea, Antso Gilen Gaskoiniakoaren lagun egin zen; laguntasun horrek abade-etxearen babes ekonomikoa bermatzen zuen. Iruñeko erresuman ez zen presazkoa Clunytarren erreforma sartzea, beneditar arauan oinarritzen zena. San Benitoren arauak abade-etxeen independentzia defendatzen zuen denbora baterako apezpiku-botereen gainetik, eta, Iruñean, erregetza-fundaziokoak ziren monasterioak, eta ez feudalak. Gainera, apezpikutegiek ez zuten baliabiderik, eta ezin zen jakin zer mailatan aurre egin ahal izango zioten haien eskumenari eta elizetan hamarrenen laurdena biltzeko eskubideari. Iruñeko erreforman, gerretan zehar suntsitutako monasterio ugari zaharberritu ziren batez ere. San Juan de la Peña (1025), Albelda eta Iratxe monasterio handietan ezarri zen Clunytarren erreforma. Oñako monasterioan, beneditarrak jarri ziren bertako lekaimeen ordez. Erreforma ezartzeari dagokionez, zeregin garrantzitsua izan zuen Paterno fraideak; Clunyn babestu zen beste fraide batzuekin batera, eta San Benitoren araua ikasi zuen han gauzatzen zen moduan.

Arabakoa, Gipuzkoakoa eta Bizkaikoa. Antso III.aren 1023ko dokumentu bati jarraiki, Iruñeko, Aragoiko, Sobrarbeko, Gaskoinia osoko, Arabako, Gaztela osoko, Asturiaseko, Leongo eta Astorgako errege omen zen.

Araban Antsoren agintaritza onartzen zuten; Munio Gonzalez kondea zegoen bertan, eta apezpiku arabarrak, Munio apezpikua bereziki, askotan joaten ziren Iruñeko erregearen gortera.

Bizkaiko lurraldeari dagokionez, Antso III.aren 1033ko idazki batean, beneditarrak Oñako monasterioan sartzeari buruzkoan alegia, Iñigo Lopez Bizkaiko jauna agertzen da berresle gisa.

Azkenik, San Juan de la Peñako lau diplomatan, Gartzia Azenariz (Aznarez) agertzen da Gipuzkoako jaun gisa. Haren emazte Gaila Iputxakoa, Belaskita alaba eta Antso Fortuniones suhia ere aipatzen dira. Diploma horietako batek jasotzen du San Salvador de Olazabal monasterioa (Gipuzkoa) ematen ziotela San Juan de la Peña monasterioari.

Antso "Nagusiak" erresuma berrantolatu zuen, eta, konderriez gainera, zenbait bizkonderri eta jaurerri sortu zituen. 1025 aldera, Antsok Baztan bizkonderria sortu zuen, eta Ximeno I.a Otsoanizen esku utzi zuen erregearen ohoretan; jaun horrek zeukan Lizarra ere. Perez de Urbelen esanetan, Jaurgainek esandakoari jarraiki betiere, Antso III.aren osaba zen Gaskoiniako Antso Gilen dukeak Lapurdi eman zion hari , eta Iruñeko erregeak oinordetzako bizkonderri bat sortu zuen lurralde hartan, 1021. eta 1023. urteen inguruan, Lupo Antsoren mesedetan. Erregearen maiordomoa zen Lupo Antso, Baionan bizi zena, eta Lapurdiko lehenengo bizkonde izan zen. Hurrengo bizkondeek, haren anaia Fortun Antsok (1060-1062), horren biloba Fortun Antso II.ak (1062-1099) eta horien ondorengoek, mantendu egin zuten Iruñeko erresumarekiko lotura XII. mendearen lehenengo herenera arte. Garai horretan bertan, Jaurgainek Fort I.a Fortun aipatzen du Arberoako, Garaziko eta Ortzaizeko bizkonde gisa, Gartzia Lupo I.a Baigorriko bizkonde eta Marañongo, Azagrako eta Arrostako jaun, eta Gillermo I.a Indartsua Zuberoako lehenengo bizkonde; Gaskoiniako dukeak izendatu zuen azken hori.

Belatarren mendekua Gartzia "infantearen" eta Antsaren arteko ezkontzan (1028-1029). Alfontso V.a Leongoa hil zenean, haren seme Bermudo III.a (1028) izan zen ondorengo. Hamaika urte zituela hasi zen haren erregealdia, Urraka erregina amaordearen eta apezpiku eta konde batzuen babesean. Gaztela eta Leongo egoera zaila zen, Leongo erregearen aldeko altxamenduak baitzeuden batetik, eta Gaztelako erregearen aldekoak bestetik; baita noblezia galiziarraren altxamenduak ere. Egoera horretan, Antso "Nagusiak" eta haren arreba Urraka Leongoak ezkontza-loturetara jo zuten berriz. Gartzia "infantea" Bermudoren arreba Antsarekin ezkonduko zela adostu zuten; hamahiru eta hamasei urte artean zituen orduan Antsak.

Belatarren leinu arabarrak Gartzia erail nahi zuen Antsa printzesarekin ezkontzeko Leonera iristen zenean. Belatarrek gogoan zuten Fernan Gonzalezek boterea kendu ziela lur arabarretan, eta hark garaitu zuela Gaztelako konderriaren sorrerarekin. Garai hartan, Fernan Gonzalezen ondorengo bat protagonista zen Gaztelako konde-etxea errege-etxe bihurtzeko prozesuan.

Ezkontza prestatzen hasi ziren, eta Antso III.ak Leongo mugara arte lagundu zuen Gartzia koinatua. Geroko kroniken arabera (gertakaria baino bi mende beranduago idatzitakoak dira batzuk), kondea erail zuten haren segizioarekin San Juan elizarako bidean zihoala. Erasotzaile batzuek inguratu zuten Gartzia, eta, iskanbilaren erdian, Bela anaietako batek berak hil zuen. Ia segizio osoa ere erail zuten. Belatarrak toki seguru batean ezkutatu ziren, egile batzuen arabera, Monzongo gazteluan, baina Antso "Nagusiak" horren berri izan zuenean, tropekin gotorlekurantz abiatu eta matxinatuak eraso zituen. Belatar anaiak harrapatu zituen, eta bizirik erre zitzatela agindu zuen errege iruindarrak. Gartziaren heriotzaren ostean, Antso "Nagusiaren" emazte zen Munia andrearen esku geratu zen Gaztelako koroa. Hori horrela, Iruñeko erregearen agindupean gelditu zen Gaztela, haren erreinura anexionatutako konderri gisa.

Familia-loturak zeuden Gaskoiniako duke-etxeen, Aragoiko konderriaren eta Iruñeko erresumaren artean. Gaskoiniaren eta Iruñearen arteko azkeneko lotura izan zen, oso garrantzitsua izan ere, Gilen Antsoren eta Urrakaren arteko ezkontza, 975. urtearen inguruan. Urraka Antso Abarka erregearen arreba zen, eta Fernan Gonzalez Gaztelako dukearen alarguna. Familia-lotura horiek zirela eta, Antso Gilen Antso III.aren osaba zen, eta, gainera, duke hori Iruñeko gortean bizi izana zen Antso Abarkaren eta haren lehengusu Gartzia Antsoren erregealdian zehar. Horren erakusgarri, zenbait errege-dokumentu izenpetu zituen 992 eta 996 artean.

Antso Gilenek gobernatu zituen Gaskoiniako dukerria eta Bordeleko konderria 1009tik 1032an hil zen arte. Inork ez daki nola lortu zuen Antso III.ak Gaskoiniako agintea, baina Antso Gilen dukea 1032ko urriaren 4an hil ostean, Iruñeko erregea Gaskoinia bere mendeko lurren artean aipatzen hasi zen. Pirinioen eta Garonaren arteko lurraldea zen Gaskoinia. Perez de Urbelen hipotesia da, betiere, Jaurgaini jarraiki, Antso III.ak lur horren jabetza lortu zuela aurrez laguntza eman ziolako bertako kondeari Tolosako kondearen aurka, lehen gaskoiak ziren lurralde batzuen okupazioa zela eta. Beste alde batetik, Antso III.aren jabetzako lurra bazen ere, 1033an Eudes arduratu zen dukerriaz; Brisciaren, hildako dukearen arrebaren, semea zen Eudes.

1035eko urriaren 18an hil zen Antso III.a, haren boterearen goren unean. Bost seme-alaba utzi zituen; horietan zaharrena, Ramiro, Antsa Aibarkoaren seme naturala zen. Munia Gaztelakoarekin izandako ezkontzatik jaio ziren Gartzia, Gonzalo, Fernando eta Ximena. Gartziak, legezko semeetan zaharrena zenez, hartu zituen oinordetzan erresumako lur guztiak Aragoi eta Gaztela izan ezik. Aragoi, konderri izandakoa, erresuma bihurtu zen, eta Ramiro izan zen bertan ondorengo. Gaztelako konderria, Antsoren babesean egondakoa, berriz, Fernandok gobernatzen zuen 1029az geroztik. Gonzaloren esku gelditu ziren Ribargorzako eta Sobrarbeko lurrak, gerora Ramiroren esku geratuko zirenak. Gartziak, beraz, Iruñeko erresumaren ondare-nukleoa jaso zuen, eta Gartzia Antso III.a "Naiarakoa" izenarekin gobernatu zuen.

  • ALVAREZ PALENZUELA, Vicente Angel (koord.). Historia de España de la Edad Media. Bartzelona: Ariel argitaletxea, 2008. 3. arg.
  • BENITO RUANO, Eloy (koord.). Sancho III el Mayor de Navarra. Madril: Real Academia de la Historia, 2003.
  • JUANTO JIMENEZ, Consuelo. Sancho III de Pamplona: integración territorial de Aragón y Castilla en el Reino de Pamplona. Iruñea: Universidad Pública de Navarra, 2005.
  • LACARRA DE MIGUEL, Jose Maria. Historia política del reino de Navarra: desde sus orígenes hasta su incorporación a Castilla. Iruñea, 1972.
  • MARTIN DUQUE, Angel J. Sancho III el Mayor de Pamplona: el rey y su reino (1004-1005). Iruñea: Institucion Principe de Viana, 2007.
  • MARTINEZ DIEZ, Gonzalo. El Condado de Castilla (711-1038): La Historia frente a la leyenda. Madril: Marcial Pons, 2005.
  • MARTINEZ DIEZ, Gonzalo. Sancho III el Mayor Rey de Pamplona, Rex Ibericus. Madril: Marcial Pons, 2007.
  • SANCHEZ CANDEIRA, Alfonso; MONTERO TEJADA, Rosa Maria. Castilla y León en el siglo XI. Estudio del reinado de Fernando I. Madril: Real Academia de la Historia, 1999.
  • ORELLA UNZUE, Jose Luis. Sancho III el Mayor. Iruñea: Mintzoa, 2003.