Monarkia eta noblezia

Antso Gartzes III.a Nagusia

Iruñeko erresumaren eta musulmanen arteko muga (1016). Aragoi ibaiko eta inguruetako mugan liskar ugari izaten ziren musulmanekin urte asko lehenagotik. Uncastillo Almanzorren garaian galdu zuten, eta Leireko hasierako eliza suntsitua izan zen musulmanen erasoetako batean. Sause eta Luesia Iruñeko erresumaren defentsa-hiriak ziren garai hartan, eta Ejea eta Deustia, berriz, musulmanen eskuetan zeuden. Erregealdiko lehenengo urteetan, Antso III.ak islamaren aurkako mugak gotortu zituen; ziurrenik, garai hartan gotortu zen Funesko ibarra, Iruñera heltzeko bide naturala baitzen, baita beste toki batzuk ere, hala nola Sause eta Luesia. Iruñetik hurbilen zeuden botere musulmanak ziren Tuterako gobernua eta Zaragozako taifako jauna, Al-Mundir ibn Yahya, Tutxibi dinastiakoa. Al-Mundirrek garbi ikusten zuen Iruñeko erregea etsai handia zela; izan ere, Iruñeko erresumaren eta Gaztelakoaren arteko mugak zehaztuta zeudenez, Ebroko haranerantz eta gaur egun Soria deneko mendebaldeko lurretarantz soilik zabal zezakeen erreinua Antso III.ak.

Al-Mundirrek, trebetasun politiko eta diplomatiko handiak zituenez, aliantza bat antolatu zuen azpijokoan Gaztelako eta Bartzelonako kondeen artean, horiek Iruñearen kontra jartzeko. Horregatik bultzatu zuen Antsaren, Gaztelako kondearen alabaren, eta Berenguer Ramonen, Bartzelonako kondearen semearen, arteko ezkontza. Alabaina, ez zuen helburua lortu. 1017. eta 1019.-1020. urteen artean, bi gobernariak hil ziren, eta Antso III.a haren koinata zen Gartzia Gaztelakoa gaztearen tutore bihurtu zen. Gaztelauarekin ahaidetasuna izateak, gainera, gehiago hurbildu zuen Berenguer Ramon I.a Bartzelonako kondearengana.