Monarkia eta noblezia

Antso Gartzes III.a Nagusia

Belatarren mendekua Gartzia "infantearen" eta Antsaren arteko ezkontzan (1028-1029). Alfontso V.a Leongoa hil zenean, haren seme Bermudo III.a (1028) izan zen ondorengo. Hamaika urte zituela hasi zen haren erregealdia, Urraka erregina amaordearen eta apezpiku eta konde batzuen babesean. Gaztela eta Leongo egoera zaila zen, Leongo erregearen aldeko altxamenduak baitzeuden batetik, eta Gaztelako erregearen aldekoak bestetik; baita noblezia galiziarraren altxamenduak ere. Egoera horretan, Antso "Nagusiak" eta haren arreba Urraka Leongoak ezkontza-loturetara jo zuten berriz. Gartzia "infantea" Bermudoren arreba Antsarekin ezkonduko zela adostu zuten; hamahiru eta hamasei urte artean zituen orduan Antsak.

Belatarren leinu arabarrak Gartzia erail nahi zuen Antsa printzesarekin ezkontzeko Leonera iristen zenean. Belatarrek gogoan zuten Fernan Gonzalezek boterea kendu ziela lur arabarretan, eta hark garaitu zuela Gaztelako konderriaren sorrerarekin. Garai hartan, Fernan Gonzalezen ondorengo bat protagonista zen Gaztelako konde-etxea errege-etxe bihurtzeko prozesuan.

Ezkontza prestatzen hasi ziren, eta Antso III.ak Leongo mugara arte lagundu zuen Gartzia koinatua. Geroko kroniken arabera (gertakaria baino bi mende beranduago idatzitakoak dira batzuk), kondea erail zuten haren segizioarekin San Juan elizarako bidean zihoala. Erasotzaile batzuek inguratu zuten Gartzia, eta, iskanbilaren erdian, Bela anaietako batek berak hil zuen. Ia segizio osoa ere erail zuten. Belatarrak toki seguru batean ezkutatu ziren, egile batzuen arabera, Monzongo gazteluan, baina Antso "Nagusiak" horren berri izan zuenean, tropekin gotorlekurantz abiatu eta matxinatuak eraso zituen. Belatar anaiak harrapatu zituen, eta bizirik erre zitzatela agindu zuen errege iruindarrak. Gartziaren heriotzaren ostean, Antso "Nagusiaren" emazte zen Munia andrearen esku geratu zen Gaztelako koroa. Hori horrela, Iruñeko erregearen agindupean gelditu zen Gaztela, haren erreinura anexionatutako konderri gisa.