Monarkia eta noblezia

Antso Gartzes II.a Abarka

Iruñeako erregea (970-994), "Abarka" ezizenez ezaguna. Gartzia I.a Santxez Iruñeako erregearen eta Andregoto Galindez, andrearen semea zen. Andregoto andrea erregearen lehengusina propioa zen, eta Galindo Aznarez II.a Aragoiko kondearen alaba. Antso Abarka Gaztelako Fernan Gonzalez kondearen alabarekin ezkondu zen, Urraka Fernandezekin, alegia.

Aita hil zitzaionean, Antso Abarka aiton-amonekin, Urraka emaztearekin eta Gartzia, Ramiro eta Gonzalo semeekin bizi zen Aragoiko Konderrian, Jakako lurretan. Andregoto Galindez erregina Irunberriko egoitzan bizi zen mende erdiaz geroztik, Gartzia I.a Santxez erregearengandik banatu zenetik, hain zuzen ere, eta erresumako ekitaldi politikoetara bertaratzen hasi zen berriro.

Antso Gartzes erregeak Iruñeako erresumaren hiru eskualde garrantzitsuenetan gobernatu zuen: Naiara (Errioxa), Nafarroa eta Aragoi. Erregealdian zehar, lurraldeko mugak eta indar militarrak bere horretan mantentzea lortu zuen.

994an hil zen, eta Naiarako Andre Maria Erreginaren monasterioan lurperatu zuten. "Dardaratia" ezinenez ezaguna zen Gartzia Santxez II.a semeak hartu zion oinordekotza.