Concept

Euskal Herriko Hezkuntzaren Historia. Historiografia

Informazio osagarria



Euskal Herriko hezkuntzaren historiak oso leku apala du Euskal Herriko historiaren barruan ikuspegi historiografiko batetik. Hezkuntzaren eremuak ez du arreta nabarmenik piztu historialarien artean eta bazterreratua aurkitzen da beste eremu batzuekiko, politikarena bereziki, baita ere ikuspegi berritzaileak antzeman daitezkeen garaietan. Hezkuntzaren historialariek jatorri jakin bat dute eta horrek ematen du egoera ulertzeko bidea: pedagogiaren eremutik datoz. Dena den, XX. mendeko azken bi hamarkadek -90.enekoa batik bat- piztualdi baten aurrean jartzen gaituzte eta, apala bada ere, Euskal Herriko hezkuntzaren historiak halako piztualdi antzeko bat ezagutuko du ekoizpen historiografikoari dagokionez.

Aipatu egoera ulertu nahian, baldintza akademiko-instituzionalak dira aintzat hartu beharrekoak. Zalantzarik gabe Euskal Herriko Unibertsitatearen sorrerak eta garapenak zuzenean eragin dute Euskal Herriko hezkuntzaren historiaren ikerketa bilakaeran (baita euskaraz burutu izan den ekoizpen historiografikoan), hain zuzen Pedagogiako ikasketen bultzadaz eta, bereziki, Euskal Herriko hezkuntzaren historiari buruz eskaini izan diren doktorego ikastaro eta doktorego tesien eraginez.

Era askotako lan, monografia edota ikerketek osatzen dute Euskal Herriko hezkuntzaren historiografia, jatorri eta ikuspegi teoriko eta metodologiko ugarikoak. Dena den, Euskal Herriko hezkuntzaren historiak baditu ezaugarri orokor batzuk. Lehenik eta behin, denborari dagokionez, aro garaikideak piztu du bereziki historialarien interesa, XIX. mendeak batik bat, nahiz XX. mendeak geroz eta indar gehiago hartzen joan. Bestalde, lurraldetasunari begiratuz gero, ikerketa gehienak Hego Euskal Herrian zentratzen dira, Iparraldeko egoera askoz ere ilunagoa agertzen delarik. Ezin da ukatu, lehen aipatutako egoera akademiko-instituzionalak eragiteaz gain -finean ekoizpen gune nagusiak Hegoaldean kokatzen baitira-, errealitate politiko-administratibo ezberdinek zailtasun agerikoa ezartzen dutenik; hala ere, hezkuntzaren eremuan koka daitezkeen fenomeno eta gertakari askok muga horiek gainditzen dituzte, hizkuntzarekin, kulturarekin eta, zenbaitetan, erakundeekin lotuta dauden ezaugarriengatik. Azkenik, nabarmendu behar da hezkuntza-politikaren eremua dela Euskal Herriko hezkuntzaren historiari begira burutu den ikerketa jardueraren ardatz nagusia. Edozein eran, esparru berrietara ireki da (haurtzaroa, alfabetatzea, generoa, etab.) eta bistakoak dira ere azkeneko urte hauetan berrikuntza metodologikoaren alde eman diren urratsak.

Azkeneko bi mendeei buruzko historiografiak garai hauetan Euskal Herrian hezkuntzak izan dituen ezaugarri nagusiak ezagutzea ahalbidetzen badu, ezin da gauza bera esan Aro Modernoari dagokionez eta are gutxiago Erdi Aroaren inguruan. Lanak oso sakabanatuak dira eta askok ez dute ezer berezirik eskaintzen edota oso ikuspegi mugatua dute. Bi garai hauei buruzko lan sistematiko bat azpimarratzekotan Azurmendirena aipatu behar da (Irakaskuntza eta pentsamendua Euskal Herriko historian, 1985). Bertan, Erdi Arotik XIX. mendearen atariraino doan irakaskuntzaren historia aztertzen du, bere kezka nagusia euskal kultura delarik. Ildo honetako sintesi ahaleginetan, Vergarak (La educación en Navarra, 1992) Nafarroako Erresumako hezkuntzaren historia landu du.

Garai honen inguruko historiografiak hiru ardatz nagusi ditu: Ernazimenduko unibertsitateak batetik; bestetik beste era bateko hezkuntza-erakundeak eta, azkenik, pentsamendu pedagogikoa. Lehenengoari dagokionez, Oñati, Iratxe, Iruñeko Unibertsitateak edo Orthez-ko unibertsitate protestantea (Lasa, 1976; Estornes, 1968; Orella, 1977; Fornels, 1995; Morales, 1999; Lizarralde, 1930; Ugalde, 1988; Jorcano, 1968; Olaizola, 1993). Bestelako hezkuntza-erakundeei buruz, Iruñeko eta Lizarrako lehen letretako eskolek inguruko lanak edota Iruñeko kolegio sekular eta Jesusen Konpainiako kolegioen ingurukoak (Laspalas, 1987; Jimeno Jurio, 1993; Goñi, 1946; Lopez de Guereñu, 1961; Vergara, 1991). Pentsamendu pedagogikoaren alorren, pentsamendu humanistikoari buruz zenbait lan egin dira: Joanes Uharte Donibanekoa (Iriarte, 1948; Gondra, 1993; Rey, 1995), Inazio Loiolakoa (Caro Baroja, 1991), Juan Zumaragakoa (Alejos-Grau, 1992), Azpilicueta edota Karranza (Salinas, 1991) ditugu, alde horretatik, pertsonai nagusiak.

Baina zalantzarik gabe, Real Sociedad Bascongada de Amigos del Pais (RSBAP) elkartea da lan gehienen ardatz nagusia. Lan ugari egiteko aukera eskaini dute Bergarako Erret Mintegiaren sorrerak eta bilakaerak eta euskal ilustrazioko pertsonaia garrantzitsuen ikuspegi pedagogikoek (Recarte, 1990; Letamendia, 1987; Benito, 1990; Areta 1990). RSBAP inguruan mugitu ziren erakundeak ezagutzen ditugu, besteak beste marrazketa-eskolak edota haren zintzapean bultzatu ziren lehen letretako eskolak. Pertsonaiei dagokienez, Peñaflorida eta Elhuyar anaiak dira historiografiaren erreferentzi nagusiak; alde horretatik, Ibañez de la Renteria, Iriarte, Foronda edota Agirreri buruzko monografiak egiteke daude nahiz eta horien inguruko zenbait aipamen adierazgarri eta ekarpen aberats ez diren falta.

Alfabetatze-prozesuek ere ez dute oraindik azterketa sistematikorik ezagutu baina, lan sakabanatuak izan arren, eremu horrekin lotura zuzena duten gai batzuk ikertu dira; hala nola, zenbait inprentaren sorrera, zenbait pertsonaia ospetsuren liburutegiak, Leizarragaren itzultzaile eskola, Larramendiren lan literarioa eta euskararen aldeko lana, alfabetatze-mailak Oñatin -protokolo notarialetatik abiatuta-, etab (Madariaga, 1987; Intxausti, 1995; Furet eta Ozouf, 1977). Gauza bera esan daiteke haurtzaroaren historiari buruz, nahiz eta argitaratu diren Valverde (Entre el deshonor y la miseria. Infancia abandonada en Guipúzcoa y Navarra. Siglos XVIII y XIX, 1994) eta Ramos Martinezen (La salud pública y el Hospital General de la ciudad de Pamplona en el Antiguo Regimen, 1989) lan garrantzitsuak aipatu behar diren, bietan haurtzaro abandonatua ardatz nagusitzat hartu delarik.

XIX. eta XX. mendeetako hezkuntzari buruzko ekarpen historiografikoak ugariak dira (baita zabalagoak ikuspegi tematiko eta metodologikotik) Erdi Aro eta Aro Modernoari buruzkoen aldean, nahiz eta azken bi mende hauetan heziketak Euskal Herrian izan duen bilakaera egoki eta zorrotz ezagutu ahal izateko sintesi-lan orokorra falta den oraindik. Sintesirako hurbilketa-ahalegina Arpalen lanean antzeman daiteke (Educación y sociedad en el País Vasco, 1982), baita Lasarenean (Sobre la enseñanza primaria en el País Vasco, 1968) edota Zalbiderenean (Euskal eskola, asmo zahar bide berri, 1990). Dena den, hezkuntzaren historiaren ikerkuntzaren zabalkunde garrantzitsua suertatu den neurrian, sintesi-lan beharrari erantzungo dion Davilak koordinatutako lan ezberdinak bilduko dituen honako ekarpena nabarmendu behar da: Enseñanza y educación en el País Vaco contemporáneo, 2003. Bertan honako eremuen inguruko ikerketak jasotzen dira: hezkuntza politika, oinarrizko irakaskuntza, bigarren irakaskuntza, haurtzaroaren babesa edota historiografia. Orokorrean esan daiteke ikerketa eremuak asko zabaldu direla, hezkuntza-politika eta erakundeen arloak protagonismo nagusia izan arren, eta berrikuntza metodologikoaren itzala geroz eta nabarmena dela.

Egindako ikerketak eta argitaratutako lanak aztertuz gero, antzeman daiteke, foru sistemak indarrean iraun zuen garaiari buruzko lanek ikuspegi nahizko zabala eskaintzen dutela, honako hauek direlarik jorratu izan diren gai nagusiak: udal-politika, irakasleria, ikuskaritza eta eskolatzea. Lan horietan Euskal Herriko hezkuntza-politikaren eta lehen hezkuntzaren ezaugarri diferentzialak aztertzen dira, estatuekin izandako harremanen tenorean beti ere (Benito, 1994; Berruezo, 1986; Houmart, 1973; Letamendia, 1988). Nahiz bere lanaren helburu nagusia izan ez, Davilak (La política educativa y la enseñanza primaria en el País Vasco 1860-1930; 1995) oinarrizko ekarpena egin du garaiaren inguruko sintesia eskainiz, bere ikerketan errealitate politikoa, soziala, ekonomikoa, ideologikoa eta instituzionala uztartzen dituelarik, koadro honek ahalbideratzen baitu urte horietako egoeraren ulermena: irakaskuntzaren kontrolaren inguruko gatazka.

Foruen galeraren garaitik eta II Errepublikara iristen den aldiari dagokionez Euskal Herriko hezkuntzak, baita gerora begira ere, izan dituen ezaugarri eta arazo nagusiak ulertzeko ekarpen ugari egin dira. Elebitasuna, irakaskuntzaren kontrola, autonomia politiko-administratiboa, eskola ereduak, irakasleria, eskola-curriculuma, ..., nabarmen agertzen diren gaiak ditugu burutu diren ikerketetan: Bizkaiko auzo eskolak (Arrien,1987), Gipuzkoako landa eskolak (Garmendia, 2003), lehenengo euskal nazionalismoaren hezkuntza-ideologia (Zabaleta, 1998), Eusko Ikastola Batzarren esperientzia (Arrien, 1983) edota Eusko Ikaskuntza (Estornes, 1983) eta Deustuko Unibertsitateari (Saenz de Santamaria, 1978) buruzkoak, esate baterako. Nafarroari dagokionez, Errepublika garaiko hezkuntza politikaren azterketa aipatu behar da (Berruezo,1991); baita Valladolideko unibertsitate-barrutiari buruzkoa (Martin, 1994), edota gerra garaiko hezkuntzaz, eskola eta haurtzaroa bere baitan biltzen duen lana (Rekalde, 2000).

Baina frankismoaren garaia eta ondorengoa izan dira ikuspegi historiografiko batetik interes handiena piztu dutenak, bereziki ikastolen sorrera eta bilakaerari dagokionez. Eskola eremuko gertakari honen inguruan egin diren interpretazioak ez datoz bat, izan ere egile batzuk gerra aurreko esperientzien jarraipen soilaren antzera aurkezten duten bitartean, beste batzuk ikastolen mugimendua gertakari berritzat jotzen dute, hain zuzen ere testuinguru jakin batean ekoitziriko eskola-proposamen berritzat (Arrien, 1993; Basurko eta Iztueta, 1993; Fernandez, 1993; Garmendia, 1985; Iza, 2010; Lopez-Goñi, 2002). Aipatutakoez gain, ikastolei buruzko artikulu eta lan soziologiko nahikoa aurkitu daitezke han-hemendik, gai zehatzak aztertuz edota gizartearen interpretazio orokorragoaren osagai interpretatzailetzat hartuta. Gainerako eskola-saretan euskal eskola-hizkuntzatzat hartu izanak, bestalde, egungo egoeraren azterketa holistikoagoak egitera bultzatu ditu ikertzaileak eta ez dira gutxi alde horretatik egin izan diren lanak (Basurko, 1989; Castoreo, 1993; Iztueta, 2000a /2000b; Rodriguez, 1999).

Dena den, ugariak dira oraindik hezkuntza-politika eta oinarrizko irakaskuntzaren esparruko hutsune historiografikoak (azkeneko gerra karlista eta II Errepublika bitartekoak bereziki), nahiz, esate baterako, irakasleriari buruzko lanak asko izan (Dávila, 1993b; Guibert, 1983; Marín, 1985; Murua, 20...; Ostolaza, 1996; Reboredo, 1992). Bigarren hezkuntzako erakundeei dagokienez, hutsuneak nabarmenak badira ere, hainbat ikerketen emaitzak interesgarriak dira (Le Lycée de Bayonne, 1980; La enseñanza secundaria en el Pais Vasco, 2003) eta beste horrenbeste esan daiteke irakaskuntza pribatu erlijiosoari dagokionez (Ostolaza, 2000) edota curriculumari (Ezkurdia, 2004) eta unibertsitateari buruz (Aizpuru, 2002; Barriola, 1985; Colina, 1966; Felones, 1998; Flores, 1997; de Pablo eta Rubio, 2005). Beharbada, ekarpenak falta ez badira ere, berrikuntza pedagogikoarekin batera (Fernandez, 2003), lanbide-heziketaren arloa da ia biluzik agertzen dena (Aloy, 1987; Dávila, 1997).

Euskal alfabetatze prozesu ezberdinei dagozkien zenbait ekarpen eskaintzen ari da alfabetatze prozesuei buruzko historiografia. Arlo horretan oso ikuspegi berriekin lan egiten ari da, alfabetatzearen fenomenoa muga estuegietatik atera, eta kultura, ideologia eta euskararen erabilerak osaturiko parametroen barruan kokatzeko ahalegina eginez. Aztertu dira alfabetatzearen eta eskolatzearen arteko harremana, helduen alfabetazea, herri-kultura eta alfabetatzea, eliteen kultura, euskararen erabilerak, etab (Arregi, 1992; Basterretxea, 1997; Dávila, 1993 eta 1995; Eizagirre, 2007 eta 2008; Larrea, 2005; Zabaleta, 1995 eta 2007). Ikerketa horien ondorio gisa, euskal alfabetatzearen ereduaren ezaugarri garrantzitsuenak zehatz daitezke, herri elebidun baten alfabetatzeak dituen oinarriak jasoz. Edozein eran egiteke dauden ikerketak ere azpimarratu behar dira: hala nola, euskarazko irakurketa eta idazketaren historia, hizkuntzaren normalizazio prozesuek alfabetatzearekin dituzten harremanena, erdarek eskoletan izan duten sarreraren inguruko tokian tokiko historiak, elizak euskararen ahozko erabileraren inguruan izandako garrantziari buruzkoak edota prentsan eta literaturan euskarak izandako presentziaren ingurukoak (alde horretatik euskarazko argitalpenen katalogoen agerpenak erraztu egin beharko lituzkete ikerketa mota horiek).

Haurtzaroari buruz egin izan diren lanek aintzat hartu izan dute haurtzaroari eta emakumeei zuzendutako asistentzia-bideak eta talde horien inguruko diskurtsoa eta trataerak. Aro garaikidean garrantzia handia izan du Foru Aldundietan benefizentziaren eskuduntza mantentzeak, interesa, gizartearekiko gertutasuna eta ikerketarako bideak piztarazi baititu. Zentzu horretan Gipuzkoako Foru Aldundiak Aurrezki Kutxa Probintzialarekin estu loturik bultzatutako erreformismo sozialerako egitasmoan, haurtzaroari zuzendutako zenbait ekintza aipa daitezke: Gota de Leche izenekoa, Fraisoroko Ama-etxea eta Esposito-etxea, amatasun-asegurua, asistentzia soziala, aurrezkia, etxebizitza, etab. Gai horien inguruan badago lan sistematikorik, baita Bizkaiko lehenengo industrializazio kasuari dagokionez familia estrategiak eta genero harremanak ardazten dituen azterketarik ere (Martinez, 1996; Roquero, 2000; Perez-Fuentes, 1991).

Ume abandonatuez eta ume gaizkileez ari direnak izan ohi dira hasiera bateko historialarien interesa piztu duten lanak, agian hezkuntza-zientzien arloan sortu diren gizarte-hezkuntza eta pedagogiaren zabalkundearen ondorioz. Haurtzaroa ardatz nagusitzat hartzen duen historia hori mentalitateen historian eta historia sozialean kokatzen da eta hospizioen edota adingabetuen epaitegiak bezalako erakundeen analisiez gain, familia, emakumeen egoera eta generoaren eraikuntza sozio-historikoaren aldagai horiekin loturiko lan-harremanen atalak ere uztartzen ditu (Valverde, 1994; Uribe-Etxeberria, 1994; Unda, 1991). Haurtzaroaren ikerkuntzaren ardatz nagusia disziplinartekotasuna dugu; mentalitateen historiaren interesgunetik abiatuta, azpimarratzekoa da Euskal Herrian tradizio zientifiko luzea duen etnografiaren ekarpena, bereziki Etniker taldeak egindako lana (1998). Bestalde, haurtzaro arriskutsuaren inguruan badira hurbilpenak; izan ere Estatu Espainiarreko adingabetuen lehenengo epaitegia Bilbokoa dugu eta industrializazio erritmo azkarraren ondorioak pairatzen zituen populazioaren kontrol sozialerako gizarte hezkuntzak izan zuen garrantzia begiztatzen da (Davila, Uribe-Etxebarria eta Zabaleta, 1991; Salinas, 1971; Gorrochategui, 1981). Haurtzaro elbarriaren historian (gormutuentzako eta itsuentzako erakundeak zein irakas/ikas-metodologiak, haur atzeratuen erakunde espezifikoak, problematika horien inguruan egon den txertaketa soziala eta bilakaera ideologikoa, ...) edo haur literaturan datzan mentalitatearen analisian, oraindik landu gabe daude esparru zabalak (Berruezo, 1991; Calleja eta Monasterio, 1988).

Haurtzaroaren azterketarako ikertzaileak erabiltzen ari diren egitura analitikoetan, aldagai ezberdinak gurutzatzen dira gertakari honek duen konplexutasunari aurre egin nahian. Haurtzaroaren esparrura garamatzan historia sektorial garrantzitsu bat, besteak beste, emakumeen historia da; eta abiapuntu horretatik eta, batez ere, euskal emakume nazionalisten esparrutik, zenbait lan egin dira, bai haurtzaroaz eta hezkuntzaz darabilten diskurtsoaz, baita eraturiko ekintzaz ere (Fernandez, 1994; Fernandez eta beste, 1998).

Ikerketaren beharra bereziki azpimarragarria da pentsamendu pedagogikoaren arloan. Agian, salbuespena da Unamunoren kasua, bibliografia zabala duelako. Arazoa ez da hezkuntzaz pentsatu eta idatzi duen egileak ez egotea, baizik eta hauen ekarpenari buruzko azterketa sistematiko eta sakonik, orokorrean, oraindik egin gabe egotea. Belaustegigoitia, Landeta eta Elizalderi buruzko lan batzuk argitaratu dira, eta han-hemenka Juan de Zaragüeta, Sabino Arana, Pablo de Alzola, Elbira Zipitria, Julene Azpeitia, Agustin Paskual Iturriaga, Arturo Campion, Leoncio Urabayen, Luis Astigarraga, Iturzaeta, Juan Antonio Moguel edo Rikardo Arregiri buruzko artikuluak edota omenezko liburuak eta elkarlanak aurki daitezke; baina ez dira oraindik gauzatu ikuspegi pedagogikotik eta ikerkuntza historikoak behar duen sakontasun eta konplexutasunaz.

  • DAVILA, Paulí. "La historiografía educativa en el Pais Vasco". GABRIEL, N. de; VIÑAO, A. La investigación histórico-educativa. Barcelona: Ronsel, 1987; 117-129 orr.
  • DAVILA, Paulí; ZABALETA, Iñaki. "Hezkuntzaren historia". Euskal Curriculuma: kultur ibilbidea. Adituen ekarpena. Ikastolen Konfederazioa, 2004.
  • ZABALETA, Iñaki [et al.]. "Hezkuntzaren historia Euskal Herrian: hurbilpen historiografikoa". KINTANA, J.; ARTETXE, K. (arg.). Ikerketa berriak Euskal Herriko historian: metodologia aitzindariak eta berrikuntza historiografikoak. Bilbo: UEU, 2002. 191-206 orr.
  • ZABALETA, Iñaki. "La historiografía educativa en Euskal Herria". DAVILA, Paulí. (koor.). Enseñanza y educación en el País Vasco contemporáneo. Donostia: Erein, 2003. 207-235 orr.