Dantza

Sustraiak Dantza Taldea

1975en Legazpiko (Gipuzkoa) gazte talde batek "Sustraiak Dantza taldea" sortzen du. Taldearen helburua Legazpin gutxienez XVI. mendetik aurrera dantzatuak izan diren antzinako erritual folklorikoak (lehenengo idatzizko datuak mende horren amaierakoak dira) berreskuratzea da. Lehenik eta behin taldeak XVII. mendetik XX. mendeko 60. hamarkadaraino maiatzak 3an dantzatuak izan diren bertako ezpata dantza (Legazpiko Ezpata Dantza edota Okrabario Dantza) eta Gizon Dantza edota Aurreskua berreskuratzen ditu. Horretaz gain, Legazpin maiatzaren 4an dantzatzen zen "Kapela Dantza" izeneko Gizon Dantza ere berreskuratzen du taldeak.

Udal Artxibategian ikerketa sakona burutu eta aurreko mendeko 40. hamarkadan dantzariak izandakoen testigantzak jaso ondoren, Euskal Dantzarien Biltzarreko Dantzariak aldizkarian Legazpiko Ezpata-dantzari buruzko lana argitaratzen du taldeak.

Ordutik aurrera taldeak bertako eta herrialdeko folklorearen ikerkuntza lanean jarraitu du, bereziki XVIII. mendean deskribatuak izan ziren eta kasik erabat ahaztuak ziren Soinu Zaharren berreskuratze lanean.

Aldi berean gure folklorearen garapenean lanean dabiltza, 1991tik aurrera urtero inauteri konpartsa kaleratuz. Bertan legazpiarrek Euskal Herriko hainbat inauteri ezagutu eta dantzatzeko aukera dute.

Gaur egun Sustraiak Dantza Taldearen ibilbidea bertako, herrialdeko eta oro har Euskal Herriko folklorearen kontserbazioan eta hedapenean datza, bakarka edota beste dantza taldeekin elkarlanean Euskal Herri osoan antolatzen diren ekitaldi eta jaialdi folklorikoetan parte hartuz. Gainera Espainiar Estatuan (Cantonigrós, Aranjuez, Almeria,...), Praga (Txekia), Frantzia, Ingalaterra, Gales, Portugal, Italia eta abarreko jaialdietan aritu dira.

Gainera Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrarekin batera baserritar jantzi tradizionalak berreskuratzen aritu dira, batik bat emakumeenenak.

Taldeak urte osoan burutzen dituen folklorearekin loturiko ekitaldiak hauek dira:

  1. Folklore Jaialdien antolakuntza.
  2. Legazpiko Inauteriaren antolakuntza eta parte hartzea.
  3. Aurresku eta Neskatxena txapelketen antolakuntza eta parte hartzea.
  4. Herritarrentzako euskal dantzen ikastaroak.
  5. Legazpiko kultura eta jai antolakuntza eta ekitaldietan parte hartzea