Kontzeptua

Portuko zamaketariak

Seguruenik gure inguruan merkantzia-ontzietako zamalanak ez ziren Europako portu nagusienei buruz aritzean azaldu ditugunetik oso bestelakoak izango, nahiz gure zertzelada berezietara egokituko ziren.

Oso interesgarria da 1282an Bartzelonako Llibre del Conselat de Marizenekoak eginiko aipamena, stibar a trau y stibar en vert zioen eta, presiozko zamatze lanei -kargamentu batzuekin horrela egiten zuten eta, kotoiarekin kasu- eta lanok toki hezean egiteari buruz ari baitzen. 1398an,Baionako arte eta ofizioen korporazioak izenekoen artean bote-tonets-enak ageri dira; hauek sotoko zamaketariak ziren, eta upelak behar bezala jartzea zuten eginkizun.

Lehenago adierazi dugun moduan, ordenantza eta estatutu bidez arautzen ziren gremioak aldatuz joan ziren pixkanaka enpleguaren kontrolerantz; halaz, kargatzaileei baimena exijitzera iritsi ziren, hauei lana egiten utziko bazieten.

Agintariek eta zerbitzuen erabiltzaileek oro har gremioen aurkako jarrera nabarmen-nabarmena izan zuten denboran zehar, eta xedapen ugari izan ziren haien praktikak, are haien funtzionamendua ere, galarazten zutenak, esate baterako Joan I.ak Arrasateko gremioen aurka emana, eta Nafarroako Gorteenak, hainbat erabaki hartu zuten-eta besteak beste Iruñean (1553) eta Zangozan (1561). Hala eta guztiz ere funtzionatzen jarraitu zuten, batera edo bestera, XIX. mendearen lehen herenera arte; hemendik aurrera, ordea, ez ziren liberalismo ekonomikoaren bultzadari aurre egiteko gai izan.

Antxon Agirre Sorondok bere Orioren Historia liburuan -argitaratzeke oraindik- azaltzen digun zertzelada batek ongi erakusten du Getarian, ia-ia XVII. mendearen erdialdean, zamalanak txalupa bidez egiten zituztela. "1639ko martxoaren 5ean Stobal Eguzkitza kapitainak, Gipuzkoako Gudarosteko sarjentu nagusi eta Orioko kanalean zegoen Nª Sª del Coro galeoiaren jabea bera, eskatu zien Sebastian Urdai kapitain, alkate eta barrako gidariari, eta Andres Portu, Nikolas Arribas, Martin Treku, Domingo Mendia eta Joanes de Ibarrolari, hauek txalupa-maisuak baitziren, galeoia Pasaiara eramatea, Erregearen zerbitzuan jarri ahal izateko. Eskari hau jasota, txalupa-maisuak elkartu eta Eguzkitzari eman zioten aditzera beren 6 txalupak gutxi direla zerbitzua egin ahal izateko; gauzak horrela, Getariara beste 4 txaluparen bila joateko agindu zuten, zerbitzua egitearren. Getariakoek, berriz, esan zieten ezin zutela egin, Erregearen galeoiak kargatzeko lanetan ari ziren eta".

Autore berak, aipatu argitalpenean, diosku "Errege Ontzidiaren edo Lehorreko Armadaren eskariak betetzeko baldintzen arauketa adostasun eta desadostasun iturri izan zela Orioko nekazarien eta marinelen artean. Horregatik, eta jarduera hau eta besteak arautzeko, talde biek, 1762an, honako jarduera-irizpide hau finkatu zuten. 15. kapitulua. Uretako lanetan, zamatze lanetan, hau da, pinazak eta beste ontzi batzuk zurez eta beste zenbait gauzaz kargatzean, nekazariak eta marinelak berdin hartu behar dira, eta kopuru bakoitia eskatuz gero nekazariek izango dute lehentasuna. Horrela, 5 izanez gero 3 nekazari eta 2 marinel izango dira".

Bilboko Kontsulatuko 1737ko Ordenantza Orokorrek, dakigun moduan Ontzidi frantziarraren 1681ekoen eraginpean erredaktatu horiek, hogeita laugarren kapituluko XVII. atalean kezka ageri dute ontzietako karga lanak direla eta, eta bete behar diren arauak ezartzen dituzte, epailearen iritzizlanak bete ez badira izango diren zehapen eta zigorrekin batera. Karga ateratzeko lanak ere arautzen dituzte, LIV. eta LV. ataletan.

Kargaren banaketari buruz, XVIII. kapituluak honakoa adierazten zuen: "Kapitainek edo Maisuek ezingo dute bere ontziaren bizkarrean inolako merkantziarik jarri, ez pleitaturik ez beren konturako edo beren marinelen konturakorik, ezen beti libre utzi beharko baitute ontzi-gaina, nabigazioan zehar egin beharra gerta daitezkeen maniobretarako; eta bakarrik txalupa eraman ahal izango dute, dagokion tokian, eta ordezko tantai eta mastak trabarik ez egiteko moduan; bai txopatik brankarako eusgaian, bai ontzi erdian finkaturik, eta loturik; horrela egin ezean Ontzian bertan zein honetako kargan sortzen diren kalteak eta matxurak haien kontura izango dira, Itsasadarraren onurarako".

Donostiako Unibertsitate Loriatsu, Kontratazio Etxe eta Kontsulatuaren 1766ko ordenantzetan, XVII. kapituluan, ontzietako kontratuak nola eginbehar diren arautzean, amaierako LII. eta LXI. zenbakietan finkatzen dira bai norberaren akatsez bai ezbeharrez, eta okerreko zamatze lanak ere kontuan harturik, hondatutako merkantziagatiko erantzukizunak eta zigorrak. Ontzi kapitain, maisu edo patroiei buruz ari den XXIII. kapituluan, L. zenbakian, ezartzen da kapitainak merkantziak Donostiako badian eta Kontxan entregatu behar dituenean "deskarga lanak ontzi txikietan" egin beharko dituela, "kargatzaileekin hitzarmen partikular bat eginez horretarako".

Gauza bera erakusten dute 1824an Donostiako Kontsulatuaren eta Donostiako Itsas Komandantearen arteko gutunek; "hauen sorburua Itsas Komandanteak ontziei lasta emateko emakume kopuru bat adierazi izana da, ezen besteak kanpoan utzi ditu, eta bere burua kaltetutzat dutenek diote, beren defentsan, marinelen alaba eta bilobak direla, eta haurtzarotik aritu direla kaian lanean, bai ontziei lasta ematen bai lehorreratze eginkizunetan".

Antxon Agirre Sorondok azaldu duenez, Pasaia inguruko herrietako 1890eko boto-emaileen erroldan bakar-bakarrik bi zamaketari ageri dira, 35 eta 37 urtekoak, Donibanen. Urte horretan, portu gipuzkoar horrek 225.000 tona inguruko mugimendua izan zuen.

Portuetako langileen lehenbiziko erakundea 1929an sortu zuten, Federación Nacional de Entidades Obreras de los Puertos de España izenaz. Honetan, hamabost portutako langile-erakundeak sartu ziren, tartean Pasaiako eta Donostiako langileak zirela, baina hutsune deigarri bat ere bazen, Bilbokoena alegia. Meritu handiko ekimena inolaz ere, kontuan hartzen badugu langile-mugimenduek jazarpen handia jasan zuten Primo de Riveraren diktadura garaian izan zela; jazarpen horren pean, ez zuen ezer egiterik izan 1931 arte, hots, II. Errepublika iritsi arte.

Espainiako gerra zibilaren ondorengo urteetan oso zaila izan zitzaien sindikatuei eta lanbide-erakundeei langileen interesen defentsan aritzea. Hala eta guztiz ere zamaketariek jarraitu zuten, nortara-hartara, presente egoten, betiko errebindikazioei eutsiz, garaian garaiko zertzeladetara egokituta.

Azken hamarkadetan zehar Espainiako gobernua ere saiatzen ari da portu zerbitzuetan, eta hauen artean zamatze zerbitzuetan, Europar Batasunaren babesa lortu ez duten irizpide liberalizatzaileak aplikatzen.

Bilbo, Baiona eta Pasaiako portuetako zamaketarien historia luzean, bere interesen defentsan aritu izana azpimarratzeaz gain, portuen funtzionamendu egokirako egin ekarpena nabarmendu beharko genuke.