Kontzeptua

Portuko zamaketariak

XX. mendeko hirurogeiko eta hirurogeita hamarreko urteetan zehar, Bilbo, Baiona eta Pasaiako portuetako zamaketarien lanek, normalean erabiltzen zituzten merkantziak zirenak zirela, ahalegin fisiko handia eskatzen zuten artean, eta kasu batzuetan arriskua ere begi-bistakoa zen.

Pasaiako portuak trenbidea du kai ondoan bertan, bai bide estukoa (Topo) bai bide zabalekoa (Renfe), eta bertako trafikoa oso-oso bizia izan da. XX. mendeko berrogeita hamarreko hamarkadaren bigarren erdialdean egunean 200 bagoi baino gehiago iristen ziren; hauek kaietan zehar mugitzeko hainbat sistema erabiltzen zuten. Hasiera batean zamaketariek bultza egiten zieten gorputz osoaz, sorbaldaz indar eginez; gero idi-pareak erabiliz; eta azkenik egurrezko eta ikatzezko bi gasogeno-galdaraz hornitutako traktore batez. Azkenean, arrastan zortzina bagoi eramatera irits zitezkeen hiru bagoi-traktore Perking heldu ziren.

Pasaian manipulatzen zituzten merkantziek lotura estua zuten inguruko ekonomiak fabrikatutako edo eskatutako produktuekin; halaz, nagusiak zura (enborrak), paper-orea, bakailaoa, ikatza eta espartzua ziren. Solteko produktuetan, zamaketarien lana funtsean ontzira igo eta sotora jaistea zen, han ontzi zilindriko edo hodi-formako batzuk palaz kargatzeko; hurrena, garabi baten bidez kaian edo tren-bagoietan jartzen zituzten, hauek eraman zitzaten hartzailearen biltegi edo herrira. Lehen kasuan, palak erabiltzen zituzten langileek merkantzia, normalean, kamioietara eraman behar izaten zuten. Kargatu behar zutenean, prozesua alderantzizkoa zen.

Bakailao trafikoa oso garrantzitsua izan zen Pasaian hainbat hamarkadatan zehar, bertan baitzegoen espainiar enpresa nagusia, Pysbe alegia. Langileak sotora jaitsi eta eskuz erauzten eta kargatzen zuten arrain izoztua lau amarradurako kaxa batean, garabi batez gora atera eta hurrena kaian utziz. Beste zamaketari batzuek merkantzia otarretan jarri eta hauek biltegietara eramateko moduan jartzen zituzten.

XX. mendeko berrogeita hamarreko hamarkadan Pasaiara Huelvako pirita berdea heltzen zen soltean, eta toxikoa zen. Sotoan azpialdetik zabaltzen eta ixten zen zali batean kargatzen zuten; honek 1.200 kg har zitzakeen, eta garabi batetik zintzilik zegoen. Gero, kalapatxa batetik eta hodi batetik zehar zuzenean eramaten zuten bagoi itxi batzuetara (12/15 eta 20 tona bitartekoak ziren). Zamaketariek, ibilgailu barnean, sudurra eta ahoa zapi batez estalirik eta palaz, merkantzia modu homogeneoan banatzen zuten.

Bilboko portuan zementua bero iristen zen paperezko edo jutezko zakuetan, eta hauetako bakoitzak 50 kilo zituen. Zamaketariek, sotoan, eskuz eraman behar izaten zuten zementua, hamabost metroz batzuetan, zegoen tokitik eskotila ondoraino, hemendik ontzira igo zezaten garabi baten bidez; garabiak beste garraiobide baten gainean kokatzen zuen hurrena, eta eginkizun honetan beste langile batzuk ere aritzen ziren.

Haragi izoztua Argentinatik heltzen zen, 60 eta 100 kg bitarteko piezatan, 10 bat gradu zero azpitik. Soto barnean hamabi langilek, ordubeteko txandak eginez, eskuz betetzen zuten sare bat, eta garabi batek kamioi batean kargatzen eta kokatzen zuen hurrena.

Bizkaiko zamaketarien 1979ko hitzarmenean, testu honi erantsirik doa, "Izoztuak eta errefrigeratuak" maneiatzeko gutxienez "10 zamaketari sotoan, zamaburu bat eta lehorrean beste bi" eskatzen jarraitzen zuten, "gutxieneko langile kopuru gisa lanaldi intentsiboetan eta ordubeteko txandetan" aritzeko.

Goma birjina edo kautxua 100 bat kiloko fardotan etortzen zen, elkarri eta alboetan itsatsirik, sotoko espazio guztia hartuz 3.000 edo 4.000 piezaz. Barnealdean hamabi gizonek sare bat kargatzen zuten, agintzen zieten denboran zehar. Merkantzia gabarra batean jartzen zuten, eta hau kaira eramaten zuten hurrena garabi baten laguntzaz kamioietan kokatzeko. Oso lan gogorra zen, baina XX. mendeko laurogeiko hamarkadaren azkeneko urteetatik aurrera hobetu egin zen.

Kopra, palmondoaren kokoaren mamia, pentsua egiteko erabiltzen zena, 60 kiloko zakutan iristen zen, sotoak bete-beterik, eta hau ere gabarretara deskargatzen zen. Lan nekeza zen inolaz ere, zikinkeriagatik eta merkantziarekin batera etortzen ziren zomorro ugariengatik. Materia erretxinatsuen emanazioetatik jasotzen den eta tinta eta betun batzuen fabrikazioan erabiltzen den ke-beltza ere zakutan heltzen zen, eta deskribatutakoen antzeko lanak egin behar izaten zituzten hauekin ere. Oso produktu zikin eta likatsua zen, eta zakua puskatuz gero kalte handiak eragiten zizkien zamaketariei arropetan.

Zurezko enborrak ontzietatik kaira eramango zituzten gabarretara deskargatzeko lanak ere bazituen bere arriskuak, zeren eta sarritan enborrei eusten zieten kableak ez ziren oso egoera onean egoten. Are gehiago, ez zen istripu garrantzitsurik falta izan. Lehen aipatutako hitzarmenean, duela hogeita bost urte, bost zamaketariko gutxieneko kopuru bat finkatzen zuten (sotoan bi, zamaburu bat eta lehorrean bi). Zura soltean iristen hasi zenean, behar zen langile kopurura hamahiruraino iritsi zen.

Sinter-a, produktu metalikoz osatu aglomeratua, 30 x 30 cm-ko eta 50 kiloko zakutan iristen zen, edukiontzietan. Produktu honen manipulazioa oso lan gogorra zen, kamioietan kargatzeko lanean oso jarrera zailak hartzen ziren eta, denbora luzean gainera. Ikatza zekarten ontzien deskarga palazegiten zuten sotoko ertzetatik erdirantz, eskotila ondorantz alegia, han garabiak har zezakeen-eta kaira jaitsi eta bertatik kamioiak kargatzeko. Zikinkeria nagusi zen inguru horretako ahalegin fisiko handiak oso nekeza egiten zuen lana.

Txileko nitratoak, nekazaritzan erabiltzen den ongarri nitrogenatu naturala da, trafiko handi samarra eragiten zuen. XX. mendeko hirurogeiko hamarkadaren amaiera arte soltean iristen zen, eta ondorioz palaz atera behar izaten zuten sototik, gero kamioietan jarri eta biltegietara eramateko. Nitrato hau oso gogor geratzen zen, eta mailu elektrikoz eta konpresorez landu behar izaten zuten; gero, langileen hizkeran Leona esaten zioten makina baten bidez, desegin eta 100 kiloko zakutan sartzen zuten, kamioietan edo bagoietan kargatzeko hurrena zamaketariek, sorbalda gainean. 1965 inguruan hasi ziren ehun kilo inguruko zakuak iristen, eta hauek, eslinga bidez, kamioietan jartzen zituzten, hartzaileei edo biltegietara eramateko. Lantaldean 12-14 langile izaten ziren, eta ontzi bat deskargatzeko lanak, tona kopuruaren arabera jakina, zortzi-hamar bat egun har zitzakeen.

"Eskuz eskuko" karga eta deskarga ere sarritan baliatzen zuten zenbait produktutan, lingoteen kasuan esate baterako.

Bizkaiko portuetako zamaketarien 1979ko hitzarmenak honakoak finkatzen zituen:


  1. Gutxieneko eskuak
  1. 1.- Totxoak
    1. 3 Sotoan, Zamaburu 1, 2 Lehorrean
    2. Profilak, hodi lotuak, hagatxoak, zutoinak, zeharragak, biribilak
  2. 2.- Ontzi-xafla grapaduna
    1. A) 4 tonaraino 4 Sotoan, Zamaburu 1, 2 Lehorrean
    2. B) 4 tona baino gehiago 4 Sotoan, Zamaburu 1, 4 Lehorrean
  3. 3.- Xafla industriala fardeletan
    1. 2 Sotoan, Zamaburu 1, 4 Lehorrean
  4. 4.- Slabs
    1. 3 Sotoan ontzi handian, 2 ontzi txikian, Zamaburu 1, 2 Lehorrean
  5. 5.- Bestelakoak
    1. A) Banan bana. 2 Sotoan, Zamaburu 1, 2 Lehorrean
    2. B) Binaka
      1. 1) Deskargatzea. 3 Sotoan, Zamaburu 1, 2 Lehorrean
      2. 2) Kargatzea. 4 Sotoan, Zamaburu 1, 2 Lehorrean
  6. 6.- Soltekoak
    1. Bat eta hiru bitartean, kasuen arabera
  7. 7.- Edukiontziak
    1. A) Ontzi konbentzionalak
      1. 1) Garabi konbentzionalaz. 3 Sotoan, Zamaburu 1, 2 Lehorrean
      2. 2) Edukiontziak eramateko garabiaz. 3 Sotoan, Zamaburu 1, Lehorrean inor ez
    1. B) Ontzi zelularrak
      1. 1) Garabi konbentzionalaz. 2 Sotoan, Zamaburu 1, 2 Lehorrean
      2. 2) Edukiontziak eramateko garabiaz. 2 Sotoan, Zamaburu 1, Lehorrean inor ez
  8. 8.- Enborrak
    1. 2 Sotoan, Zamaburu 1, 2 Lehorrean
  9. 9.- Zura fardeletan (zur soltea fardeletakoaren %15 baino gehiago ez bada)
    1. 3 Sotoan, Zamaburu 1, 2 Lehorrean
  10. 10.- Zura soltean
    1. 10 Sotoan, Zamaburu 1, 2 Lehorrean
  11. 11.- Gomazko fardelak
    1. 12 Sotoan, Zamaburu 1, 2 Lehorrean
  12. 12.- Ezarri edo ezarririk dagoela kendu behar den karga orokorra
    1. 5 Sotoan, Zamaburu 1, 2 Lehorrean
  13. 13.- Karga orokorra paletetan
    1. 2 Sotoan, Zamaburu 1, 2 Lehorrean
  14. 14.- Izoztuak edo errefrigeratuak (lanaldi intentsiboan eta ordubeteko txandak eginez)
    1. 10 Sotoan, Zamaburu 1, 2 Lehorrean
  15. 15.- Zakuak kargamentu osoetan
    1. 10 Sotoan, Zamaburu 1, 2 Lehorrean
  16. 16.- Papera "bobina" erroiloetan
    1. a) Eslingaz hartua. 10 Sotoan, Zamaburu 1, 2 Lehorrean
    2. b) Eslingaz hartu gabe. 3 Sotoan, Zamaburu 1, 2 Lehorrean
  17. 17.- Ore unitizatua
    1. 3 Sotoan, Zamaburu 1, 2 Lehorrean
  18. 18.- Ore soltea
    1. 4 Sotoan, Zamaburu 1, 4 Lehorrean
  19. 19.- Bakailaoa eta fruta kaxatan
    1. A) Bakailaoa. 10 Sotoan, Zamaburu 1, 2 Lehorrean
    2. B) Platanoak. 4 Sotoan, Zamaburu 1, 2 Lehorrean
  20. 20.- Turismo-ibilgailuak enbalatu gabe eta bere baliabidez ez doazela
    1. A) Deskarga. 4 Sotoan, Zamaburu 1, 2 Lehorrean
    2. B) Karga. 4 Sotoan, Zamaburu 1, 4 Lehorrean
  21. 21.- Fardoak, fardelak eta haxeak, manipulazioaz
    1. 4 Sotoan, Zamaburu 1, 2 Lehorrean
  22. 22.- Kotoia
    1. 4 Sotoan, Zamaburu 1, 2 Lehorrean
  23. 23.- Bidoi grapadunak zuzenean jartzeko
    1. A) Karga. 4 Lehorrean, Zamaburu 1, 2 Sotoan
    2. B) Deskarga. 4 Sotoan, Zamaburu 1, 2 Lehorrean
  24. 24.- Dupak, kupelak eta barrikak
    1. Karga orokorra bezala
  25. 25.- Kaxak eta kaiolak (100 eta 50 kilo bitartekoak)
    1. Karga orokorra bezala
  26. 26.- Eskuz maneiatu gabeko piezak lanaldi osoan zehar
    1. 2 Sotoan, Zamaburu 1, 2 Lehorrean
  27. 27.- Edukiontziak hustu eta betetzea
    1. 2 merkantzia eskuz husteko, 2 merkantzia eskuz betetzeko, inor ez paletetan dagoen merkantziarako
  28. 28.- Paletetan jarriko den merkantzia kamioietatik deskargatzea
    1. 2 Langile
  29. 29.- Bakailaoa kamaratan
    1. 6 Langile lanaldi bakoitzeko
  30. 30.- Produktu izoztuak zuzenean ontzitik edo kamioitik
    1. 4 Langile kamioi gainean

Ontzi bakoitzak Portuko Lanetarako Arduradun bat izango du.

Ontziko lanetan langile bat hartuko da ura eta lanabesak ekartzeko eta langileburuaren laguntzaile izateko.