Olerkariak

Otero Muñoz, Blas de

Orain arte esandakoei jarraiki, Blas de Oteroren poesia eta poetika hiru garai nagusitan bana daiteke: erlijioari atxikitako aroa, joera existentzialistako aroa eta poesia sozialaren aroa.

Lehenengo aroa edo erlijioari atxikitakoa, Oteroren gazte-denborari dagokio, lehenengo poemak idatzi eta hor-hemengo aldizkarietan argitaratu zituen garaiari. Batez ere Espainiako Gerra Zibilaren aurretik idatzitako poemek osatzen dute, eta gogoan izan behar da bilbotarrak sinestuna zela eta elizara joaten zela meza entzutera. Orduko testuak ez dira asko eta Oterok berak ez zien, gerora, garrantzi handiegirik eman; are gehiago, badirudi nahiago izan zuela testu horiek "gazte denborako bekatutzat" jotzea. Aldizkari eta egunkarietan argitaratutako testuez gain, liburu bakarra koka daiteke erlijioari atxikitako aroan: Cántico espiritual (1942).

Cántico espiritual lana mistikaren bidetik eginiko obra da, bakartasuna eta intimismoa islatzen dituena, Espainiako poeta erlijiosoen liburuak irakurri ondoren (eta horien omenez) idatzitakoa.

Ikertzaile guztiak ez datoz bat lehenengo aro horren garrantzia neurtzean. Aro horretako poesia, oro har, bere horretan eta isolaturik aztertuz gero, ezin esan daiteke Oterok gerora egindako lanaren parekoa denik; horretan ados datoz kritikari gehienak. Alabaina, egia da, era berean, aro hori bizi eta garatu izan ez balu, Blas de Oterok ez zukeela erlijio-krisia biziko; hots, ez zukeela lehenengo aro hori gaindituko eta aurrera joko. Azken batean, Oteroren bigarren aro poetikoa fedearen galeratik sortu zen.

Arestian esandakoarekin bat, 40ko hamarkadan jasandako fede-krisitik irteterakoan beste poesia-eredu bati heldu zion Bilboko poetak: garai hartan Frantzian indar betean zegoen existentzialismoari. Lehenengo aroko poesia gaitzesten zuenean bere lehenengo poesia-liburua Ángel tiernamente humano (1950) zela esaten zuen Oterok. Hain zuzen ere, lan horrek, Redoble de conciencia-k (1951) eta Ancia-k (1958) osatzen dute bilbotarraren aro existentzialista. Azken lan horretan, berez, Ángel tiernamente humano-ko hogeita hamabi poema eta Redoble de conciencia-ko guztiak biltzen ditu, eta bilduma horri berrogeita bederatzi testu berri gehitu zizkion egileak. Lan horiek prestatu zituenerako, Otero nekaturik zegoen fedez eginiko baieztapen hutsez, eta "ni"-aren (poetaren) eta "zu"-aren (Jainkoa edo indar jainkotiarra) arteko zalantza eta galderetara igaro zen. Alabaina, ez zegoen elkarrizketarik eratzerik; izan ere, "zu"-ak ez zuen inoiz erantzuten. Erantzun bakarra isiltasuna da. Jean Paul Sartre-ren ideiei jarraiki, gizakia bakarrik dago mundu honetan eta norbera da egiten dituenen nahiz gertatzen zaizkionen erantzule bakarra.

Lehenengo aroak bigarrena ekarri zuen bezalaxe ekarri zuen bigarrenak hirugarrena ere. Ez dago Jainkoaren esperantzarik gizakiarentzat, gizakiak bakarrik daude, baina elkarren ondoan bizi dira, gizakiek elkarren ondoan bizi dute bakartasunaren tragedia. Bada, bizikidetasun horretan aurkitu zuen Blas de Oterok aurrerabidea, "ni" zena "gu" bihurtu zen, "gu" hori harturik bizitza honetako egonlekutzat eta irtenbidetzat, "gu" horretan disolbatzen da poetaren "ni"-a: gizakia bakarrik dago, hil egingo da eta hil ondoren ez dago bestelako leku zoriontsurik; alabaina, bizi den artean, gizakiak badu pozik eta zoriontsu bizitzeko eskubidea. Bestela esanda, fede erlijiosoa galduta eta tarteko garai existentzialista gaindituta, utopia humanistari heldu zion poeta bilbotarrak, eta ordukoak dira Oteroren lan gogoangarrienak, ziur asko XX. mendeko gaztelaniazko poesia sozial onena, Pido la paz y la palabra (1955), En castellano eta Que trata de España bezalako obretan bildutakoak.

Oteroren poesiaren azken poema-liburuak Mientras [=Bitartean] eta Historias fingidas y verdaderas [=Inkariotutako eta egiazko istorioak] lanak dira (1970ean argitaratuak), baina aipatzekoa da, aurretik esan den bezala, azken urteetan denbora gehiena aurreko hamarkadetako testuak berridazten eta berrantolatzen igaro zuela.