Kontzeptua

Nafarroako Konpilazioa - Nafarroako Kode Zibila

Printzipio orokorrak, Nafarroako ordenamendu zibil osoa argitzen duten zuzenbide historikokoak eta haren xedapenetatik ondorioztatzen direnak dira (4. legea).

Askatasun zibilaren printzipioaren arabera, edozer egin daiteke inori kalterik egin ezean; beraz, norberak bere eskubidea baliatzean duen muga bakarra da gizarteko gainerako kideei ere beren eskubidea egikaritzeko egoera bermatzea; zehazki, muga horiek lege bidez bakarrik ezar daitezke. Hala izan dadin, hain zuzen, 8. legeak hau dio: "en razón de la libertad civil, esencial en el Derecho navarro, las Leyes se presumen dispositivas".

Askatasun zibila agertzen da bai araudiaren eta bai ondarearen ikuspegian; azken hori, gero, zabaltzen da hala kontratuen eremura, nola oinordetzara. Ekitateak, "homes buenos et cuerdos" delakoen irizpide gisa, erromatar lege askoren testuetan du sostengua eta, horien arabera, ekitateak, zuzenbideko iturri material moduan, badu indar interpretatzailea eta osatzailea.

Fede ona, leialtasun gisa azaltzen da eta, horren arabera, emandako hitza, hartutako konpromisoa edo portaera ohoragarria bete behar da, Nafarroako Errege Kontseiluaren 1413ko LXXIII Ordenantzak adierazi zuen bezala: "bien y lealmente á todo lur poder". Nafarroako Foru Zuzenbideko Erakundeek badute oinarrian beste printzipio bat: familiaren batasuna eta Etxea iraunaraztea, familiak eta Etxeak belaunaldiz belaunaldi betikotzeko.

Bildumako 1-5 legeen arabera, Nafarroako Zuzenbide Zibila Nafarroako tradizio juridikoaren arabera osatu eta interpretatuko eta analogia ere erabiliko da.

Tradizio juridikoari buruz, 1. legeak hau adierazten du zehazki: "como expresión del sentido histórico y la continuidad del Derecho civil de Navarra, conservan rango preferente para la interpretación e integración de las Leyes de la Compilación; y por este orden: las Leyes de las Cortes de Navarra posteriores a la Novísima Recopilación, la Novísima Recopilación; los Amejoramientos del Fuero; el Fuero General de Navarra; los demás textos legales como los Fueros locales y el Fuero Reducido; y el Derecho Romano para las instituciones o preceptos que la costumbre o Compilación hubieran recibido del mismo".

Analogiari buruz 5. legeak hau ezartzen du: "antes de aplicarse el Derecho supletorio deberá integrarse el Derecho civil navarro mediante la racional extensión analógica de sus disposiciones".

Eta ordezko zuzenbide moduan, 6. legearen arabera, Espainiako Kode Zibila eta lege orokorrak aplikatuko dira, baina esanbidez aurreikusitako suposamenduetan bakarrik aplikatu ere. Hau da, ordezko zuzenbide horrek koherentziaz egokitu beharko dira Nafarroako araudia informatzen duten printzipioetara, bere tradizio juridikora eta zentzuzko zabalketa analogikora, bestela ez bailitzateke ordeztailea izango, derogatzailea baizik.