Inondik inora ere, ezin da onartu Nafarroako zuzenbidearen historia luzea banantzea eta 1973an emandako Konpilazioa prestatzeko egindako lanak hartzea aurrekarien abiapuntu moduan. Bizirik eta indarrean den egungo zuzenbidea, etengabe eguneratzen joan da, arau-testuz osatutako kate luzea eraikiz; horiek guztiak ezagutzea ezinbestekoa gertatzen da Nafarroako zuzenbide zibilaren berezitasunak ulertu ahal izateko.
Aztarna aurrejuridikoek erakusten dutenez, jainkoetsitako lurra, "ama lurra", ez da inoren jabetzapekoa. Ama lurra guztiena dela jotzen duen kultur geruza horren ondotik, egitate juridiko gisa, auzokoek osatutako erkidegoak hartzen du garrantzia gizartea egituratzeko. Lurra jada ez da ama jainkosa, erkidegoaren lur bihurtu baita, hauzalur, hauzalor, berezko zuzenbide, aplikatze eta epaileekin -"hauzi", "hauzapez"-. Lurra erkidegoaren jabetzapekoa zela esan daiteke ondasun higiezinak eta higigarriak denen artean zuzen banatzen direlako; hondakin arkeologikoek erakusten dutenez, euskaldunen lurraldean I. burdin aroan egindako herrietako etxeen zabalera eta neurri teknikoak oso parekoak eta antzekoak ziren, eta baita ere etxeko gauzen aberastasuna (burdinazko erremintak, zeramika, hezurrezko tresnak, larruak, egurrak, saskigintza), hau da, horren arabera pentsa liteke biztanleriaren gehiengoak zituen baliabide ekonomikoak oso berdintsuak zirela. Lurraldearen jabetza erkidegotzan izatea eta nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiapenak lote baliokidetan ematea dira berdintasun material horren kausa. Herrixka horiek eremua urria hartzen zuten, baina ugariak ziren, talde txikiez eratuak; talde horiek unitate soziologiko osatuak ziren, hau da, beren kideak beraien arteko harremanak zituzten, zalantzarik gabe, hala arau-alorrean, nola kultura-mailan. Errealitate juridiko hori da, auzo-erkidegotza deitzen zaiona, erromatarrek topatu zutena Nafarroara iristean.
Euskaldunen auzo-erkidegoek bizirik iraun zuten erromatarren garaian. Auzo-antolakuntza bazuten herriak izanik, Erromako udalen eskema juridikoetara erraz moldatu eta egokitu ziren. Lurralde bertako zuzenbideak arautzen zituzten familia, auzotartasuna eta jabetza komunala. Erromako hiritar zirenei bakarrik aplikatzen zitzaien ius civile delakoa. Zuzenbide penala guztiei aplikatzen zaie, baina erkidego bakoitzaren legeei egokituta; hainbat delituetan herrialdeko zuzenbidea aplikatzen da. Euskal civitates delakoen Foroetan ius gentium delakoa ere aplikatzen da, ekonomiari eta merkataritzari buruzko zuzenbidearekin osatua, obligazio eta kontratuei dagokienez. Zuzenbidea pertsonaren arabera aplikatzen da, hau da, lurraldea ez baina pertsonari dagokion estatutu juridikoaren arabera. Giza edo norbanakoa eskubideen subjektutzat hartzen da, zein talde etnikokoa edo maila sozialekoa den kontuan izan gabe.
Euskal herrian, III. mendez geroztik, erromatarren aurreko egitura sozio-ekonomikoa sendotuta geratzen da, Erromako Inperio osoan pixkanaka nekazaritzan murgiltzen den gizarte bati dagozkion erlazio sozio-ekonomiko berriekin lotuta beti ere. Hiriko eta landa-eremuko bizitzan III. mendez geroztik sortutako aldaketek, beren jatorria, behe erromatar inperioak jasandako eraldaketa sozio-ekonomikoetan dute, eta ez, herri barbaroak etorri zirenean, uste izan den hiriak eta landak oro har hondatzearen eta suntsitzearen kausan, haiek harrapaketa eta pirateriazko ekintzak egin bazituzten ere. Euskal Herrian, Pirinioen iparraldean eta hegoaldean, ohikoa da "gizon aberatsak" esapidea, behe erromatar inperioaren garaian toki bakoitzean elite ziren "funts" eta "villae" delakoen nekazale-leinuko "possessores" delakoak izendatzeko. Beranduko Antzinaroko eta Goi Erdi Aroko aristokrazia, edo "gizon aberatsak", euskal erromatar "possessores" delakoen ondorengo zuzenak izan eta beren ondareak modernitatera arte iraunarazi dituztenak dira. Jabe horiek, Erromako ordenari eustearen aldekoak dira.
Euskal-erromatar civitates delakoek, beren soziologia juridikoa, oso zabal garatu zuten erromatar udal-erakundeen esparruan. Foru hitza, etimologikoki, latineko "forum" hitzetik dator. Foro terminoa erabiltzen da justizia egiten den lekua eta bilera adierazteko; bertan, administrazioko arazo kolektiboak ere eztabaidatzen dira. Foro edo agora horrek duen sinbologiatik sortzen da foru hitza zuzenbidea adierazteko, gizarte-eremu eta leku horretan banatzen baita justizia. Beranduago, legeak edo idatzitako arauak errekonozimendua eta agintea eskuratu ahal izateko, hari ere forua deituko zaio, azken batean auzokoen batzar publikoan, foroan, erabakitakoaren jarioa baita.
Kontserbatu diren testu juridiko zaharrenek aditzera ematen dute aurretik zeuden beste batzuen fruitu direla. Bertako zuzenbidearen transkripzioak dira. Foruak tokikoak izan edo klase-pribilegioak izan, esaterako militarrenak edo infantzoienak. Erromako zuzenbidea, ordezko gisa, jadanik Erromatar inperioaren garaian hasten da aplikatzen eta ez, gero, Unibertsitateetako glosalarien eraginez XIII. mendean nagusitasuna hartzen duenean. Hau da, Euskal Herrian, etenik gabe, zuzenbide komuna edo Erromakoa aplikatu da zuzenbide propioaren hutsuneak bakarrik betetzeko eta inondik inora ere ez da aplikatu frankoen eta godoen zuzenbidea. Aipatu berri den Beranduko Antzinaroan indarrean zen errealitate juridikoaren eta Pirinioetako -Foral ere deitutakoaren- zuzenbidearen artean dagoen jarraitutasuna topa daiteke, batetik, subjektu juridikoek -auzo-erkidegoek, edukitzaile edo "ricos homes" eta monasterioek- iraun izanean, eta, bestetik, Pirinioetan sortutako kultura juridikoan bertan, sistema juridiko gisa erabat osatu baitzen Nafarroa Europako estatu bihurtu zenean; sistema hura jasotzen da lege-testuetan, tokiko foruetan eta foru orokorretan, zeinetan garatuko den Pirinioetako sistema juridiko gisa.
Santxo III.a Handiak, Iruñeko erregeak, 1020. urte inguruan, Naiarako Forua ematen duenean, auzo-erkidegoarentzat eskubide-sorta zabala baiesten du, eskubide indibidualak eta kolektiboak jasoz. Berrogeita hamar urte beranduago, Santxo III.a Handiaren bilobak, Iruñeko Errege Santxo Ramirezek, 1077. urtez geroztik, Foruak ematen dizkie Zangozari, Jakari eta Lizarrari, eta beste hainbat herriei ere. Ehun urte beranduago, Nafarroako Errege Santxo VI.a Jakintsuak ere Forua ematen die Donostiari, Gasteizi eta beste hainbat herriei. Iruñeko, Lizarrako, Tuterako, Viguerako eta Novenerako Foruek eta Foru Orokorrak badute mami komun eta nagusi bat auzo-zuzenbideari buruzko araudian: hain zuzen ere, ondasunak auzo-erkidegoaren edukitzapean daude eta auzotarrak ondasun komunalen antolaketan parte hartzen du, haietako hainbaten jabetza eskuratu dezakeelarik zenbait baldintza betez. Familiak eta etxeak bat egiten dute, eta etxe guztiek osatzen dute auzo-erkidegoa.
Sobrarbeko Foruak, GUALLARTen iritzian, izaeraz eta izatez infantzoien pribilegioak dira, 1122. urtean Alfontso I.a Borrokalariak Tuterari eman zion Forutik ondoriozta daitekeenez. Foru Orokorrari dagokionez, antzinatasun desberdina duten hainbat kopia iritsi dira guregana. Zaharrena, dirudienez, XII. mendearen erdialdera laburbildu zen. Hala, "Albarrazingo Mendilerroko Mankomunitatea" Unibertsitate edo Aranako Batzar Orokor bat da, Nafarroako beste gainerakoen antzekoa, auzoko guztien ondasun komunalak -izenez, mendi unibertsalak- administratzen dituena. Gaskoniako oinordetza-erakundeak eta Hego Pirinioetako Euskal Herrikoak berdinak dira, Jacques POUMAREDEk frogatu duenez. Gaskoi-lurraldeetako tokiko foruak eta foru orokorrak Euskal Herri penintsularrekoen antzekoak dira, Paul OURLIACen obretan ikus daitekeenez. Auzo-erkidegoak eta ondasun komunalak arautzen dituzten erakunde juridikoak, mendikatearen hegoaldeko euskaldunek dituztenen kidekoak dira.
Foru Orokorrak eta, halaber, Foru Laburtuak ere hau diote:
"El concejo (de vecinos) de cualquier lugar, ciudad o villa, puede hacer cotos y paramientos (ordenanzas) por justicia, y aplicarse la pena, conviene a saber de pan y de pescado y de carne y sobre yerbas en su término, o sobre otras cosas semejantes, y como el conçejo los puede haçer asentar y poner, ansi los puede quitar".
Erreinuko eratze politikoa jasotzen du 1234. urteko Antzinako Foruak eta Foru Orokorrean txertatu zen, buruan jarriz. Jaun Felipe eta Karlos III.aren Hobekuntzek bezala.
Sistema juridikoaren eguneratze-prozesua 1512ko konkistak geratu zuen eta, ondorioz, aurrez egindako erreformei dagokienez atzerapauso itzela gertatu zen, aurre egitea eragotzi baitzen eta benetako kontrarreforma eta gutxiagotzea ekarri baitzen, Gaztelaren kontrol zorrotza dela medio; gainera, pribilegio feudalak txertatu ziren Aro Modernoa bete-betean zegoenean eta, kasu askotan, behin Gaur Egungo Aroa sartu ostean ere. Kontrarreformak, bere abiapuntua, 1512ko uztailaren 24ko kapitulazioan izan zuen; menpean hartze azkarra lortu nahi zen, alde batetik mehatxu latzak eginez eta, beste aldetik, ezer aldatuko ez zela aginduz, Naiaran 1076.ean eta Donostia 1202.ean egin zen modura. Baina, halakorik ez zen gertatu, eta Gaztelar boterea sendotzen joan ahala, Nafarroako erakunde juridikoak eraldatze eta gutxiagotze-prozesu sakona jasan zuten. Gaztelako Erregeak ezarritako status quo berriak hibernazio-egoeran jartzen ditu Nafarroako subiranotasuna -ondorio politiko gisa subiranotasuna ezartzen dion beste Estatu bateko Erregearen menpe geratzen baita-, eta Nafarroako sistema juridikoa eta legedia; eta kontrarreforma juridikoa ezartzen du, nola eta bultzatuz eta indartuz estamentuetan oinarritutako gizartea, goi-funtzionario eta armada iraunkorra eta nobleziarentzako pribilegioak, eta, tributuei buruzko esparruan eta praktikan, bertako sistema juridikoaren araudia garatzeko eta bilakatzeko aukerak juridikoki gutxituz eta trabatuz. Gaztelar bisitatzaile orokorrek, azken batean Gaztelako Inkisidoreek, "Leyes de visita" delakoak egiten zituzten, baina Nafarroako Gorteek ez zituzten inoiz onartu Erreinuko Legetzat. Nafarroako Gorteek 1511ean erabaki zuten legeen bilduma egitea eta, ondorioz, 1528ko Foru Laburtua burutzen da, baina, Gorteek forua aldarrikatzeko borondatea etengabe erakutsi bazuten ere, Espainiako monarkiak ezezkoa ematen zuen. Berez, jarrera horren funtsa da ez dela errekonozitu nahi Erreinuko Konstituzio subiranoa eta bere lehentasuna erregearen gainetik. Ezezkoa emateko beste argudioa izan zen Foruan ez zirela jasotzen Bisita-Ordenantzak, Gaztelako Administrazio okupatzaileak emanak. Hala eta guztiz ere, Erreinuaren jarduera eta iraupen juridikoa Nafarroako Gorteek egindako legegintzan ikusten da, zeina jasoa geratu zen Bilduma Txit Berrian eta Gorteetako Koadernoetan -azken bilkurak, 1828-1829 urteetan-.
Nafarroako erakundeak eraisten 1800. urte inguruan hasi ziren, lehenik iparraldean eta gero Pirinioen hegoaldean, Frantziako eta Espainiako nazionalismo goi-nazionalen proiektu ideologikoak jarraituz, eta ez ustezko burgesen iraultza liberalagatik. Nafarroako Estatu Orokorrek, 1789ko uztailean, Luis XVI.arengana jotzen dute, Erregearen eta Batzarraren arteko ituna eta lankidetza berrezartzea eskatzeko, modu honetan:
"Vuestra Majestad ha declarado solemnemente que quería devolver a sus súbditos el ejercicio de todos sus derechos: los de Navarra no son ni dudosos, ni equívocos. Están fundados sobre el título que ha dado los Reyes a Navarra... esto no es ni una Constitución nueva, ni nuevos derechos que los Estados de Navarra piden a Vuestra Majestad. Por muy pobres que ellos sean, vuestros pueblos de Navarra no tienen necesidad para ser felices y libres más que ser lo que ellos han sido durante más de mil años".
Napoleonen Inperio aldian, Erreinuko Diputazioko eta Nafarroako Gorteetako kideak eskakizun nagusi bat egiten zuten Nafarroako Erreinua Frantziako Inperioaren parte izateko: Foru Kodea eta Erreinuko Konstituzioa aldarrikatzea. Aldi berean, Nafarroan bertan kantonatuta egongo zen armada bakarra, Nafarroakoa izango zela eskatzen zuten ere. Errege José Bonaparteren Espainiako gobernuak horrelakorik ez zuen onartzen eta, hori eragozteko, Azanza eta Urquijo ministroak bidali zituen Parisera.
Nafarroako Erreinuaren erakundeak eraisteko prozesuan, Espainiako Gorteen 1841eko abuztuaren 16ko Legeak, bere 2. artikuluan, hau ezartzen du zehazki:
"la Administración de Justicia seguirá en Navarra con arreglo a su legislación especial en los mismo términos que en la actualidad, hasta que teniéndose en consideración las diversas Leyes privativas de todas las provincias del Reino, se formen los Códigos Generales que deban regir en la monarquía".
Lege bereko 3 eta 4. artikuluetan, berriz, Nafarroako auzitegiak aldatzen dira, eta Espainiako auzitegi-organoen antolaketa eta jarraitu beharreko prozedurak aplikatzen dira.
Nafarroako sistema juridikoaren aztarnak, hondoan dagoen zuzenbide gisa geratzen dira, bere gainean jarri baitira Espainiako edo Frantziako zuzenbideak. Arau asko izaeraz ohitura bihurtu ziren, zuzenbideari gradua kentzeko prozesuan; gainera, Espainiako estatuko organo legegile eta judizialen errekonozimendua beharko du Nafarroako zuzenbideak. Egun indarrean den Nafarroako Foru Zuzenbidea, Espainiako Konstituzioa buru duen ordenamendu juridikoak onartu eta bereganatutakoa da. Egoera horretan daude Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilari buruzko konpilazioa eta Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko Foru Zuzenbide Zibilari buruzko Legea ere. Nafarroako sistema juridikoa, ez da errekonozitzen halako gisa, arau-multzo batek osatua izan arren, egoera partikularrak xedatu behar dituzten organo nagusiak -Auzitegiak-, Espainiako sistema juridikokoak baitira, Espainiako indar hertsatzailea erabiltzen baitute eta, gainera, sistemak berak ez baititu ezarri izan; zeregin hori, modu leunean komun deitzen zaion sistemak egiten du -izen hori komuna zen Erromako Zuzenbidetik hartu da-.
Nafarroako zuzenbidea elikatu gabe geratu zen XIX. mende bukaeran eta XX. mende hasieran, Francisco SALINAS QUIJADAk adierazi duenez, hari organo legegileak eta judizialak kendu, eta erabat ahulduta utzi baitzen. Orduan sortuko da zuzenbide propioa lehenera ekartzeko borondatea, Nafarroako hainbat intelektual bildu zituen kultur mugimenduaren helburuetako bat bihurtuz. Mugimendu horietan, lehena, Euskara elkartea izan zen, gero Nafarroako Monumentuei buruzko Batzordea eta 1928. urtetik 1936. urtera Eusko Ikaskuntza-Sociedad de Estudios Vascos elkartea. Nafarroako legelarien ekarpenik garrantzitsuena, zehazki, Nafarroako zuzenbidea positibizatzea izan zen, hain zuzen ere indarrean eutsarazteko eta epaitegietako lana errazteko. Horretarako, hainbat lan eta monografia idatzi zituzten haiek, indarrean den Konpilazioa bideratuz eta Nafarroako egoera juridiko osoa itotzeko zoria sortu zuen Espainiako Kode Zibilari aurre egiteko.
