Kontzeptua

Nafarroako Konpilazioa - Nafarroako Kode Zibila

Nafarroako Kode Zibilak, edo Foru Zuzenbide Zibilari buruzko Bildumak, Foru Berriak, 600 xedapen ditu, horietatik 596 lege (edo artikulu); hala deritze Nafarroako Gorteetan erabiltzen zen izendapena errespetatzeko. Atariko titulu batek eta hiru liburuk osatzen dute hura, eta Espainiako Kode Zibilarekin alderatuz, sistemaren ikuspegitik berezia da, erromatar aurrekariak jasoz eta obligazioak ondasunei buruzko atalera ekarriz, hiru zati baititu sistemak.

Hala, Atariko Tituluan (1-41 legeetan), gai hauek arautzen dira: Nafarroako zuzenbidearen iturriak, nafar foru kondizio zibila, eskubideak egikaritzea eta akzioen preskripzioa.

Lehen liburua (42-147 legeetan), pertsonari eta familiari buruzko da, guztiz eta osorik arautuz gaia, haiei buruz dauden zuzenbideko erakunde guztiak arautzen baitira.

Bigarren liburuan (148-345 legeetan), dohaintza eta oinordetzari buruzko araudia jasotzen da, Frantziako Kodeak jaso zuen antzera; baina, hain zuzen, alor horretan arautzen da Nafarroako Zuzenbidearen oinarri nagusia: xedatzeko askatasuna, inter vivos edo mortis causa izan.

Hirugarren liburuan (346-596 legeetan), eskubide errealak, eta obligazioak eta kontratuak arautzen dira.