Kontzeptua

Nafarroako Konpilazioa - Nafarroako Kode Zibila

Espainiako gobernuak, 1880ko otsailaren 2ko Dekretu bidez, Kodeen Batzordea eratzen du, Espainiako kodeketa zibila amaitzeko lanarekin. Nafarroari dagokionez, Jaun Antonio MORALES GÓMEZ izendatu eta lan hau burutu zuen: "Memoria que comprende los principios e instituciones de Derecho civil que deben quedar subsistentes como excepción del Código general, y los que pueden desaparecer viniendo a la unificación", Nafarroako Diputazioaren 1884ko apirilaren 18ko aginduz argitaratua.

Gero, Nafarroako zuzenbide zibilari buruzko Eranskin Proiektuak egin ziren: a) Antonio MORALESek, "Leyes especiales de Navarra" lana. b) Foru Erkidegoko Legelarien Batzordeak (Arturo CAMPIÓN, GARCÍA ECHARRI, IÑARRA ECHENIQUE eta ECHAIDOk osatutako taldeak), "Proyecto de Apéndice de Navarra al Código civil" lana. c) Manuel MONREALek, berriz, "Leyes especiales de Navarra" lana.

Víctor COVIÁN Y JUNCOk, 1917an, "Anteproyecto de Apéndice para Navarra" lana idatzi zuen; 1929ko abenduaren 30ean, 143. artikuluz osatutako "Anteproyecto de Apéndice de Navarra al Código civil" lana argitaratu zuten Rafael AIZPÚN SANTAFÉ eta Fernando de ARBIZUk; Iruñeko Notarioen Kolegio Gorenak, 1930ean, "Apéndice de Derecho navarro al Código civil" argitaratzen du, 144. artikuluz osatua, eta Juan SAN JUAN OTERMINek egindako ohar kritikoekin; Foru Diputazioak "Anteproyecto y Proyecto de Apéndice de Navarra al Código civil" argitaratzen du, 1944ean 156 eta 1945ean 157 artikuluekin.

Nafarroako Foru Diputazio Txit Gorenak, 1946ko abuztuaren 4ean, "Nafarroako Zuzenbideari buruzko Ikerketa Kontseilua" sortzen du eta, horren barruan, Nafarroako Zuzenbide Zibila Biltzeko Batzordea; Juan SANTAMARIA ANSA Magistratuaren gidaritzapean, gogoz lan egin zuten legelari talde batek, besteak beste, Francisco SALINAS QUIJADAk eta José Joaquín MONTORO SAGASTIk, Diputazioko Idazkari zen Jaun Luis OROZ ZABALETArekin. Talde horretan parte hartu zuten beste legelari batzuk ere, hala nola Eugenio FERNÁNDEZ ASIAINek, José Javier LÓPEZ JACOISTIk, Joaquín ABADÍAk, José Miguel ARRIAGA SAGARRAk eta José Luis IRIBARREN RODRÍGUEZek. Emaitza gisa, erakundeei buruzko monografiak, aurreproiektuak eta emendakinak argitaratu ziren, gero lagungarri izan zirenak Nafarroako Zuzenbide Zibilaren Konpilazioa egiteko garaian.

Ondoren, 1959an, "Anteproyecto de Fuero Recopilado de Navarra" lana argitaratzen da, 300 legez osatua eta Juan SANTAMARIA ANSAk zuzendua. Jendearentzako argibideak eman eta gero, Bilduma Batzordeak Foru Diputazioari 325 legez osatutako "Fuero Recopilado de Navarra" delako lana entregatu zion. Informazio publikoan denbora gutxi (15 egun bakarrik) egon zelako, eta Bilduma urri xamarra zelako, Foru Diputazioak Batzorde berezi bat sortu zuen, Bilduma Batzordea bera berrantolatuz eta bi zeregin enkargatuz: batetik, "Proyecto de Fuero Recopilado" delakoaren behin-betiko proposamena idaztea eta, bestetik, hura aldarrikatzeko jarraitu beharko diren pausoak zehaztea. Batzorde bereziak, gai horiei buruzko txostena idatzi zuen eta Foru Diputazioari aurkeztu 1960ko urrian. Gero, 1971ean, Bilduma Pribatua argitaratu zen. Hala Bilduma Batzordeak, nola Foru Diputazioak ere, beren oniritzia eman zioten egindako lanari eta, ondorioz, 1971ko Bilduma Pribatu hura bihurtu zen Nafarroako Zuzenbide Zibilari buruzko Konpilazioaren Aurreproiektu. Testu berri hori, informazio publikoan jendearen eskura jarri zen 1971ko uztailaren 16tik, urte bereko urriaren 22ra bitartean.

Nafarroako Zuzenbideari buruzko Bilduma Batzordeak, 1973an, Espainiako Estatuko Kodeen Batzordearekin batera, Nafarroako Konpilazio Zibilaren behin-betiko testua formulatu zuten. Nafarroako Bilduma Batzordeak eman zuen proiektua bere horretan osorik onartu zen. Eskumenei buruzko 1933ko lege bat baliatuz, 1/1973 Legea, martxoaren 1ekoa, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Konpilazioari buruzkoa onartu zen.

Aldarrikatu ostean Konpilazioari egindako aldaketak Nafarroako Parlamentuak egin izan dizkio, hain zuzen ere Nafarroako Kode Zibila eguneratzeko eskumen esklusiboa hari baitagokio. Egundaino egin diren aldaketak, gizarte-aldakuntzetara egokitzeko, hauek izan dira: 19/1975 Dekretu-Legea, abenduaren 25ekoa, emakume ezkonduaren gaitasun juridikoari eta ezkontideen eskubide eta betebeharrei buruzkoa; 38/1978 Errege Dekretu-Legea, abenduaren 5ekoa, adin nagusitasunari buruzkoa, 50. Legea aldatuz; 5/1987 Legea, apirilaren 1ekoa, Familia Zuzenbideari buruzko legeak aldatzeko, pertsonen berdintasuna oinarri hartuta; 10/1996 Foru Legea, uztailaren 2koa, Fundazioen eta babes jardueren tributu araubidea erregulatzen duena, tributu gaiez gain eduki zibilak ere ukitzen dituena. Eta Foru Dekretu hauek: 90/1986, martxoaren 25ekoa, adopzio, famili harrera eta adingabeak zaintzeari buruzkoa; 166/1988, ekainaren 1ekoa, legezko oinordetzaren eraentza administratiboari buruzkoa; eta 613/1996, azaroaren 11koa, Fundazioen Erregistroaren egitura eta funtzionamendua erregulatzen duena. Bukatzeko, 6/2000 Foru Legea, uztailaren 3koa, bikote egonkorrentzako berdintasun juridikoari buruzkoa.