Kulturalak

Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioa

2007-2008 ikasturtean Goi Mailako Kontserbatorioak, Kontserbatorio Profesionalarekin batera, "Pablo Sarasate" Musika Kontserbatorioaren sorreraren 50. urteurrena ospatu zuen eta Iruñeko Musika Akademiaren sorreraren 150. urteurrena. Hainbat ekitaldi antolatu ziren urtean zehar, horien artetik bideo bat nabarmendu behar da. Bide horretan 200 pertsona baino gehiagok parte hartu zuten beren lekukotza utzita. Horrez gain, aipagarria da bi kontserbatorioetako artxibategietan egindako ikerketa-lan sakona.

Modu horretan, dokumentu historikoa eta hainbat material (argazkiak eta material hemerografikoa) berreskuratzeaz gain, kontzertuetako grabaketak (Pascual Aldavek abiarazitako Santa Cecilia eta INICEFen kontzertu entzutetsuak, 1973. urtetik aurrera ospatu zirenak Iruñean), entzunaldietako bideoak (Kontserbatorioko ikasle, irakasle eta orkestrakoak) eta hitzaldiak (batzuk duela 50 urte baino gehiagokoak, esate baterako, Narciso Yepes, Oscar Espla edota Franz Göbelek 1958ko irailean emandako hitzaldiak) berreskuratu ziren.

Argazkiak eta kontzertu-programak erreproduzitu egin ziren. Modu horretan, artxibategi digital bat osatu zen, 1000 argazki baino gehiago eta 800 programa inguru baitaratzen dituena. Hala, 60eko hamarkadatik gaur arte egindakoaren lekukotza jasota geratzen da.

Horrez gain, Iruñeko Udal Artxibategitik eta hainbat entitatetatik (besteak beste, ''La Pamplonesa' Udal Musika Banda, Iruñeko Orfeoia, Iruñeko Katedraleko Musika Kapera edo Nafarroako Orkestra Sinfonikoa) hartutako dokumentuak, bideoak eta argazkiak erabili ziren. Eta 40 artxibategi partikular baino gehiagotik eskuratutako material ugari.