Elkarteak

Mugaz Gaindiko Lankidetza Euskal Herrian

Euskadi-Akitania lankidetza, Atlantikoko Arkuaren esparru birtualean lekutzen dena, asimetria baten istorioa da; Nafarroarekin dauden hiru edo bi aldeko harremanen istorioa, bestalde, Guadianarena, sortu ostean lur azpian ezkutatzen dena, ezadostasun politikoen zurrunbiloan. Lankidetzaren esperientzia, edozein kasutan ere, Eskualdeko Politika Komunitarioak mugaz gaindiko arloan 80eko hamarkadaren amaieraz geroztik emandako bultzadaren ondorioa da.

Euskal Herriko eskualde arteko lankidetza iparraldera, Akitaniara, begira dagoen bitartean, azken hori konpas erako eskualdea da, lankidetzarako harremanak hainbat norabidetan banatzen dituena. Frantziako eskualde arteko asoziazionismoak Pirinioak-Mediterraneo kutsu argia du. Euskal Autonomia Erkidegoarentzat Atlantikoko Arkua lehenetsi beharreko ardatza den moduan, Akitania bere deiera atlantikoaren eta Pirinioetan barna Mediterraneorantz hedatzen duen ekialderanzko joeraren artean kokatzen da.

Baina hori ez da asimetria-ardatz bakarra. Asimetria ekonomikoak eta politikoak gaineratu behar dira. Alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Nafarroaren eta, beste alde batetik, Akitaniaren artean ageri diren konpetentzia eta gaitasun finantzario maila ezberdinen eraginez, bestelako disimetria batzuk sortzen dira lankidetzari dagokionez. 1989an sinatu zen lankidetzarako protokoloa. Urte hartan, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontua 380 mila milioi pezetakoa zen eta Akitaniako Kontseilu Nagusiaren aurrekontua 34,3 mila milioi pezetakoa. Horrenbestez bigarrena lehenengoaren hamarren bat ere ez zen.

Espainian politika publikoak Autonomia Erkidegoen eskutik finkatu behar dira eta tokiko entitateen autonomia Estatu zentraleko eta autonomia erkidegoko legegintzaren baitan dago. Frantzian, ordea, hiru maila ageri dira, deszentralizazioa, eskualdeak, departamenduak eta komunak (udalerriak), elkar babesean izaten direnak. Horrez gain, Frantziako Estatuak hiru maila horiek kontrolatzen ditu, eskualdeko prefektuen, departamenduko prefektuen eta barrutietako suprefeten bidez, eta, hein batean, baita alkateen bidez ere, zeintzuk sufragio unibertsal bidez hautatzen diren bakarrak diren. Horrenbestez, Frantziako entitate administratiboekin edozein lankidetza garatzeko ezinbestekoa izango litzateke maila guztiak kontuan hartzea; hori, ordea, EuroEskualdearen Konferentzian salbuetsita (oso partzialki), ez da betetzen, izan ere, Frantziako komunak asko eta txikiak dira; era berean, komunen "pilaketak" ez dira ahantzi behar ("Pays" erako identitate bat sorraraz dezaketenak: ikus "Pays Basque" Pays edo herrialdearen kasua).

Ikuspegi ekonomikotik so, Euskal Autonomia Erkidegoan metalurgian, makina-erreminta eta itsasontzigintzan oinarritutako industria-sektorea dago (hala ere, gainbeheran diren sektoreak dira, bereziki azkena; agian gainbehera horretan makina-erreminten sektorea salbuetsi behar da). Akitaniaren ezaugarriak elikagaien sektorearen nagusitasuna, abeltzaintzaren garrantzia eta laborantza garrantzitsuak dira. Laborantzen artean Bordeleko ardoa nabarmendu behar da. 60eko hamarkadaz geroztik industria-sektore modernoak ageri dira, altzairu bereziaren eta elektronikaren esparrutan. Espezializazio ezberdin horrek teorikoki osagarritasuna ekarri dezake; dena den, trukeak ez dira ugaritu.

Euskadi-Akitania harreman berezia 1989an adostutako bi edo hiru aldeko mugaz gaindiko Lankidetzarako Protokolo jarraituen bidez bideratu da. Akordio horiek, ordea, eskualdeko gobernu arteko harremanaren testuinguruan lekutzen dira, maila anitzeko gobernantzan baino gehiago. Lehenengoa Euskal Autonomia Erkidegoko eta Akitaniako presidenteen artean sinatu zen 1989ko urrian. Helburuak Atlantikoko Arkuan zehar eskualde arteko lankidetza bultzatzea eta mugak desagertzean ageri zitezkeen desorekak arintzea ziren. Sinatzaileek hainbat konpromiso hartu zituzten, horien artean, Euskal Herriko probintzietako eta lurraldeetako egoera linguistikoa aintzat hartzea. 1990eko irailean, atxikitako protokolo baten bidez, Euskadi-Akitania Lankidetzarako Funtsa sortu zen, eragile publiko eta pribatuen arteko lankidetzarako motorra izango zena.

1992ko otsailean beste Lankidetzarako Protokolo bat sinatu zen, kasu horretan hiru aldekoa, Euskadi-Akitania-Nafarroa. Protokolo horretan aurrekoan baino gardentasun gehiagoz onartzen zen hiru eskualdeek partekatzen zituzten lurraldeen izaera euskalduna. Helburu hauek ukan nahi ziren: merkatu komunitarioaren bilakaeraren ondorioz Europar Batasunaren erdigunean lekutzen ziren eskualdeen ekonomia sendo zedila ekiditea, sendotze horrek Atlantikoko Arkua alboratzea ekarriko zuelakoan. Baina euskal lurraldeetako hizkuntza eta kultura sustatzea ere protokolo hartan ezarritakoa beste helburu bat zen.

1993ko urtarrilean eskualdeko hiru presidenteek deklarazio bat egin zuten Ainhoa-Dantzarinean, helburu bikoitz hura berresten zelarik, izan ere, presidente horiek beren eskualdeetako ondare kulturalak eta hizkuntzazkoak babestearen alde azaldu ziren eta, era berean, eskualde arteko lankidetzaren alde agertu ziren, Europaren aldeko mobilizazio-faktore gisa. Dena den, lankidetza hori faktore politikoen eraginpean zegoen ezinbestean. UPN alderdiaren (Nafarroako Gobernuko alderdia) bilakaeraren eraginez, 2000. urteko urtarrilean Nafarroako Gobernuak hiru aldeko Protokolo horretan zuen zatia hautsi egin zuen. Hala ere, haustura horrek ez zuen eraginik izan Pirinioetako lan-komunitatearen baterako partaidetzan. 2000ko uztailean, Nafarroako Foru Erkidegoak Akitaniarekin lankidetzan aritzeko beste itun bat sinatu zuen "beste eskualde batzuekiko asoziazioen kalterik gabe". Protokolo berriaren iraupena 10 urtekoa da.