Elkarteak

Mugaz Gaindiko Lankidetza Euskal Herrian

Interreg programa komunitarioaren helburua zonalde mugakideei laguntza ematea zen kohesio ekonomiko eta sozialaren testuinguruan merkatu bakar bat sortzeko lagungarri izango zena; horren bidez, Europako Batzordeak eskualde mugakideei kohesioa eman nahi zien eta periferia izaera hori gainditzen lagundu nahi zien. Programa horren bidez, batasuneko organoen xedea mugako bi aldeetako lankidetzarako sareak bultzatzea, sare horien artean eta beste sare zabalago batzuen artean loturak finkatzea eta batasunetik aparteko herrialdeekin lankidetza abiarazteko aukerak aztertzea zen.

Interreg I (1989-1993) izenekoa da Batzordeak onartutako 31 programetako bat. Espainiak eta Frantziak aurkeztu zuten eta Pirinioetako mugaz gaindiko probintziak (edo, dagokionean lurraldeak) barneratzen ditu: Espainiari dagokionez Gipuzkoa, Nafarroa, Huesca, Lleida eta Girona; Frantziari dagokionez, berriz, honako departamenduak: Pirinio Atlantikoak, Goi Pirinioak, Goi Garonne eta Ekialdeko Pirinioak. Interreg Pirineos programa berrietan barneratzen ziren oinarrizko lurralde-unitateak NUTS 3 delakoak (Probintziak, departamenduak, etab.) ziren oraindik.

Interreg Pirineos I programan hesi geografiko naturalak gainditzea lehenetsi zen; eskualde horien periferia izaera eta igaroleku izaera gainditzea proposatzen zen. Euskal Herrian, Interreg 1 ekimenaren (1991-1993) helburua jarduera ekonomikoaren dibertsifikazioaren alde egitea zen, aduanak desagertzearen ondorioz kaltetutako eremua izanik.

Lau neurri hartu ziren: ZAISA Garraioen Zentro Integrala sortzea; Txingudiko Badiako urak garbitzea; mugaz gaindiko plan estrategikoa taxutzea; eta Euskadi-Akitania aldebiko lankidetzarako proiektuak abiaraztea.

Interreg II 1994-1999 bitartean izan zen indarrean eta hiru kapitulutan banatu zen. Lehenengoak, Interreg A kapituluak, mugaz gaindiko izaera zuen. Euskal Herriari dagokion eremuan hiru azpiprograma barneratzen ziren:

  1. Mugaz gaindiko testuinguruan jarduera ekonomikoa garatzea
  2. Lankidetzarako egiturak abiaraztearen bidez lurraldearen identitatea sendotzea. Halaber, azpiprograma horretan hiru neurri barneratzen ziren: Euskadi-Akitania Lankidetzarako Funtsa; Eusko-Ikaskuntza; eta mugaz gaindiko lankidetza, Pirinioetako lan-komunitatearen testuinguruan.
  3. Pirinioetan barna iragazkortasuna hobetzeko, ezinbestekoa zen informazioaren eta pertsonen zirkulazioari heltzea, eta mugaz gaindiko ekipamenduaren garapenean arreta jartzea. Azpiprograma horretan Baiona-Donostia konurbazioaren garapena barneratzen zen; eta baita Irun, Hondarribia, Hendaia Euro-distrituarena ere.

Interreg III (2000-2006) programaren helburu nagusia mugaren bi aldeetan lankidetza sendotzea izan da, Europako lurraldearen garapen orekatua eta integrazioa sustatze aldera. Hauek izan dira Euskal Herriari dagokionez Interreg III programan egin diren esku-hartzeak: Baiona-Donostia Euskal Hiria garatzea eta Bidasoa-Txingudi mugaz gaindiko Partzuergoa eratzea.

Interreg IV (edo Espainia eta Frantziaren arteko mugaz gaindiko Lankidetzarako Programa Operatiboa, lurralde arteko lankidetzarako helburu berriaren barnean), adierazi bezala, Pirinioetako lan-komunitatearen Partzuergoak kudeatzen du eta gutxi gorabehera 500 proiektu garatuko ditu indarrean izango den epealdian zehar (2006-2013).

Euskadi-Akitania lankidetza, Atlantikoko Arkuaren esparru birtualean lekutzen dena, asimetria baten istorioa da; Nafarroarekin dauden hiru edo bi aldeko harremanen istorioa, bestalde, Guadianarena, sortu ostean lur azpian ezkutatzen dena, ezadostasun politikoen zurrunbiloan. Lankidetzaren esperientzia, edozein kasutan ere, Eskualdeko Politika Komunitarioak mugaz gaindiko arloan 80eko hamarkadaren amaieraz geroztik emandako bultzadaren ondorioa da.

Euskal Herriko eskualde arteko lankidetza iparraldera, Akitaniara, begira dagoen bitartean, azken hori konpas erako eskualdea da, lankidetzarako harremanak hainbat norabidetan banatzen dituena. Frantziako eskualde arteko asoziazionismoak Pirinioak-Mediterraneo kutsu argia du. Euskal Autonomia Erkidegoarentzat Atlantikoko Arkua lehenetsi beharreko ardatza den moduan, Akitania bere deiera atlantikoaren eta Pirinioetan barna Mediterraneorantz hedatzen duen ekialderanzko joeraren artean kokatzen da.

Baina hori ez da asimetria-ardatz bakarra. Asimetria ekonomikoak eta politikoak gaineratu behar dira. Alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Nafarroaren eta, beste alde batetik, Akitaniaren artean ageri diren konpetentzia eta gaitasun finantzario maila ezberdinen eraginez, bestelako disimetria batzuk sortzen dira lankidetzari dagokionez. 1989an sinatu zen lankidetzarako protokoloa. Urte hartan, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontua 380 mila milioi pezetakoa zen eta Akitaniako Kontseilu Nagusiaren aurrekontua 34,3 mila milioi pezetakoa. Horrenbestez bigarrena lehenengoaren hamarren bat ere ez zen.

Espainian politika publikoak Autonomia Erkidegoen eskutik finkatu behar dira eta tokiko entitateen autonomia Estatu zentraleko eta autonomia erkidegoko legegintzaren baitan dago. Frantzian, ordea, hiru maila ageri dira, deszentralizazioa, eskualdeak, departamenduak eta komunak (udalerriak), elkar babesean izaten direnak. Horrez gain, Frantziako Estatuak hiru maila horiek kontrolatzen ditu, eskualdeko prefektuen, departamenduko prefektuen eta barrutietako suprefeten bidez, eta, hein batean, baita alkateen bidez ere, zeintzuk sufragio unibertsal bidez hautatzen diren bakarrak diren. Horrenbestez, Frantziako entitate administratiboekin edozein lankidetza garatzeko ezinbestekoa izango litzateke maila guztiak kontuan hartzea; hori, ordea, EuroEskualdearen Konferentzian salbuetsita (oso partzialki), ez da betetzen, izan ere, Frantziako komunak asko eta txikiak dira; era berean, komunen "pilaketak" ez dira ahantzi behar ("Pays" erako identitate bat sorraraz dezaketenak: ikus "Pays Basque" Pays edo herrialdearen kasua).

Ikuspegi ekonomikotik so, Euskal Autonomia Erkidegoan metalurgian, makina-erreminta eta itsasontzigintzan oinarritutako industria-sektorea dago (hala ere, gainbeheran diren sektoreak dira, bereziki azkena; agian gainbehera horretan makina-erreminten sektorea salbuetsi behar da). Akitaniaren ezaugarriak elikagaien sektorearen nagusitasuna, abeltzaintzaren garrantzia eta laborantza garrantzitsuak dira. Laborantzen artean Bordeleko ardoa nabarmendu behar da. 60eko hamarkadaz geroztik industria-sektore modernoak ageri dira, altzairu bereziaren eta elektronikaren esparrutan. Espezializazio ezberdin horrek teorikoki osagarritasuna ekarri dezake; dena den, trukeak ez dira ugaritu.

Euskadi-Akitania harreman berezia 1989an adostutako bi edo hiru aldeko mugaz gaindiko Lankidetzarako Protokolo jarraituen bidez bideratu da. Akordio horiek, ordea, eskualdeko gobernu arteko harremanaren testuinguruan lekutzen dira, maila anitzeko gobernantzan baino gehiago. Lehenengoa Euskal Autonomia Erkidegoko eta Akitaniako presidenteen artean sinatu zen 1989ko urrian. Helburuak Atlantikoko Arkuan zehar eskualde arteko lankidetza bultzatzea eta mugak desagertzean ageri zitezkeen desorekak arintzea ziren. Sinatzaileek hainbat konpromiso hartu zituzten, horien artean, Euskal Herriko probintzietako eta lurraldeetako egoera linguistikoa aintzat hartzea. 1990eko irailean, atxikitako protokolo baten bidez, Euskadi-Akitania Lankidetzarako Funtsa sortu zen, eragile publiko eta pribatuen arteko lankidetzarako motorra izango zena.

1992ko otsailean beste Lankidetzarako Protokolo bat sinatu zen, kasu horretan hiru aldekoa, Euskadi-Akitania-Nafarroa. Protokolo horretan aurrekoan baino gardentasun gehiagoz onartzen zen hiru eskualdeek partekatzen zituzten lurraldeen izaera euskalduna. Helburu hauek ukan nahi ziren: merkatu komunitarioaren bilakaeraren ondorioz Europar Batasunaren erdigunean lekutzen ziren eskualdeen ekonomia sendo zedila ekiditea, sendotze horrek Atlantikoko Arkua alboratzea ekarriko zuelakoan. Baina euskal lurraldeetako hizkuntza eta kultura sustatzea ere protokolo hartan ezarritakoa beste helburu bat zen.

1993ko urtarrilean eskualdeko hiru presidenteek deklarazio bat egin zuten Ainhoa-Dantzarinean, helburu bikoitz hura berresten zelarik, izan ere, presidente horiek beren eskualdeetako ondare kulturalak eta hizkuntzazkoak babestearen alde azaldu ziren eta, era berean, eskualde arteko lankidetzaren alde agertu ziren, Europaren aldeko mobilizazio-faktore gisa. Dena den, lankidetza hori faktore politikoen eraginpean zegoen ezinbestean. UPN alderdiaren (Nafarroako Gobernuko alderdia) bilakaeraren eraginez, 2000. urteko urtarrilean Nafarroako Gobernuak hiru aldeko Protokolo horretan zuen zatia hautsi egin zuen. Hala ere, haustura horrek ez zuen eraginik izan Pirinioetako lan-komunitatearen baterako partaidetzan. 2000ko uztailean, Nafarroako Foru Erkidegoak Akitaniarekin lankidetzan aritzeko beste itun bat sinatu zuen "beste eskualde batzuekiko asoziazioen kalterik gabe". Protokolo berriaren iraupena 10 urtekoa da.

Euskadi-Akitania Funtsa 1990ean sortu zen, bi eskualdeen arteko Lankidetzarako Protokolo Esparruari erantsitako Protokoloaren ondorioz. Euskadi-Akitaniako organo erabakitzaileek ez dute sareetan parte hartzen; haien egitekoa aurkeztutako eta hautatutako proiektuak finantzatzea da. Gaikako abisua da, urteroko eskaintzen bidez garatzen dena eta eragileen trukeak finantzatzea ziurtatzen duena, "behetik gora" haien ekimenen zerbitzura jartzen direlarik. Funtsaren bidez eragile heterogeneoak elkarlotzen dira. Eragile horien proiektuak hiru multzotan sailkatzen dira: I. multzoan ikerketa, prestakuntza eta ikasketa arloko eragileak elkarlotzen dira; II. multzoan eragile ekonomikoak elkarlotzen dira; III. multzoan, azkenik, kultura eta euskara arloko ekimenak elkarlotzen dira. Funtsa ez da soilik mugaz gaindiko lankidetzaren finantza-erreminta, helburu hori duen inbertso pribatua ere bultzatzen du; bere oinarrizko printzipioa proiektuetara aurrekontuen erdia bideratzea da, beste erdia finantzari pribatuen eskutik bete behar delarik. III. multzoko proiektu linguistiko eta kulturaletan hautematen da mugaren bi aldeetako euskaldunen arteko kidetasun harreman handiagoa; multzo horretan izan du Funtsak esku-hartze nabarmenagoa.

Funtsa, bere bi esku-hartze esparrutan, hau da, Euskadi-Akitania eta Euskadi barneko esparruetan, garatutako proiektu puntualetan eragileak batzea ahalbidetzen duen erreminta bilakatu da; bigarren esparruan hegoaldeko erabakitzaileen borondatea nabarmendu behar da, orokorrean, proiektu kulturalak iparraldean Akitaniako kutsua baino gehiago, izaera euskaldunagoa izatea eragiten duena.

Funtsaren esperientziaz gain, mugaz gaindiko lankidetzari dagokionez beste esperientzia batzuk ere azter ditzakegu, esate baterako, Baiona-Donostia Euskal Hiria; Bidasoa-Txingudi Partzuergoa; Akitania-Euskadi Plataforma Logistikoa; edo Euro-eskualdeko Konferentzia.

  • AHEDO, I., ETXEBARRIA N., LETAMENDIA, F. (2004): Redes Transfronterizas Intervascas, EHUko Argitalpen Zerbitzuak, Leioa
  • CASTRO, J. L., UGALDE, A. (2007): Anuario sobre la Acción exterior de Euskadi, 2006, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea, HAEE, Oñati
  • FERNÁNDEZ DE CASADEVANTE C. (1985): La frontera hispano-francesa y las relaciones de vecindad: especial referencia al sector fronterizo del País Vasco, EHUko Argitalpen Zerbitzuak.
  • LETAMENDIA, F. (koord.), (1998): Nacionalidades y Regiones en la Unión Europea. Ed. Fundamentos, Madril.
  • LETAMENDIA, F. (koord.), BORJA, A., SODUPE, K., (editoreak.) (1998): La construcción del espacio vasco-aquitano. EHUko Argitalpen Zerbitzuak.
  • LETAMENDIA, F., J. L. CASTRO, A. BORJA (1994): "Cooperación transfronteriza Euskadi-Aquitania (aspectos políticos, económicos y de Relaciones Internacionales)". EHUko Argitalpen Zerbitzuak.
  • LETAMENDIA, F.(koord.) (2006): Acción colectiva Hegoalde-Iparralde, Ed. Fundamentos, Madril.
  • MORATA, F., RODRIGUEZ, P. (2008): "Los actores de la Euro-región Pirineos-Mediterráneo. Redes, percepciones y expectativas", in CANCELA C., Cooperación transfronteriza: comparando las experiencias ibéricas, Torculo Edicións, Santiago de Compostela
  • PERKMANN, M. (2002): The rise of Euroregions. A bird'eye perspectives on European cross-border co-operation, University of Lancaster, Lancaster, Erresuma Batua
  • SODUPE K "La Unión Europea y la cooperación interregional", in LETAMENDIA, F. (koord.): Nacionalidades y Regiones en la Unión Europea, Ed. Fundamentos, Madril.