Kontzeptua

Meatzaritza. Mea zamaketariak

Biltegietako konpartimendu bakoitzak, behealdean, tobera bat edukitzen zuen, "ahoa" izenekoa. Hori eskuz mugitutako palanka baten bidez ireki eta mea bagoietara (bakoitza 1,8 tonako edukierakoa) erortzen zen. Batzuetan materiala trabatu egiten zen toberako ahoan eta orduan zamatzaileek "ziztatu egin behar izaten zuten materiala ahoa libratzeko". Tobera ixteko, sistema bera erabiltzen zuten. Biltegietako giroa hobetzearren, keak kanpora bideratzeko tximinia jarri behar izan zuten.

Cantileverrak 6,2 metroko zabalera erabilgarria zeukan, eta hiru trenbide: alboetako biak mineralez zamatutako bagonetak (bakoitzak guztira 2,5 tona mineral garraia zezakeen) ibiltzeko eta erdikoa bagoneta hustuak itzultzeko. Luciano Prada Iturbek(Prada, 1996) azaltzen digunez, "bagoneta bakoitza bi zamatzailek bultzatzen zuten. Ibilbidearen lehenbiziko planoa, toberatik cantileverraren hasiera artekoa, 50 metro ingurukoa zen eta aldapagora zen pixka bat. Hor bulkada bat eman eta bagoneta bera bakarrik abiatzen zen cantileverreko trenbidean zehar; zamatzaileak bagoneten topeetara igotzen ziren eta horrela joaten ziren isurgailuaren ingurura iritsi arte, hor berriro bultzatu behar izaten baitzuten. Ibilbidearen amaieran, bagonetako edukia pisatu ondoren, "toperaino (zeharretara jarritako trebesa)" iristen ziren. Hor lau gizon egoten ziren zain, bagoneta iritsi eta burdin batez ixteko giltza kolpatu eta bagoneta irauli egiten zen eta mea berez erortzen zen zamaontzira. Operazioa amaitu eta erdiko trenbidetik itzultzen ziren bagoneta hustuekin berriro biltegira; guztira, hirurehun metroko joan-etorri asko egunean zehar".

Lana gogorra zen bagonetek ez zutelako arrodamendurik, brontzezko zorro batzuk baizik, eta horiekin gurpilen itzulikadura ez zen arrodamendukoen bezain arina. Gainera zamatik trenbidera erortzen zen hautsaz eta euriaz, egiten zuenean, abiada eragozten zuen masa eratzen zen. Bagonetak hobeto erabiltzeko, hau da, trenbidean hobeto irristatzeko, uraz eta koipe erreaz egindako nahaste batez bustitzen zituzten trenbideak. Aire zabalean lan egin beharrak, haize, euri, kazkabar eta abarren erasoen pean, askoz ere gogorragoa egiten zuen zamatzaileen lana.

Inguruabar horien guztiengatik, oso garrantzitsua zen lanaldi osoan erabiliko zuten bagoneta aukeratzea. Hortaz, "zamatzaileak lanaldia hasi baino askoz ere lehenago joaten ziren lanera, mugitzeko indar gutxien behar zuen bagoneta aukeratzeko; hala, aukeratua egur edo harri batez markatu eta atseden egitera joaten ziren". Pradak dioenez, Pepe Vélez zamatzailea, txikia garaieraz, iristen zen lehena bagoneta aukeratzera; aukeratzen zuen eta bagoneta barruan gelditzen lotan lanean hasteko ordura arte.

Hilario Cruzek ondo ezagutzen du euskal kostaldeko meatzaritza, baita Kantabriako kostaldekoa ere. Liburu batzuk idatzi ditu gaiari buruz, hala nola artikulu ugari aldizkari eta egunkarietan. Honela deskribatzen du horietako batean orduko zamatzaile haien giroa:

"burrunbada ikaragarrian lan egiten zuten: bagoneten joan-etorria, isurtegitik erortzean eta irristatzean meak egiten zuen zarata, jendearen oihu eta iskanbila eta itsasoaren orroak arrokak erasotzean, eta hori guztia gutxi balitz, dena zegoen burdin hautsezko hodei gorri batez estalita. Anartean, zamaontzia buietara eta lehorrera tinko loturik, kulunka etengabean ari zen itsaso beti fidagaitzean".

Bere ustez, El Piquillon lan egitea zen "gogorrena, gorabeheratsu eta neketsuena; horrez gain, meategian egin behar zuten lana ere kontuan izan behar da". Hura honela deskribatzen du:"ikuskizun zakarra, latza eta ikusgarria, meatzarien lanerako gaitasunaren neurria erakusten zuelako".

Prozesu horrek guztiak hiruzpalau egun irauten zuen ontzi bakoitzeko, nahiz eta batzuetan zama aldia bi egunetakoa izan ontzi txikietan. Lanaldia ohiz hamar edo hamabi ordukoa izaten zen, eta batzuetan gauez ere lan egin behar izaten zen, zamaketa lehenbailehen egiteko, batez ere itsasoaren mehatxua gainean zegoenean (ipar eta ipar-mendebaldeko haize beldurgarriak). Haizeak jotzen zuenean, eta hori sarri gertatzen zen, itsasontziek cantileverra utzi eta porturen bateko babesa bilatzera jo behar izaten zuten Castro Urdiales edo Bilbora. Haizea baretzen zenean edo ekaitza aldentzen, ontziaren zamaketa amaitzera joaten ziren berriro.