Kontzeptua

Meatzaritza. Mea zamaketariak

Pedro de Icaza Aguirrek asmatu zuen cantilever berezi hau, Luciano Prada Iturbek (Prada, 1996) Alberto del Palacio Elissagek proiektatutakoa dela badio ere. Nolanahi ere, bi autore horiek bat datoz nasa Chávarri y Cía enpresak eskatu zuela eta 1890aren inguruan egin zutela Talleres de Miravallesen ohikoa zen atzerriko teknologiarik erabili gabe. Cantileverra Kantabriako Ontón herrian jarri zuten Bizkaiko mugatik gertu-gertu. Kosta zati hau deskribatzerakoan Hilario Cruzek (Cruz, 1993) zera dio: "senaia txiki baten El Piquilloko zamalekuaren egitura erraldoia nabarmentzen zen". Gaur egun hondakin batzuk baino ez dira gelditzen, batez ere garai batean zamalekua izan zeneko biltegiarenak.

Kantauriko ekialdeko itsasertz guztian cantilever handiena izan zen El Piquilloko hori. Ehun metro eta zertxobait gehixeago zuen luze; horietatik hirurogeita hamar inguru hegalkinean ziren, arroka batzuen gainetik bideratzen zelako itsasoan sakontasun nahiko hartu arte. Bukaeran isurgailua zeukan kostan ainguratutako zamaontziak kargatzeko. Isurgailuari buruz zamatzaile zaharrenek diotenez "tramankulua asko higatzen zen mearen marruskaduraz". Hamazazpi metroko garaiera hartzen zuen ekinozioko itsasgora izaten zenean eta hogeita bi itsasbeheretan. Eta batzuek gogoratzen dutenez, cantileverrak hogei zentimetro inguruko gorabehera izaten zuen lehorreko lotura baino ez zuelako.

Batzuek kalkulatzen zutenez, laurehun tona inguruko pisua zuen; baina beste batzuek ziotenez askoz ere gehiago pisatzen zuen (Luciano Prada Iturbek mila tona zirela dio), eta halaxe ziurtatu zen "1985eko abenduaren hamarrean, asteartea, izandako ekaitzak desegin"(Prada, 1996) eta ondoren desmuntatu zutenean.

Cantilever edo nasa hau hasiera batez Josefa del Hoyo eta Galerna meategietan ateratako mea zamaontzietara eramateko zen, baina langile beterano batek gogorarazi digunez "gero La Lorenza meategitik ateratako mea ere eramaten hasi ziren. Ohiz karbonatoak eramaten zituzten, baita errubioak ere, baina gutxiago". El Piquillora 2,6 km-ko bidea egin ondoren iristen ziren Covaronetik. Hor kaltzinatzen zuten mea hala behar zenean. Lurrinezko makina batek tiratzen zuen tren batean egiten zuten mea, hiru tonako mea hartzen zuten bagoietan; trenbidea 0,7 metro zabalerakoa izan ohi zen. Javier Ibarzabal Zalbabeitiak (Baltazana-Kantrabria, 1935) cantilever honetan lan egin zuen, eta berak adierazi digunez, XX. mendeko azken berrogeita hamar urtetan, Europako gerra amaitu berritik ekarritako GMC kamioiek hartu zuten trenaren txanda. Horiek trenbide zaharretik ibiltzen ziren cantilever honetaraino mea eramateko, ibilbidea, jakina, egokitu ondoren.

Cantileverretik gertu hainbat biltegi handi zeuden. "El Puerto" izeneko biltegi horiek konpartimendu batzuk zituzten trenak ekarritako materiala beraietan banatzeko. Ibarzabalek dioskunez, "biltegi horietan 15 eta 18 urte bitarteko behargin gazteek lan egiten zuten arrastelu batez, "pericacho" izeneko saskiak (25-30 kiloko edukiera) mearekin batera pilatzen zen material antzuaz betetzen. Material hori batzuetan itsaso zabalean botatzen zuten.

"Lan hura gogorra zen benetan, karbonatoek batzuetan berotasun handia botatzen zutelako, baita gasak eta hautsa ere. Kontuan izan behar da gainera zelako posturetan lan egin behar izaten zuten; eguraldia ere kontuan izan behar da, aire zabalean jarduten zutelako".