Kontzeptua

Magia Euskal Herrian

Euskal Herriko kategoria nagusia, herri sendagileena da: jendaurrean, telefono eta Interneten jarduten duten Jinko txipiek jendeak eta abereak senda ditzazkete; petrikilloek otoitzak, landareak, erritoak behar dituzte (Ik. J.M. Barandiaran); daunatuak hezur hautsi eta okertuen zuzentzaileak dira, herri fisioterapia da.

De Lancre sorginen epaileak, Ipar Euskal Herrian saludadores izeneko petrikilloak zebiltzala zion. Aingeru gaiztoen eta deabruen aldakortasunaz idatzi liburuan (1612) dio saludadorek magia eta medikuntza liburuak saltzen zituztela. Euskaraz idatzitako baten hondakinak argitaratu nituen. Zuberoan petrikillo zenbaitek larruko gaitzak jendea bizkarrean erabiliz, edo ibilaraziz, otoitz eginaz sendatzen dituzte. Sendatzeko, 9raino kontatzen da eta gero alderantziz edo santu bati bisita bat egiten. Zuberoan belagileek belarrekin sendatzen zuten eta dute; apezpikuek debekatu arren abade zenbait herri sendagintza horiek egiten zituzten eta egiten dute; besterik ezean, txiroen sendagile merkeak ziren.