Kontzeptua

Jainko

Euskaldunek ezagutzen duten kristau jainkoaren sustraiak, tradizio semitikoaren jainko biblikoan daude, baina azken honen eta Erromako Jupiter jainkoaren arteko sinkretismoaren emaitza da Elizak modelatu duen jainkoa. Biak ala biak kidetu samar daude ezaugarri askotan eta horri eskerrak sar daitezke nekerik gabe definizio berean, baina honek ez luke ezkutatu behar kristau jainko eta erlijioaren aspektu anitz zeharo erromatar eta indoeuroparrak direla, paganoak beraz, nolabait.

Kidetzari begiratuz, gizakien kontuetan esku hartzeko etengabeko joera azpimarra daiteke, jainkoaren gizakien gaineko menderakuntza ezartzeko, bai eta gizakien artean menderakuntzan oinarrituriko harremanak ezar daitezen laguntzeko. Hainbat eta hainbat adibideren arteko bakantze xume bat eginez, nabarmen ageri dira ezaugarri hauek:

"Ikusi zuen Jaunak handituz zihoala munduan gizakiaren gaiztakeria eta honen burubide guztiek txarrera jotzen zutela beti. Damutu zen Jauna gizakia egin izanaz eta, bihozmindurik, esan zuen: "Desagerrarazi egingo dut mundutik egin dudan gizakia, eta gizakia ez ezik, baita abereak, narrastiak eta zeruko hegaztiak ere, damu bainaiz hauek egin izanaz". (Genesis 6:5-7)

"Hau dio Jaunak: Mahatsak zuku ona duenean,esan ohi da: Ez dezagun honda,ardoa ugari dakar eta". Halaxe jokatuko dut nik ere neure zerbitzarien amoreagatik: ez dut herria erabat hondatuko. Nire mendien jabe izango den ondorengotza aterako dut Jakob eta Judaren herriengandik. Nire aukeratuak lurraldearen jabe izango dira, nire zerbitzariak biziko bertan. Niregana joko duen herriak Xaron lautada izango du ardien bazkaleku, Akor harana abelgorrien etzaleku. Baina zuei, ni, Jauna, baztertu eta nire mendi santua ahaztu duzuenoi, Zorion eta Patu izeneko jainkoentzat mahaia prestatu eta kopa bete duzuenoi, zoritxarra emango dizuet: ezpatak hilko zaituzte, denok burua makurtuko duzue eta lepoa moztuko dizuete. Izan ere, nik deitu eta ez zenuten erantzun; nik hitz egin eta zuek jaramonik ez; niri gaizki iruditzen zaidana egin zenuten, nahi ez dudana aukeratu. "Hau diot, beraz, nik, Jainko Jaun honek: Nire zerbitzariek zer jan izango dute, zuek, berriz, gosea; nire zerbitzariek zer edan izango dute, zuek, berriz, egarria; nire zerbitzariak pozik izango dira, zuek, berriz, lotsa gorrian; nire zerbitzariek poz-oihu egingo dute bihotza bete zorionez; zuek, berriz, garrasi egingo bihotzeko nahigabez, aiene barruko saminez."(Isaias 65:8-14)

"Ez egin sasijainkorik, ez eraiki idolorik, ez zutarri sakraturik, ez ezarri zeuen lurraldean dotore landuriko harririk, horien aurrean ahuspezteko. Neu naiz Jauna, zuen Jainkoa. Errespetatu nik aginduriko atseden-eguna eta izan begirune nire santutegiari. Neu naiz Jauna. Nire legeen arabera bizitzen bazarete eta nire aginduak arretaz betetzen badituzue, emango dizuet euria bere garaian: lurrak bere uzta ekarriko du eta landako arbolek beren fruitua emango; gari-jotzeak mahats-bilketa arte iraungo du eta mahats-bilketak ereinaldia arte; ase-ase egin arte jan ahal izango duzue eta lasai biziko zarete zeuen lurraldean. Bakea emango dizuet bertan: ezeren kezkarik gabe oheratuko zarete. Piztia kaltegarriak desagerraraziko ditut, eta ez da gerrarik izango. Ihes eragingo diezue etsaiei eta zuen erasopean hilik eroriko dira: zuetariko bostek ehun etsairi erasoko diete eta ehunek hamar milari; zuen erasopean hilik eroriko dira. Begi onez begiratuko dizuet, seme-alaba ugari eman eta erruz ugalduko zaituztet; sendo eutsiko diot zuekiko itunari. Hain ugariak izango dira uztak, non ezin izango baitituzue jan, eta zaharrak atera beharko dituzue berriak sartzeko. Zuen artean jarriko dut neure egonlekua eta ez zaituztet zapuztuko. Zuekin ibiliko naiz beti, zuen Jainko izango naiz eta zuek nire herri izango zarete. Neu naiz Jauna, zuen Jainkoa, egiptoarren lurraldetik atera zintuztena, haien esklabo ez izateko. Zuen esklabotzaren uztarria hautsi dut eta burua jasorik ibilarazi zaituztet. Aitzitik, obeditzen ez badidazue eta agindu hauek guztiak betetzen ez badituzue, nire legeak gutxiesten eta erabakiak baztertzen badituzue, eta horrela, nire agindu guztiok bete nahi ez dituzuelarik, nire ituna hausten baduzue, hona zer egingo dizuedan: bat-bateko izuz joko zaituztet, zuen begiak ahuldu eta bizi-indarrak jango dizkizuen gaitz galgarriz eta sukarrez joko. Alferrik ereingo duzue, etsaiek jango baitituzte zuen uztak. Aurka jarriko natzaizue: etsaiek garaituko zaituztete, etsai gorrotagarrienek menderatuko. Ihesari emango diozue inork atzetik eraso gabe ere. Horrela ere obeditzen ez badidazue, zazpi bider gogorrago zigortuko zaituztet zeuen bekatuengatik. Zuen segurtasun harroa hautsiko dut: zuen zerua burdina bezain lehor eta zuen lurra brontzea bezain elkor bihurtuko ditut. Indar guztiaz ahaleginduko zarete, baina alferrik: lurrak ez dizue uztarik emango, ez landako arbolek ere fruiturik.Aurka egiten badidazue, niri obeditzeari uko eginez, zazpi bider gogorrago zigortuko zaituztet zeuen bekatuengatik. Basapiztiak bidaliko dizkizuet aurka: seme-alabarik gabe utziko zaituztete, zeuen abereak sarraskituko eta zeuek ere hain bakandurik utziko, non hutsik geldituko baitira herrialdeko bideak. Guztiarekin ere nire zentzarazpena onartu ez eta aurka egiten badidazue, neuk ere aurka egingo dizuet eta zazpi bider gogorrago zigortuko zeuen bekatuengatik. Gerra sorraraziko dut zuen aurka, ituna hausteagatik merezi duzuen zigorra emateko; hirietan babestuko zarete, baina izurria sortuko dut bertan eta etsaien esku eroriko zarete. Janari-hornidura kenduko dizuet: labe bakar batean erreko dute hamar emakumek zuen ogi guztia eta, hain neurtua emango dizuetenez, ezin izango duzue jan gosea kentzeko adina. Hala ere obeditu ez eta aurka egiten badidazue, neuk ere aurka egingo dizuet haserre bizian eta zazpi bider gogorrago zigortuko zeuen bekatuengatik. 29 Zeuen seme-alaben haragia jan beharko duzue." (Lebitarra 26:1-29)

"Erasotzeko asmoz hiri batera hurbiltzean, bakea proposatuko diozue lehenbizi. Bake-proposamena onartu eta ateak zabaltzen badizkizuete, zeuentzat lan egitera behartuko dituzue bertako bizilagunak. Baina bake-baldintzak onartu ez eta gerra deklaratzen badizuete, setiatu egingo duzue hiria, eta, Jaunak zuen Jainkoak hura zuen esku jartzean, bertako gizonezko guztiak ezpataz hilko dituzue. Emakumezkoak, haurrak, abereak eta hiriko ondasunak, berriz, guda-harrapakintzat hartuko dituzue eta Jaunak zeuen Jainkoak emandako etsaien harrapakinez janarituko zarete. Horrelaxe jokatuko duzue urrutiko hiriekin, hemengo herrietakoak ez direnekin, alegia. Baina Jaunak zeuen Jainkoak ondaretzat ematen dizkizuen herrialdeetako hirietan ez duzue inor bizirik utziko. Beraz, Jaunak zeuen Jainkoak agindu bezala, erabat suntsituko dituzue, hititak, amortarrak, kanaandarrak, periztarrak, hibiarrak eta jebustarrak".(Deuteronomioa 20:10-17)

"Jakina zen jainkoek presiditu zutela Erromaren sorkundea eta indarra ez zitzaiola faltako. Beraz, besteek hauekin beren odola eta arraza nahastea ez liekete ukatu behar.(Ab Urbe Condita I,9).

"(Erromatarren kapitaina hilik erori ondoren) Segituan erromatar armadak kuzkurtu eta ihesari ekiten dio anabasean, Iheslariak sakabanamendu lasterrean bultzaka Palatinoko ate zaharrerainoeraman dutelarik, Romulok bere armak zerurantz jaso eta honela dio:" Jupiter!, zure auspizioetan fidatuz ezarri ditut hemen Palatinoan Erromaren lehen oinarriak. Dagoeneko gotorlekua, etoikeriaz erosia, sabindarren eskuetan dago. Handik beren armadak guregana datoz, tarteko harana zeharkatuz. O zu!, jainkoen eta gizonen aita, alden itzazu etsaiak hemendik behinik behin. Ken beren izua erromatarrei eta gelditu euren ihesaldi lotsagarria.Hitz ematen dut hemen bertan tenplu bat eraikiko dizutela, o Jupiter Stator! (geldiarazlea), zure laguntza zaindariak Erroma salbatu duela etorkizunari oroitaraztearren". Otoitz hau egin ondoren, onartua izango zela sumatu bailuen: "Orain, erromatarrak!,- dio-, Jupiter On eta Handiak geldi zaitezten eta borrokari berrekin diezaiozuen agintzen dizue!" Erromatarrak, zeruko agindua bailitzan, gelditu egin ziren. Romulo bera aitzindari, ...

Romulo gazte ausarta zenbaitekin bere bila doa. Mettius zaldi gainean ari baitzen borrokan, oraindik errazago izan zen hura atzera behartzea. Erromatarrek erretiratzera bultzatzen dute. Beste erromatarrek,-beren erregearen ausardiaz sututa-, sabindarren hondamena eragiten dute ... (Ab urbe condita I, 11)

Bi jainkook gizakiak oinpetzen eta gizaki batzuk beste gizaki batzuk oinpe ditzaten laguntza ematen kidetuta ageri bazaizkigu ere, euskaldunek ezagutzen duten kristau jainkoaren zeruko egoitza eta ukitu politeista, indoeuropar jatorri hutsekoa da. Izan ere, Yahvé judutarra noski lurrean bizi ez bada ere, Bibliako testuek egoitza zehaztugabeago batean kokatzen dute, egoitza argi eta garbi zeruan duten jainko indoeuroparrekin alderatzen badugu. Bibliako jainkoak zeruak urratzen ditu euritea has dadin edo Sodoma eta Gomorra kiskaliko dituen sua eror dadin; "jaitsi" egiten da Babelgo Dorrearen lanak behatzeko, goitik entzuten da haren ahotsa Moisesi zuzentzen zaionean, baina deskribapenok badute beti halako abstraktutasun bat. Indoeuropar jainkoek berriz zeruarekiko lotura estuago eta nabarmenago bat dute. Hasteko euren izenean bertan, etimologikoki "ortzia" edo "egun argia" esan nahi duen erro batetik datorrelako. Eta bestetik, zeruko egoitzaren deskribapen zehatzak ageri direlako indoeuropar mitologia guztietan, Biblian ez bezala. Kristau erlijioaren "Zeruko Gortearen" deskribapenak beraz, indoeuropar mitologiaren oinordeko dira, Bibliako zeruarenak baino. "Zeruko Gorte" honek gainera, monoteismo/politeismo aurkakotzara garamatza. Izan ere, Yahvé jainko bakarra eta bakartia da, zerbitzari dituen aingeru batzuen hurbiltasuna baino onartzen ez duena. Jupiter eta jainko nagusiaren gainerako bertsio indoeuroparrak berriz, familiaburu dira, jainkoarte txiki baten, egitura politeista baten buruzagiak. Jupiter-i buruz esate baterako, badakigu Saturno eta Ops zituela guraso, Juno emazte eta arreba, eta Minerva alaba. Bi ereduon arteko emaitza dugu kristau jainkoa, Yahvé-k ez bezala, inguruan familia konpainia txiki bat onartuko duena: hau ez da Jainko izango besterik gabe, Jainko-aita baizik Jupiter-en imitazioz (*dyeu.patter indoeuropar erro zaharretik baitator honen izena), ondoan Jainko-semea, Espiritu Santua eta Andra Mari erraina/ama izango dituelarik, hau ere zerura igota bizi baita.