Kontzeptua

Jainko

Euskaldunen kristau jainkoaren izenak, Jaungoiko, Jaun Zeruko eta Jainko dira. Lehen biek agerian dute euren osaera metaforikoa, eta hirugarrena berriz, izen arrunta bailitzan ageri zaigu hiztegian, bera ere seguru asko izen metaforiko baten oinordeko dugun arren. Jaungoiko eta Jaun Zeruko izenek, biek ala biek, une berean ezartzen dute azpimarra, hots, jainkoaren zerutartasunean, indoeuropar tradizioari atxikiz. Izan ere, indoeuropar jainko nagusiaren izena panteoian aldaketarik izan ez den kasuetan, ortzia edo egunaren argitasuna adierazten duen *dyeu errotik ekarria da: Zeus, Jupiter edo Dios hitzek erro horretan dute jatorria. Euskaldunok beraz, zerutartasunean jarri zuten azpimarra kristau jainkoari izena ematerakoan, horretan ikusten bide zuelako aurkakotzarik eta berezitasunik nabarmenena, ezagutzen zituzten gainerako jainkozko guztiekin alderatuta, hauek denak lurrean edo lurpean bizi baitira. (Ikus Jainkozko).

Jainko hitzak berriz, jauninko zahar batetik datorrela dirudi. Izan ere, XI edo XII. mendekoa den Abadiñoko Muntsarazeko Andra Mariren ermitan aurkitutako hilarri batean ageri baita jauninco, "jainko" esanahiaz. Gaur egun oraindik badira jinko Baztanen eta inko Lapurdiko Ainhoa inguruan, guztiak jainko adierarekin. Beraz, Urquijok eta Barandiaranek eutsi bezala, Jainko, Jauninko-ren apokopetzat jo dezakegu. Inko berriz, berehala erlaziona daiteke eguraldiarekin loturiko hainbat terminoekin: inhazi, inhar (tximista), ihuzki, iruzki (eguzkia), edo indriska (kazkabarra), eta beraz, in-ko bezala erdibitu, ortzia adieraziko lukeen *in erroa, eta ko genitiboa bereiziz. Jauninko eta Jaun Zeruko beraz, gauza berbera lirateke, ortzi-jainko indoeuroparraren euskal itzulpena.

Aurrekoari Aymeric Picaud XII. mendeko frantses erromesaren lekukotza erantsi beharko genioke, "Deum vocant Urçia" (Jainkoari Urçia esaten diote) ezaguna. Zenbaitetan gutxietsi egin ohi da lekukotza hori, irudikatuz erromesak hatzez zerua erakutsi ahal izan zuela jainkoa adierazi nahian, eta bere berriemaileak berriz ortziaren izena jakin nahi zuela ulertu, ez jainkoarena. Halere, Aymeric Picaudek aipatzen duen gainerako euskal hiztegi osoa nahiko txukuna da eta gaizki ulerturik gabea, eta gainera ortzi terminoa ez da mugatzen eguraldi agerkarien alorrera. Izan ere, Ozkar eta oskorri bezalako terminoen ondoan, ortzegun/ostegun ere badugu, eta osteguna kultura latinoetan Jupiter-en eguna (Jovis) da hain zuzen (eta Thor-ena germanikoetan). Bizkaieraz eguena esaten zaio ostegunari, egu= egun argia delarik, indoeuropar *dyeu erroaren bigarren esanahia alegia. Beraz, hemen ere, ortzi edo *in terminoek huts eginda ere, badirudi ageriko samarra dela osteguna "Jupite-en eguna" modura itzultzeko asmoa.

Argitu beharreko geratzen da, bada, ortzia edo ortzi-ganga adierazteko euskaraz bi termino ez- berdin egotea, biak lekukotza zahar ia garaikideak dituztelarik X eta XII. mende bitartekoak. Argibide dialektologikoa, alegia, horietako bakoitza Euskal Herriko zati batean mugaturikotzat jotzea, ezinezkoa da terminoen banakerari erreparatu ezkero. Jauninkoren lekukotza zaharra bizkaitarra da, eta bere iraupen garaikidea Nafarroan eta Iparraldean aurkitzen dugu. Gainera *in erroaren gainean eraikitako eguraldi hiztegia euskalki guzietan ageri da. Eta antzeko zerbait gertatzen da erdi aroko Urçia nafarra eta eguraldi hiztegian euskalki guzietan barreiaturik dauden ortz erroaren eratorriekin. Eta guztia oraindik pixka bat gehiago sendotzeko, hortxe daude halaber ihortziri bezalako terminoak, itxuraz bere baitan bi erroak daramatzatenak erredundantziazkoa ematen duen erabileran, hipotesi dialektala erabat baztertuz.

Enigmak ordea ulerbide sinplea ukan dezake, ortzi-ganga bakarra dela uste izan beharrean bi direla irudikatzen badugu, bat egunezko eta gauezkoa bestea. Aspaldian zera diferente modura ikusitakoak eta berez zein bere izenez iritziak. Izan ere, bereizketa hori Miletoko Anaximandroren kosmologian ageri da, eta Kristo aurreko VI. mendeko greziar filosofoaren kosmologia horrek eguzkiaren inguruko euskal ezaugarri batzuk argitzeko ere balio izan du bestalde (ikus Eguzki Amandrea). Geroago eta gure testuingurutik hurbilago, Erromako Hirian aurkitzen dugu aurrekoari ongi lotzen zaion antzeko bereizketa baten zantzua: Erromako erlijioak Summanus eta Jupiter bereizten ditu, lehenengoa gaueko tximistaren eragile eta bigarrena egunezkoaren jaurtikitzaile bailiran hurrenez hurren. Bereizketa hain da agerikoa, -Ovidiok ez duela ulertzen aitortzen duen arren (Fasti 6, 731 orr.)-, nork bere kultu eta tenplu propioak dituela. Pliniok diosku bere historia naturalean, aspaldian hamaika mota tximista bereizten omen zirela, baina erromatarrek horietatik aipatu bien arteko bereizketa baino ez zutela gorde (Historia Natural 2,53). Euskal eguraldi hiztegian tximista adierazten duten inhar eta ozkar terminoak, bata *in-en eta bestea ortz-en gainean osatuta, "zeru-harria" esanahiaz, euskaraz ere noizbait honelako bereizketa izan ote den susmatzera eraman gaitzake. Eta Orotariko Euskal Hiztegian oskarbi terminoari buruz aurki daitekeen aipamen batek dioenez, esparru mugatu batean bada ere, hitz hori gaueko oskarbia adierazteko baino ez da erabiltzen, eta ez da eguneko zeru urdinaz oskarbi dagoela esan behar, garbi dagoela baizik. Aztarna hauek iradoki lezakete bazela garai bateko euskaldunen artean bi ortzi-gangen arteko bereizketa, eta horren lekuko fosilduak direla gaur egun oraindik, testuinguru zaharra galdu ondoren, eguraldi hiztegian aurki daitezkeen bikoiztasun horiek.

Dena den, kristau jainkoaren euskal izen horiek ez dira maileguzko terminoak, baizik eta, hitz jatorrez kontzeptu exotikoa itzultzeko ahaleginak. Euskaldunentzako kristau jainkoaren berezitasun nagusia, eta agian honen aurretik ezagutu zuten Erromako jainko nagusiarena ere, zerutartasuna izan zen, zerutartasuna zelako aurretik ezagutzen zituzten jainkozko lurtar guztien aldean, nabarmen eta besteak ez bezalako bihurtzen zuena, eta horren gainean sortu zuen jainkoaren izena. Arau hau betetzen da Jauninco-rekin, Urçia-rekin eta osteguna Jupiter-en eguna bezala itzultzeko sortutako osteguna eta eguena terminoekin. Ez da betetzen ordea odei hitzari dagokionez, arau haustea bikoitza delarik gainera: Batetik, maileguz hartzen delako hitza kasu honetan (Odin-etik datorkigu odei) eta bestetik alderantzizko bide logikoa ibiltzen duelako, alegia, ortzi fisikotik abiatu beharrean jainkoa izendatzeko, jainkoaren izenetik abiatzen da eguraldi hiztegia aberasteko, odei-ren adiera jatorrenak ortzia eta ekaitz lainoa baitira. Halere alderaketa ez da homogeneoa, XII. mendeko lekukotza zaharrak huts egiten duelako odei-ren kasuan. Eta bestalde logikaz pentsa daiteke, gaur egun ortzia eta ekaitz lainoa bezalako adierak gorde baditu, noizbait aspaldian zeruko jainko nagusia adierazteko funtzioa ere ez ote zuen izan. Eskandinaviarren presentzia erdi aroko Euskal Herrian albiste historikoa da, baina horri buruzko dokumentazioa hutsaren hurrena da eta ez du biderik ematen zenbaterainoko eragina izan zuen neurtzeko. Neurketa horretarako lehengaiak, hiztegian, toponimian eta mitologian ari dira bilatzen. Dena den, odei iritsi bide zen garaian, hots, normandoen VIII. mendeko inbasioei lotuta, izango ziren bertan Jauninco eta Urçia, seguru asko erromatarren garaiaz geroztik, zeruko jainkoa adierazteko, eta horrek ulertaraz lezake "beste jaun zerukoa" adierazteko hitza maileguz hartu izana. Beste jaun zeruko horrek segida arrakastatsua izan ez zuenez, ulergarria da halaber, aurrena esanahi erlijiosoa galdu eta eguraldi esanahian mugatuta geratzea, eta gero esparru horretan bertan apurka garrantzia galdu eta besterik gabeko laino adiera nagusitzea, ekaitz-laino eta batik bat egunargi-ganga" adiera "sakratuagoak" lurralde mugatu batzuetan baino gorde ez direlarik.

Azkenik, zeruko jainkoaren euskal izenari buruzko artikulu hau ezin amaitu, honako datu bitxi hau aipatu gabe: Nola iritsi zen inork argitu ez badu ere, Jingo ingeles hiztegian aurki daiteke, bere euskal jatorriari buruzko zalantzarik ametitzen ez duen adierarekin. Izan ere " by Jingo! " deiadar egitea, frantsesezko "par Dieu!" bezala itzultzen da, alegia, euskarazko alajainkoa! edo alajinkoa! berbera. Badirudi honen ulerbiderik sinpleena, ingelesek Erdi Aroan Lapurdi menderatu zuten hiru mendeen historian aurkitu behar dela.