Arkitektura

Ihurreko gasolindegia. Olaberria

Ihurreko gasolindegia, izenak berak azaltzen duen bezala, Olaberriako Ihurre auzoan dago. Gasolindegiaren kokalekua gune estrategikoa da; N-a errepide nazionala eta Zumarraga eta Beasain arteko errepidea elkartzen diren puntua hain zuzen ere. Testuinguru honetan ulertu behar da zerbitzugune honen sorrera, probintzia eta estatu mailako komunikazio azpiegituren garapenari emandako erantzun modura. Errepide Nagusi bezala ezaguna dena (N-1) XX. mende hasieran aktibatu zen, baina 40. hamarkadan hasi ziren egungo errepidearen oinarriak finkatzen, zerbitzugune honen eraikitzea sustatu zen garai berean. Izenak gasolindegiaz soilik hitz egiten badigu ere, argitu beharrekoa da garai ezberdinetan zerbitzu ugari eskaini dituela eta, jatorriz, garajeak, tailerra eta beste zerbitzu batzuk ere eskaintzen zituela gasolindegiko erregai hornitzaileez gain.