Arkitektura

Ihurreko gasolindegia. Olaberria

Zerbitzuguneak, bere sortzetik, zenbait aldaketa jaso ditu. Aipatzekoak, lehenik, N-1 errepideko trafiko kopurua hazi ahala 60. eta 70. hamarkadetan emandako eraldaketak, funtsean, zerbitzu eta instalazioen hobetzeekin erlazionatutakoak.

Bestalde, eraikuntza multzoari eta haren irudiari dagokionez ere badira jatorrizkotik eraldatu edo desagertu diren ezaugarri edo elementuak. Aipagarriak, zentzu horretan, hornigailuen gunea eta baskula eta koipeztatze-gunea bereizten zituen horman zeuden lau horma-pinturak. Diotenez, Bernabe Oiartzabal artista beasaindarrak egin zituen eta penintsula iparraldeko errepide nagusiak eta haiek zeharkatzen zituzten hiri nagusiak irudikatu zituen.

"Ihurreko gasolindegia" urteetan erdi utzia egon ondoren egun, ondare ikuspegitik babes legalik ez badu ere, zaharberritua eta indarberritua dago. Zaharberritzean, arkitektura-multzoaren alde espresiboena -hegoaldekoa- eta haren ezaugarri nagusiak balioan jarri nahi izan ziren. Horrela, lehen urteetako irudia berreskuratzeko asmoz, denboran zehar agertutako eta eraikinaren irakurketa egokia oztopatzen zuten elementuak desagerrarazi ziren batetik, eta jatorrizko joko kromatikoak bilatu bestetik. Zentzu horretan, aipamen berezia merezi dute koloma toscanarretan, fondo zurian, gorriz margotutako espiralek. Jatorrizkoen berberak ez badira ere, funtsean, jatorrizko kolomen adierazgarritasuna berreskuratu zen. Ez zen gauza bera gertatu taulamenduaren kasuan, "Auto-Servicio" hitzak desagerrarazita kartel izaera ukatu baitzaio.

Yurre

Iparraldeko guneari dagokionez, lehen esan bezala, eraldaketa ugari izan da itxitura, estalki eta baita erabilerari dagokionez ere. Azkenik, aipatzekoa da arkitektura-multzoaren alde plastikoa nabarmendu nahian, azken urteetan atondutako koloreetako argiztapena.