Arkitektura

Ihurreko gasolindegia. Olaberria

Zerbitzugunea, triangelu formako orube batean dago kokatua eta haren formetara moldatzen diren bi gune bereizitan antolatzen da. Hegoaldean, arkitektura multzoaren buru den eta jatorriz bezeroen harrerarako guneak hartzen zituen oin zirkularreko eraikinaz gain, garbiketa eta ibilgailuentzako koipeztaketa-gunea zeuden. Horretaz gain, hasiera batean etxebizitza funtzioa izateko diseinatutako espazio bat kokatu zen goiko solairuan. Iparraldean, aldiz, garajeak eta mantenuko tailerra zeuden behe oinean eta bulegoak goiko solairuan. Gaur egun, hegoaldeko gunean gasolindegiko erregai hornitzaileak eta bestelako zenbait zerbitzu (haizea, ura...) daude eta iparraldean kontzentratu dira bai bezeroen harrerarako gunea eta autoentzako garbigunea, eta baita gasolindegiarekin lotura zuzenik ez duten beste zenbait lokal komertzial ere.

Eraikin ezberdinez osatutako arkitektura-multzo honi batasuna emanez eta horizontaltasuna nabarmenduz, buelta osoan hegal jarraitua duen hormigoi armatuzko estalki laua ageri da. Gainera, aipagarria da hegoaldeko gunean hegala bikoiztu egiten dela, lehen hegala teilez errematatuz.

Yurre

Multzoaren irudiari dagokionez, oinarrian irizpide arrazionalistekin diseinatu bazen ere, erreferentzia estilistiko ezberdinetako elementu dekoratzaileak aurki daitezke bertan. Florencio Mocoroa Gastesi berak, "bertako herri-arkitektura gogorarazten" zuela esan zuen 1950an. Zentzu horretan, herri-arkitekturari keinu egiten dioten zenbait elementu aurki badaitezke ere, oro har, multzoak estetika eklektizista duela esan genezake.

Iparraldeko gunea eskema funtzionalekin diseinatu zen. Horrela, garajeen sarreretako ate handi metalikoek osatzen dituzte, funtsean, alboetako fatxadak. Hegoalderantz, ordea, gasolindegiari begira, fatxada funtzionalaren izkinak kurbatu egiten dira eta bertan baketila itxurako leihoak dira ageri.

YurreYurre

Bestalde, hegoaldeko gunean pilatzen dira dekorazio elementu gehienak, multzoaren buru den bi solairuko eraikin zilindrikoan bereziki. Goialdean, estalkitik gora, taulamendu kurbatu moztuari oinarri egiten dioten lau koloma toscanar ageri dira. Taulamenduak, jatorriz, ur depositu modura erabilera funtzionala zuen. Halere, koloma eta taulamendu kurbatuaz osatutako elementu deigarri honen erabilerarik esanguratsuena publizitatearekin erlazionatutakoa izan da beti. Kolomen artean, "Michelin" etxeko iragarki handi eta deigarria dago eta taulamendua bera ere iragarki-kartel gisara erabili izan da, urte askoan zehar "Auto-Servicio" irakur zitekeelarik bertan. Eraikinaren azken zaharberritzean, ordea, hizki hauek desagertu egin ziren. Bestalde, taulamenduaren atzealdean pantaila digitala kokatu dute.

YurreYurre

Behealdean, iparralderantz, multzoari are plastikotasun handiagoa ematen dion atzeraemangunea du zilindro formako gorputzak eta bertan dago barnealderako sarrera. Lehen esan bezala, gorputz honetan lengoai ezberdinek topo egiten dute. Batetik, Mocoroak esandakoaren harira, herri arkitektura gogorarazten da zenbait elementurekin: harri aplakatuzko zokaloa oinarrian, baserrietako zurezko bilbadura imitatuz egindako joko mimetikoak bigarren oinean edota bi solairuen banaketa nabarmentzen duen teilez jantziriko hegala. Bestetik, baoei dagokienez, irtenbide ezberdinak erabiltzen dira. Barnealdean, sarrera dagoen atzeraemanean, behe oineko atea eta leihoak puntu erdiko arkuekin osatu dira eta bigarren oinean, arku erako bao zabala osatzen duten hiru leiho etzan ageri dira. Gainontzeko perimetroan ordea, erritmo konstantez errepikatzen da kutsu islamiko nabarmena duen arku hanpatuz eta molduradun barlasaiekin osatutako leihoa.

YurreYurre