Arkitektura

Ihurreko gasolindegia. Olaberria

Sustatzailea Juan Iguain Telleria beasaindarra izan zen eta 1947ko abuztuan eskatu zuen gasolindegia eta garajeak eraikitzeko baimena. Donostiako Juan Urcola ingeniari industrialak firmatu zuen proiektua, baina Florencio Mocoroa ere autore modura ageri da dokumentazioan. Proiektuan, funtsean, gaur egungo instalazio berak ageri ziren. Halere, erremateko eraikin zirkularraz gain, eraiki ez zen hirusta formadun oineko eraikin bat ageri zen, besteak beste erakuslekurako erabiliko zena. Erakin hauek irudi arrazionalista jarraitzen zuten.

Urte bereko urrian proiektu hura burutzeko baimena eskuratu zuen Iguainek baina obra 12 hilabeteren buruan garatzeko baldintzarekin. Prozesua martxan jarri bazen ere, izapide burokratikoak tarteko, eta garai hartan Estatuan ziren murrizketen ondorioz erregaiaz hornitzeko zailtasunak zirela eta, proiektuaren garapena eten egin zen. Honen aurrean, 1949an egoera konpontzeko eskatu zuten sustatzaileak eta proiektuaren autoreek.

Horrela, 1951an obraren garapena nahiko aurreratua zegoen. Funtsean guztia eraikia zegoen, baina erregai hornitzaileen zein beste elementu funtzional batzuen instalatzea falta zen oraindik. Oro har, proiektuan aurreikusitakoa eraiki bazen ere, azpimarratzekoa da irudi arrazionaletik aldendu eta estetika eklektikora gerturatzen zuten dekorazio-elementuen agerpena. 1953ko urtarrilean, obra guztiz amaitua zela, Juan Iguain Telleriak gasolindegi-zerbitzugunea erabiltzen hasteko baimena eskuratu zuen Olaberriako Udalaren eskutik.