Kontzeptua

Herri Musika Taldeak

Gure herrietan, historian zehar, herri bakoitzeko musika prestakuntza, maila eta balditzen arabera, hamaika motako soinu-tresnen formazioak osatu dira. Sokazko taldeak, haizezko taldeak, sokazko eta haizezko soinu-tresnak nahasturik perkusiozko soinu-tresnen laguntzarekin osatutako taldeak,... XIX. mendean herri askotan ibiltzen ziren musikari kopuru ezberdinetako errondaila eta estudiantinen motako taldeak.

1894an Hernaniko Ezkiaga pasealekuan hartutako argazki honetan ikus dezakegu garai hartako halako herri musika talde bat. Taberna aurrean, ematen duenez jai egun batean, mahaiaren inguruan solasaldian ari direnen artean gitarra, biolina, zeharkako flauta, bandurria eta panderoaz osatutako musika boskotea agertzen da. Hau izango zen momentu horretan elkartu zen taldea eta argazkia beste egun batean eginez gero, ziur aski beste era bateko talde osaketa agertuko zen.

Hernani, 1894.

Hernani, 1894.5

XIX.mende bukaera aldean, Ameriketatik eta Europako beste herrietatik etorritako beste musika talde mota bat zabaldu zen gure hiri eta herrietan: Banda.

Neurri handi batean Udal Musika Bandak herrietako Errondaila eta Estudiantina bezalako taldeak baztertu eta ordezkatu zituen. Baina horrezaz gain beste izaera eta funtzioa hartu zituen. Musika bandak gehienetan udal musikari taldeak izan dira, udalak babesten zuen Musika Banda eta udalak ematen zizkion bete behar zituen aginduak. Hau izan da mende luzean gure herrietako eta hirietako udal ministrilen gisako musika taldea.

Udaletxearen inguruko protokoloan, Elizak antolatutako prozesio eta bestelako ekitaldietan, jaieroko dantzaldia, egun seinalatutako eta bestelako herri ospakizunetako kontzertuak,...

Musika banden inguruan eta eraginpean sortu ziren herri askotan Udal Musika Akademiak. Musika Eskola hauek jeneralean Musika Banden zuzendarien ardurapean funtzionatzen zuten eta besteak beste Musika Banden harrobia izaten ziren.

Gaur egun bestelako herri musika taldeak ikusten dira gure kale eta plazetan, oholtzetan eta eskenatokietan:

Europako beste herrietan bezala, gure artean Folk taldeak izan dira 1970. hamarkadatik aurrera herri musika eskaintzen ibili diren beste formazio musikalak. Herri soinu-tresnak eta soinu-tresna unibertsalak erabiliz, euskal kantutegi zaharreko doinu eta abestiak moldatu dituzte aire berria emanez.

Herrietako edozein motako festetan Txaranga edo Fanfarreak izan dira XX. mendean zehar sortu eta kaleetan nagusitu diren taldeak. Hauetako askok Musika Bandetako soinu-tresnak erabiltzeaz gain akordeoiak, biolinak eta herri soinu-tresna ezberdinak erabiltzen dituzte. Talde hauek bezala, dultzainero, albokari eta trikitixa talde handiak ibiltzen dira gure herrietako edozein festa eta ospakizunetan.

5Argazkia: Pilar Simon artxiboa, Herri Musikaren Txokoa.