Kontzeptua

Herri Musika Taldeak

Hirukote batek erritmoa, polifonia eta harmonia erabiltzeko bikoteak baino aukera gehiago eskaintzen ditu.

Inguruan ziren musikarien arabera hirukote mota asko ibili dira gure herrietan. Askotan, talde hauek ez ziren formazio iraunkorrak izaten eta musikari haiek beste okasioetan bestelako formazio motetan ibiliko ziren.

Hondarribiko kale nagusian

XIX. mende bukaeran Hondarribiko kale nagusian, 1890 inguruan3.

Gure artean izan dira denbora luzean eta modu iraunkorrean funtzionatu duten musika hirukoteak:

DULTZAINA-GAITA BIKOTEA ETA DANBORRA. Hau izan da XIX. mendetik aurrera dultzaineroen talde arruntena eta askorentzat talde ofiziala.

DANBOLINTEROEN BIKOTEA ETA ATABALARIA. Melodia duoa eginez eta erritmikoki atabalariaren laguntza dutelarik, txistulariak askotan ibili dira, eta ibiltzen dira, beren ohiko jardueretako emanaldietan.

SOINU-TXIKIA, DULTZAINA ETA PANDEROA. Soinu-txikia Gipuzkoako eta Bizkaiko eskualde batzuetara iritsi zenean, kasu askotan Maltzeta, Epelde edo Arbe bezalako dultzaineroen famili ezagunen eskutatik zabaldu zen. Ziur aski neurri batean soinu-joleen jatorri horrek eragingo zuen inguru horretan izan zen soinu-txikia eta dultzaina batera jotzeko joera. Gipuzkoako halako azken hirukotea Epelde soinu-joleak, Montte dultzaineroak eta Iturbide panderojoleak osatutakoa da.

BI BIOLIN ETA GITARRA. Bi txistulari eta atabalariaren edo bi dultzainero eta danbor-jolearen moduan, hirukote honetan bi biolin-joleek melodia duoa eginez jotzen zuten eta gitarra-joleak erritmoa eta akorde harmonikoak. Ezaguna da talde mota honekin erlazionatutako Nafarroako dultzainero-gaiteroen hirukote batzuek egiten zutena: egunean zehar kale eta plazetan ibiltzeaz gain, momentu batzuetan bi dultzaina-gaita eta danborra utzi eta bi biolin eta gitarra harturik kalez kale, tabernetan eta bestelako aretoetan ibiltzen ziren.

BIOLIN, GITARRA, PANDEROA. Biolin eta gitarra joleek osatu izan dute pandero-jolearekin batera hirukotea.

BANDURRIA, LAUTEA, GITARRA. Hiru soinu-tresna hauek osatzen dute Nafarroako joteroen oinarrizko talde instrumentala.

AKORDEOIA, SAXOFOIA, PERKUSIOA. Hogeigarren mende erdialdean halako formazioak nagusitu ziren herri askotan. Aurreko txistu edo dultzaina taldeak bezala, hauek, egunean zehar antolatutako ekitaldi gehienetan parte hartzen zuten: herriko festetan goizeko dianak, eguerdiko dantzaldiak.

3Castillo, Jose Maria. ARGAZKIAK. Hondarribia atzo / FOTOGRAFIAS. Hondarribia ayer.Kutxa Gizarte eta Kultur Fundazioa. 1994.