Kontzeptua

Herri Musika Taldeak

Bikotea da musika taldeen artean posible den formazio txikiena. Hauen artean badira melodia eta erritmoa uztartzen dituztenak, doinuen harmonia eskaintzen dituztenak eta bi alderdi horiek kontuan hartzen dituztenak.

TXALAPARTA. Txalapartarien bikotea eta toberak jotzen dituzten bikoteak dira gure herri musikan ezagutzen diren bikoteetako bi eredu.

DANBOLINTEROA, ATABALARIA. Erritmikoki laguntzeko, aspaldikoa eta ohikoa da danbolinteroak eta atabalariak osatutako bikotea.

XIRULA-TTUNTTUNA, TABALARIA. Danbolinteroarekin bezala, gaur egun, bereziki dantza musika jotzerakoan, tabalariak xirula-ttunttuna joleak laguntzen ikus ditzakegu.

BI DANBOLINTERO. Bi ahotsetan jotzen duen txistulari bikotea dugu musika polifonikoa eskaintzen duen oinarrizko txistu taldea.

DANBOLINTEROA, BIOLINA edo ARRABITA (rabel). Aurretik izan bazen ere, violin, arrabita edo rabel izenarekin, XVI. mendetik aurrera agertzen da biolina gure herri musikaren dokumentazioan. Dokumentazio zaharrean ikus daitekeenez, oso arrunta izan da danbolinteroarekin osatutako taldea. Bikote honek, erritmoa eta harmoniaz gain kolore ezberdinak nahasten ditu.

DULTZAINA, DANBORRA. Dultzaina eta danborra elkartzen dituen bikotea izan da gure herri musikan bikote arruntenetakoa.

DULTZAINA, PANDEROA. Dultzaina eta panderoa ibili dira elkarrekin. Dultzaineroen errepertorioan koplak kantatzeko diren jota eta porrusalda asko daude, eta kantariak jeneralean panderoa jo izan du.

ALBOKA, PANDEROA. Albokariak bakarka ibili izan badira ere, bere errepertorioa osatzen duten jotetako, porrusaldetako eta martxetako koplak eskaintzeko albokariaren bikotekide naturalena abesten duen pandero-jolea izan da.

Bilboko Mamerto Segui margolariak 1887an Bizkaiko eztei herri ospakizun baten margoa egin zuen. Bertan ospakizun horren inguruko irudi kostunbrista bat aurkezten du. Jarraigoaren aurretik bi gizon eskopeta tiroak botatzen, segidan, taldearen aurre aldean bi dantzari bikote dantzan eta ondoren dantzarako musika emanez albokaria eta pandero-jolea ageri dira. Hauekin eztei gonbidatuen taldea eta atzetik arreoa ere ikusten dira.

Mamerto Segui Arechavala

Mamerto Segui Arechavala,1887. Boda en Vizcaya2

KLARINETEA, DANBORRA. Klarinetea izan da gure herri kultura musikalean aspaldidanik erabili izan den beste soinu-tresna. Danborraren laguntzarekin osatu du talde oinarrizkoena.

BIOLINA, GITARRA. Gitarra edozein musika laguntzeko soinu-tresna egokia denez, askotan agertzen da biolinarekin.

BIOLINA, PANDEROA. Panderoa izan da biolinaren beste soinu-jole bikotea.

Arteaga, 1890 biolina-panderoa

Arteaga, 1890 biolina-panderoa. (Arg. Dantzariak, 43).

SOINUA-AKORDEOIA, PANDEROA. XIX. mendean iritsi zen akordeoia gure herrietara. Askotan bakarka erabiltzen zen, baina dultzaineroen eta albokarien errepertorioko jota eta porrusaldak bereganatuz erritmoan eta kantuan laguntzeko ohikoa bihurtu zen abesten zuen pandero-jolearekin ibiltzea.

AKORDEOIA, JAZBANA. XX. mendearen berrogeigarren hamarkadan, Amerikatik eta munduko beste zenbait herritatik iritsitako musika joera berriek eraginez, soinulari bakar batek jotzen zuen Jazbana deitutako -danborra, tinbalak, dunba, plater metalikoak eta bestelako hots tresnez osatua- perkusio soinu-tresna multzoak oso harrera ona izan zuen gure artean. Akordeoilariekin batera oso bikote polibalentea osatzen zuen, edozein tokira eraman zitekeen eta egokia zen edozein musika mota interpretatzeko. Bikote hauek, hamarkada batzuetan herri txiki askotako festa nagusietan eta jaieroko dantzaleku askotan aritu ziren.

2ARIZMENDI AMIEL, María Elena de (1976): Vascos y trajes. (Tomos I y II) Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones (R.S.B.A.P.) Obra Cultural de la Caja de Ahorros Municipal de San Sebastián.