Kontzeptua

Garia

Gaur egun ia ez da garirik landatzen Euskal Herriko Kantauri isurialdean, baina garai batean ohikoa zen herri guztietan. Horren erakusgarri da Juan Ignacio de Iztuetak XIX. mendearen hasieran idatzitakoa2:

Todo el trigo que se cultiva en Guipúzcoa es inmejorable, limpio, de mucho peso, de buena masa y de gusto agradable. Con frecuencia se ven aquí anegas de trigo que pesan en la balanza 95 libras y alguna que otra vez hasta 100. De Castilla la anega que llega apenas si pesa noventa y dos o tres libras. ¿En qué consiste esta diferencia? No en otra cosa sino en que en Castilla y en otros muchos lugares, del trigo que siembran, venga lo que venga, lo abandonan a su aire, y, en cambio, en Guipúzcoa, una vez que brota, comienzan a escardar, arrancando las ásperas y perjudiciales hierbas, y recogen en los graneros el grano limpio y lozano.

(Gipuzkoan landatzen den garia paregabea da, garbia, pisuduna, masa onekoa eta zapore atseginekoa. Sarritan ikusten dira hemen gari-anegak balantzan 95 libra pisatzen dutenak, eta baita 100ekoak ere. Gaztelatik datorren anegak laurogeita hamabi edo hiru libra besterik ez ditu pisatzen. Zein da aldea? Ba Gaztelan eta beste leku batzuetan landatzen duten garia, datorrena datorrela, hor uzten dutela, zaindu gabe, eta Gipuzkoan, berriz, ernatzen denean jorratzen hasten dira, belar latzak eta kaltegarriak kentzen dituzte eta aletegietan biltzen dituzte ale garbi eta lerdenak).

Izan ere, gure zonaldea galsoro izan da, dokumentuen arabera "de pan llevar", baita Kantauriko itsasertza eta Bidasoaren bi aldeak ere. Gariarekin ordaintzen zuten baserriaren errenta, eta elizari gariaren hamarrenak eta primiziak ordaindu behar zizkioten. Gariarekin ordaintzen zioten medikuari, zirujauari, ermitauari, serorari, sakristauari eta baita maisuari ere.

Adibidez, Hernaniko San Agustin monasterioko mojek Osinagako errota errentan jarri zuten urteko 14 lakariren truke, maizterrak "birrinduta monasterioan bertan" utzi behar zituenak. 1700. urtean, Joaquín de Mañarineguiren alargun María Nicolasa de Urangak errentan jarri zuen Aiako Amaz de Yuso baserria, urtean 10 anega irin, 11 anega arto, 20 zortziko erreal eta bi kapoiren truke. Eskrituraren arabera Domu Santu egunean ordaindu eta kapoiak Gabonetan eman behar zitzaizkion3.

1624. urtean, Hernaniko zirujau Sebastián de Sassoetak Martín de Sassoeta hartu zuen ikasletzat (seguruenik loba edo hurbileko ahaide zuena), hiru urteko epean odola atera eta bizarra egiteko ogibidea ikas zezan. Horren truke, irakasleak 6 dukat eta gari-gurdi bat jasoko zituen, eta beste 6 dukat gehiago agindu zizkioten kontratua burutzean. Baina morroiak epea amaitu aurretik alde egingo balu, maisu zirujauak beste ikasle bat hartuko luke eta horren soldata Martinen aitak ordaindu beharko luke4. 1854. urtean Antonio Prieto zen Legorretako zirujaua. Urtean 200 errealeko soldata zuen eta gainera 100 anega gari eta 4 anega arto jasotzen zituen etxe bakoitzetik, astero herriko etxeetako familia-buruen, horien semeen eta ezkondutako edo alargundutako suhien ilea mozteagatik, betiere Legorretako bizilagunak baldin baziren. Era berean, txostenak dio urtean 40 bat erditzetan laguntzen zuela eta horietako bakoitzean 20 erreal kobratzen zituela5.

Agintariek modu berezian babestu izan dute gariaren horniketa. Nafarroako Foru-legeek gai horren inguruko hainbat agindu eta betebeharreko arau jasotzen dituzte. Bi adibide besterik ez ditugu ekarriko hona:

9. Legea, 16. Titulua, 1. Liburua: Nadie compre mas del que ha menester para su casa, y el que lo tiene de su cosecha lo venda al precio que pudiese. (Inork ez dezala etxerako behar duena baino gehiago erosi eta bere uztatik lortu duenak sal dezala ahal duen prezioan).

10. Legea, 16. Titulua, 1. Liburua: Trigo ni cebada no se pueda comprar para revender, y se pueda traer de fuera, pero no se puede vender en pan cocido sin licencia. (Debekatuta dago garia eta garagarra erostea gero berriro saltzeko, eta kanpotik ekarri ahal da, baina baimenik gabe ezin da saldu egositako ogirik).

Antzeko aginduak jasotzen ditu baita ere 1526ko Bizkaiko Foruak. 33. Tituluan, 1. Legeak horrela dio: ".....que las tales vituallas de pan y vino y de otras cualesquier cosas de comer y beber...ninguno sea osado de las sacar ni llevar a fuera parte..." (Ogia eta ardoa, eta jateko eta edateko den beste ezer ezingo da atera, ez eta kanpora eraman). Arabako Batzarretan ere horrelako arauak onartu zituzten.

Gipuzkoan garia landatzen bazen ere, uzta ez zen nahikoa. Horregatik, Probintziako Foruak adierazten zuenez, biztanleak elikatzeko kanpotik ekarritako gariagatik ez zen zergarik ordaindu behar. Aldi berean, aleen esportazioa debekatzen zuten aginduak jasotzen zituen.

1588an Gipuzkoako Batzar Nagusiek 24 herritan garia zamatzeko alondegiak jartzeko agindu zuten, alearen horniketaz era esklusiboan ardura zitezen. Herriotako alkateak zaintza-lanak egitera behartuta zeuden, iruzurrik, faltsututako neurririk eta aizuntzerik gerta ez zitezen. Horretarako, sarrerak eta irteerak jaso behar zituzten liburu batean6.

Behar handia zegoenean inguruko zonaldeetatik inportatzen zen garia: Frantziatik, Errioxatik, Burgosetik, etab.

2Iztueta, Juan Ignacio. Guipuzcoaco Provinciaren Condaira edo Historia. Donostia. 1847. Gran Enciclopedia Vascaren faksimilea. Bilbo. 1975. 544. or.

3Archivo Histórico Protocolos de Gipuzkoa (A.H.P.G.). Tolosa. Secc. II. Leg. 1337, fol. 132

4Archivo de Protocolos de Gipuzkoa (A.P.O.). Oñati. Secc. III. Leg. 1.065, fol. 80.

5A.H.P.G. Leg. PT-3600/13.

6Díez de Salazar Fernández, Luis Mª; Ayerbe Iribar, Mª Rosa (eds.). Juntas y Diputaciones de Gipuzkoa (1587-1589). Gipuzkoako Foru Aldundia. Donostia. 1990. T. X. 494. or.